BAZKO-ALDIKO VI IGANDEA
C zikloaApostoluen Eginetatik 15,1-2.22-29
Egun haietan, Judeatik jaitsitako batzuek irakaspen hau ematen zieten senideei: ‘Moises-engadiko ohituraz erdaintzen ez bazarete, ez zaitezkete salba’. Horretatik iskanbila eta eztabaida izugarriak sortu ziren, Paulo eta Bernaberen aurka. Eta Paulo, Bernabe eta beste batzuk Jerusalenera igo zitezela erabaki zuten, apostolu eta arduradunekin auzia argitzeko.
Apostoluek eta arduradunek elkarte osoarekin batera, beren arteko norbaitzuk aukeratzea erabaki zuten, eta Paulo eta Bernaberekin Antiokiara bidaltzea: Barsaba zeritzan Judas eta Silas aukeratu zituzten, biak itzal haundiko gizonak senideen artean. Eta hauen bidez eskutitz hau bidali zuten:
“Apostoluek, arduradunek eta senideek, Antiokian, Sirian eta Zilizian zaudeten jentil izandako senideoi, agur. Jakin dugu, guretako batzuek, guk agindu gabe zuengana joanda, beren hitzez kezkatan jarri zaituztela eta nahastu. Horregatik gogo batez erabaki dugu, gizon batzuk aukeratu eta zuetara bidaltzea gure Paulo eta Bernabe maiteekin, Jesu Kristo gure Jaunaren izenagatik beren biziak eskaini dituzten hoiekin.
Beraz, Judas eta Silas bidaltzen dizkizuegu, eta hoiek hitzez esango dizkizue gauza hauek berak. Espiritu Santuak eta guk erabaki dugu, behar-beharrezko direnak beste zamarik zuei ez ezartzea: ez zaiteztela zikindu sasi-jainkoak serbituz, ez dezazuela jan, ez odolik, ez abere itorik, eta utzi dezazuela loikeria. Ongi egingo duzue holakoetatik alde eginez. Ongi izan”.
ERANTZUN-SALMOA 66
JAUNARI KANTA, ONA BAIT DA,
HAIN DU HAUNDIA BERE BETIKO ERRUKIA.
Erruki bekigu Jainkoa, bedeinka gaitzala,
ager diezaigula aurpegi alaia;
ezagutu dezaten lurrean zure bidea,
herri guztietan Zugandiko salbamena.
Poztu bitez kantari atzerriak,
zuzenbidez bait daramazu izadia;
zintzo bait dituzu gidatzen herriak,
eta zaintzen lurrean atzerriak.
Apokalipsis liburutik 21,10-14.22-23
Ni, Joan, hartu ninduen aingeruak, eta espirituz mendi haundi goi batera eraman ninduen, eta Jerusalen hiri santua erakutsi zidan, zerutik Jainkoagandik jaisten, Jainkoaren aintza berekin zuela. Haren diztira harri bitxi baten antzekoa zen, kristal-argizko jaspe-harriaren antzekoa. Harresi haundi eta goi bat zeukan, hamabi atekin, eta ateetan hamabi aingeru eta hamabi izen idatzita: israeldarren leinuen izenak. Sortaldean hiru ate; ifar-aldean hiru ate; ego-aldean hiru ate; eta sartaldean hiru ate. Hiriaren harresiak hamabi oinarri zituen, eta hauetan hamabi izen: bildotsaren hamabi apostoluenak.
Ez nuen han jauretxerik ikusi; Jauna, Jaungoiko ahalguztiduna, eta Bildotsa ditu bere jauretxe. Hiriak ez du, ez eguzki, ez ilargi-beharrik, argitan egoteko; Jaungoikoaren aintzak argitzen du, eta Bildotsa du bere argiontzi.
