URTEAN ZEHAR XXXIII IGANDEA
B zikloaDaniel profetaren liburutik 12,1-3
Egun haietan, ni, Daniel, negarrez negoen, eta hitz hau aditu nuen Jaunarengadik:
“Egun haietan, jaikiko da Migel goi-aingerua,
zure herriko semeen zaintzailea.
Larrialdi haundia izango da,
herriak izaten hasi zirenetik berdinik gabekoa.
Baina, aldi hartan salbatuko da zure herria;
liburuan idatzita dauden guztiak.
Lurreko hautsetan lo dauden asko esnatuko dira;
batzuk betiko bizirako,
besteak betiko lotsatarako.
Ortziaren diztiraz
dizdiratuko dute jakintsuek;
eta askori zuzenbidea erakutsi ziotenek,
izarrak bezala argi egingo beti,
gizaldiz gizaldi”.
ERANTZUN-SALMOA 15
ZU ZAITUT, JAUNA, ONDASUNA.
Alai daukat bihotza, pozik barrena,
haragi honek ere bakean du atsedena;
ez bait duzu nire bizia Leizera egotziko,
ezta zure zintzoa ustelak hartzen utziko.
Bizirako bidea erakutsiko didazu:
alaitasun betea zure aurrean,
betiko atseginak zure eskuinean.
Ebertarrei egindako epistolatik 10,10-14.18
Senideok: Beste apaiz guztiak, egunero ari dira beren apaiz-lanean, opari berak askotan eskaintzen, opari hauek inola bekaturik kendu ezin dutelako. Kristo, ordea, bekatuengatik opari garbi bat eskaini eta gero, Jaungoikoaren eskuin aldean jarri zen behin betiko, eta itxaroten dago, “bere etsaiak bere oinpeko eduki ditzan arte”.
Opari bakar baten bidez, santutasun betea ekarri die behin betiko, santu egindakoei. Barkamena dagoenean, ez dago bekatuengatik opari-eskaintzarik.
ALELUIA Egon beti erne, eta egin otoitz, zutik egon ahal izan dezazuen Gizonaren Semearen aurrean. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Markosen liburutik. 13,24-32
Aldi hartan, honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Egun haietan, larrialdiaren ondoren, eguzkia ilunduko da, eta ilargiak ez du bere argirik emango, izarrak zerutik eroriko dira, eta zeruetan diren indarrek dardar egingo dute. Orduan, ikusiko dute Gizonaren Semea indartsu eta aintza haunditan etortzen hodei artean; bidaliko ditu bere aingeruak, eta lau haizeetatik bilduko bere aukeratuak, lurraren ertz batetik besteraino.
Ikas ezazue pikondoaren parabolatik: adarrak samurtu eta hostoak lehertzen zaizkionean, ba dakizue uda laister dela. Berdin zuek ere: gauza hauek gertatzen ikusitakoan, jakin ezazue gainean dela, ateetan. Hara Nik egia esan: Gizaldi hau ez da igaroko, guzti hori gertatu gabe. Zeru-lurrak igaroko dira; nire hitzak, ordea, ez dira igaroko.
Egun eta ordu haien berririk ez du inork, ez aingeruek zeruan, ez Semeak, Aitak baizik”.
Homiliak
Zuk, adiskidea, pentsatzen al duzu inoiz zeruan? Zeruaren errealitateak zabaldu al dizu inoiz bihotza? Jesusen etorrerak gertatu behar duela eta, sumatu al duzu indar berria zeure bihotzean? Ala, zerua eta Jesusen etorrera eta horiek guztiak, noizbaiteko hizkera baztertu beharrekoa iruditzen zaizu? Sinesten al duzu, zure fedeak baduela etorkizuna?
Liturgi urtearen azken igandeok gure bizimugak zabaldu nahi dizkigute. Itxaropenaren leihoa ireki nahi digute. Izan ere, leiho hori, etorkizunaren leihoa zabal irekitzen ez badugu, eguneroko jardunaren errealismoak ito gaitzake. Jainkoaren Hitzak, gaur ere, Jainkoaren bihotzaren arabera ikustarazi nahi dizkigu gauzak. Jainkoak geure historia zehatzean maite gaitu. Eta Jainko maite horrek, ametsetan ere espero ezin genezakeena eskaintzen digu. Jesusengan, eta aldien azkena da hau, Jesusengan, giza izaerak azken gabeko zorionaren eskaintza jaso du, gure izaera beldurtua eta mailatua, Jainkoaren aintzaren bizileku gertatuko baita. Hala esan zigun Jesusek. Honek esperantza indarberritzen al dizu?
