URTEAN ZEHAR XXV IGANDEA
C zikloaAmos Profetaren liburutik 8,4-7
Entzun hau zuek, behartsuak zapaltzen
eta herriko jende xeheak ondatzen dituzuenok,
esanez: ‘Noiz igaroko ote da hilberria, garia saltzeko,
eta larunbata, mandioak irekitzeko?
Neurriak txikitu egiten dituzue,
balioak haunditu, eta okerreko pisuak erabiltzen;
pobreak diruz erosten dituzue
eta behartsuak oinetako pare batean,
gari-hondakinak ere salduz’.
Jakoben aintzagatik, zin egiten du Jaunak,
ez duela sekula ahaztuko, zuek egindakorik.
ERANTZUN-SALMOA 112
POZAREN POZEZ GAINEZKA DAUKAT NIK GOGOA,
SALBATZAILE DUT JAUNGOIKOA
Jaunaren morroiak, goretzazue,
Jaunaren izena goretsazue.
Jaunaren izena bedeinkatua izan bedi,
orain eta gizaldiz gizaldi.
Jasotzen du dohakabea hautsetatik,
ateratzen du behartsua simaurretik;
eserierazi dezan nagusiekin,
bere herriaren nagusiekin.
San Paulo Apostoluak Timoteori 1 Tm 2,1-8
Anaia maite: Hau eskatzen dizut lehenengo: otoitz, erregu eta esker-emateak egiteko gizaki guztien alde, eta erregeen eta agintzen dauden guztien alde, zintzo eta egoki, izaera bare eta baketsuan bizi gaitezen. Ona eta atsegina da hau, Jaungoiko gure Salbatzailearen begietan, gizaki guztiak salbatzea eta guztiak egiaren ezaguerara iristea nahi du eta.
Izan ere, bakarra da Jaungoikoa, eta bakarra Jaungoikoaren eta gizonen bitartekoa: Kristo Jesus gizona, bere burua guztien ordain eman zuena. Bere garaian emandako aitormena da hau; eta horretarako ipinia nago ni albistari eta apostolu –egia diot, ez diot gezurrik-, jentilen irakasle sinesmenean eta egian. Hau da, beraz, gizonezkoei eskatzen diedana: Otoitzak gizonezkoek egin ditzatela toki guztietan, esku garbiak jasoz, haserretik eta eztabaidarik gabe.
ALELUIA Jesu Kristo, aberats izanik,
behartsu egin zen,
Haren behartsu-izatetik
zuek aberastu zaitezten. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen Liburutik 16,1-13
Aldi hartan, honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
[“Gizon aberats batek kontuhartzaile bat zuen, eta ondasunak alferrik galtzen ari zitzaiola salatu zioten. Deitu zuen, eta esan zion:
- ‘Zer da, gero, zuretzat entzun dudana? Emadazu zure kontuhartzailetza horren garbitasuna; gaurtik aurrera ez zara nere ondasunen kontuhartzaile izango’.
Kontuhartzailea honela ari zen orduan bere baitan:
- ‘Zer egin behar dut orain? Nagusiak kontuhartzailetza kentzen bait dit. Aitzurrerako indarrik ez dut; eskerako lotsatu egiten naiz. Ba dakit zer egin, nagusiak kontuhartzaile izatea kentzen didanean, norbaitek bere etxean har nazan’.
Banan-banan bere nagusiaren zordun guztiak deitu zituen, eta esan zion lehenengoari:
- ‘Zenbat zor diozu zuk nere nagusiari?’
Eta hark: ‘Nik ehun upel olio’.
Eta berak: ‘Tori zure agiria; eser zaitez, eta idatzi azkar: berrogeitamar’.
Gero beste bati: ‘Zuk zenbat zor diozu?’
Eta hark: ‘Ehun anega gari’.
Eta hark: ‘Tori zure agiria; eta idatzi: larogei’.
Nagusiak goraldu egin zuen kontuhartzaile gazitoa, zuhur jokatu zuelako. Izan ere, mundu honetako semeak zentzudunagoak dira berentarrekin, argiaren semeak baino”.