ALELUIA Ni maite nauenak beteko du nire hitza –dio Jaunak-;
Nire Aitak maiteko du,
eta harengana etorriko gara. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 14,23-29
Aldi hartan, esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Ni maite nauenak, beteko du nire hitza; nire Aitak maiteko du, eta harengana etorriko gara eta berarengan egingo dugu bizileku. Ni maite ez nauenak, ez ditu betetzen nire hitzak. Eta entzuten duzuen hitza, ez da nirea, Ni bidali ninduen Aitarena baizik. Oraindik zuen artean nagoelarik esan dizuet hau. Baina Aitak nire izenean bidaliko dizuen laguntzaileak, Espiritu Santuak, Hark erakutsiko dizue dena, eta oroitaraziko, Nik esan dizuedan guztia.
Bakea uzten dizuet, nire bakea ematen; ez dizuet ematen munduak bezala. Ez izan beldurrik zuen bihotzetan; ez larritu. Entzun duzue Nik esana: ‘Ba noa, baina etorriko natzaizue berriro’. Maite baninduzue, poztuko zinakete Aitarengana noalako, Aita Ni baino haundiagoa bait da. Orain esan dizuet, hori gertatu baino lehen; gertatzean, sinets dezazuen”.
Homiliak
Pazkoan ari gara. Pazko-pozaren ospaketa luzea gozatzen. Pazkoak aldarrikatzen eta eskaintzen duen elkartasuna gero eta sakonagotik jasotzen eta bizitzen. Horretantxe jarraitzen dugu. Izan ere, Pazkoa elkartasuna da, bat egitea eta bat izatea.
Aurreneko eta oinarrizko elkartasuna, Pazkoak eman diguna, Jaunarekin dugun elkartasuna da. Jesusek, bere heriotza eta piztueraz, Aitarekin bat egin gaitu. Jesus eta Aita bat diren bezala, gu ere bat eginak izan gara, Semearen bitartez, Aitarekin. Bat egite eta elkartasun hau ez dugu sekula behar adinean ulertuko eta gozatuko.
Baina, igande honetako irakurgaiok, aurreko igandekoek bezalaxe, Pazkoaren eliz alderdia azpimarratu digute batik bat. Jesusek Aitarekin elkartu baldin bagaitu, geure artean ere elkartu gaitu, Aita beraren seme-alaba izatea emanez. Eta Jaunarekiko bat izatea, geure arteko bat izate bihurtu beharko genuke. «Guztiak bat izan daitezela, zu eta ni bat garen bezala».
Eta hori, Jesusek berak dioen bezala, «munduak sinets dezan». Elizak Pazko-batasunaren bidez egingo du bere mezua sinesgarri. Elizaren maitasunezko elkartasuna da Jesusen aldeko hitzik eginkorrena eta eragileena. Balio gehien duena. Baina, nondik datorkio Elizari batasun-indar biltzaile hori? Inolako zalantzarik gabe, Elizak badaki bere batasunaz, Jainkoaren batasuna ari dela erakusten. Jainkoagandik baitatorkio Elizari bere batasuna. Esan genezake zera: Jainkoak ematen digun Espiritua dela Elizaren baitan batasun-iturri ahaltsuena.
Hala ere argi dago: kontua ez da denok berdinak izatea. Alegia, batasuna berdintasunean oinarritzea. Ez. Batasunak ezberdintasuna ere behar du, egiazko batasun izan nahi badu. Jainkoak ez ditu herri batekoak edo izaera berekoak edo balio berdinekoak edo aukeratu. Jainkoak munduko herri guztietako jendea, eta jende ezberdina, aukeratu eta bildu du. Eta horien arteko batasun miresgarrian erakutsi du berak Elizaren barnean sortu eta lortu nahi duen batasuna nolakoa den. Batasunak ez digu eskatzen geurea uztea. Bakoitzak berea gordez eta landuz, Espiritu bat bera daukagula azaldu behar dugu.
