URTEAN ZEHAR XXII IGANDEA

C zikloa

Sirak-en liburutik 3,19-21.30-31


Ene seme, izan zaitez apal zure egintzetan,
eta gizon esku-zabala baino maiteago
izango zaituzte.
Izan zaitez, zenbat-eta handiago,
hainbat-eta apalago,
eta Jainkoaren ederra aurkituko duzu;
handia da-eta Jaunaren errukia,
eta apalei agertzen dizkie bere ezkutuak.
Harroaren gaitzak ez daitezke senda,
gaiztakeriak zainak eginak baitauzka harengan.
Zentzudunak zentzudunen hitzak maite ditu;
jakinduriari erne dagokion belarriak poz izango du.

ERANTZUN-SALMOA 67


EMAN DIEZU, JAINKO MAITE,
BEHARTSUEI ZURE ETXE.
Zintzoak pozten dira,
Jainkoaren aurrean alaitzen:
pozetan dira asetzen.
Kanta Jainkoari, egin gorazarre Haren izenari,
izena Jauna du, Haren aurrean poztu zaitezte.
Umezurtzen aita da, alargunak ditu babesten,
bere egoitza santuan da egoten.
Jainkoak aterpe ematen die baztertuei,
loturik eramanak pozetan ditu askatzen.

Hebertarrei egindako epistolatik 12,18-19.22-24a


Senideok: Zuek ez zarete, uki daitekeen mendi batetara iritsi: su bizi, hodei, ilunbe, ekaitz, turutots eta hitz-orroetara; horrelakoak entzun zituztenek, berei gehiago hitzik ez egiteko eskatzen zuten.
Zuek Sion mendira hurbildu zarete, Jaungoiko biziaren herrira, zeruko Jerusalena, milaka eta milaka aingeruen batzarrera, zeruetan idatzirik dauden lehen semeen bilkurara, guztien epaile den Jaungoikoarengana, beren helburua iritsitako zintzoen espirituetara, elkargo berri baten bitarteko den Jesusengana.

ALELUIA Hatzazue nire uztarria -dio Jaunak-,


eta ikasi Nigandik: bihotzbera naiz eta apala. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 14,1.7-14


Larunbat batez, Jesus farisear haundiki baten etxean sartu zen bazkaltzera. Haiek zelatan zegozkion.
Jatera deitutakoek aurreneko aulkiak aukeratzen zituztela oharturik, parabola hau esan zien:
- “Ezteietara deitzen zaituztenean, ez zaitez jarri aurreneko lekuan; baliteke-eta zu baino gehiago denen bat hark deitua izatea; etorriko da zu eta hura deitu zaituztena, eta esango dizu: ‘Utziozu zure lekua honi’. Orduan azken lekura joan beharko duzu lotsaturik. Baizik-eta ezteietara deitzen zaituztenean, zoaz eta jar zaitez azkeneko lekuan; deitu zaituenak, datorrenean, esan diezaizun: ‘Adiskide, igo zaitez gorago!’ Orduan oso ondo geldituko zara mahaikide guztien aurrean. Izan ere, bere burua goratzen duena, beheratua izango da; eta bere burua beheratzen duena, goratua”.
Eta bazkaltzera deitu zuenari esan zion:
- “Bazkari edo afari bat ematean, ez deitu, ez adiskide, ez senide, ez ahaide, ez auzoko aberatsik; haiek ere deituko bait zaituzte eta horrela ordainduko. Otordu bat ematean, deitu behartsuak, elbarriak, herrenak eta itsuak; eta zoionekoa izango zara, ordainik ezin emango bait dizute; ordaina, zintzoen berbiztean emango zaizu”.


Homiliak

Gaurko irakurgai hauek ez dakit nolako barne-gustua utzi dizuten, baina nolanahi ere aztertzekoak dira, nahiz eta gaurko gure gizartearen jokalegeak horiek ez izan. Izan ere, gure jokabideak, munduari nagusitu zaizkionak, eta kristauari dagozkion jokabideak, ez dira berdinak, ezta antzik ere. Kristauari Jainkoak barnea aldatu dio eta, ondorioz, bizitzako jokalege eta nondik norako guztiak ere aldatu dizkio. Eta horretatik, kristauak badu bere jite berezia eguneroko bizitza osoan.

