IGOKUNDE IGANDEA
C zikloaApostoluen Eginetatik 1,1-11
Teofilo maite: Nire lehenengo liburuan idatzi nuen, Jesusek hasieratik egin eta erakutsi zuen guztia, Espiritu Santuak eraginda aukeratutako apostoluei aginduak eman ondoren, zeruetara igo zen arte. Jesus, bere nekaldiaren ondoren, agertu zitzaien bere apostoluei, bizirik zegoela argi erakutsiz; eta berrogei egunez azaltzen zitzaiela, Jaungoikoaren erreinuaz hitz egin zien.
Berarekin jaten ari ziren batean, honela esan zien: “Ez zaiteztela atera Jerusalendik. Zaudete han, Aitak hitzeman eta zuek Niri entzundako agintzariaren zain. Joanek urez bataiatu zuen; zuek, ordea, Espiritu Santuaz izango zarete bataiatuak hemendik egun gutxi barru”.
Bildurik zeudenek galdetu zioten: ‘Jauna, orain eraikiko al duzu berritik Israelgo erreinua?’ Eta Jesusek: “Ez dagokizue zuei, Aitak bere esku dauzkan uneak eta garaiak jakitea. Espiritu Santua etorriko zaizuenean, hartuko duzue indar nire aitorle izateko, Jerusalenen, Judea guztian, Samarian eta lurraren azken mugaraino”.
Hori esanik, igo egin zen, haiek begira zeudela; eta hodei batek gorde zuen begien aurretik. Zerura nola zihoan begira-begira zeudela, zuriz jantzitako bi gizon aurkeztu zitzaizkien, eta esan zieten: “Galilearrok, zertan zaudete hor, zerura begira? Zuek utzi eta zerura igo den Jesus hori berriz etorriko da, joaten ikusi duzuen bezala”.
ERANTZUN-SALMOA 46
LUR OSOA,
EGIOZU IRRINTZI JAINKOARI.
Herri guztiok, txalo jo ezazue,
Jainkoari irrintzi egiozue.
Goi-goiko Jauna, izan ere, izugarri,
lurbira osoan errege haundi.
Oihu alaien artean igo da Jainkoa,
turuta-soinuz Jauna.
Eresi Jainkoari, eresi,
eresi gure erregeri, eresi.
San Paulo Apostoluak Efesotarrei 1,17-23
Jesu Kristo gure Jaunaren Jaungoikoak, aintzaren Aitak, eman diezaizuela jakinduriazko eta goi-argizko Espiritua, Bera ezagutzeko. Argi bitza zuen bihotzeko begiak, horrela jakin dezazuen nolakoa den Haren deiaren itxaropena, nolakoak Haren aintzaren aberastasunak, Berak santuei oinordekotzan emanak; nolakoa Haren ahalmenaren haundia, sinesten dugunontzat.
Ahalmen eta indar guzti hori Kristorengan agertu du, Berau hilen artetik biztuaraztean eta zeruan bere eskuin aldean eseraraztean: agintaritza, nagusitza, ahalmen eta jauntasun guztien gainetik, eta nahiz oraingo gizaldian, nahiz gerokoan, aipa daitezkeen izen guztien gainetik eseraraztean. ‘Gauza guztiak oinpean jarri zizkion’ eta Bera, guztien gainetik, buru ezarri dio Elizari. Eliza, berriz, Haren gorputza da, guztietan guztia betetzen duenaren betea.
(C urtean beste irakurgai hau egin daiteke)
Ebertarrei egindako Epistolatik 9,24-28;10,19-23
Kristo ez zen sartu, giza eskuz egindako Santutegi batetan, egiazkoaren antzera egindakoan baizik, zeruan bertan; orain gure alde Jaungoikoaren aurrean bitarteko dugularik. Eta ez du bere burua askotan eskaintzen, apaiz nagusia besteren odolarekin Santutegian urtero sartzen zen bezala; horretarako askotan hil beharko zukeen, munduaren hasieratik; baina orain, garaiak bete direnean, behin bakarrik agertu da, bere burua opari emanez, bekatua ezerezteko.