Beraz, hara Nik esan: Egitzazue adiskideak okerreko dirutik, dirurik gabe aurkitzen zaretenean betiko etxean har zaitzaten.]
Gauza txikienetan leiala dena, haundian ere leiala da; txikienean zintzoa ez dena, haundian ere ez. Beraz, okerreko diruarekin leial izan ez bazarete, nork utzi zuen esku egiazko ondasunak? Eta besterenarekin ez bazarete leial izan, nork eman zuei zeuenak?
Ezin daiteke serbitzari bat, bi nagusiren morroi izan. Izan ere, edo-ta bata gorroto izango du, eta bestea maiteko; edo-ta bati leial izango zaio, eta bestea ez du aintzat hartuko. Ezin zarete izan Jainkoaren eta diruaren morroi”.
Homiliak
Berriro ere diruaz eta beraren erabileraz mintzo zaigu Jesus. Aberats eta pobreen arteko tirabira hau, ondasunen erabilera eta antzeko gaiak askotan agertzen dira ebanjelioetan. Agi danean, Jesusentzat garrantzia handia daukan gaia da. Kristau izatearen zutabeak ukitzen dituen gaia dela ere esango nuke. Eta Jesusek inportantzia hau ematen badio, argi dago gure kristau ikuspegiak ere eman beharko liokeela. Gure kristau izateak, bizitzaren alderdi guztiak hartzen ditu, eta eguneroko kezkak ere bai. Kristau izatea ez baita teoriazko gai "espirituzko" batzuetan gelditzen. Kristau izateak giza izate osoa harrapatzen du.
Ebanjelioak eskaintzen digun parabola ez da ulertzen eta aztertzen errazenetakoa, hori horrela da. Baina, bere esanahia nahiko bistan dago: gure ondasunak nola erabiltzen ditugun galdera izan nahi du. Jesus ez da ari printzipioen mailan, kontzeptuen mailan, bereizketa praktikoa egiten baino. Gure ondasunak Erreinua irabazteko erabiltzen ditugu edo beste zerbaitetarako? Mundu honetako jendeek badakite dirua argi erabiltzen, lortu nahi dutena lortzeko. Badakite zer eta nola egin ondo bizitzeko, gizartean maila edo posizio gorenak iristeko, atsegina pilatzeko. Argiak dira beren gauzetan. Fededunok hain argiak ote gara? Lortu nahi duguna lortzeko, Jesusen Erreinua lortzeko, erabiltzen ote ditugu gure ondasunak? Askotan, oharkabean edo, ez ote gara Jesusen bidean ez dabiltzanen dinamika eta ibilbide berean erortzen? Ala beste hau esan behar ote dugu: guri ere fedegabekoei inporta zaizkien gauza berak inporta zaizkigula eta ez dugula Jainkoaren Erreinua gure interes nagusietakoa, hori ote da? Baina badakigu: bere ondasunak ondo erabiltzen dituen administratzaile izan behar du fededunak.
Baina gure gogoetak aurrerago joan behar du. Ez dugu konformatu behar bakoitzak beretzako burutazio «barrurakoak» egitearekin. Honek guztiak badu zer ikusirik gure gizarteko bizitzarekin ere. Ondasunen arazo sozialaz jabetu behar du fededunak. Bakarkakoa kendu gabe eta hori oinarri hartuz, baina gizarteko pobreak garrasi bihurtzen zaizkio fededunari. Garrasi, aurrena, Jainkoari berari eta, ondorioz, fededunari. Aberatsen eta pobreen arteko zatiketa gorrian, Erreinua ari gara jokatzen. Bere aberasteaz eta bere erosotasunaz beste ezertaz arduratzen ez dena, Jainkoaren kontra doa. Gure ondasunei gizon-emakume guztiekiko kezka falta baldin bazaie, ez dira ondasun onak, ez dira ondasun zuzenak eta jatorrak, ez dugu Jainkoaren bidea onartzen.
