URTEAN ZEHAR X IGANDEA
C zikloaErregeen liburutik 1Erg 17,17-24
Egun haietan, gaisotu egin zen etxekoandraren semea; gaitz gogor batek jo zuen, arnasarik gabe gelditzeraino. Orduan honela esan zion emakumeak Eliasi:
- ‘Zer gertatzen da gu bion artean, Jaungoikoaren gizon? Nere okerren oroipena berritzera eta nere semea hiltzera etorri al zara nere etxera?’
Eliasek erantzun zion:
- ‘Ekatzu zure seme hori’.
Hartu zion semea altzotik, haren goiko gelara eraman eta bere ohean ipini zuen. Gero Jaunari dei egin zion:
- ‘Jauna, ene Jaungoikoa, bere etxean naukan alargun hau ere zigortu egin behar al duzu, bere semea hileraziz?’
Gero hiru aldiz aurraren gainean etzan eta oihu egin zion Jaunari:
- ‘Jauna, ene Jaungoikoa, betorkio haur honi berriro arnasa’.
Entzun zuen Jaunak Eliasen eskaria; eta etorri zitzaion berriro haurrari arnasa, eta berpiztu zen. Orduan Eliasek haurra harturik, goiko gelatik behera jaitsi zuen eta amari eman zion, esanez:
- ‘Bizi da zure semea’.
Eta emakumeak Eliasi:
-‘Orain ezagutzen dut Jaungoikoaren gizona zarela, eta Jaungoikoaren hitza zure ahoan egia dela’.
ERANTZUN-SALMOA 29
GORETSIKO ZAITUT, JAUNA,
ONIK ATERA NAUZULAKO.
Goretsiko zaitut, Jauna, onik atera nauzulako,
etsaiak nitaz pozten utzi ez dituzulako.
Jauna, Leizetik nere bizia atera duzu,
zulora dijoazenengandik bizirik gorde nauzu.
Eresi egiozue, zintzoak, Jaunari,
eman eskerrak Haren izen santuari.
Une baterako da Haren haserrea,
bizi guztirako Haren on izatea.
Negarra dator arratsaldean,
baina poza goizean.
San Paulo Apostoluak Galaziarrei 1,11-19
Senideok: Jakinerazten dizuet, nik erakutsi dizuedan berri ona ez dela gizonena. Izan ere, ez dut, ez hartu, ez ikasi, gizonengandik; Jesu Kristoren agerpenez baizik.
Entzunik duzue, noski, nere noizbaiteko judutar jokabidea: nolako gogorrez eragozten nion eta kalte egiten Jaungoikoaren Elizari; eta judutar jokabidean, nere adineko eta herritar asko baino nabarmenago nintzela, nere guraso ohituren zaintzaile bero.
Baina amaren sabeletik bereizi, eta bere graziaren bidez dei egin zidanak, bere Semea agertu zidan, Haren berri ona atzerritarrei emateko; berehala Arabiara joan nintzen, gizonei aditu gabe eta ni baino lehenagotik apostolu zirenen bila Jerusalena joan gabe; gero Damaskora itzuli nintzen eta, handik hiru urtera, Jerusalena igo, Pedro ikustera; eta hamabost egunez harekin egon nintzen. Eta beste apostolurik ez nuen ikusi, Jaunaren anaia Santiago baizik.
ALELUIA Profeta haundi bat agertu da gure artean.
Jaungoikoak ikustaldi egin dio herriari. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 7,11-17
Aldi hartan, bazihoan Jesus Nain deritzan herrira, eta Harekin batean ikasleak eta lagun-talde haundia. Eta herriko ateetara hurbildu zenean, han zeramaten lur ematera hildako bat, amaren seme bakarra -ama alarguna zen-, eta honekin herriko talde haundia.
Ama hura ikusten, erruki izan zuen Jaunak; eta honela esan zion:
- “Ez negarrik egin!”
Hurbildurik, ukitu zuen Jesusek zerraldoa -hilketariak gelditu ziren-, eta honela esan zuen:
- “Mutil, zuri diozut: jaiki zaitez!”
Hildakoa eseri zen, eta hizketan hasi; eta Jesusek amari eman zion. Guztiak beldurtu ziren, eta Jaungoikoa goretsiz, honela zioten:
- ‘Profeta haundi bat agertu da gure artean. Jaungoikoak ikustaldia egin dio bere herriari’.
Eta hartaz ziotena, Judea osoan eta inguruko herri guzietan zabaldu zen.