Eta gizonentzat behin bakarrik hiltzea erabakia dagoen bezala eta gero auzia, era berean Kristok, askoren bekatuak kentzeko, behin bakarrik eman zuen bere burua opari; bigarren aldiz, bekatuarekin zerikusirik gabe agertuko zaie Beraren zain daudenei, haiek salbatzeko.
Ba dugu, beraz, uste sendo, Santutegian sartuko garela, Kristoren odolaren bidez. Bide berri eta bizi bat ireki digu oihalean barrena, hau da, bere haragian barrena. Eta ba dugu apaiz nagusi haundi bat, Jainkoaren etxean buru ezarria. Hurbil gaitezen, beraz, bihotz zintzoz, fede betean, kontzientziako bekatu guztietatik bihotza garbituta eta gorputza ur garbiz txukunduta. Sendo iraun dezagun gure itxaropena aitortzen, hitzekoa da-eta agintzaria egin duena.
ALELUIA Zoazte eta egin ikasleak herrialde guzietatik
–dio Jaunak-:
Ni zuekin nauzue egunero,
munduaren azken-egunerarte. ALELUIA.
Ebanjelioaren bukaera San Lukasen Liburutik 24,46-53
Aldi hartan, esan zien Jesusek bere ikasleei:
-“Honela zegoen idatzirik: Mesiasek nekaldia jasan behar du, eta hirugarren egunean biztu egingo da hilen artetik; Beraren izenean hotsegingo zaie bihotz-berritzea eta bekatuen barkamena jende guztiei, Jerusalendik hasita. Zuek zarete gauza hauen testigu.
Nik nire Aitaren agintzaria bidaliko dizuet. Zuek zaudete hirian, goitik indarrez jantziko zaituzten arte”.
Gero Betania aldera atera zituen; eta eskuak jasorik bedeinkatu egin zituen. Eta bedeinkatzen zituen bitartean, bereizi egin zen haiengadik, eta zeruetara eraman zuten. Haiek Hura ahuspez gurtu ondoren, pozez beterik Jerusalena itzuli ziren, eta beti jauretxean zeuden Jaungoikoa goresten.
Homiliak
Pazkoak bere barruan gordetzen dituen ahalbideak eta edertasunak honelakoxeak dira, gaur ospatzen dugun hau bezalakoak. Eta datorren igandean ospatuko dugun bezalakoa. A zer garaipena! A zer goitasuna! A zer ospea! A zer askatasuna! A zer... Pazkoa, hitz batean, Pazkoa!
Pozik gaude Jesusen Pazkoagatik, oso pozik. Ederra izan da Jesusen garaipena. Aitarengandik etorri zen, haren asmo ederra betetzera. Dagoeneko lau hilabete pasa dira misterio hori Eguberritan ospatu genuela. Gizadia bide onean jarri du. Esan digu Aitak nola eta zenbat maite gaituen. Erakutsi digu gure bokazioa eta dagokigun bizimaila zein den. Horren guztiaren egia bere odolaz izenpetu digu. Guregatik hiltzeraino maitatu gaitu, maitatzen hasita. Baina, ez heriotzean gelditzeko, ez. Maitasunezko heriotza guztiak ez baitira hiltzekoak, bizitzekoak baizik. Eta berpizturik garaile ospatu dugu ia zazpi astez. Eta gaur, Pazkoaren buruan, garaipen horren goitasuna ospatzen dugu, Aitaren eskuin aldera itzultzen baita, Jaun eta Seme, ospetsu, gizon eta Jainko. Zinez, bigarren irakurgaiak dioena, Aitak «ahalmen eta indar guztia Kristorengan agertu du berau hilen artetik piztuaraztean eta zeruan bere eskuinaldean eseriaraztean». Bai, Jesusek Erreinua martxan jarri du, askatasunezko erregetza harrigarria.
Jesusek kunplittu du. Ondo kunplittu ere. Aitaren asmoa burutu du. Gizadiari beste bide bat utzi dio ebakia. Orain gizon-emakumeok badugu beste izanbide bat, nahi badugu. Jesusek ondo kunplittu du. Horregatik jotzen diogu gaurko festaburuaren txalo eta garaipen-oihu ederra. Merezi du eta! Jaun, errege ospetsu, bekatuaren eta heriotzaren garaile, gizakiaren eta Jainkoaren artean bitarteko, bizien eta hilen epaile... Horrelakoxe izen ederrak ematen dizkiogu gaurko liturgiarekin.