Jainkoa edota dirua zerbitzatu behar, hortxe dago kakoa. Badira Jainkoa diruaren zerbitzura jartzen dutenak. Entzun duzue lehenengo irakurgaiko ondasun-zaleen gogoeta. Larunbara jai zenez, ez zien balio beren negozio zikinak egiteko. Eta ez zuten beste irrikarik, larunbata noiz pasako! Haien gogoetak ez du pobrea zapaltzea eta hartaz baliatzea beste burubiderik. Aberastekotan pobreen kontura aberastu behar baita beti. Eta era horretan dirua zuzenkontrakoa egiten da, diru zikina da, diru onartezina da. Baina, badira dirua Jainkoaren zerbitzutan jartzen dutenak. ere, badira. Eta bigarren jokaera hau da zuhurra eta jakintsua. Ebanjelioko administratzaileak bere geroa argitzeko moduan jokatzen du. Fededunok asmatuko ote dugu, eskuartean ditugun gauzak geroaren argitan bizitzen? Asmatuko ote dugu geure ondasunak egiazko gizatasunaren zerbitzura jartzen? Asmatuko ote dugu dena izatetik neurtzen eta ez edukitzetik.
Hau guztia nola bizi enpresa batean? Nola izan «konpetitiboak», lehiakorrak, Ebanjelioko bideak onartuz? Gurea aurreratzeko besteez aprobetxatu beharra dago. Bestela atzean gelditzen zara. Gaur gauzak horrela daude gure gizarte honetan. Borroka-toki bihurtu dugu gizartea. Eta gure borroka latzak pobreak zauritu egiten ditu. Ahulenak zapaltzen ari gara. Gero, errua politikoena eta dela esan, eta geure barrua lasaitu dezakegu. Baina, gauzak garbi edukitzea beharrezkoa da: hemen Ebanjelioko eskakizunak denok harrapatzen gaitu. Denok gaude inplikatuak, bakoitza bere mailan eta bere ahalbideen arabera. Ez da gauza handien kontua. Bakoitzak bere txikian zuzen jokatu behar du. Eta zuzen jokatzeak, pobreak arduraz zaintzea esan nahi du. Pobreez arduratzen ez den ekonomiak ez du gizalegezko gizartea eraikiko. Eta horren aurrean badaukagu zer pentsatua eta zer hausnartua!
Ez da ona, hala ere, gauzak goitik behera aldatu behar direla eta, teoriazko utopia handietan ibiltzea. Kontua da nola bihurtu gure bizitza gero eta argitsuagoa. Nola ikasi bizitzen Jainkoaren seme-alabei dagokien bezala? Nola ikasi eta geuretu Ebanjelioaren ikuspegi berriak? Eta pixkana-pixkana mundu berri baten eraikuntzarako bideak urratu. Hori ez da kolpetik egiten, baina pobreen oihua isiltzen ez den bitartean, ezin gintezke besoak tolestatuta geratu. Bestela ez genuke Ebanjelioarekin leial jokatuko. Bizitzari goitasuna eta kalitetatea ematea da kontua. Gizatasuna ematea. Bizitzari izan-maila berriak eskaintzea. Zertarako ditugu dirua eta ondasunak eta beste guztiak, pozik bizitzen asmatu behar ez badugu?
Honek guztiak, ondorio bat gutxienez ekarri beharko luke gure bizitzara, besterik ez bada: kritikoak izaten ikasi behar dugula. Ezin gaitezkeela, besterik gabe, esaten eta egiten denera makurtu. Eta gure salakuntza eta testigantza ahaztu gabe, gure fedearen izerdia ere gizarte-bide berriak sortzeko eta sustatzeko eskaini behar dugula. Pixkana ikasiko ahal dugu gauza hauek, gogoeta hauek, eguneroko bizitzan mamitzen. Ez al zaigu dena eta beti teorian geratuko.
Eukaristia ospatzeak hautapen baten aurrean jartzen gaitu, garbi bezain gordin: pobreen oihuak uzten al digu Eukaristia lasai ospatzen? Isilune bat egitea ez letorkiguke gaizki galdera honi erantzuteko.
