URTEAN ZEHAR XV IGANDEA
C zikloaDeuteronomio liburutik 30,10-14
Moisesek honela hitz egin zion herriari:
- ‘Entzun Jaunaren, zure Jaungoikoaren, hitza eta bete Haren esanak eta agindu guztiak, Legean idatzirik dauden bezala; itzul zaitez Jaunarengana, zure Jaungoikoarengana, bihotz-bihotzez eta gogo-gogoz.
Izan ere, gaur zuri ematen dizudan agindua ez duzu zailegia, ez dago zuregandik urruti. Ez dago zeruan; ez esan zure baitan: Nor igoko zaigu zerura? Nork hartuko eta guri entzunaraziko, bete dezagun? Ez dago itsasoz beste aldean; ez esan zure baitan: Nor joango zaigu itsasoz beste aldera? Nork hartuko eta guri entzunaraziko, bete dezagun? Ondo-ondoan duzu hitza: zure ahoan eta zure bihotzean; bete ezazu’.
ERANTZUN-SALMOA 68
ERRUKI HUTSA DUGU JAUNA,
ERRUKIA TA MAITASUNA.
Nire otoitza Zugana, Jauna,
zure grazi egunean, ene Jainko;
hain leiala baitzara, entzun nazazu,
zure laguntza leiala emaidazu.
Entzuidazu, Jauna, samurra baita zure grazia,
zeure erruki haundiz niri begira.
Ni, berriz, gizagaixo dohakabe nauzu,
zeure laguntzaz, Jainko, onik atera nazazu,
Jainkoaren izena kantuz dut goratuko,
eta esker on emanez ospatuko.
San Paulo apostoluak Kolosarrei 1,15-20
Jesu Kristo, Jainko ikusiezinaren irudi da,
sorkari guztietan lehen semea.
Beronen bidez baitira eginak gauza guztiak,
zeru-lurretakoak, ageri direnak eta ez direnak:
Aulki, Jaun, Nagusi eta Agintedunak;
gauza guztiak Beraren bidez
eta Berarentzat dira eginak.
Diren guztiak baino lehenago da Bera,
eta guztiek Berarengan diraute.
Gorputzaren buru ere Bera da,
Elizaren buru, alegia.
Bera da hasiera, hilen arteko lehen semea,
diren guztietan Bera izan dadin lehenengoa.
Jainkoaren gogoko izan baita
betearen betea Harengan egotea,
eta Haren bidez, gauza guztiak Berekin adiskidetzea;
Haren gurutzeko odolaz bakeak eginik,
zeru-lurretan diren guztiekin.
ALELUIA Zure hitzak, Jauna, espiritu eta bizi dira:
Zuk dauzkazu betiko biziaren hitzak. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 10,25-37
Aldi hartan etorri zen legegizon bat, eta azpikeriaz esan zion Jesusi.
- ‘Maisu, zer egin behar dut nik, betiko bizia iristeko?’
Eta Hark esan zion:
- “Zer dago Legean idatzirik? Zer irakurtzen duzu han?”
Eta legegizonak:
- ‘Maita ezazu Jauna, zure Jaungoikoa, bihotz-bihotzez, gogo-gogoz, zeure indar guztiz, eta zeure adimen osoz; eta zure lagunurkoa, zeure burua bezala’.
Eta Jesusek erantzun zion:
- “Ondo esan duzu. Egizu horrela, eta biziko zara”.
Baina legelariak, bere burua zuritu nahiz, esan zion Jesusi:
- ‘Nor dut, ordea, nik nire lagunurko?’