Mendekoste egun handiaren atarian gara dagoeneko. Mendekosteko Espiritua gertatuko da ezberdintasunean batasuna sortzen dakien Jainko-indar. Hark sortuko du era horretako batasun librea. Hark berritzen eta elkartzen ditu bihotzak.
Guk, iganderoko Meza ospatzen dugunok, poza sentitzen dugu Jainkoaren Hitz honen aurrean. Guk esan dezakegu era askotako jende ezberdina biltzen garela, eta, hala ere, elkarte bat bera osatuz, batasunean. Langileak, baseritarrak, kaletarrak, etxeko andreak, zaharrak, gazteak, era askotako gizon-emakume ugari gure mahai zabal honen inguruan. Baina asko izateak eta ezberdinak izateak, ez gaitu etenda bizitzera eramaten. Mahai bat beraren inguruan bat eginda sentitzen gara. Eta hori ederra da. Hori Pazkoko Espirituaren emaitza da. Bestela nola?
Arazoak izatea? Hori ez dago saihesterik. Lehenengo elkartekoek ere izan zituzten arazoak eta ez nolanahikoak gainera. Ikusi duzue lehenengo irakurgaiko egoera tirabiratsu hura. Baina, Espirituaren batasunari ez zaio antzematen arazorik ez izatean, arazoen gainetik dagoen batasuna sortzean baizik. Benetan esan dezakegu, San Joanek bigarren irakurgaian azaldu digun Eliza ederra osatzen dugula. Bildotsaren bizitokia, apostoluen harresi ederrak babestua. Betiko Pazkoko Eguzkiak argi egiten digula.
Jesusek batasunaren alde otoitz egin bazuen, guk ere badugu motiborik batasunaren aldeko otoitza egiteko. Elizaren batasun-eza aurrena: batasunik gabeko ebanjelizatze-ahalegina alferrikakoa da. Batasun-ezak mututu egiten du Elizaren hitza. Batasunik ez duen Eliza ez da Pazkoko Eliza.
Herriaren batasunik eza, bigarrenik. Ezberdintasunek zatitu egin gaituzte askotan, horixe txarra. Ez dugu asmatu elkar errespetatzen eta bat izaten. Eta herri zatituak, bizi-ezin asko sortzen du. Gure herriaren batasunaren alde ere egin behar genuke otoitz.
Hirugarrenik, Meza honetan elkartzen garenon batasunaren alde ere eskatu behar dugu. Ez da nahikoa elizan bilduta egotea. Bat egin behar dugu. Eta batasunaren testigantza uka-ezina eman, Espirituaren baitan.
Gaur «gaixoen eguna» ospatzean, gu bereziki elkartuak sentitzen gara gaixo daudenekin. Gaixotasunak berekin duen samin eta bakardadean, ez genuke fededunok geure gaixoengandik urrun egon behar. Gaixoak profesionalak behar ditu ondoan, baina, batez ere, maitasun gozoz hurbilduko zaizkion pertsona errukitsuak behar ditu.
Seguru gaude, gaurko Ebanjelioko Jesusen otoitzak Pazko-batasuna eta elkartasuna emango dizkigula. Seguru gaude Pazkoaren emaitza bezala espero dugun Mendekoste eguna, dena berrituko eta elkartuko duen egun pozgarria gertatuko dela.
Goazen orain Eukaristiaren bigarren atalera. Hau bai dela batasunaren mahaia. Jesusek bere Pazko-dohainaren inguruan biltzen eta elkartzen gaitu. Hortxe gertatzen da ederrena, batasuna. Ezberdin baina mahai beraren inguruan bildurik, ospa dezagun Pazkoa, «munduak sinets dezan».
Iñaki Beristain (2016-4-24)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Jn 14, 23-29)
Azken Afariko despedidan ikusten dugu Jesus, bere ikasleei arnasa eta argia ematen. Behar dute arnasa eta argia, izan ere ikasleek sumatzen dute laster Jesus gabe geratuko direla. Eta Azken Afariko giroa kargatua da, astuna, denak izuak hartu izan balitu bezala. Zer egin dezakete Jesus gabe, dena Jesusengan utzi dutenek? Zer eta nola egin dezakete, beren Maisua galtzen badute? Jesusen hitzek hango giroak adinako pisua hartzen dute.