Homiliak
Jesus, gaitzetik eta gaixotasunetik askatzen duen Askatzaile bezala ikusten dugu fededunok, askatasun hori gizon-emakume guztientzat dela ikusteaz batera. Jainkoaren erregetza iritsi zaio munduari. Eta erregetza horren seinaleak dakartza Jesusek datorren toki bakoitzera. Gaur Jesusen egintzak, Jainkoaren erregetza horren alderdi nabarmenetako batzuk erakutsiko dizkigu: Jesus sufritzen dutenengana hurbiltzen da, emakumeengana (garai hartako gizarteak baztertuak!) hurbiltzen da eta, batez ere, biziaren mezua dakar Jesusek. Alderdi hauetako edozein goza dezakegu hausnarrean. Onenean, gizon-emakumeon bizi-helburuaz hitz egitea izango litzateke egokiena.
Ebanjelioko gertaera honek detaile dezente ditu. Lehenengoa, Jesus sufritzen ari den gizadiaren bidera ateratzen da. Amaren atsekabeak bihotza ukitzen dio. Jesusengan, zinez, Jainkoak bisitaldia egin dio bere herriari. Giza zoriaren ezinari gertuko egin zaio. Ez, ordea, bere horretan uzteko. Konponbidea emateko baizik. Askotan gaitzaren kontra ikusten genuen Jesus, gaur gaitzik gaitzenaren kontra, heriotzaren kontra. Eta, era horretan, heriotzaren kontrako garaipen honek Jesusen mesiastasuna erakutsiko du.
Jesusen hitza, hitz giza mailakoa baldin bada ere ("ez negarrik egin"), goi-mailako indarrez jantzia dator ("Mutil, zuri diozut: jaiki zaitez"). Hitz eraginkorra eta egilea. Biziaren muina daraman hitza da, Jesus berak garaitu baitu heriotza gurutzean hilez. Naingo bizi hau, beste bizi baten ezaugarria dugu, noski. Jesusek ez gaitu amaitzen den bizira piztu nahi, amaitzen ez den betiko bizira baizik. Jesus betiko biziaren emaile bihurtu zaigu. Bera ez da gehiago hilko, harengan sinesten duena hilko ez den bezalaxe. Hemen errepika genezake Paulok bigarren irakurgaian esan duena: "Berri on hau ez da gizonena".
Lehenengo irakurgaiak ere honen guztiaren sintonian jartzen gaitu, paralelismo argigarri batean. Emakumea, alarguna, seme bakarra... Jainkoak pobrearen garrasia ez du erantzunik gabe uzten. «Jauna, ene Jaungoikoa, betorkio haur honi berriro arnasa».
Honek guztiak aukera paregabea ematen digu Jainkoa, biziaren Jainko eta maitasunaren Jainko bezala ikusteko. Aukera aproposa gizon-emakumeon bizi-zoriaz jabetzeko. Nola erantzuten dio Jainkoak gure ahultasun eta ezinari? Jainkoak prestatu digun geroa, biziarena da. Gure bizi-helburuaz hiletetan hitz egiten dugu, heriotzaren gertaerak gauzak bere onean ulertzen uzten ez digunean. Gaur ez da aukera txarra geure bizi bokazioaz jabetu gaitezen. Bataioaz geroztik, biziaren uretan murgilduak izan gara eta bizia dugu bokazio. Heriotzaren gertaera horren gainetik dagoen bizia. Betiko bizia. Guk, horregatik, fedearen argitan Jesusen esku uzten dugu heriotzaren misterioa, Bera baitugu aterabide bakarra eta zoriontsua.
Oraindik ez dugu amaitu zaharra Pazko-garaia. Eta Pazko-argiaren bizi-bokazioa gogora ekar dezakegu. Pazkoa izan da Jesusek gizadi sufritzaileari gainera esan dion hitza! Gizadia ez dago derrigorrez heriotzeko zulora destinatua. Bizia dugu helburu. Eta biziaren esperantzak argitzen digu gure eguneroko ibilbidea. Gaixoaldian, sufrimenduan, gauzak okertzen zaizkigunean, erorialdietan, krisialdian... Jesus, Pazkoko biziemailea, gertuan daukagu.
Errukiaren Jubileu Urtea ospatzen ari garenez, gure fedearen oinarriak ukitzen ari gara Jesusi begira, errukiaren argazki horri begira. Gure erruki-beharrak hori du maite: Jesus bizi-emaile ikustea. Gaur Naingo pasadizuan bakoitza hil-kutxan senti gintezke, geure ezinean etzanda, eta handik Jesusen hitza entzun: «Jaiki zaitez». Jesusengan benetan gertuan dugu Jainko on eta gupidatsua.