Eta Jesusek orduan:
- “Gizon bat zetorren behin, Jerusalendik behera, Jerikora, eta lapurren eskuetan erori zen. Lapurrek, erantzi eta zauritu ondoren, erdi-hila utzirik aldegin zuten. Hain zuzen, apaiz bat zetorren bide hartan behera eta ikusi zuen, baina beste bide bazterretik aurrera jarraitu zuen. Berdin egin zuen, han gertatu zen lebitar batek ere: ikusi, eta beste bide bazterretik aurrera jarraitu. Handik zehar bidez zihoan samariar bat, ordea, hurreratu egin zen eta, hala ikusita, erruki izan zuen; eta hurbildurik, zauriak lotu zizkion, olioa eta ardoa gainera isuriz; eta bere abere gainean hartu eta ostatura eraman zuen, eta han zaindu. Biharamonean bi denario atera eta ostalariari eman zizkion, esanez: ‘Zaindu ezazu, eta gehiago eralkitzen baduzu, neuk ordainduko dizut honerakoan’. Hiru horietan, nor deritzazu azaldu zela, lapurraren eskuetan erori zen haren lagunurko?”
Legelariak erantzun zion:
- ‘Harentzat erruki izan zuena’.
Eta Jesusek orduan:
- “Zoaz, eta egin zeuk ere beste horrenbeste”.
Homiliak
Fedean adiskide zaren hori: Ebanjelio-zati honi alderdi askotatik hel dakioke, oso zati aberatsa izaki. Baina nik uste beste alderdi eta ikuspuntu guztien gainetik bat nabarmentzen zaiola garbi-garbi: errukiarena!
Jesusek, mundura etorriz, bere Aitaren maitasun errukiorra hots egin nahi izan zigun, gure bizibidearen argi eta poz bezala. Jainkoa, Aita errukiorra da, maitatzea gogo duena. Eta, maitatzeko, Jainko Aitak ez du begiratzen nork merezi duen maitatua izatea edota nori zor zaion maitasuna. Gizon-emakume bakoitza maitagarri ikusi du. Guztientzat izan du erruki. Guztioi bekatuak barkatu eta bizimaila berria eman digu. Hori da errukiaren gorengo neurri hautsiezina.
Gaurko ebanjelioan, aurrena, kristau-bizitza guztia josten duen lege askatzailea eman zaigu: Jainkoarekiko maitasuna. Maitasun erabatekoa, oso-osoa, zirrikiturik gabekoa, eskaporik gabeko lege borobila: «Maita ezazu Jauna, zure Jaungoikoa». Baina, Jainkoarekiko lege honek beste egintza guztien neurri izanik ere, badu berak ere bere neurria: lagun hurkoarekiko maitasuna. Askotan esaten baita esan, «nik Jainkoa asko maite dut», baina, esatea ez izan maitasun, arik eta esaten duguna hurkoarekiko maitasunez baieztatzen ez badugu. Askotan, Jainkoa ikusten ez dena izateak, patxada dezentea ematen dio gure maitatu beharrari. Baina, Jainkoa maitatu lagun hurkoarengan maitatu behar da, eta hortxe hasten zaizkigu estuasunak.
Izan ere, entzule, gaurko ebanjelioak, honetan erreparatuko zenuen, bi gizon-klase igaroarazi ditu bidean zauritua izan den horren ondoan: tenpluko bi zerbitzari, alde batetik, eta fedegabeko dei genezakeen samariar bat, bestetik. Horrek zer esaten dizu? Aurrena, ez dela aski tenpluan, elizan, elizkizun handiak egitea. Ez dela Jainkoarentzat gustagarri tenpluko eginkizun guztia. Ez berez atsegin ez zaizkiolako elizako horiek. Baizik eta horiek gero bizitzan maitasun bihurtzea nahi duelako. Jainkoa elizan maitatu eta laguhurkoa bizitzan baztertu, hori ez da Jainkoarentzat onartzekoa. Jainkoarekiko maitasuna, hurkoarekiko arduragabeaz uka daiteke.
Eta berriro hasierara gatoz: Jainkoak errukia nahi du. Beste guztiak ongi daude, baina errukia sortzeko, ez bestetarako. Jainkoak errukia nahi du, eta otoitza eta elizkizunak eta opariak eta sakramentuak eta, denak errukior izaten ikasteko dira. Jainkoak errukia nahi du. Eta errukia gorpuzduna da beti, ez teorikoa.