Ikasleak ez dira bakarrik geldituko. Jesusek bidaliko dien Espirituak Jainkoaren misterioa berrituko du ikasle beldurtuen bihotzean. Maitasun betearen misterioa erregalatuko die Espirituak, eta Jesusen presentzia gertaraziko du haien bihotzetan. Horretarako Jesusen hitzari gerri-gerritik heldu behar diote, eta horretan ere Espirituak emango die sinesmenerako argia. Bakardadearen izua sentitzen dute ikasleek.
Bakardadearen zorabioa da. Oraindik ez dakite Espirituaren promesa horrek zer esan nahi duen. Dakitena da, Maisua galduko dutela. Eta horrek beldurtu egiten ditu. Afaltokiko gaua gau iluna gertatzen ari zaie. Eskerrak Jesusek bakea itsasten dien beren gau ilunean! «Bakea uzten dizuet».
«Etorriko natzaizue berriro». Hau izango da Espirituaren lehen esperientzia, Jesus presente izango dutela beti. Ez dira beraz bakarrik egongo. Ez dute zer beldurturik. Bakardadearen izuak ez die bihotzetik bakea kendu behar. Espirituak atergabe ekarriko die Jesus beren bidera.
«Espirituak irakatsiko dizue dena, eta oroitaraziko nik esan dizuedan guztia». Hau da Espirituaren beste esperientzia. Gure bihotzean memoria piztuko digu, beti Jesusen misterioak eta mezuak gure barruan bizirik iraun dezan. Memoria horretan berrituko da guregan maitasunaren eskaintza. Espiritua da Elizaren memoria.
«Gertatzean, sinets dezazuen». Espiritua bihurtuko da sinesmen-eragile ikasleen bihotzean. Sinesmena beti berritzen arituko da Espiritua Elizaren bihotzean. Gertaera bakoitza sinesmenak gozatua izango da Espirituaren eraginez. Memoriaren orriak Espirituak gozatuko dizkigu, Jesusen bidean iraun dezagun.
Zer egin dugu Espirituaz? Gure gaurko Elizak sinesten al du Espirituarengan eta beraren eraginean? Ez al gara beldurrak eta izuak hartuta sentitzen? Sinesten al dugu Jesus beti bidean datorrela gurekin? Berritzen al dugu Espirituaren «memoria» gure eliz elkartean eta geure fede-bizitzan? Uzten al zaio Espirituari beti egun berria pizten? Ez al gara askotan atzera eta atzora begira bizi? Maite al dugu Jesus eta beraren bidea?
Galdera hauek garamatzate Mendekostera bidean. Han eta orduan Espirituaren erauntsi ederrak joko gaitu, eta gure Eliza osoa poztuko da, piztuko da. Hizkera berri baten soinuak entzungo dira bazterretan. Sinestedun bakoitza doan lekuan, Espirituaren berrialdia sumatuko da. Gaur ere bai. Ez gaitzala bakardadearen izuak erre!
