URTEAN ZEHAR VI IGANDEA

C zikloa

Sarrerako antifona


Izan zakizkit harkaitz, Jauna, ni gordetzeko; gaztelu sendo, ni salbatzeko. Zu bait zaitut harkaitz eta gaztelu; zure izenagatik eraman nazazu eta gidatu.

Kolekta otoitza


Jainko gure Jauna,
bihotz garbi eta zintzoetan duzu zure atsegina;
egizu, zure grazian bizi gaitezela,
Zu gure bihotzetan bizi zaitezen.
Zure Seme Jesu Kristo ... AMEN.

Jeremias profetaren liburutik 17,5-8


Honela mintzo da Jauna:
“Madarikatua, bere itxaropena gizona duena,
bere indarra haragian bilatzen
eta bihotza Jaunagandik urrutiratzen duena.
Asta-larra basamortuan bezala izango da,
ona etortzen bazaio ere, ez du ikusiko;
basamortu kiskalian itsatsia dago,
inor bizi ez den lur gazian.
Bedeinkatua, Jaunagan uste duen gizona,
bere itxaropena Jauna duena.
Ur-ertzean landatutako zuhaitza bezala da,
ur bizien ondoan botako du bere zuztarra;
ez du beroaren beldurrik,
haren hostoak beti ezerik;
lehor-urtean ez dio ajolarik;
ez dio utziko fruitu-emateari”.

ERANTZUN – SALMOA 1


BAI MAITE DUDALA, JAUNA,
ZURE LEGEA.
Bai dohatsu, gaiztoen asmoari jarraitzen ez zaiona,
hobendunen bidean ez dabilena,
lotsagabeen batzarrean esertzen ez dena.
Ostera, Jaunaren legean atsegin duena,
gau eta egun Haren legea hausnartzen duena.
Ur ertzean aldaturiko zuhaitza bezala izango da,
bere garaian ematen du fruitua;
eta hostorik ihartzen ez zaio:
zeregin guztietan ongi dohakio.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Ko 15,12.16-20


Senideok: Kristo hilen artetik piztu zela hots egiten denez gero, nolaz esaten dute zuetako batzuek, hilak ez direla bizten?
Izan ere, hilak pizten ez badira, Kristo ere ez da piztu. Eta Kristo biztu ez bada, hutsa da zuen zinestea; oraindik zuen bekatuetan zaudete. Eta Kristorengan lo daudenak ere, galduak dira. Bizitza honetarako bakarrik baldin badugu Kristorengan itxaropena, gu gara gizon guztietan errukarrienak.
Baina ez! Piztu da Kristo hilen artetik, lo daudenetan lehen fruitu bezala.

ALELUIA Poztu zaitezte eta alaitu,


haundia da-ta zuen saria zeruetan. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen Liburutik 6,17.20-26


Aldi hartan, Jesus Hamabiekin menditik jaitsi eta zelai batetan gelditu zen, ikasle-talde batekin eta herriko jendetzarekin; Judea guztitik, Jerusalendik, eta Tiro eta Sidongo itsas bazterretatik etorriak Hari entzutera.
Jesusek, ikasleengana begiak jasorik, honela esan zien:
- “Zorionekoak, behartsu zaretenak;
zuena bait da Jainkoaren erreinua.
Zorionekoak, orain goserik zaudetenak;
aseko bait zarete.
Zorionekoak, orain negar egiten duzuenak;
barre egingo duzue-eta.
Zorionekoak zuek, Gizonaren Semearengatik gizonek gorrotatzen, beren artetik botatzen eta biraoka hartzen zaituztenean, eta zuen izena lotsagarritzat baztertzen dutenean.
Poztu zaitezte egun hartan eta alaitu, haundia izango da-eta zuen saria zeruetan; horien gurasoak ere beste horrenbeste egin bait zuten profetekin.
Baina zoritxarrekoak zuek, aberatsak;
hartua bait duzue zuen poza.
Zoritxarrekoak, orain aserik zaudetenak;
gosea izango bait duzue.
Zoritxarrekoak, orain barre egiten duzuenak;
intziri eta negar egingo bait duzue.
Zoritxarrekoak zuek, gizon guztiak zuentzat ondo mintzatzen direnean. Horien gurasoak ere beste horrenbeste egin bait zuten sasi-profetekin”.


Homiliak

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.