JAUNAREN BATAIOA
C zikloa(urtarrilaren 6 ondorengo igandea)
Isaias Profetaren liburutik 42,1-4.6-7
Honela mintzo da Jauna:
“Hona Nik eusten diodan nire serbitzaria,
atsegin zaidan nire aukeratua.
Honengan ipini dut neure espiritua:
berak ekarriko die zuzenbide atzerriei.
Ez da deiadarka ariko, ez du oihuka hitz egingo,
ez du kaleetan entzunaraziko bere mintzoa.
Kainabera pitzatua ez du hautsiko.
doi-doi piztua dagoen metxa ez du itzaliko.
Zuzenbide ekarriko du;
ez du etsiko, ez da hautsiko,
zuzenbidea lurrean ezarri arte,
uharteek itxaron duten Haren legea jarri arte.
Nik, Jaunak, zuzentasunez dei egin dizut,
eskutik hartu zaitut;
herri baten elkargo izateko;
atzerrien argi izateko aukeratu zaitut,
itsuen begiak zabal ditzazun,
giltzapetuak espetxetik atera,
eta kartzelako ilunpetan daudenak aska ditzazun.
ERANTZUN-SALMOA 28
JAUNA DA GURE SALBATZAILEA,
GURE INDARRA ETA BAKEA.
Eman, Jainkoaren seme-alabok, Jaunari,
eman ospe eta indar Jaunari.
Eman ospe Jaunari bere izenaren ederrez,
jauretsi Jauna apainduria deunez.
Horra Jaunaren mintzoa ur gainean:
Jauna ur ugarien gainean.
Jaunaren mintzoa indartsu,
Jaunaren mintzoa ospetsu.
Apostoluen Eginetatik 10,34-38
Egun haietan, Pedrok honela esan zuen:
- ‘Garbi ikusten ari naiz, Jaungoikoak ez duela bereizkeriarik egiten; baizik eta onartzen duela, Haren beldur dena eta zuzen dabilena, edozein herritakoa dela ere. Berak bidali zien Israelgo semeei bere hitza, eta guztien Jauna den Jesu Kristok ekarriko zuen bakearen berri ona eman zien.
Badakizue zer gertatu zen, Galileatik hasi eta Judea osoan, Joanek erakutsitako bataio ondoren: Nazareteko Jesusena, alegia, Jaungoikoak Espiritu Santuaren indarrez gantzutua, eta on egiten eta deabruak hartutako guztiak sendatzen igaro zena: Jaungoikoa Harekin baitzegoen’.
(C urtean, ondorengo irakurgai hauek egin daitezke)
Isaias profetaren liburutik 40,1-5.9-11
Poztu, poztu ezazue nire herria
-dio zuen Jaunak-.
Mintza bihotzera Jerusaleni, oihu egiozue:
Betea duela morroi-aldia,
ordaindua gaiztakeria;
Jaunaren eskutik hartu duela,
bekatu guztien ordain betea”.
Mintzo bat ari da oihuka:
‘Urra ezazue basamortuan
bide bat Jaunarentzat;
zelaitu eremuan
bide zabal bat gure Jainkoarentzat.
Gora daitezela haranak,
behera, mendi eta muinoak;
berdin daitezela malkarrak,
zelaitu lur-maldak.
Eta Jaunaren aintza agertuko da,
eta gizaki guztiek ikusiko dute’.
-hala esan du Jaunaren ahoak!-.
Igo mendi-gailurrera, Siongo mezularia;
egin deiadar haundi, Jerusalengo mezularia;
egin deiadar, ez izan beldurrik.
Esan Judako hiriei:
‘Hara hemen zuen Jaungoikoa.
Hara, indarrez jantzita dator Jainko Jauna,
eta bere besoa nagusi da:
Hara, Berekin dakar saria,
eta bere aurretik, irabazia.
Artzainak bere artaldea bezala du zaintzen,
eta bere besoaz biltzen.
Axuriak altzoan ditu hartzen,
eta ardi-amak samurki eramaten’.
ERANTZUN-SALMOA 103
ESKERRAK EMAN,
NERE ARIMA, JAINKOARI.
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari.
Jaungoiko Jauna, Zu bai zarala guziz haundi!
Edertasuna ta haunditasuna Zuk soineko,
eta argitasun dizdiratsua soingaineko
Hor dago lurra Zuk oinarritan sendoturik,
ez du sekula berak egingo kolokarik.
Itsasoz bildu duzu soineko baten gisan;
uren sapaia mendien gaindi ezarri zen.
San Paulo Apostoluak Tito-ri 2,11-14; 3,4-7.
Agertu zaigu Jaungoikoaren grazia, gizaki guztion salbamenerako. Jainkorik gabeko bizitzari eta munduko grina txarrei uko egiten, eta neurriz, zuzentasunez, eta jainko-zaletasunez mundu honetan bizitzen irakasten digula; zorioneko itxaropenari begira, Jesu Kristo gure Salbatzaile eta Jaungoiko Haundiaren agertze ospetsua itxaroten dugula. Harek gugatik eman zuen bere burua, gu gaiztakeria guztietatik ateratzeko eta bere herri garbi eta egintza onen zale egiteko.
Jaungoiko gure Salbatzailearen bihotz ona eta gizonenganako onginahia agertu zaigunean, salbatu egin gaitu, ez guk egindako zuzenbidezko egintzengatik, baizik bere errukiagatik; Espiritu Santua dohain ematen duen jaiotza berriaren garbialdiz eta zahar-berritzez; Espiritu hori oparo eman baitigu Jaungoikoak, Jesu Kristo gure Salbatzailearen bitartez. Horrela, onginahi hutsez Jainkoak zuzen egiten gaituelarik, itxaropenez betiko bizitzaren oinordeko egin gara.
ALELUIA Zerua zabaldu zen eta Aitaren ahotsa entzun zen:
“Hau da nere Semea, nere Maitea.
Entzun iezaiozue”. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 3,15-16.21-22
Aldi hartan, herria kezkatan zegoen, eta beren baitan galdezka, Joan hura ez ote zen Kristo bera. Joanek honela erantzun zien guztiei:
- ‘Nik urez bataiatzen zaituztet; baina ba dator ni baino ahaltsuagoa dena, ni ez bait naiz inor Haren oinetakoen lokarriak askatzeko. Hark Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte’.
Herri guztia bataiatzen ari zen batean, Jesus ere bataiatu egin zen. Eta otoitzean ari zela, zerua zabaldu zen, eta Espiritu Santua jaitsi zitzaion gainera uso-irudian. Eta zeruko mintzo batek honela esaten zuen:
- “Zu zara nere Semea, nere Maitea; Zuregan dut nere atsegina”.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.