Iñaki Beristain (2013-5-2)
(Igandeko ebanjelioa: Jn 14, 23-29)Ez litzateke Pazkoaldiaren emaitza kaskarra izango bakea. Gizon-emakumeon, gizartearen, herrien, munduaren bihotzean utziko baligu maitatuak sentitzearen sentipen garbi eta onginahizkoa, ongi burutua legoke Pazkoa! Bai horixe! Baina, jakina, gauza estimagarri eta onenak bezala, bakea ez da berez sortzen. Bakeak badu bere iturria eta badu bere dinamika.Ez da gudarik eta borrokarik ez izatea bakarrik. Ez da odola galtzea. Ez da nortasuna urtzen uztea. Bakea ez da lortzen, gauza eta egoera kaltegarriak kenduz, besterik gabe. Zuzentasunaren borroka eta eginahala egiteko pulamentua galdu duen pertsonak eta elkarteak, galdu du bakean bizitzeko gogoa eta ametsa ere.«Bakea uzten dizuet». Elkartasunaren fruitua da bakea. Eta Pazkoa elkartasuna izan da. Gurutzeko besarkada askatu-ezinean osatu den elkartasuna. Ezerk inoiz inon hautsiko ez duen elkartasuna. Bakearen iturria bizirik eta emankor sartu zaigu barnera, eta gurekin bizi da bakea eta bakea ematen duena. Bakeak poztu gaitu betiko.Honek esan nahi du, bakea barrutik sortzen dela. Bakea elkartasun horren emaitza dela. Eta, jakina!, bakeak badituela bere eskakizunak ere. Elkartasuna zaindu eta bizitzearen eskakizuna, aurren-aurrena. «Nire hitzak gordeko ditu». Bakea ez da behin betiko irabazten. Adiskidetasuna eta giza harremanak behin betiko sendoak ez diren bezala, eta maitasunezko ardura eskatzen duten bezala, bakearen iturburu den elkartasun horrek ere maitasunezko ardura eta axola eskatzen ditu.Pazkoak bakerako Espiritua utzi digu ondare. Egunero bakera esnatuko gaituen Arnasa eman zaigu. Gure harremanak Pazko-presentziaz poztuko dituen Espiritua eman zaigu. Eta Espiritu horrek goizero irekiko ditu, bakearen aire berritua emango duten Pazko-iturriak. Bihotzean eta gizartean, bietan irekiko ditu bake-sapaiak. Eta bakea biziko dugu.«Bakea uzten dizuet». Eta ez dugu beldurtu eta kikildu behar. Bakeak baditu eta beti izango ditu bere etsaiak. Bakeari beti sortuko zaizkio elkartasuna apurtu nahi duten eragin beltzak. Justiziazko amets eta deiez jantzita etorriko dira, baina bakearen kontrako amets gaiztoak dira. Engainagarriak eta hutsalak. Bakearen kontrako borroka beti etorri ohi da hitz handiz eta eskaintza ikusgarriz itxuratua. Baina, bihotzean etena eta setakeria eta sektakeria besterik ez dakartza. Ez diogu, hala ere, beldurrik izan behar bakearen aldeko borrokari. Iturri agortezina bihurtu baitzaigu bakea bihotzean.Bakea ez da lortzen, norberak nahi duena betez. Bakean bizitzeko bihotza pozik behar da. Eta bihotz poztuak, borroka egiten duenean ere, bakea sortzen du. Bihotz mingoztuak, berriz, gozoenean ere, samina sortzen du. Bihotz baketuak ez ditu gauzak bere horretan uzten; badaki mundu berri baten langile dena. Baina, bere ahalegin berritzaile horretan ere, ez du zauririk sortzen, ez minik ematen, ez du hiltzen, ez du bahitzen, ez du indarkeriarik erabiltzen. Horiek denak bihotz mingoztu eta koldarraren jokalegeak dira.«Bakea uzten dizuet». Bakearen Espiritua eman digu Jesus berpiztuak. Eta bakean gaude. Gure herriak ere bakea behar du, aspaldiko ametsa du hori. Baina, hitz mikatz eta desafio borrokalari gehiegi dabil askotan gurean, bakea gozatzeko. Indarkeria, armei dagokienez, gelditu bada ere, beste era bateko eraso gehiegi dabil gurean, bakea eman diezagukeenari bakea ez eskatzeko. Beldur eta azpijoko gehiegi dabil gure herrian libre, bakearen irrika galtzeko. Bakearen alde saiatzea merezi du bakea maite duenarentzat. Mesedez, bakean bizi nahi dugu!
Iñaki Beristain (2016-4-24)