GARIZUMAKO IV IGANDEA
B zikloaKroniken liburutik 2 Kro 36,14-16.19-23
Egun haietan, apaiz nagusi guztiek eta herriak gaiztakeria asko egin zuten atzerrien zantarkeria guztien antzera, eta zikindu egin zuten Jaunak Jerusalenen Beretzat sagaratutako etxea. Jaunak, haien gurasoen Jaungoikoak, albisteak bidali zizkien behin eta berriz bere mezulariekin, bere herriaz eta bere bizilekuaz errukiturik. Baina haiek, Jaungoikoaren mezulariak isekatu, Haren hitza gutxietsi eta Haren profetak irriz hartu zituzten; eta salbabiderik ez izateraino piztu zen Jaungoikoaren haserrea bere herriaren aurka.
Orduan kaldearrek su eman zioten Jaungoikoaren etxeari, bota zituzten Jerusalengo harresiak eta sutu jauregiak, eta haien gauza eder guztiak erabat hondatu zituzten. Ezpatari ihes egin zioten guztiak Babiloniara eraman zituzten katigu; eta han egon ziren erregearen eta haren semeen morroi, persiarrak agintzen jarri arte; horrela bete zen Jeremias profetaren ahoz esandakoa: ‘Lurraldeak, bere larunbat-legea ordaindu arte, atseden hartuko du hondamen-aldiko egun guztietan, hirurogei ta hamar urte bete arte’:
Persiako errege Ziroren lehen urtean, Jeremiasen ahoz Jaunak esana bete zedin, Jaunak Persiako errege Ziroren espiritua piztu zuen eta agindu hau zabal erazi zuen Zirok, hitzez eta idatziz, bere erreinu osoan: ‘Honela dio Persiako errege Zirok: Lurreko erreinu guztiak eman dizkit Jaunak, zeruetako Jaungoikoak, eta Berari etxe bat eraikitzeko agindu dit Judako Jerusalenen.
Zuen artean Haren herriko direnek izan bezate beren Jaungoikoa berekin eta igo bitez’.
ERANTZUN-SALMOA 136
JERUSALEN, ZU EZ BESTERIK,
EZIN IZAN NIK POZBIDERIK
Babiloniako ibai-ertzean negar egitera eseri ginen,
Sionez oroitu baiginen.
Lurralde hartako saratsetatik,
utzi genituen kitarak zintzilik.
Nire mingaina aho-sapaian itsatsi bedi,
zutaz oroi ez banendi;
niretzat pozbiderik bikainena
Jerusalen ez bada.
San Paulo Apostoluak Efesotarrei 2,4-10
Senideok: Errukian aberatsa den Jainkoak maitasun haundiz maite izan gaituelako, gure hutsegiteengatik hilda geundenok Kristorekin batean bizierazi gintuen –onginahi hutsez salbatuak zaudete-; Kristorekin batean berpiztu gaitu, eta Harekin zeruetan eserierazi; honela, Jesu Kristorengan guretzat duen maitasunaren bidez, bere graziaren aberastasun harrigarria agertu nahi izan die geroko gizaldiei.
Izan ere, onginahi hutsez salbatuak zaudete fedearen bidez; eta hori ez dator zuengandik; Jaungoikoaren dohaina da; ez dator egiteetatik, inor harro ez dadin.
Jainkoak eginak gara, Berak sortu gaitu Kristo Jesusengan, Jainkoak aldez aurretik nahi izan zituen egintza onetan ibil gaitezen.
EBANJELIOA
Hain maite izan bait du Jaungoikoak mundua
bere Seme bakarra eman dio;
Hari sinesten dionik inor gal ez dadin,
baizik betiko bizia izan dezan.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 3,14-21
Aldi hartan, honela esan zion Jesusek Nikodemori:
- “Moisesek basamortuan sugea altxa zuen bezala, hala altxa beharra da Gizonaren Semea; sinesten dion guztiak betiko bizia izan dezan.
Hain maite izan bait du Jaungoikoak mundua, bere Seme bakarra eman dio; Hari sinesten dionik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan.
Jaungoikoak ez bait du bere Semea, mundua galtzera bidali; baizik Haren bitartez mundua salba dadin. Hari sinesten dionak, ez du auzirik izango; sinesten ez dionarentzat, berriz, erabakia dago auzia, Jaungoikoaren Seme bakarraren izenean sinetsi ez duelako.