Eta ez litzateke ederra izango hementxe geratzea Jesus garaileari begira beste egitekorik gabe! Hari begiratu, hura ikusi... eta gozatu! Ez da harritzekoa ikasleak zerura begira gelditzea! Garaipenaren zorabio ederra! Baina, ezin dugu hori egin! Ezin diezaiokegu Igokundeari bere indarra kendu. Zerura begiratzea ondo dago, beharrezkoa ere bada. Baina, begiak berehala batean lurrera jaisteko. Gaur hauxe egin behar dugu, labur esateko: aurrena, begiak itsi, argi handia hobeto ikusten baita begiak pixka bat itxiz. Konturatzen al zara eguzkiari begiratzeko begiak pixka bat itxi egiten ditugula? Gaur begiratu behar dugun eguzkia argiegia da eta bera ikusteko begiak erabat ixtea onena!
Baina, gero, eguzkia ikusitakoan, berehala ireki begiak. Eta lurrera begiratu, gizon-emakumeei begiratu. «Zertan zaudete hor zerura begira?». Jesusek kunplittu du, orain Elizari dagokio berea egitea. Jesusek oratu duen Erreinu libre eta berria Elizaren esku geratzen da. Elizak eraman behar du gizon-emakumeengana Jesusek ekarri duen notizia. Orain Elizaren ordua da. Jesusengan garaipen dena, Elizarentzat eginkizun da. Eta horrelaxe, begiak ireki eta mundura joan behar du. Baina bi gauza izan behar ditu Elizak gogoan:
- Bata, joaten ikusten duen Jesus ez da joan guregandik joateko. Betiko gurekin gelditzeko joan da. Bera gurekin dago. «Ni zuekin nauzue egunero».
- Eta bestea, Espiritua ematen digula. Datorren igandean edertasunez ospatuko dugun Espirituaren etorrera, arnasa eta sua gertatuko da Elizaren bihotzean. Bai, gurekin aritzeko joan da. Eliza ez da umezurtz gelditzen.
Honetatik guztitik bi sentipen oinarrizko sortzen direla esan genezake:
- lehenengo sentipena, alaitasunarena da. Poza. Kristoren garaipenagatik alaitasuna. Eta haren garaipena gurea ere badelako, alaitasuna. «Zeruko ondasunetan eman zaigu parte» esaten dugu. «Kristo buru joan den tokira joango da artaldea ere» esango dugu prefazioan. «Ikasleak pozik itzuli ziren Jerusalena» esaten digu Lukasek. Bai, alaitasuna behar dugu. Jesus ezagutu eta haren ikasle izatearen poza sentitzen al dugu?
- eta bigarren sentipena, esperantza. Izan ere, ez dugu geure burua engainatu behar. Egiteko eman zaiguna ez da txantxetako gauza, ez da jolasa. Eginkizun handia, eta zaila. Egunero-egunero ikusten dugu zenbat kostatzen den Erreinua ereitea. Zenbat kostatzen den Jesusen mezua zabaltzea. Eta badakigu, Jesus Berpiztuaren presentzia sumatzeak fede-bizitza sufritua eta ustetsua eskatzen duela. Baina, esperantza indartzen digu gaurko festak. Kristorengan ikusten dugun garaipena begiratu, eta aurrera! Eta ez ahaztu, eginkizun honetarako, Jesusek ez ditu behar gizaki bereziak, espezialak, erraldoiak. Bere barruan harritzen dakien jende xumea baizik. Beldurra eta zalantza sentitu arren, konfiantza izaten dakien jendea behar du. Gu behar gaitu.
Orain Eukaristia ospatzen ari gara. Jesus Berpizturik hementxe, tarteko, Espiritu-emale. Pazkoan aurkitzen gara une honetan. Ospa dezagun pozik Misterioa!