Ebanjelioko samariarrak ederki erakusten du errukia zer-nolako jokabidea den. Apaizak eta lebitarrak beren buruari begiratzen diote eta ez da abiapuntu txukuna: zaurituaren odola ukituz elizkizunetarako zikin zitezkeen legearen arabera. Samariarrak, berriz, bere buruari ez, beharrean dagoenari begiratzen dio. Eta horixe da errukiaren lehen pausoa: geure buruari begiratu ordez, nork behar gaituen begiratzea. Geu urreratu, geu egin hurko, behar gaituenarentzat. Bigarrenik, bere guztia zaurituaren zerbitzura jartzen du. Ez daki nor den, ez nongoa den, baina bere astia, bere ondasunak, bere ardura, zaurituaren zerbitzuan jartzen ditu. Bere ondasunak ez ezik, bere izate guztia ere premiadunaren alde. Hori da errukia. Hori da maitasuna. Hori da kristau-bide jatorra.
Baina, eta hau aurrena esatekoa da, samariarraren portaera hau, guk jarraitzekoa izan arren, bada aurreragokorik: alegia, samariarraren portaera, guretzat lege izan aurretik, guretzat grazia izan dela. Jesu Kristo izan baita guretzat samariar ona. Eta hemen bai, maitasunak buelo berriak hartzen dituela. Zergatik maitatu behar dugu? Aurrez maitatuak izan garelako! Zergatik arduratu besteez? Gutaz Jesu Kristo arduratu delako! Zergatik eman daukaguna eta garena besteen zerbitzuan? Jesu Kristo guregatik gurutzean hil delako! Ez duzu ba pentsatuko, entzule, guk egin behar dugun errukia gehiegizkoa denik, gure alde egin dena ordaintzeko, ez da?
Gaurko ebanjelio-zati honek, besteak beste, aurrena esker ona sortu behar liguke: Jainkoak bide-bazterretik jaso gaitu. Pazko misterioan maitasunaren jainkozko neurriak eman ditu. Gure alde. Jainkoak ez du ezer utzi eman gabe, egin gabe. Jainkoa izan da lehena maitatzen. «Maitasuna ez da guk egiten duguna. Jainkoak guretzat egin duena da maitasuna». Horregatik esaten nizun, esker ona dela gaur bizi behar dugun lehen sentipena.
Baina esker on horri, bigarrenik, gorputza eman behar genioke. Alegia, esker ona maitasun bihurtu. Eta Jainkoak gutaz errukia izan badu, maitasuna errukituz gorpuzten da. Errukitu? Bai, Jesu Kristok guretzat egin duena egin besteentzat. Besteentzat izan oso-osorik. Jainkoak errukia maite baitu. Barkatu, lagundu, hustu, ez gorde, ez begiratu nor den beharrean dagoena. Eta horrek bihotz zabala eskatzen du. Ez dugu inor bazterrera utzi behar. Ez diogu inori gure etxeko aterik itxi behar. Ez dugu inor gure besarkadatik kanpora bota behar. Kristauaren besoetan denak kabitzen dira. Esklusioak, baztertzeak eta antzekoak ez dira kristauak. Guk ez daukagu gaiztoena ere baztertzerik. Baztertzeak ez du ezer konpontzen.
Gure artean errukiari non gorputza eman ez zaigu falta, nik uste. Krisialdiaren zauriak asko eta handiak dira une honetan. Etenaren zauriak nabarmenegiak dira.
Goazen Eukaristiara. Errukiaren jarleku eta iturri da Eukaristia. Hortxe izan du Jainkoak gutaz erruki. Hortxe daukagu errukiaren eskola.
