ABENDUKO IV IGANDEA
C zikloaMikeas profetaren liburutik 5,2-5a
Honela mintzo da Jauna: Zu, Efratako Belen, Judako herrixketan txiki hori, zuregandik jaioko da Israelgo agintaria. Aspaldikoa da haren sortzea, betiereko egunetakoa.
Horregatik utzi egingo ditu Jaunak, amak haur egin dezan arte. Orduan haren senide-ondarrak Israelgo semeetara itzuliko dira. Zutituko da, eta Jaunaren indarrez larratuko ditu, Jaunaren, beren Jaungoikoaren, izen haundiz.
Lasai biziko dira, haundi agertuko baita lurraren mugetaraino, eta hura izango da gure bakea.
ERANTZUN-SALMOA 88
JAUNA, ZURE ONGINAHIA ERAKUS IEZAIGUZU,
ZURE SALBAMENA EMAIGUZU.
Israelgo Artzain, adi ezazu,
Kerubin gainean eseri ohi bait zara,
zure indarrari eragiozu,
zatoz eta salba gaitzazu.
Itzul zakizkigu, gudari-taldeen Jainko,
begira zerutik, ikus, mahatsondo honi ager zakizkio:
zeure eskuz landatu duzun aldaska honi,
Zeuk indartu duzun landareari.
Hebertarrei egindako epistolatik 10,5-10
Senideok: Kristok, munduan sartzerakoan, hau dio:
‘Opariak eta eskaintzarik ez zenuen nahi izan,
baina gorputza eman zenidan Niri;
erre-oparirik eta bekatuentzakorik
ez zitzaizun atsegin.
Orduan esan nuen Nik,
Niretaz Liburuan idatzia dagoena:
Hona hemen Ni, Jainko, zure nahia egin dezadan’.
Lehendabizi honela esaten du:
‘Oparirik eta eskaintzarik,
erre-oparirik eta bekatuentzakorik,
ez zitzaizun atsegin izan’,
hauek legez eskaintzen badira ere. Gero honela dio:
‘Hona hemen Ni, zure nahia egin dezadan’.
Lehendabizikoa kendu eta bigarrena jartzen du.
Nahi horren indarrez santu eginak gara, Jesu Kristok behin betiko egin zuen bere gorputzaren opariarengatik.
ALELUIA Hona hemen ni, Jaunaren mirabea;
gerta bekit, Zuk diozun bezala. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen Liburutik 1,39-45
Aldi hartan, jaiki zen Maria eta bizi-bizi mendi aldera joan zen, Judeako herri batetara; eta Zakariasenean sartu, eta Isabeli agur egin zion. Isabelek Mariaren agurra entzun zuen orduko, jauzi egin zion haurrak sabelean. Isabel Espiritu Santuaz bete zen, eta honela esan zuen oihu haundiz:
- ‘Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua. Nondik niri, nire Jaunaren ama niregana etortzea? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, jauzi egin dit haurrak pozez sabelean. Zorionekoa zu, sinetsi duzulako, beteko bait du Jaunak esan dizuna!’
Homiliak
Senideok: oraintxe handik eta hemendik Eguberri-giroa nagusitzen ari zaigu. Gure kale, denda, eskola, komunikabide eta abar Gabon-argiz dir-dir ageri zaizkigu. Abendua bere azken txanpara iritsi zaigu eta liturgia ere Eguberri-ezaugarriz jantzia ageri zaigu igande honetan: Belen aipatzen hasi gara eta, horren gainetik, Eguberriren gertutasuna adierazten duen pertsonaia jarri zaigu begien aurrean: Maria!
Eta Eguberri gertuan dela esateaz gain, liturgiak Jainkoaren Eguberri nolakoa izango den aipatu digu. Eta alderdi horretatik ere zer begiraturik ba ote dugun nago. Jainko Semearen jaiotza ospatu behar badugu, Jainkoak nola jaio nahi izan duen begiratu beharko genuke. Hori ikusteko Mikeas profetaren irakur-zatitik bizpahiru puntutxo nabarmenduko dizkizut:
- Aurrenekoa, zalantzarik gabe, jaiotzaren apaltasuna da. Hor daude Belen eta Maria horren testigu. Dena gizatasunaren eskema arruntetara biltzen da.