Eta gertutasun horren ezaugarri, Eukaristia! Eukaristiak bizia ematen du, Joanen ebanjelioak azpimarratzen duen bezala. «Nire haragia jaten duena, betirako biziko da». Jesus biziemailea tarteko egiten zaigu Eukaristian, bere hitzean egin zaigun bezalaxe. Gure fedea berrituz, utz diezaiogun Jesusi gure bihotzetan bere bizi-mezua itsasten. Eta bizi gaitezen, heriotzaren beldurrik gabe!
Iñaki Beristain (2016-6-2)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Lk 7, 11-17)
Bi prozesio aurrez aurre. Bata, heriotzarena eta bakardadearena. Bestea, Jesus eta Berri Onarena. San Lukasek esaldi gutxitan margotzen du eszena: emakume alarguna bere seme bakarrari lur ematera doa, bere ingurukoen dolu-kantuen artean. Irtenbiderik gabeko egoera da, bakardade handiarena, samina-rena. Beste aldetik, baina, Jesus dator, Berri Onaren edertasunak erakarri dituen gizon-emakumeez inguratua. Eta Jesusen inguruan bizia sumatzen da, etorkizuna, elkartasuna, poza. Heriotzari aurre egitera etorri baita Jesus.
Lehenengo eszena hori askotan errepikatzen da gurean, askotan eta era askotara. Heriotzak bere zigorra han eta hemen banatzen du, bere botere beltzez. Ez da eskaporik, ez da irtenbiderik, ez da kontra egiteko indarrik. Gaitzaren joaldi ilunak dena ezinez eta saminez janzten du gure inguruan. Zer egin?
Heriotza, ahal izanez gero, ahaztu egin nahi izaten dugu, geure bizi-ingurunetik ezabatu. Horma lodiegia eta garaiegia baita igaro ahal izateko. «Etorriko da eta, bitartean, bizi gaitezen», hori da gaur egungo aldarria. Baina heriotza tematia da, gaur-bihar, han-hemen, atergabe jotzen du kanpaia. Eta denoi, geure ihes egin nahiaren bihotzean ezinaren galdera sortzen zaigu: zergatik hil behar da, zergatik hil behar dut? Galdera ahaztu nahiak poza ekarriko baligu, gaitzerdi! Baina, ez. Gaixotasuna dela, zahartzaroa dela, etenak direla, eguneroko zailtasunak direla, beti heriotza bere oharrak bidaltzen.
Zorionez, Jesus ezagutu dugu. Gure bide ezinezkoan fortunatu nahi izan du, biziaren ilusioa berriro pizteko. Eta, geure sustraietara itzuliko bagina bezala, esperantzak bere printzak erein ditu gure bihotz nekatuan. Bizia hor dago, Jesusengan. Berak badaki hil-kutxak irekitzen. Berak badaki heriotzaren horma sendoan bizi-zuloa egiten. Jesus da gizaki hilkorren irtenbidea, irtenbide bakarra.
Berak, izan ere, Aitaren errukia ekarri digu mundura, geure mundura. Aitaren gupidazko argazkia ekaini digu. Jainkoak, «Aitak», maite gaitu eta, maitasun horretan, ez gaitu hiltzen utziko, ez gaitu heriotzaren ilunpe handian lagako. Bizia dugu bokazio, eta bokazio hori asebetetzeko aukera ematen digu bere erruki handitan.
Jesusek bezala, Elizak ere, gupida eta errukia jarri behar ditu bistan heriotzaren eszenatoki zabalean. Legeak inportanteak izan daitezke, baina pertsonak salbatzea inportanteagoa da beti. Doktrina zuzena zaindu beharko da, baina doktrina guztien gainetik pertsonak daude. Eta pertsonek, gaur bereziki, errukia eta gupida behar dute, pertsona bezala duintasunean bizitzen jarraitzeko. Legeak ez du inoiz inor salbatu. Errukiak sortzen du pozaren malkoa begietan. Jainkoaz ongien hitz egiten duen jarrera, gupidarena da, errukiarena.
«Jaiki zaitez!». «Profeta handi bat agertu da gure artean». Biziaren esperientziak, uste gabeko bizi betikoaren esperientziak, bizi-bokazioa berritzen digu. Jesusek Aitaren gupida erakutsiz, bizia eman digu.