Egia da, ez dela oso samurra Daniel profetari entzutea, beraren ikuskizun surrealista eta beldurgarri hori jasotzea. Ez da erraza. Baina, pentsa ezazu Israel herriaren histori une gogorrenean esanak izan zirela. Fededun gutxi batzuren nortasuna hilko ez hilko zebilen une beldurgarrian. Helenismoaren indarra halakoxea zen izan ere. Erasotu haientzat a zer esperantza gozoa gordetzen zuten Danielen hitzok: «Aldi hartan salbatuko da zure herria... Lurreko hautsetan lo dauden asko esnatuko da; batzuk betiko bizitzarako... Distiratuko dute jakintsuek».
Etorkizun horrek muga berezia jasotzen du Jesusengan. Jesus bera da muga. Jesusengandik aurrera, bera da etorkizuna. Etorkizuna presente egiten hasi da ia. Geroa gaurko egin zaigu. Parusia, zerua, etortzen hasi da, etortzen ari da. Erreinua hazten ari da. Jesus gure artean baitago. Historiaren Jauna etortzen ari da atergabe. Etorrera erabatekoa maite dugu eta nahi dugu.
Zuk sinesten al duzu, zure eguneroko bide honek azken ona izango duela, zure hemengo fedeari etorkizun betea irekiko zaiola? Batzuetan galdetzen dizute: Zuk sinesten al duzu zerua benetan? Zuk espero al duzu Jaunaren bigarren etorrera betea? Hainbestetan esan digute zeruan pentsatzeak alienatu egiten duela, lurreko eginkizunetik aldentzen gaituela alegia... Hainbestetan esan digute, lur honetan zer eginik ez daukatenek sinesten dutela zeruan... Hainbestetan txepelen ustetzat aurkeztu digute zeruko hori... Lurrera begiratuz bizita, besterik gabe, alienatuko ez bagina bezala... Hemengo gauza hutsetatik bizitzeak gezurrezko nahi eta ametsetara eramango ez bagintu bezala...
Egia da, askotan zeruak ez du inolako eraginik gure esperantzan. Eta esperantza hori moteldu, estutu, egiten zaigu. Eta hori oso da grabea.
Gaurko ospakizunak esperantzara erakarri behar gaitu. Jauna badator. «Lau haizeetatik bilduko gaitu». Etorkizunera bidean goaz. Etorkizuna egiten ari gara. Jesusen Erreinua gertarazten ari garen bitartean, zerua zabaltzen ari gara. Gure bideak badu bere helmuga, ez goaz helmugarik gabeko bide galduan. Gure esperantzak badu bere barrutia. Gure borroka txikiak badu sentidua. Gure eguneroko maitasun-eginahalak badu bere zergatia eta bere zertarakoa. Jaunaren etorrera lantzen ari gara. Eta horrek ez al dizu bihotza zabaltzen? Bai alajaina!
Orain galdera bat dago hemen, nire ustez. Betetasunerako bide hau nola egin? Nola goaz gerorako bide horretan? Nola bizi praktikan etorkizunaren esperantza hori? Nola bizi betiko zoriontasunaren itxaropen eragile hori? Giza biziera ontzeko ahaleginean ari zarenean, eta zure ahalegin guztiak eraginik gabekoak gertatzen direla ikusten duzunean... Jardun eta jardun eta gaur gure artean bizi dugun ustelkeri giroa ikustean... Nola bizi esperantza? Haur errugabe bat hil delako, barrua asaldatzen zaizunean... nola bizi esperantza? Zeure buruari begiratu eta zure ametsik handienak gertaezinak direla ikusten duzunean, nola bizi esperantza? Eliza bera askotan bere hitzaren neurrikoa ez dela ikusten duzunean, nola bizi esperantza? Sufrimenduak zure bihotza estutzen dizunean... Maite dituzun pertsonak hil eta galtzen dituzunean... Heriotzaren hurbiltasunak zu zeu gertutik mehatxatzen zaituenean... nola bizi esperantzaz? Zure eguneroko ahalegin txikiak ez duela ezertarako balio pentsatzen duzunean... Otoitza egin edo ez egin igualtsu ote den burutazioak sortzen zaizkizunean... nola bizi esperantza? Une zail eta latz horietan, zure bihotzeko indar guztiak bildu eta oihu ozen eta garratza egin behar duzu: «Zatoz, Jesus Jauna!». Behin eta berriz esan behar duzu barru-barrutik: «Zatoz, Jesus Jauna!». Zerumugak estutzen zaizkizunean, odola bildu eta sakonenetik esan: «Zatoz, Jesus Jauna!».
Ikusiko duzu, esperantza zabaldu egingo zaizu, zeruaren ederra sinesteak lurraren garratza lantzera eramango zaitu, Jaunaren etorrera sinesteak mundu berria oretzera eramango zaitu. Eta bestela onezkero alde batera utzi zenuen ahaleginari, erori gabe eutsiko diozu. Eta hori ederra da!