- Halere, eta hau bigarren puntua duzu, apal eta ezerez ageri den hori, begira nor den: agintaria deitu dio, betieretik dena, Jaunaren indarrez larratzen duena, Jaunaren izen handiz datorrena, handi agertuko da, bera izango da gure bakea.
Abenduko laugarren igandeko ebanjelioak kontatzen duen pasadizoa, benetan hunkigarria da: inolako adierazgarritasunik ez zuten bi emakume elkarri besarkatuta eta historiaren ardatza berengana biltzen. Nazareteko Maria presaka joan da Isabelen etxera, honi bere haurdunaldian laguntza eskaintzera. Senideen arteko portaera normal honen giroan gertatzen da dena, txikian gertatzen da handia.
Mariak Isabeli eta honek sabelean daraman Joani dakarkiena ez da laguntza bakarrik, Berri Ona da, Jainkoaren maitasunaren notizia. Eta Joanek, betetasunaren gertuan, jauzi egiten du bere amaren sabelean. Mundu osoaren jauzia da. Gero, Jesusen ageriko bizitzan eta jardueran, gaixoek joko duten jauzia, itxuek egingo duten pozezko saltoa.
Eta Isabel Espirituaz bete da. Joani gertatu zaiona bera gertatu zaio Isabel zaharrari, Jainkoaren arnasak barrutik poztu duela. Eta emakume hau, Espirituaren argiz, konturatzen da Mariari eman dion besarkada horretan Jainkoaren dohainak gainezka egin duela. Hau ez dela, alegia, senitarteko topaketa arrunta, Jainkoa dabilela beste topaketa handiagoan. Giza historia arruntean Jainkoaren historia ari dela gertatzen.
Hortik sortzen zaio Isabeli bere harridura: «Nor naiz ni?». Zein eta zer da gizadia, Jainkoaren dohain betearen hartzaile bihurtzeko? Mundu osoak egin duen jauzi askatu horrek nondik du iturria, nondik du arrazoia, nondik du bisita, dena hain Jainkozko eta hain Espirituzko izan dadin? Zer ari da gertatzen?
Sinesmenari egiten zaion erregalua da, zalantzarik gabe: «Zorionekoa, sinetsi duzulako».
Eszena hau argigarria da gure Elizarentzat. Mariak bezala, Elizak ere Eguberri banatu behar du gizartean. Senidetasunezko besarkada emanez, munduaren bihotzean berritasun-jauzi ikusgarria gertarazi behar dugu. Ez gaude epaitzeko, ez gaude munduaren neurri izateko, ez gaude agintzeko, ez gaude egia gurea dela esateko. Berri Onaren jauzia eragiteko gaude. Egun hauetan dirua, janariak, jostailuak, zorion-agurrak banatuko dizkiogu jendeari. Berri Ona banatzeaz ez genuke ahaztu behar. Ematen dugun arruntenean ere, eman dezagula Eguberri eta Eguberriko poz berritzaile eta askatzailea.
Horren ondoan, harridura behar du gure Eguberrik, Eguberri izatekotan. Dena giza mailara, dena maila arruntera, tolestatzen dugun neurrian, ez dugu pozik izango. Pozaren iturria harridura da, lilura, miresmena. Asko dugu harrigarria, asko miresgarria Eguberriz. Eta harridura horren kantua ez ezik, harridura horren maitasuna erakutsiko dugu geure inguruan.
Eta, azkenik, sinesmena! Errukiaren urte santuan gaude. Sinesmena berrituz soilik, izango dugu Eguberri eta, sinesmenaz bakarrik, gozatuko dugu Jaunaren errukia. Denok Eguberri banatzera!
Orain, Eukaristia ospatzera goaz. Mariarengan gertatu zena bera gertatuko da guregan oraintxe. Berri Ona etorriko zaigu gure barnera. Eta Berri On horrek lagun hurkoarengana eraman behar gaitu. Gure sinesmena aitor dezagun.