Honetan dago auzia: Etorri da argia lurrera, eta gizonek maiteago izan dute iluna, argia baino; okerrak bait ziren haien egiteak. Izan ere, gaizki egiten duenak, gorroto dio argiari, eta ez dator argitara, bere egiteek salatuko duten beldurrez. Egia betetzen duena, berriz, argitara dator, haren egiteak ager daitezen, Jaungoikoak nahi bezala eginak bait dira”.
Homiliak
Senideok, «errukian aberatsa den Jainkoak maitasun handiz maite izan gaitu» esan digu San Paulok. Eta esaldi horrexek biltzen du beharbada gaurko sentimendu sakon eta gailena. Maitasun handi horren inguruan biltzen baita dena: salbamen pozgarria, alde batetik eta gure bekatu galgarria, bestetik. Maitasunaren inguruan jokatzen da gure zoria, fededun izan edo ez. Maitasunaren gora-beheran jokatzen du gizaki bakoitzak bere galera edo bere mesedea. Hori horrela da!
Hortxe dago Israelen historia lehenengo irakurgaian. Erbesteko esperientzia beltzak herriaren jokabide galdua erakusten digu. Israel herriak ez du asmatu bere historia libre zaintzen. Jainkoaren bideak baztertu ditu eta galera nagusitu zaio. Jesusek esan duen argiaren kontrako jarrera da azpian dagoena: «Etorri da argia lurrera eta gizakiek maiteago izan dute iluna, argia baino». Eta Jainkoarekiko harremana eteten denean, giza historia eta herriaren historia sakonetik iluntzen dira.
Baina hori guztia ez da batere harrigarria. Bide onak galtzea oso geurea baitugu. Oso emanak gaude okerreko aukerari. Hori ez da harrigarria. Harrigarria da, Jainkoak gure bekatuaren aurrean erakusten duen jokaera. San Paulori hartu diogun esaldi horrek biltzen du ederki: «errukian aberatsa den Jainkoak maitasun handiz maite izan gaituelako, geure hutsegiteengatik hilda geundenok, Kristorekin batera biziarazi gintuen –onginahi hutsez salbatuak zaudete–; Kristorekin batean berpiztu gaitu». Hau da harritzekoa: Jainkoak gure bekatua erabili duela bere onginahi neurrigabea erakusteko. Eta, gure galbideak merezi ez bazuen ere, salbatuak gaudela, Jainkoa ona izan delako gurekin.
Ilunaren eta argiaren arteko borroka, argiak irabazten du beti. Eta horregatik gaude salbatuak: Jainkoak bere maitasunaren argia piztu duelako gure bekatuaren ilunpetan. Argi hori Ziro izan zen Israelen kasuan. Harrigarria hau ere, Ziro atzerritarra baitzen, persiarra, paganoa. Baina Jainkoak atzerritar bat erabili zuen bere herria askatzeko. Eta Jesusen gurutzea gure kasuan, tresna gizakontrakoa berez, arrotza. Baina Jainkoak sufrimenduaren tresna erabili nahi izan du bere maitasun askatzailea erakusteko eta gu askatzeko. Azkenean ez baita tresnaren kontua, Jainkoak tresna horietan erakusten duen maitasunaren kontua baino.
Eta galdera: non ikusten da maitasun handiagoa Jesusen gurutzean baino? Non ikusten da maitasun ederragoa, guregatik bizia eman duen harengan baino? Garizumako laugarren igande honek Jesusen gurutzeari begira jartzen gaitu. Gainean dugun Pazko-hiruurreneko jarrera erakusten digu: Jesusen gurutzeari barru-barrutik fedez begiratu. Jainkoak Jesusen gurutze horretan idatzi baitu maitasun ederrenaren historia. Beharbada ez dugu asko ulertzen, zergatik aukeratu duen gurutzea eta sufrimendua maitasuna erakusteko! Zergatik izango da ba? Ez dago maitasunik beregan sufrimendua ez duenik. Maite duenak heriotzarainoko maitasunez maite du. Eta maitasunak beti sufritzen du, maitasunaren sufrimendu libre eta edertzailez. Horregatik gelditu da betiko ezaugarritzat Jesusen gurutzea, Jainkoaren maitasunaren neurria ematen duen sufrimendu argizkoa. Hainbesteko maitasunak edertu duen sufrimendua erakusten du Jesusen gurutzeak. «Hain maite izan du Jainkoak mundua!».