Iñaki Beristain (2016-9-15)
Beti bidean, beti bila
Diruaren kontuek asko kezkatzen gaituzte aspalditxoan, diruarenek edo diruaren faltarenek. Izan ere, ez ditugu garai gozoak bizi une honetan. Jakina, diruak zer esan nahi duen aztertu eta zehaztu beharko genuke. Dirua estimatzen dugu, berarekin beste gauza asko eta egoera gozo asko eskura ditzakegulako. Eta dirua ahitu zaigu. Langabeziak sekulako hustuketa egin du gure etxeetan, eta familia asko dira ezinean dabiltzanak eta gehiago oso justu dabiltzanak.
Baina, diruak zer esan nahi du niretzat?, hori da galdera. Diruak zer leku dauka nire etxean? Nire bizitzako zer daukat dirutik zintzilik? Eta horren arabera zehaztu genezake zer galdu dugun diruaren faltan. Ez gara sartuko ustelkeriak ekarri dituen egoera zuzenkontrako eta narratsetan. Batzuek oso gutxi eta eskas daukatenean, beste batzuek horrenbeste edukitzea ez da inolaz onartzekoa, nire ustez.
«Ez da morroirik bi nagusi zerbitza ditzakeenik». Diruak azpian hartzen gaituenean eta gure bizitzaren jabe egiten zaigunean, ondorioa jakina da: dirua falta denean, dena galtzen da. Eta kasu horretan ez da justu ibiltzea soilik, baizik poza eta bihotzeko askatasuna ere galdu egiten dira, bizitzeko sentidua bera ere bai. Esango zait gutxieneko bat behar dela bizitzeko. Badakit hori. Baina gutxienekoa zer da? Orain arte bizi izan dugun bizi-mailari eusteko lain?
Gure aurrekoak, gure gurasoak, gutxiagorekin bizitzen ikusi izan ditugu. Adinean aurerra samar goazenok, geu ere gutxiagorekin bizi izan gara. Zer behar sortu ditugu, berez behar ez direnak? Zer gehiegikeria egin ditugu geure bizi-maila erosoan? «Horiek joan ziren», esaten da. Baina, bihotzetik joan al zaizkigu? Egiten genituen gauza asko ezin ditugu gaur egin, baina hori zauri bezala, samin bezala, bizi dugu. Eta tristetu egiten gaitu. Bihotza morroituta daukagu!
Jesusek beste bide libre bat proposatzen digu. Mundu honetako ondasunak, gutxi edo asko, bestelako ondasunak irabazteko erabiltzea. «Irabaz itzazue adiskideak diruarekin». Irabaz ezazue barruko bizia diruarekin. Irabaz ezazue betiko balio duena, betiko balio ez duenarekin. Hor oso inportantea da bihotza zertan oinarritzen dugun aztertzea, gure ametsa zein den jakitea, zerk liluratzen gaituen ohartzea.
«Ezin zintezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan». Eta, Jesusek esaten digunez, Jainkoaren zerbitzuak egiten gaitu libre. Zerbitzuetan bakarra da libre egiten duena. Beste guztiak morroitu egiten gaitu. Maitasuna da bihotzari askatasun ederraren airea ematen diona. Ondasun handietara izan gara deituak, eta ez genuke gutxirekin konformatu behar. Gure bihotza ez dugu aseko bestela. Gure bihotza ez dago mundu honetako ondasunetarako egina. Gure bihotzak Jauna behar du ondasun. Jainkoa zerbitzatu nahi du.