Ez ezazu ahaztu gaur Elizbarrutiaren eguna ospatzen dugula. Zure Elizaren eguna, aizu! Zerbitzuak jasotzea ondo dago, baina zerbitzuak ematea ere ez dago gaizki. Eta zure Elizak behar eta premia handiak dauzka. Ez ezazu hori ahaztu. Zu zaintzen zaituen Eliza hori, zuk ere zaindu ezazu. Esperantzaz begira iezaiozu zure Eliza txiki horri, Elizarengandik esperantzarako indarra jaso dezazun. Ospa dezagun esperantzaren misterioa!
Iñaki Beristain (2015-11-11)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 13, 24-32)
Liturgi urtea bere azkenera datorkigu. Eta Elizari gustuko zaio azken igande hauetan bere azkenari begiratzea. Bere azkenari esan dut; baina hobeto esana legoke, bere beteari begiratzea gustuko duela. Egia da, betetasun horrek edo azken horrek beti sortu izan duela halako estuasun edo itolarria. Sortu izan du eta sortzen du. Askok egin duten aukera, beraz, horretan ez pentsatzea eta horretaz ez jardutea. Alde batera utzi, eta kitto!
Betetasunari buruzko burutazioak alde batera uztea ulertzekoa izango da, baina ez da batere burutsua. Geure begien bistan daukagun errealitatea baita. Garbi asko ikusten dugu gauzak ez direla betirako. Dena aldatu egiten dela.
Eta, burutazioak alde batera utzi nahi badira ere, garbi asko ikusten dugu geuk ere hil egin behar dugula, besteak hiltzen ikusten ditugun bezala. Eta hori baino lehenago ikusten dugu, mundu honetan gure bizitzak badituela bere eskakizunak, bere egarriak, bere izan nahiak, bere gutiziak, bere ase ezinak...
Begi aurrean daukagun errealitate horren aurrean, jarrera desberdinak har daitezke, noski: bata da, lehen esan dugunez, barruko eskakizunei ateak ixtea eta dena hemengo hemen txikira mugatzea. Jarrera horri deituko nioke, «dena hemen». Beste jarrera, erabat aurkakoa da: hemengoak ez du betikotasunik, laburra eta motza da, ez du erantzun beterik eskaintzen; beraz, hemengoa baztertu eta «dena han». Eta «hangoaren» betetasun teoriko batean ezkutatzen dira «hemengoak» dituen arazo eta sufritubehar guztiak.
Bistakoa da, jarrera biak iruditzen zaizkidala, kontuz esate aldera, hankamotzak, herrenak. Esana utzi dut, hemengo hutsak ez gaituela betetzen eta garbi erakusten digu hemengorako baino zerbait gehiagotarako gaudela eginak. Bizitzaren eskarmentua daukan edonork esango dizu «beste zerbait» eskatzen diola barruak. Beste kontua izango da, jakina!, zer egiten den barrutik sortzen zaigun eskakizun horrekin. Bere barruaren historia bakoitzak ezagutzen du.
Eta hori bezain bistakoa da, bigarren jarrera ere ez dela baliozkoa. Mundu honetan bizi behar dugu eta mundu honetan jokatu behar dugu gure esperantza. Mundu honetako gauzei ihes egitea, betetasuna ematen ez dutelako, horri iheskeria esaten zaio. Eta jarrera horrek ez bizitzera garamatza, eta mundu honetan dauzkakegun beharrak, betetasun teoriko baten eskuetan uztera. Baina, ez gara bizi. Gauzei ihes egiten diegu. Mundu honetako biziera mespretxatu egiten dugu. Ez du balio.
Bada, noski, beste jarrera edo ikuspegi bat, alderdi biak lotzen dituena. Ez da errazena, baina bai osoena. Hemengo errealitate txikian betikotasuna eman zaigu bizitzera. Eta betikotasunaren argiak argitzen digu mundu honetako konpromisoa. Gaurkoa gerokoaren argitan bizitzeak ez digu konpromisoa gutxitzen, areagotu eta sakontzen baizik. Betikoaren konpromisoa edukiko ez bagenu, gure konpromisoak laburrak izango lirateke. Betetasunean sinesteak asko behartzen du kristauaren jokabidea mundu honen zerbitzura.
Eta alderantziz ere esan behar da: hemengoan lan egiteak ez gaitu hemengora mugatzen. Gerokoaren arnasa edukiko ez bagenu, hemengoak ito egingo gintuzke. Hemengoak argi berezia hartzen du etorkizunaren esperantzatik. Hemengo borroka asko edertzen da, gero espero dugunaren argitan. Eta, aldi berean, gaur ari dugun borroka horixe da: etorkizuna erakarri eta gertaraztea, biharkoa gaur eraikitzea. Etorkizuna, dagoeneko, gaurko baita. Etorkizunetik bizi dugu gaurkoa.
Horregatik, «dena han?». Ez. «Dena hemen?». Ezta ere. Hangoa hemen eta hemengoa handik. Bata besteari loturik eta batak besteari eutsiz. Mundu honetan ireki ditzakegu leihoak eta etorkizunaren leihoak argitasun handia utziko luke sartzen gure bizitzara.
Iñaki Beristain (2015-11-11)