Hau guztia gogoematean, zer sortzen zaizu bihotzean? Gaurko liturgiak gonbita oso erraza egiten digu: hartzazu eskuetan Jesusen gurutzea eta begira iezaiozu! Begiratu luze eta sakon. Irakurri ezazu gurutze horretan Jainkoak zuretzat bizi duen maitasun hondogabea. Eta maitasun horretatik begira iezaiozu zeure barruari. Ez al daukazu barrua maitasunaren beharrean? Izan ere, gaurko gure mundu honetan, hainbeste dei eta proposamen liluragarriren artean, askotan hutsik sentitzen dugu bihotza. Hutsik eta sentidurik gabe. Hutsik eta gizatasun-bideak galduta. Barrua sakabanatuta. Gaurko irakurgaien irudia erabiliz, iluna argiari gainetik jarriko balitzaio bezala, horrela sentitzen dugu barrua.
Eta barru ilun horretatik Jesusen gurutzeari begiratzen badiozu, badakizu zer gertatuko zaizun? Zeure barruan sumatuko duzula argia. Eta argiak zeure sentimendu ilunenak ere argitu egingo dizkizu. Zure hutsunea argiz beteko da. Eta zeure barruko egia aurkitu eta ezagutuko duzu. Ikusiko duzu ez daukazula zertan izan beldurrik zeure barruko argiari. Izan ere, argiak erakusten duen egia, maitasun azkengabeko baten historia librea baita. Zeure barruan ikusiko duzu ez zarela izan ilunpetarako egina. Jainkoak egina zarela. Maitasun hutsez egina. Eta Jainkoarentzat egina zarela. Orduan ulertuko duzu, Jainkoarentzat izatea dela gizakiari gerta dakiokeen historiarik ederrena eta libreena. Zein ederra den nork bere barruan bere giza bokazio sakona ezagutzea! Jainkoak eginak gara eta harengan daukagu geure historia onena!
Adiskide, esanak esan, badakizu zer? Denok maitasuna behar dugula! Eta maitasunarekin topo egitea da edozein pertsonari gertatzen zaigun esperientziarik askatzaileena! Eta maitasuna nahi duenak, ez dauka begiak Jesusengana jaso besterik! Jesusen gurutzean idatzi da maitasunaren parabolarik ederren eta bikainena. Jesusen gurutzean esan zaigu maitasun-hitzik pozgarriena! Eta ezerk eman badiezaguke barruko askatasun ederra, gurutzeko maitasun horrek eman diezaguke. Gaitzak gaina hartzen digunean, tristurak barrua ondoezik uzten digunean, lanari eta sufrimenduari sentidurik aurkitu ezin diogunean, hitz batean ilunpea nagusitzen zaigula sentitzen dugunean, egizu gurutzearen seinalea, jaso itzazu begiak gurutzeko maitasunera, eta barrua sendatuko zaizu. Ez da magiaren kontua, ez; maitasunaren kontua da!
Garizumako azken aste hauek maitasunari begira eman behar ditugu. Parrokia eta elkarte bakoitzean bada ekintza franko, senide-elkartasuna hausnartuz, maitasunaren historia aztertzeko. Parte har dezagun Garizumako ekintza hauetan. Azken batean, geure barruaren eta geure elkartearen norabideak argitzeko aukera jartzen zaigu eskura! Eukaristia hau ere, ezer baldin bada, maitasunaren historia da! Zuretzat Jainkoak egin duen maitasun-historia! Goza ezazu, adiskidea!
Iñaki Beristain (2015-3-9)
Beti bidean, beti bila
Badira Ebanjelioan alde batera utzi ezin daitezkeen esaldiak, horien ezabatzeaz kristautasuna bera mamigabetuko baikegune. Horietako bat gaurko ebanjelioak dakarrena da: «Horrenbesteraino maite izan du Jainkoak mundua, bere Semea emateraino». Dena Jainkoaren «horrenbesterainoko maitasunean» abiatu da. Eta dena maitasun horretan oinarritzen da. Dena maitasun horretan burutzen. Maitasun horren jira-bueltan bakarrik hartzen du sentidua Elizaren eta kristauaren bizitzak.