Iñaki Beristain (2013-6-4)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 7, 11-17)Gaurko ebanjelioan, bere seme bakarra lur ematera daraman ama alarguna ikusten du Jesusek, eta besterik gabe gertatzen da gertatzekoa. Alargun honek ez du eskatzen, ez erregutzen. Jesusek, ama alargun hura negar batean ikusi duenean, errukia sentitzen du, gupida sentitzen du. Eta hurbildu egiten zaio. «Ez egin negarrik».Ama alargun honen malkoetan, sufritzen ari den gizadi osoa biltzen da. Zenbat ama, zenbat emakume tratu txarrez zukutuak, zenbat triste minbiziaren beltzez, zenbat zahar bakardadean utziak, zenbat etorkin aurrera egiteko baliabiderik gabe, zenbat zokoratu bizi ezinik...Gaur egun babesik ezak molde asko hartzen du: langabezia, adinekoen bakardadea, pasadizoan doazenak, atzerritar errefuxiatuak... Jesusek Jainkoaren bihotza erakusten du jendearen aurrean. Ez dio emakumeari ezer eskatzen, ezta sinestea ere. Ez dio ezer galdetzen. Ez dio bere jarreraren ezaugarririk eskatzen. «Errukitu egin zen» ikuste hutsez.Benetako maitasunak behar al du, sufrimenduaz gain, bestelako arrazoirik sentitzeko, hurbiltzeko eta laguntzeko? Jainkoak aski du gizakion sufrimendua bere dohaina guri emateko. Jainkoak denok bizitzea nahi du.Horrelakoa da Jesusen Jainkoa, negarrez daudenengana makurtua bizi den Jainkoa. Jainkoarentzat ez dago ezer betiko galdua: ez pobreen sufrimendua, ez bizi estreinatu berriaren hondamendia. Zenbat denbora galtzen dugun askotan geure eztabaida sasikoetan: zer ote den eraginkorragoa Jainkoaren Errenua eraikitzeko, egiturak aldatzea edo hondatuen bizitza galdua partekatzea. Alferrikako berriketak.Biak dira beharrezko. Biek bilatu behar dute, ondo izateko, justizia eta errukia. Politika egin beharra dago. Kontua izango da zer bitarteko erabiltzen diren justizia egiteko. Justizia epe laburrean lortu nahi denean, gogorkeria erabiltzea oso gertuko tentazioa izan ohi da. Eta hori ez da ona. Zokoratuen eta hondatuen sufrimendua partekatzeak bihotza aldatzea eskatzen digu, gogo onez pobre izateko prest azaltzea eta mesianismo azalekoak baztertzea.Jesusek, bere jardueran, biak ongi erakutsi zituen: zenbat aldiz salatu zuen agintarien jauntxokeria! Zenbat aldiz altxa zuen bere ahotsa idazlari jende-zapaltzaileen kontra! Zenbat aldiz atera behar izan zuen pobreak larrutzen zituzten jardueren eta legeen kontra! Baina, beste askotan, gaurkoan bezala, Jesus errukiaren ariketa askatzailean ikusten dugu. Beste askotan bezala, bere hurbiltasunez, pobreen bizia zaintzen ikusten dugu. Jesus pobreen biziaren alde ateratzen da beti, era batera edo bestera!Pobreen aldeko konpromisoak, noski, diszernimentua eskatzen du eta nor beraren barne-berritze sakona. Mesianismo apartsuetan ibiltzea ez da, ez ona, ez eraginkorra. Mesianismo arinek ez dute jende apala zapaldu besterik egiten.Hori bai, fededunaren bihotzari beti errukiak eragin behar dio. Horrek, begiak zabalik eramatea eskatzen du aurrena. Begiak zabalik sufrimendua ikusteko. Ez dugu askotan geure ondo-ondoko sufrimendua ere ikusten. Geure ondokoak ez ezik, mundu osoko sufrimenduak ere etxean dauzkagu komunikabideei esker. Haien gertuan egoteko erakundeak ere ez zaizkigu falta. Ahalegin sakona egin behar du fededuna, sakona eta iraunkorra.Kontua da mundua tristetzen duten hainbeste zerraldoren ondoan azaltzea. Ezin diezaiokegu sufrimenduari ezikusia egin. Jainkoak badaki, eta horretarako behar gaitu, gaixoen ondoan azaltzen. Horretarako behar gaitu. Jesus bezala, gu ere mundura bidali gaitu, gu ikusten gaituztenek Aita onaren bihotz errukitsua ezagutu dezaten. Jainko gogorra urte gehiegiz hots egin eta zabaldu dugu.Orain, eta bada garaia!, Jesusek eta Jesusen Jainkoak bizia maite dutela erakutsi behar dugu!
Iñaki Beristain (2016-6-2)