Iñaki Beristain (2015-12-15)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Lk 1, 39-45)
Abenduko laugarren igandeko ebanje-lioak kontatzen duen pasadizoa, bene-tan hunkigarria da: inolako adierazga-rritasunik ez zuten bi emakume elkarri besarkatuta eta historiaren ardatza berengana biltzen.
Nazareteko Maria presaka joan da Isabelen etxera, honi bere haurdunal-dian laguntza eskaintzera. Senideen arteko portaera normal honen giroan gertatzen da dena, txikian gertatzen da handia. Mariak Isabeli eta honek sabelean daraman Joani dakarkiena ez da laguntza bakarrik, Berri Ona da, Jainkoaren maitasunaren notizia.
Eta Joanek, betetasunaren gertuan, jauzi egiten du bere amaren sabelean. Mundu osoaren jauzia da. Gero, Jesusen ageriko bizitzan eta jardueran, gaixoek joko duten jauzia, itxuek egingo duten pozezko saltoa.
Eta Isabel Espirituaz bete da. Joani gertatu zaiona bera gertatu zaio Isabel zaharrari, Jainkoaren arnasak barrutik poztu duela. Eta emakume hau, Espirituaren argiz, kontu-ratzen da Mariari eman dion besarkada horretan Jainkoaren dohainak gainezka egin duela. Hau ez dela, alegia, senitarteko topaketa arrunta, Jainkoa dabilela beste topaketa handiagoan. Giza historia arruntean Jainkoaren historia ari dela gertatzen.
Hortik sortzen zaio Isabeli bere harridura: «Nor naiz ni?». Zein eta zer da gizadia, Jainkoaren dohain betearen hartzaile bihurtzeko? Mundu osoak egin duen jauzi askatu horrek nondik du iturria, nondik du arrazoia, nondik du bisita, dena hain Jainkozko eta hain Espirituzko izan dadin? Zer ari da gertatzen?
Sinesmenari egiten zaion erregalua da, zalantzarik gabe: «Zorionekoa, sinetsi duzulako».
Eszena hau argigarria da gure Elizarentzat. Mariak bezala, Elizak ere Eguberri banatu behar du gizartean. Senidetasunezko besarkada emanez, munduaren bihotzean berritasun-jauzi ikusgarria gertarazi behar dugu. Ez gaude epaitzeko, ez gaude munduaren neurri izateko, ez gaude agintzeko, ez gaude egia gurea dela esateko. Berri Onaren jauzia eragiteko gaude. Egun hauetan dirua, janariak, jostailuak, zorion-agurrak banatuko dizkiogu jendeari. Berri Ona banatzeaz ez genuke ahaztu behar. Ematen dugun arruntenean ere, eman dezagula Eguberri eta Eguberriko poz berritzaile eta askatzailea.
Horren ondoan, harridura behar du gure Eguberrik, Eguberri izatekotan. Dena giza mailara, dena maila arruntera, tolestatzen dugun neurrian, ez dugu pozik izango. Pozaren iturria harridura da, lilura, miresmena. Asko dugu harrigarria, asko miresgarria Eguberriz. Eta harridura horren kantua ez ezik, harridura horren maitasuna erakutsiko dugu geure inguruan.
Eta, azkenik, sinesmena! Fedearen urtean ez gaude ba? Sinesmena berrituz soilik, izango dugu Eguberri eta, sinesmenaz bakarrik, banatuko dugu Eguberri inguruan. Denok Eguberri banatzera!
Iñaki Beristain (2012-12-20)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 1, 39-45)
Abenduan Maria agertzen denean, dena halako sakontasun eta hurbiltasun bereziz janzten da. Kaleetan dena argia eta dena sal-erosketa den garai honetan, eliz liturgiak sekulako sakontasun eta barnetasun gozoa hartzen du. Mariaren sabel horri misterio gehiegi sumatzen zaio, kontsumismo erraz eta arinean gure poz-beharrak asetzeko. Horrelako kolore kontrajarriak bizi ditugu egun hauetan.
Bada zerbait Eguberritan, ondoeza eta arbuioa sortzen duena; eta bada, une berean, zerbait, sentimendu sakonen eta gozoenak pizten dituena. Mariaren bisitak Isabeli sortzen dion barne-poza sortu nahi digu Eguberrik gure barnean. Eta poz horren bila ematen ditugu gure urrats gehienak.