Afirmazio horren aurrean, beste guztia azalean geratzen da. Eztabaidak, teoriak, teologiak, doktrinak, usteak, irakaspenak..., Jesusengan Jainkoak erakutsi digun maitasunaren ondoan, dena hutsa da edo hutsaren hurrengoa. Askotan arrisku horretan erortzen gara, azalekoen kezkaz bizitzearen arriskuan. Maitasuna esplikatu nahi izaten dugu, maitasuna arrazoizko bihurtu, maitasuna ulermenera tolestatu... Ez alferrik! Maitasunak bere kolpe hunkitzailez barrua dardaratzea izan kontua!
Jainkoaren azkenerainoko maitasuna ekarri digu Jesusek lurrera, eta maitasun hori erakustea izan da Jesusen eginkizun guztia.
Maitasun guztiak bezalaxe, maitasun hau ere erregalua izan da, inolaz ordaindu ezin daitekeen erregalua. Esker onez jaso eta emozioz bizitzea beste erantzun egokirik ez daukan erregalua. Eta badakigu, erregaluek ez dute esplikazio handirik behar izaten. Erregaluak bere doakotasun ederrean berez ekarri ohi du bere esplikazioa, maitasuna! Zergatik galtzen dugu hainbeste indar Jainkoaren maitasunezko dohainari esplikazioak bilatzen, neurria hartzen? Ez dauka, ez esplikaziorik, ez neurririk!
Erregaluak, erregalu bezala hartzen denean, ez du inor epaitzen. Erregaluak poza sortzen du. Hartzaileari pozteko esker ona falta zaionean, orduan gerta daiteke epaitua sentitzea edo erregalua gaizki hartzea. Erregalua esker onez hartzeko sena daukanari bihotza zabaldu egiten zaio, besarkatua sentitzen da, barkatua, maitatua. Eta horixe da erregaluaren helburua, hartzailea maitatua sentitzea!
Beharbada, Jainkoaren erregalua onartzea kostatzen baldin bazaigu, ez ote da maitasun hori gurutzean ematen zaigulako? «Gizonaren Semeak altxatua izan behar du». Gurutzea, zoritxarrez, gure sufrimenduari gehiago lotu diogu, Jainkoaren maitasunari baino. Bizitzaren alderdi iluna josi diogu gurutzeari, maitasunaren argi edertzailea josi ordez. Eta gurutzera begiratzen dugunean, kastigua ikusten dugu, maitasuna baino gehiago. Eta, ahal dela, gurutzea ezkutatzera jotzen dugu, alde batean ahaztera. Ez gara konturatzen nonbait, gurutzea ezabatzean, maitasuna bera ezabatzen dugula! Maitasuna kentzen baldin bazaio, orduan ez, orduan ez dauka inolako sentidurik gurutzeak, ez Jesusenak, ez gureak.
Maitasunaren edukiaz, ordea, beste argia ikusten zaio gurutzeari. Seme entregatuaren beso ireki horietan Jainkoaren bihotz handia ageri da. Gurutzeari darion odol-tanta bakoitzean, Jainkoa ari da maitasun-odol-jarioka. Eta maitasun horretan dena bestelako sentiduz janzten da. Bestelako aukerak urratzen zaizkigu guri eta mundu osoari. Gizakion sufrimendua bera ere maitasunaren mamiz jantzi dezakegu. Eta, batez ere, maitasunaren senez, besteen sufrimendua arintzeko konpromiso bihur dakiguke geure gurutzea.
Garizumako laugarren igande honek gurutzearen oinetara garamatza; edo, hobe, gurutzearen besoetara garamatza. Isiltasun handian, kontenplazio luzean, sakontasun hunkituan, begira diezaiogun gurutzean eman zaigun maitasunezko erregalu handiari. Jesus da, Aitaren maitea, Aitaren maitasuna. Eta gurutzetik datorren maitasunezko uholdeak barruan harrapatuko gaitu, eta maitasunetik maitasunerako berrituko gaitu. Esperientzia honi denbora eta lekua egitea, geure eginkizuna dugu!
Gero, Pazkoaren buruan, gurutzearen hitz handia dena argiz beteko da. Misterio beraren beste alderdia izango da edo, beharbada, alderdi bera! Maitasuna jasotzen denean, sufrimendua eta argia batean besarkatzen baitira. Maitasun altxatua!
Iñaki Beristain (2015-3-9)