Iñaki Beristain (2016-7-6)
Beti bidean, beti bila
«Zoazte» entzun genuen joan zen igandean. Nora joan baina? Zaurituen bidera! Maitasunaren bideak dira hartu behar ditugunak eta maitasunaren bideek zaurituengana garamatzate. Jesusek, Jerusaleme-rantz abiatu zenean, ondo zekien Jerusalemerako bidea nondik zihoan eta Jerusalemeko helmuga ere zaurituengan izango zuela. Jesusen bide guztiak maitasunetik bakarrik uler baitaitezke, ez dago beste gakorik.
Maitasunaren galdera egin dio legegizonak, gizaki guztiok egiten dugun galdera. Azken batean, maitasunaren gorabeheran jokatzen da giza bizitza osoa. Noski, maitasuna idealiza daiteke, poetizatu daiteke, sentimendu hutsean utz daiteke. Horregatik, oso ongi dator legegizonaren galdera, maitasunari buruzko zehaztasunak eskatuz. Jesusek parabolaz erantzuten dio, gehienetan egin ohi zuen bezala.
Eta parabola bidez, Jesusek zaurituaren bidera eramaten gaitu. Bideko zauritua bihurtzen da historia osoaren erdigune. Horra biltzen da Jesus. Horra, Jesusen errukia, Horra, maitasunean bizi nahi duen ororen ardura. Zauritua bihurtzen da maitasun-historiaren ardatz.
Zaurituaren inguruan badira beste bideak. Apaizak ihes egiteko hartzen duena. Lebitarrak hartzen duen zeharbidea. Baina, Jesusek zaurituaren ondora garamatza, samariar onaren eskutik. Hor gertatzen da maitasuna. Hor gorpuzten benetako maitasunaren muina. Bide horretan eta bideko gune horretan kokatzen da Jesusen pazko-misterio osoa. Jainkoak lagun hurko zauritua jarri digu begien aurrean, maitasuna bizitzekotan.
Gaurko Elizak eta gaurko kristauak hor du jokabidea zehaztua. Bide bazterreko zaurituak ditugu gure ardura eta kezka. Beste arazo guztiek ezin diezagukete zauritua ahaztuarazi. Jainkoaren bihotza zaurituaren erdigunera zuzentzen da beti. Eta Jesusen bide guztiek ere zaurituaren mundu sufritura jotzen dute. Zauritua non, Jesus han!
Giza bizitzaren ohiko saminak direla, ezinaren esperientziak direla, gaitzaren eraso azkengabea dela, gaur egungo krisialdi zitala dela, jende asko dago zauritua. Bide bazter askotan ikus daitezke egoeraren biktimak. Horiekiko jokabidean jokatzen ditu fededunak eta Eliza osoak bere sinesgarritasuna eta bere egia.
Zeharbide asko asma dezakegu guk ere. Pentsa, erlijioa bera irits daiteke zeharbide eta ihesbide izatera. Era askotako aitzakiak asma daitezke zaurituaren bidea alde batera utzi eta ahazteko. Doktrina zuzenak zertarako ditugu, sufritzen dutenen ondoan ez bagaude? Zertarako ditugu gure zintzotasunak, zaurituaren ondoan ez bagaude? Zertarako ditugu gure elizkizunak, zaurituaren ondora eramaten ez bagaituzte?
Kristauen bidea, Jesusen jarraitzaileen bidea, zaurituaren bide beretik doa beti. Beste bide guztiek ez gaituzte urrutira eramango edo Jesusengandik urrutira eramango gaituzte. Gu, zaurituaren bidean!