Gure fedearen eraginean bizi ez garenean eta, beraz, gure jokabidea Kristorengandik argitzen ez dugunean, mundutik bizi gara, munduak bere eraginez sartzen digun ibilmartxan. Eta, nahi edo ez, munduan txalotzen eta estimatzen diren balioak eta gauzak bilatzen ditugu: lehenengo izatea, besteak baino gorago azaltzea, gehiago edukitzea, edo ospetan edo dirutan, atseginbideak, erosotasuna... Eta, hori guztia lortzeko, izerdi eta pats, korrika batean ari dugu mundutarrok geure eguneroko bizitza. Eguneroko bizitza norgehiagoka eta borroka bihurtu dugu. Indartsua eta ahaltsua ateratzen da aurrera, esaten da. Besteak bide bazterrean geratzen dira. Munduaren bideak eta legeak dira horiek. Izatea ez, edukitzea txalotzen da. Eta edukitzeko balio ez duenak ez du gizarte honetan tokirik. Gure munduaren jite zelebrea.

Baina, begira: munduko jokabide hori ez da egokia, ez da zuzena. Ezta gizamaila hutsetik begiratuta ere. Ondo asko dakigu indartsu-txango guztiei etortzen zaiela, gaur edo bihar, bestelakoa ere, ahulaldia. Eta orduan zer? Indartsu-txango horretan apal edo neurritsu jokatu duenak, ahulaldikoan ere izango du adiskiderik. Zentzu ona eta argia duenak badaki harrokeria eta handi-nahikeriek ez garamatzatela inora. Berehala egiten duela jokabide horrek alto!

Hori giza maila hutsean. Eta fededunak, noski, badu artean beste maila sakonago eta argiagoa, fedearena. Jokabide apala ez dugu guk zentzu onaren poderioz bilatzen, fedearen poderioz baizik. Eta fedeak lehenen erakusten diguna zera da: Kristok berak erakutsi digu Jainko Aitari zein jokabide zaion gustagarri. Jainkoari apalak zaizkio gogoko eta gustuko.

Lehenengo irakurgaiak esan digun bezala, apalak Jainkoaren ederra aurkitzen du. Harroaren gaitzak ez du sendabiderik, bere izanahiak itsutzen baitu. Jesu Kristo, bere azkenerainoko zerbitzu apalez, maisu dugu jokabide honetan ere. Argi erakutsi digu «bere burua goratzen duena, beheratua izango dela, eta beheratzen duena goratua». Jesu Kristok bere burua azkeneko tokian jarri zuen, gurutze gainean, eta denen gainetik goratua eta aintzatua ikusten dugu. Jesu Kristoren Jainkoa, Jainko apala da eta apalen maitalea. Apalki jokatzen du eta apalen alde jokatzen du. Apal jokatzea, ordea, ez zaigu geurez sortzen. Ez da gizakiarengan berezkoa. Nola izan apal, mundu ustetsu honen barruan?

Lehenengo esan behar dugu, apal izateko handi izan beharra dagoela barrutik. Ahul eta apal eta zerbitzari jokatzeko, oso sendo eta seguru aurkitu behar barruan. Izan ere, zenbat handikeria barruko ahuldadea gordetzeko! Handi-itxura asko barruko miserien tapaki izan ohi dira. «Izan zaitez, zenbat eta handiago, hainbat eta apalago». Barruan handia denak, ez dauka kanpotik zertan handi agertu. Eta, hori bai, barrutik handi, Jainkoak egiten gaitu bere dohainez, bere barkazioz, bere salbamenak ematen duen askatasunez. Barruko bakeak bizitza baretu egiten du. Bakeak ematen dizu behar duzuna eta ez daukazu borrokan norgehiagoka ibili beharrik.

Eta, bigarrenik, geroari begiratzen jakin behar da. Harroak, gaur ongi ibiltzeko, geroa bahitzen du. Fededunak, ordea, aurrerago begiratzen du. Jesusen Berri Ona du irizpide. Jainkoaren aurrean ondo ateratzea du beharrezko. Berehalako irabaziak betikoa eskuetatik kentzea ezin genezake ametittu guk fededunok. Ez litzateke jokabide burutsua izango. Horretatik ebanjelioan entzun ditugun atzera-etorri-beharra edo gora-igo-beharra. Gaurko hutsean itsutzen denak ez du negozio handirik egingo. Eta, munduaren jokabide harroak, gaur besteak baino gehiago azaldu nahiak, ez du biharko irabazirik sortzen. Fededunak jakin behar luke kalkulo onak egiten. Ezagutu behar luke apaltasunaren irabazi handia.

Eta, honen guztiaren sustraitan, fedearen argia eta miraria dago, noski. Guk ez dugu, eta bigarren irakurgaitik ari natzaizu, ukitzen dugun balio bat besarkatu. Gu, Jainko biziaren herrikoak eginak izan geranez Bataioz, herri berezia gara. Balio bereziak maite ditugu. Eta, alde honetatik, munduaren jokabidea ezeztatu eta ukatu beharra daukagu. Gizarte gogor eta leihatsu honen erdian, apaltasunaren aire freskoa sartu behar dugu. Apaltasunaren ukitu gozoz, borrokak sortutako zauri asko sendatzen jakin behar dugu.

