JESUSEN BIHOTZ GUZTIZ SANTUA

C zikloa

(Gorputz ondorengo ostiralean)


Ezekiel profetaren liburutik 34,11-16
Honela dio Jaunak:
“Ni neroni joango naiz neure ardiak biltzera haien aztarrenei jarraituz. Artzainak, bere artaldea sakabanatuta aurkitzean, ardien aztarrenei jarraitzen dien bezala, hala jarraituko diet Nik neure ardien aztarrenei; eta egun ilun eta lainotsuan sakabanatu diren toki guzietatik nere eskuz aterako ditut.
Herrietatik aterako ditut, herrialdeetatik bilduko, eta beren lurraldera sartuko ditut; Israelgo mendietan larratuko ditut, ibar heze eta lurraldeko herri guztietan. Belardi guri-gurietan erabiliko ditut, eta Israelgo mendi-gailurretan izango dituzte eskortak; barruti ederretan etzango dira, eta Israelgo mendietako larre gizenetan janarituko.
Neronek larratuko ditut nere ardiak, eta abaro egin araziko diet -dio Jaunak-. Bilatuko ditut nere ardiak; bilduko ihes joanak; lotuko zaurituak; sendatuko gaisoak; gizen eta indartsuak zaindu egingo ditut eta behar bezala larratuko”.

ERANTZUN-SALMOA 22


JAUNA DUT ARTZAIN,
EZ NAIZ EZEREN BEHARREAN.
Jauna dut artzain, ez naiz ezeren beharrean:
larre gurietan etzan arazten nau.
Atsedenezko iturrira narama,
eta berpizten dit barrena.
Banarama bidezidor zuzenetatik,
bere izenagatik.
Ibar ilunetan banabil ere, ez nago gaitz-beldur,
Zu nerekin bait zaude:
zure zigorra eta makila,
hauek dira nere poza.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei 5,5-11


Senideok: Itxaropenak ez du hutsegiten; Jaungoikoaren maitasuna gure bihotzetara isuria bait dago, eman zaigun Espiritu Santuaren bitartez.
Izan ere, oraindik indargabe geundela, Kristo, bere orduan, gaiztoen alde hil zen. Nekez hil daiteke norbait gizon zuzen baten alde; gizon on baten alde, baliteke norbaitek hil nahi izatea. Baina, honetan erakusten du Jaungoikoak guretzat duen maitasuna: gu bekatari ginelarik, Kristo gure alde hil bait zen.
Beraz, orain Haren odolaz zuzentasuna iritsi dugunez gero, are gehiago salbatuko gara haserretik Berari esker. Etsai ginelarik, Jainkoarekin adiskidetuak izan baginen, bere Semearen heriotzari esker, are gehiago salbatuak izango gara Haren biziari esker, adiskidetuak gaudelarik. Gehiago oraindik: harrotu ere egiten gara Jaungoikoarengan Jesu Kristo gure Jaunaren bidez; orain, Beronen bidez, Jainkoarekin adiskidetzea iritsi dugu-eta.

ALELUIA Har ezazue nere uztarria eta ikasi Nigandik,


Bihotzbera naiz eta apala. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 15,3-7


Aldi hartan, honela esan zien Jesusek farisearrei eta idazlariei:
- “Zuetako batek, ehun ardi izan eta bat galtzen badu, ez al da, larogeitahemeretziak larrean utzita, galdutakoaren bila joaten, aurkitu arte? Eta, aurkitzen duenean, lepoan hartzen du pozik; eta etxera iristean, lagunei eta auzokoei deituta, esaten die: ‘Poztu zaitezte nirekin! Aurkitu dut galdu zitzaidan ardia’.
Hara Nik esan: Poz haundiagoa izango da zeruan, bihotz-berritzen den bekatari bakar batengatik, bihotz-berritu beharrik ez duten larogeitahemeretzi zintzoengatik baino”.


Homiliak

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.