Iñaki Beristain (2016-5-1)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Lk 24, 46-53)
San Lukasen pasarte honek Jesusen historiaren laburpena egiten du, xumetasun handiz egin ere. Jesusek, bere ageriko bizitzan, Liburu Santuek iragarritakoa bete du: Aitaren borondatearen eskutik, gurutzeko sufrimendua bere gain hartu du, gurutzean hiltzeraino; Aitak berpiztu egin du; eta orain, ikasleen eskuetan, Berri On bihurtu da gizon-emakume guztientzat. Barkatuak izan gara eta barkazioak biziera berri baten atarira ekarri gaitu.
Eta bere ikasleak utzi ditu historia honen testigu. Bera bai baitoa Aitarengana. Pazkoaren berpizte argitsuan, izanbide berri baten hegoak zabaldu zaizkio Jesusi, eta Aitarengana itzuliko da betiko. Ez ditu bakarrik uzten, Espirituaren eraginez presentzia berri bat oparitzen baitie, beti haiekin dagoela erakutsiz. «Espiritu Santua bidaliko dizuet». Espiritu horren zain gelditu behar dute, hura gabe ezingo baitute testigu izan.
Bedeinkazioa uzten die, Pazkoko bedeinkazioa, presentzia berezi baten bedeinkazioa. Eta, batez ere, maitasunezko historia ikusgarri baten bedeinkazioa. Bedeinkazio horrek eusten die pozik, nahiz eta beren Maisua badoala ikusi. Bedeinkazio horretan Jesus bera tarteko gelditu baitzaie.
Eta, poz horretan, Elizaren historia abiatzen da, testiguen lana eta esperientzia. «Zuek zarete gauza hauen testigu». Hiru urtez gauza harrigariak bizi izan dituzte, parekorik eta antzekorik ez duten esperientziak, Jesusek gizaki behartsuengan egindako egintza sendatzaileak. Sekula entzun gabeko hitzak entzun dituzte, mezu zoragarri baten altxorra jasoz. Eta, beste guztien gainetik, Jesusekin bizi izan dira eta hori oraindik ez dakite garbi zer izan den. Espirituak argituko die dena, horren guztiaren testigu izan daitezen.
«Zerura eraman zuten». Pazkoko joanaldi betea da. Pazkoaren «paso» edo «igarotze» askatzailea. Heriotzari kateak hautsi zaizkio eta ezingo du gehiago inor lotu eta kateatu. Askatasunaren betea gertatu da. Eta betetasun hori da ikasleen esku geratzen dena. Jesus bera ematen baitzaie Espirituaren eraginetan.
Handia eman zaigu eta handia agindu zaigu. Zer egin dugu Jesusek utzi digunarekin? Zer egin dugu haren maitasunezko mezuarekin? Zer egin dugu hark egindako askatasun-egintza pozgarriekin? Ez al ditugu denak ezkutatu, bai haren mezua, bai haren maitasunezko historia? Testigu izan ordez, ez al ditugu historia honen edertasunak estali eta ezabatu? Gaurko gure Eliza zeren testigu da gizartean? Zergatik galdu du bere indarra gure testigantzak?
Espiritua behar dugu eta ematen zaigu. Aste honetan Eliza osoarekin itxarongo dugu Espiritu Santuaren etorrera. Behar dugu Espiritua. Eta, haren eskutik, gizartera joango gara, Berri Onaren mezua hots egitera, Jesusen egintza askatzaileez mintzatzera, haren presentziaren berri gizarteko gaixoenei eskaintzera. Gaurko gizon eta emakumeek ezagutuko dute zer nolako gauza handiak gertatu zaizkigun. Testigu izango gara.