Arantzazuko Amaren Bederatziurrena gainean dugu. Arantzazuko Andre Mariaren inguruan bildu eta errukiaren bide berritzaileak aztertuko ditugu.

Goazen orain Eukaristia ospatzera. Jesu Kristoren bizia ematerainoko zerbitzu apala da. Hor aurki genezake, apaltasunera eramango gaituen barneko ziurtasuna eta sendotasuna. Hortxe apal eta zentzu onez bizitzeko behar dugun argia. Eukaristiaraino beheratu zen Jaunak jaso gaitzala betiko pozaren gozora.


Iñaki Beristain (2016-8-22)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 14, 1. 7-14 Eban­jelioko biziera geure eskemetara bildu nahi izaten dugu ahaleginez. Arau batzuk betez gero, gehienen neurrietan ibiliz gero, nabarmenkeriarik ez eginez gero, «zintzoa» izanez gero... hori izango litzateke Ebanjelioaren arabera jokatzea. Alegia, Ebanjelioa «domestikatu». Denok sumatzen dugu, ordea, Ebanjelioak baduela zerbait berezia, zerbait lotu ezinekoa. Ez dela Ebanjelioa portaera baten araudia edo moral-jarrera baten sustatzailea. Zerbait sakonagoa dela. Pertsonaren portaera ez ezik, pertsonaren barru-barrua harrapatzen duela. Jesusek proposatzen duen moldeak pertsona berria eskatzen du, ez portaera berria bakarrik.

Ebanjelioaren dinamika hori, pobreekiko jarreran ikusten eta erakusten da. «Otordu bat ematean, deitu behar­tsuak». Pobreen lehentasuna bizi izan zuen Jesusek argi eta garbi. Eta Jesusen jarraitzailetzat dabilenak ere pobreen lehentasuna ondo josia eduki behar du bere bizieran. Eta eskakizun horrek oinarrizko interpelazioa egiten digu. Handikeriak eta handiusteak eta handinahiak eta... denak ezabatuak geratzen dira Jesusen aukeretan.

Ebanjelioaren molde honetan sartzeko, ordea, pertsona berria behar da. Ebanjelioa jasotzeko zorurik onena, pertsona «pobretua» da. Bizitzaren esperientzia latzak edo gaixoaldi batek edo ustekabe ilunek edo eguneroko ezinek pobretu duten pertsona. Bizitzari neurriak hartzen pertsona jipoituak jakin ohi du ondoen. Eta Ebanjelioaren dohaina ere, inork ez bezala ulertu ohi du pertsona pobretuak. Horientzat ekarri baitzuen Jesusek bere mezua.

Ondorioz, pertsona pobretuak pobreak maite ditu. Eta pobreei egiten die bere etxean leku. Jesusek bere etxean jaso duen pobreak, badaki pobreei aterpe ematen. Doantasunean edo gratuitatean oinarritutako harremanak gusta­tzen zaizkio. Bizi-sistema osoa aldatu zaio. Pobreekin dabilenean, badaki ez daukala ordaintzeaz kezkatu beharrik. Pobreekin dagoenean, badaki ez daukala itxurak egiten ibili beharrik. Pobreekin ez dauka besteak baino gehiago izateaz arduratu beharrik. Pobreekin lasai dago, eta libre.

Baina, sistemak, gure bizi-moldeak, ez du hori ulertu ere egiten. Gure sistemak dena borroka eta lehia bihurtzen du. Aberatsarekin ibili behar. Aberatsa baino aberatsagoa zarela erakutsi behar. Hark zer ematen dizun, handiagoarekin ordaindu behar. Hark zer erakutsi dizun, dotoreagoa erakutsi behar. Eta ez duzu gozatzen. Ez zaude gustura. Beti gerran zaude barrutik. Eta mundu erabat faltsua eta gezurrezkoa egin dugu.

Ebanjelioaren mahai pobre eta zabalera biltzen denak, dena doan jasotzen du. Eta, jasotzen duena debaldekoa izanik, beti gehiegi jasotzen du. Eta, beste ezeren gainetik, pobreekin gustura eta kezkarik gabe egoteko dohain paregabea jasotzen du. Bizitza patxadatu eta libretu egiten zaio. Bizitza baretu egiten zaio, dena dohainez jantzia.

Horixe da pobrearen ordaina. Diruak ematen ez duen ordaina.