Iñaki Beristain (2013-7-8)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 10, 25-37)Jesusek, bere Erreinuaren bizibidea eta muina bere jarraitzaileoi laburbildu nahi izan zigunean, honetan utzi zigun laburbildua: maitasunean. «Maita ezazue elkar», horixe dugu «agindu bakarra». Are gehiago: Jesusen jarraitzaile nor den edo nor ez den ezagutzeko irizpide bakarra, maitasuna dugu. Maitasunaren klabe honetatik neurtu behar ditugu, beraz, beste gauza eta jokaera guztiak.Zer egin behar dut nik, nire bizitzari baliozko maila emateko? Zerk emango dio nire bizitzari betetasuna? Eta galdera honen erantzunak ugaltzen saiatzen gara geure bizitzan, han eta hemen, honetan eta hartan, honela eta hala. Jesusek, parabola xume eta argi batean, dotore agertu digu zerk eman diezaioken goitasuna eta bikaintasuna bizitzari: maitasun desinteresatuak. Maitasunean ematen du pertsona bakoitzak bere neurria. Eta maitasunak ematen du pertsona bakoitzaren balioa.Samariar onaren parabolak detaile oso politak ematen dizkigu, ez ahaztekoak. Lehenengoa: Jesusek misioaren pasadizoaren ostean jarri du samariar onaren parabola hau. Zergatik edo zertarako? Ikasleak, Erreinua hots egitera dihoazenean, ez daitezen adarretan ibili, muin-muinera jo dezaten. Eta muina maitasuna dela erakusteko, maitasuna ez den guztia adarrak, eranskinak direla esateko. Misioa, Jainkoaren maitasuna azaltzea da. Misioa, beraz, maitasuna da.Beste detailetxoa, parabolako protagonista samariarra izatea. Samariarra edo paganoa, legez kanpokoa, etsaia. Zenbaitek egiten duen galderak erantzuna garbi dauka: «Ateo bat sartu ote daiteke Jainkoaren Erreinuan?». Gizon zauriatuarengana maitasunez hurbiltzen den pagano honek Erreinuko maitasun-bidea egin du eta Jesusen ikasle azaldu da. Nahiz eta berak ez jakin. Maitatu egin du, eta maitasunak erakusten du Erreinuaren presentzia eta ikaslearen egia edo gezurra. Hortik aurrerakoak, maitasuna falta dugunean, azalkeria eta tapaki bihurtzen zaizkigu. Maitasuna da ikaslearen nortasun-agiria.Hirugarren detailea, samariarrak ez duela inondik inora ezagutzen zaurituta dagoen pertsona. Maitasunak ez du begiratzen azaleko detailerik.Maitasunak, beharrean dagoen edonor bilatzen du eta hura zerbitzatzen du, bestelako kalkulorik gabe. Maitasunak ez baitaki kalkulatzen. Premian aurkitzen den oro, aurrean daukadan pertsona oro, lagun hurko egiten jakin behar du Jesusen ikasleak. Hari honetatik, Jesusek ez dio erantzuten zuzen-zuzen, idazlariak egindako galderari: «Nor da nire lagun hurko?». Jesusek, galdera horretatik oso aurrera eginez, noren lagun hurko egin behar dudan esaten dit. Ez, beraz, nor den nire lagun hurko, noren lagun hurko naizen baizik. Detaile adierazgarria.Geure herrian eta geure inguruan zauritu askotxo daukagu bide bazterrean utzia. Eta hori horrela den bitartean, bestelako ideia eta gogoeta sakonekin ibiltzeak ezer gutxitarako balio digu. Gure herri honetan maitasunaren testigantza ematea da kontua. Eta beste gauza asko hitzez ere esplika daitezke, baina maitasuna adierazi, era bakar batean adieraz daiteke, maitatuz. Jesusen ikasle izatea estimatzen duenak, badaki zer egin, maitatu! Eta dena maitasunetik neurtu!Nor maitatu? Behar duena! Edonor! Maitasunak ez du begiratzen ez nor eta ez nongorik. Maitasunak bihotz zabala du. Zenbat maitatu? Zaurituak behar duen adinaxe! Maitasunak ez du kalkulorik egiten. Nola maitatu? Behar duenak behar duen bezala! Eta egintzez maitatu, maitasun eginkorrez! Zergatik maitatu? Bihotzetik maitasuna sortzen zaizulako! Eta horrela maitatuz gero, Jesusen ikasle izango zara! Maitasuna duzu Jesusen ikaslearen nortasun-agiria!
Iñaki Beristain (2016-7-6)