Iñaki Beristain (2013-9-20)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 16, 1-13)
«Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan». Igande hauetako ebanjelio-zatiek bide bat bera dute: Jainkoaren aukera egitera gonbidatzen gaituzte. Eta aukera hori atzera-ezina da fededunarentzat. Aukera hori, gainera, eguneroko ibilbidean gauzatu behar da. Justiziak erakusten baitu maitasunaren egia. Eta maitasunezko justiziak gure jokabideak aztertzera gakartza: zer aukera dauzkagu zehaztuak diruari dagokionez eta behartsuekiko solidaritateari dagokionez?Zorioneko dirua! Ala hobeto esango ote nuke?, zorionaren dirua! Zenbat buruhauste sortzen digun! Askotan diruarekiko jarrerak eta jokaerak ematen du gure amets handien neurria eta gure eskaskeriaren neurria. Bateren batek dagoeneko esan dio bere kolkoari, kristauok diruaren kontra gaudela, ez dakigula eguneroko bizitzaren bizi-beharra neurtzen, edo pauperismoaren aldekoak garela, edo... Egia esateko, Jesusek ez du hitz eder askorik esaten ondasunei buruz, hori horrela da. Ondasunek ezer gutxitarako balio dute Jesusen ikuspegitik, eta horiekin egin daitekeen onena behartsuei banatzea da.Beraz, diruaren kontra dago Jesus? Ez! Dirua berez gaiztoa dela esaten ari da? Ez. Jesus, dirua kondenatzen ari den fundamentalista itsua ote da? Ez! Jesus ez da ari printzipioen mailan. Jesusek egiten duena, eguneroko jokamoldeei begiratzea da. Eta nork uka dezake diruaren grinak Jainkoarenganako bidea itxi eta ebaki egiten digula egunero? Eta nork esan dezake, Jesusek ez daukala ikuskera honetan arrazoi!?Galdera bat edo beste egin nahi dizut, irakurle adiskidea. Zuk zeure bizitzaren segurantza zertan jartzen duzu: Jainkoarengan ala dirutan? Zuk nahiago al duzu, zeure diruarekin behartsuen premia konpontzea, bankuan irabaziak ugaltzea baino? Nork uka dezake bere dirua zuzenkontrakoa dela, gure gizartean behartsuak dauzkagun bitartean? Batzuk aberasteko, alegia, beste batzuek pobretu beharra daukatela? Hori ez duzu ikusten? Eta gero diruari zoriona eskatzen diogu?!Eta Ebanjelioan gauza bat dago argi, galdera hauen guztien aurrean: diruarekin egin dezakegun gauzarik onena, geure zoriona erostea dela!Ironiazko esaldiak erabili ohi ditugu diruaz ari garenean: «Diruak ez omen du zoriona ematen, baina lagundu bai, zoriontsu izaten», eta horrelakoak. Denok geure jokaerak zuritu eta garbitu nahi bagenitu bezala. Baina zorionaren apustua irabazi nahi duenak, ondo asko daki bere barnean, baloreen mailak ongi zehaztu beharra daukala. Eta ezin diezaiokeela gorengo maila diruari eman. Zorionaren apustua esan dut. Gaurko ebanjelio-zatian ageri den administratzaileari begiratu beharko genioke. Bere dirua zoriona erosten erabiltzen du, etorkizuna ontzen. Horixe da arrazoizkoa. Gaurko diruarekin irabaz dezagun zoriona, gaurko eta biharko zoriona.Eta zoriona eskuratu nahi duenak, solidaritatearen aldeko apustua egin behar du garbi, Ebanjelioak eskaintzen duen zoriona baldin bada bilatzen duena behintzat. Eta ez dago, nire ustez, teoria handien sastraka artean galdu beharrik. Aski da gure eguneroko bizitzaren aukerei begiratzea. Zertan eta zertarako erabiltzen dut nire dirua? Zenbaterainoko diru-grinak erretzen nau barrutik? Eta jator erantzun diezaiodan zorionarekiko galderari, diruak zoriona ugaltzen al didan, alegia.Bere bizitzan aukera handiak egin nahi dituenak, bere proba egin beharra dauka. Dirua geure kapritxoen arabera jalkitzeak zer ematen duen ikusita daukagu gutxi-asko. Geure dirua behartsuen alde erabiltzeak zer ematen duen proba dezagun. Jokaera horren zorion-emaitza segurua da, Ebanjelioaren arabera. Eta behartsuen aldeko solidaritatea eskatzean ez dut limosna bat eskatzen, oinarrizko justizia baino. Eta justiziazko solidaritate horrek, zorioneko dirua zorionaren diru bihurtuko liguke! Hori seguru!
Iñaki Beristain (2016-9-15)