Iñaki Beristain (2013-9-3)

Benetan ridikulua da gizakia, bere barruko egia eta gizartearen begirada nahasten dituenean! Bere izatea, gizartearen aurrean izan nahi duenarekin nahasten duena, benetan barregarri gertatzen da! Gizartearen begiradak badakigu zer estimatzen duen eta zer ikusten eta aitortzen duen balio nagusitzat: besteen gainetik egotea, besteek baino gehiago irabaztea, besteek baino izen ospetsuagoa lortzea, besteen aurretik azaltzea... Eta badira, azaleko estimazio horietatik harutza joaten asmatzen ez dutenak. Ez dakite besterik egiten, bizi­tza norgehiagoka huts bihurtu dute!Barregarria gertatzen da horrelakoa, bai! Hor dabil, gehiago beharraren hegoetan borrokan, izerdi eta pats, arnasestuka, izan beharraren eguneroko jira-bira amaigabekoan zorabiatuta! Ez daki zer den bere barruan, ez daki goza­tzen, ez daki gelditzen, ez daki maitatzen, ez daki bere barruko beharrei erreparatzen, ez daki giza mailan hazten. Lege bat bakarra ezagutzen du eta beraren arabera dabil: indartsua ateratzen da aurrera eta ahulak bide bazterrean gelditzen dira! Eta bere indarra erakutsi eta azaltzea maite du. Barregarria!Barregarria aurrena, gezurretan bizi delako. Pertsonaren balioa ez duelako ematen posizioak edo ospeak edo edukitzeak. Gizakiaren balioa egi mailan jokatzen da. Eta hori da lehendabizi landu beharrekoa, barrua. Barruaren beharrak eta eskakizunak betetzen saiatzea, barrutik izatea, barrutik giza maila helduagoa lortzea... horrek ematen du norberaren egia! Eta neure barruan naizena naiz, ez gehiago eta ez gutxiago! Kanpoko handikeria guztiak, barruko hilobiari jarritako lorasortak dira!Barregarria bigarrenik, indartsu-txango guztiei beren ahulaldia etortzen zaielako. Berandu gabe moteltzen dira gezurrezko indarrak. Indartsu azaldu eta jokatu duenak, zer egin dezake ahulaldian? Ridikulua! Bere indarraldian norgehiagoka ibili da, eta bere ingurua etsaiez josia utzi du. Eta ahulaldia datorkionean, zeri heldu behar dio, zertan bilatu behar du laguntza? Barregarri gelditzen da!Baina, jakina!, egiaren apaltasunera iristeak bere lanak ditu, ez pentsa! Apal izateko, aurrena, handia izan behar da barrutik. Oso sendo eta ongi oinarritua aurkitu behar barrutik, kanpotik apal, zerbitzari eta neurri­tsu azaltzeko! Handi itxura asko, barruko miserien tapaki izan ohi dira! Barruan handi denari ez dio axola kanpotik ahul edo txiki agertuta ere! Asko daukanak ez dauka kanpaiak jotzen ibili beharrik. Gutxi daukanak erakutsi nahi izaten du bere gutxia askotzat.Apal izateko, bigarrenik, geroari begiratzen jakin behar da. Harroak, oraingo itxurak luzitzeko, geroa bahi­tzen du. Eta apalak geroa landu nahi izaten du. Zer gertatzen zaio gaurko ebanjelioko harroari?: aurrera joaten da, eta gero atzera etorri behar! Barregarri geratzen da! Hasieran harro prantatu delako, gero ridikulua egiten du! Harroak epe motzera jokatzen du beti. Apalak, berriz, geroari begiratzen dio. Ez kalkuluz, izaeraz baizik. Apalak geroa eskuratzen du bere apaltasunean!Gauza jakina da, eta esan dugu gainera, gaurko gizartean norgehiagoka eta aharijokoa nagusitu zaizkigula. Eta beharbada horregatik daukagu, gure gizartea ustela ote den errezeloa. Irudiari begiratzen zaio asko, itxurari. Eta ez dakit ez ote ditugun balio gehiegi jokatu itxuraren alde. Eta hori, heziketan eta giza alor guztietan, oso larria izan daiteke. Fededunak behintzat jakin behar luke bere bizitzaren oinarriak bereizten. Jakin behar luke, gizatasuna garatzen duten egiazko balioak zeintzuk diren. Jakin behar luke, bere fedeak nolako jokamoldea eskatzen eta eskaintzen dion. Horrelakoa ez litzateke jokamolde huts eta faltsoan zorabiatuko. Norgehiagoka, globo zulatu bat bezalaxe husten da. Eta gero, zer gelditzen zaio?!


Iñaki Beristain (2016-8-22)