Jan-edanek, famili batzarrek, zorion-desioek... gizakiaren onena eta beraren barruko sentimendu sakonenak azaltzen dituzte. Eta ez dut uste ohitura sozial hutsa direnik. Eguberritako desioetan azaltzen dugu gizakiok, zerbait gehiagotarako eginak garela eta zerbait gehiagotan betetzen dela gure bokazio sakona. Gizakiok ez garela, askotan ematen dugun bezain hegamotz eta amets gabeko. Amets asko daramatzagu barnean eta amets handiak.
Hori bai, amets ugari eta handi horien frustrazioa ere, gutxitan bezala sentitzen da gabonetan. Amets handi horiek, ez betetzekotan, ahaztea hobe. Baina Eguberriz ametsen barrutira ateratzen garenean, sekula baino argiago sumatzen dugu ez dugula amets beterik eta ez dugula izango ere. Eta hortik erraz eta ongi ulertzen dut nik askok esaten duena, Eguberri urte guztiko sasoirik tristeena gertatzen zaiela. Zenbat eta argi gehiago piztu, orduan eta argiago ikusten da gure bizitzak daraman miseria eta ezina.
Esate baterako, famili giroari dagokionez, zer esan? Denok bilduko gara eta denon artean senidetasun-giroa indartu nahi izango dugu. Baina familia askotan batzar hori azalekoa dela ikusten da eta jakiten da.
Eta gezurrezkoa gertatzen da batzar hori. Senidetasun gozo behar lukeena, elkarrekiko zelata eta epaia gertatzen da. Edo umeei beren ilusio guztiak pizten saiatuko gara. Baina gero, eguneroko bizitzan, ume horiei gizatasun-bide argizkoak erakutsi behar ez badizkiegu, gizarte honen produkzio-gurpilean lotu behar baditugu, zertarako ume-ametsak? Edo gure herriari begira jarrita, nola kantatu bakea eta zoriona, oraindik ere gizakiak abereen pare botatzen direnean? Alferrik da argiak piztea, gero familia askotan samina sortzeko. Alferrik da “zorionka” ibiltzea, gero zoritxarra besterik sortu behar ez badugu.
Eta, hala ere, nire gusturako, ondo egiten dugu elkarri “zorion!” esanez. Ondo egiten dugu elkarri bakea opaz. Ondo egiten dugu haurren begiak ilusioaren ederrez handituz. Ondo egiten dugu senideok elkarrekin batzartuz. Ondo egiten dugu liturgia gozoa ospatuz. Ondo egiten dugu kaleetan argia piztuz. Ondo egiten dugu festa eginez. Mariaren sabeleko Haurraren bisitak merezi du hori eta gehiago. Gauza bat, hala ere, ez dugu ondo egiten: barrutik atera behar genukeena kanpoan erosi nahi izatea. Hori gaizki eta alferrik egiten dugu. Poza eta zoriona eta ilusioa bihotzean sortu behar dira eta handik atera. Bestela ez dago horiek salduko dituen dendarik.
Eta ahaztekoa ez den gauza bat: hemen bizi garen bitartean, gure Eguberrik bietatik izango duela, pozetik eta tristuratik, senidetasunetik eta etenetik, ilusiotik eta frustraziotik, baketik eta borrokatik, barrutik eta dendatik, ondasunetik eta pobreziatik. Hemen bizi garen bitartean, Eguberri beste Eguberri beteago baten aurre-ikuspen eta aurre-dastapen baita, ez besterik.
Baina hemengo Eguberri bestearen parera hurbildu nahi badugu, landu dezagun barrua, poztu ditzagun pobreak, hurbil gaitezen elkarrengana. Horrek emango die sakontasuna eta edertasuna gure gabon-jaiei. Eta, hala ere, gezurrezko ametsetan erori gabe: gure Eguberri beti gazi-gozoa izango da. Bizitza osoa bezalaxe! Zorion, adiskide!
Iñaki Beristain (2015-12-15)