Iñaki Beristain (2013-5-11)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 24, 46-53)Gure giza moldeari asko kostatzen zaio «nibelak» mantentzea. Gizartetik ez bada geure barrutik, baina nonbaitetik beti sortzen zaigu gizatasunaren kontrako erasoa. Mundu honetan gabiltzan bitartean, erne ibili ezean, ustekabean jaisten zaizkigu «nibelak». Jardunaren jardunez, askotan ahaztu egiten dugu gizatasun-neurriak zaintzea. Eta ustez gizatasuna lantzen eta garatzen ari ginelakoan, gerta dakiguke gure gizatasunak egundoko «deficita» nozitzea. Eta gaur, nire gusturako, gure gizartean gizatasun-eskasia nabarmena daukagu. Nibelak oso behera erori zaizkigu.Eta, hau esatean, ez nuke alarmista izan nahi. Dena beltz ikusi eta azaltzeak ezer gutxitarako balio du. Baina, hala ere, esan beharra daukat, balio nagusien erreferentziak galdu ditugunean, gure gizatasunaren norabideak okertzeko arrisku gorrian bizi garela. Norberak ahalegin ohartua egiten ez badu, gizarteko giroak edo komunikabideek bestelako ibilbidera eramango gaituzte. Eta, oharkabean, gizatasunaren borroka askatzailean aurkitu ordez, zeure burua gehiengoaren ibilbide ganorabakoan aurkituko duzu. Zu zeu izan beharrean, «giroak» bildu duen artalde batean galduta dabilen kide izango zara. Zaila da libre izan eta libreki bizitzea.Eta hori guztia balio nagusi batzuen erreferentzi ezetik dator. Zeintzuk dira gaurko gure gizarteak sutsu bizi dituen balioak? Une honetan, futbola! Neurriak galdu ditugu erabat. Azken aspaldian ikusi ditugunak ikusita, nik neuk garbi ikusi dut komunikabideek (batzuek behintzat) neurri gehienak galdu dituztela. Egia izango da, ekarpen handiak egin dituztela gure futbolariek. Baina neurriak galtzen hasita, horrenbesteraino gal zitezkeenik ez nuen sekula pentsatuko. Baina, ikusi nahi duenarentzat, errealitatea hor dago gordin eta garden. Gauzak, zoritxarrez, diren bezala dira edo komunikabideek nahi duten bezala dira.Gero horretatik indarkeria eta txikizioak eta «ganberrismoa» sortzea, ez da asko harritzekoa. «Irabaztea» da balio duen bakarra. Besteen gainetik azaltzea. Eta, azpi-azpiko sator-lan gordean, irabaztea egin dugu gure gizarte honetako balio goren. Eta, bien bitartean, gizatasun-nibelak nola daude? Pertsonaren balioa, nola? Beharbada, denok sartu beharko genuke geure barrura eta azterketa sakon xamarra egin, ea zertan gabiltzan. Taldekeria edo artaldekeria itsuak ez gaitu bide onetik eramango eta horretan norberak ibili behar du azti. Bestela, egunen batean, gure norabide guztiak itxi zaizkigula ikustea ez da gozoa izango!«Eta bedeinkatzen zituen bitartean, zerura eraman zuten». Igokunde festaburuak bestelako bokazioa jartzen digu begien aurrean. Ebanjelioak aipatzen duen «zeru» hori ez da leku bat. Ez da guretik aparte eta gainetik dagoen beste leku bat. Jesus bera da zerua. Ebanjelio-biziera da zerua. Jesusek eskaintzen duen giza moldea da zerua. Igokunde festaburuak gure «nibelak» jasotzeko deia egiten digu. Bada, geuretik atera gabe, oinarrizko giza zoriona. Bada gizaki izateko beste molde bat. Bada denok elkar gaitzakeen beste «aberria». Bada gizakiok geure burua sakon eta eder garatzera garamatzan beste indar askatzailea. Jesusek bedeinkatu gaituenean, askatasun beterako bedeinkatu gaitu.Denok jaso beharreko erronka daukagu gaurko jai ederrean. Denok esatean, Eliza, politika, agintariak, komunikabideak, denak sartzen ditut. Gutxienera jota ere, gizarte hau nora eta nola eraman nahi den galdetu beharko litzateke. Dena ez da «irabaztea». Dena ez da «audientzia». Dena ez dira «botoak». Dena ez da «jendea edukitzea». Borroka egitekotan, bestelako balio nagusiago batzuen garapenean egin beharko genuke. Jendea gizatasunaren «zerura» jasotzen saiatu beharko genuke. Gizartea ganoragabekerian hezten denean, erantzukizuna eskatu nahi zaionean ere ganoragabez erantzungo du. Gizatasuna nahi duenak, gizatasuna erein behar du.Denontzat mesedegarri izango litzateke gizatasunaren «nibelak jasotzea».
Iñaki Beristain (2016-5-1)