JAUNAREN BIZTUERAKO BAZKO-IGANDEA

B zikloa

Eguneko Eukaristia


Apostoluen Eginetatik 10,34a.37-43
Egun haietan, Pedrok honela esan zuen: badakizue zer gertatu zen, Galileatik hasi eta Judea osoan, Joanek erakutsitako bataio-ondoren: Nazareteko Jesusena, alegia. Jaungoikoak Espiritu Santuaren indarrez gantzutua, eta on egiten eta deabruak hartutako guztiak sendatzen igaro zena: Jaungoikoa Harekin baitzegoen.
Gu gara, Harek juduen lurretan eta Jerusalemen egindako guztien testigu. Haiek, habe batetik zintzilakatu eta hil egin zuten. Baina, hirugarren egunean Jaungoikoak piztu egin zuen, eta agertzea eman zion; ez ordea, herri guztiari, Jaunak lehendik aukeratutako testiguei baizik: guri, Hura hilen artetik piztu ondoren, Harekin jan eta edan genuenoi.
Eta agindu zigun, herriari erakus geniezaiola eta aitortu, Bera dela Jaungoikoak bizien eta hilen epaile ipini duena. Profeta guztiek egiten diote aitormen: Harengan sinesten duten guztiek hartzen dutela, Beraren izenean, bekatuen barkamena.

HAU EGUNA, HAU, JAUNAK EGINA,


GURE POZA TA GURE ATSEGINA.
Eskerrak Jaunari, ona baita,
Haren maitasuna betikoa baita.
Israel etxeak hau esan beza:
‘Haren maitasuna betikoa’.
‘Jaunaren eskuinak nau altxatu,
Jaunaren eskuina bizkor da jokatu’.
Hil ez, baina bizi naiz egingo,
Jaunaren eginak nik oihu egingo.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei 3,1-4


Senideok: Kristorekin berpiztu zaretenez gero, zabiltzate goi-ondasunen bila, han baitago Kristo, Jaungoikoaren eskuin-aldean jarririk. Irrika itzazue goiko ondasunak, eta ez lurrekoak. Hil baitzarete; eta zuen bizia Kristorekin Jaungoikoagan ezkutaturik dago. Gure bizia den Kristo agertuko denean, zuek ere agertuko zarete aintzaz Harekin batean.

ALELUIA Opari eskainia izan da Kristo, gure pazko-bildotsa.


Ospa dezagun, beraz, Jaunagan. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 20,1-9


Astearen lehenengo egunean, Maria Magdalena hilobira joan zen goizean goiz, oraindik ilun zegoela; eta harria hilobitik kendua ikusi zuen. Lasterka batean, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasle harengana joan, eta esan zien:
- ‘Hilobitik eraman egin dute Jauna, eta ez dakigu non jarri duten’.
Atera ziren Pedro eta beste ikaslea, eta hilobira abiatu ziren. Biak batera zihoazen lasterka; baina beste ikasle hark, Pedro baino bizkorrago ibilita, aurrea hartu zion, eta lehenago iritsi zen hilobira. Begiratu zuen eta lurrean oihalak ikusi zituen, baina ez zen sartu.
Iritsi zen atzetik Pedro ere, sartu zen hilobian eta ikusi zituen oihalak lurrean; buru gainean edukitako zapia, ordea, ez zegoen oihalekin batera, alde batetan bildua baizik. Orduan, sartu zen hilobian lehendabizi iritsitako ikasle hura ere; ikusi zuen, eta sinetsi; ordurarte ez bait zuten ulertu Liburu Santuak dioena: ‘Biztu egin behar zuela hilen artetik’.


Homiliak

Pazkoa da, adiskideok! Pazkoa da, eta dena berritua, dena aldatua, ikusten dugu! Pazkoa da!, eta Jaunak berriro ere bere ahalmenaren indar salbatzailea erakutsi digu. Berriro ere markak hautsi ditu. Pazkoa da, eta pozik ari gara misterioaren bihotza ukitzen. Pazkoa da, eta beste behin Jesukristorengan sinestearen edertasuna kabitu ezinik daukagu gure barnean. Pazkoa da, eta horregatik gure ospaketa hau inoiz baino ederragoa, inoiz baino askatzaileagoa sumatzen dugu. Pazkoa da, adiskideok!

Pazkoak gertutik sentiarazten dizkigu gauzak. Igandero, egunero, gure fedearen giroan bizi ditugun gertaerak eta egiak, gaur indar bereziz azaltzen zaizkigu. Garizuma honetan atertu gabe errepikatu ditugunak, gaur gertatuak, gaur egintza, gaur gertukoak sentitzen ditugu. Jainkoa Aita dugu, nola esan gaur ezetz! Jesukristoren maitasun-indarrak garaitu du, nola esango duzu ezetz gaur, hain justu?! Espiritua eman zaigu, oparo eta aberats, alferrik saiatuko zara ukatzen, gaur Espiritua sentitu egiten dugu eta! Pazkoa da, eta gaur Jainkoaren bihotza ukitu egiten dugu! Gaur misterioa gertuan, oso gertuan, sentitzen dugu!

Gaur Pazkoa da, eta gu pozik gaude! Bihotzean ezin eutsi diogu, gertatutakoaren pozari. Hauxe da pozaren oinarria tinkotzen duen eguna. Eta gu pozik gabiltza. Esan ezin halako pozez pozik. Guregan, gure bizitzan, inolako arrazoirik ez duen pozez pozik. Bihotza libre sentitzen dugu. Bizitzari hegoak eman zaizkio. Maitasuna sortu zaigu. Eta pozik gaude, Pazko-pozez pozik. Gaur, sinesten ditugunak, Pazko-begiez ikusi egiten ditugu. Misterioa ogi eta ardo eta ur eta kantu bihurtzen baitzaigu. Eta bihotza handitzen ari zaigu, zabaltzen. Bai, Pazkoa da, eta pozik gaude, Pazko pozez pozik!

Pazkoa da, bai, eta maite dugu gurutzea! Pazkoari gurutzea bihotzean sartuta gelditu baitzaio. Pazkoa gurutzean gertatu baita. Horregatik gaur ere, gurutzea begibistan daukagu. Baina beso zabaldu horiek tirabira puskatzailea sentitu dute gaur gauean. Eta beso zabaldu horiek garaipen handia, aintza eta ospe handia, maitasun handia erakusten dute gaur. Aitarengana joandako Jesus hura, hiltzez josia gelditu zaigu betirako. Baina zenbat piztuera daukan gaur gurutzeak! Gurutzeari Pazkoa jaio zaio, elorriari lorea bezalaxe! Gurutzeak Pazkoa du!

Baina zergatik ez diogu Pazkoari argi egiten uzten? Gaur ilunpeak ere mugitu dira, errendituko ez balira bezala. Gurutzea lotu nahi dute. Pazkoari bihotza kendu nahi diote. Eta gaur ez du Pazkoak argi egin munduko zoko askotan. Pazkoa itzali, baina zergatik? Zergatik ez dira gaur alleluiaka hasi kartzeletan, uri handietako kale bazterretan? Zergatik ez dute Pazkoaren argia sumatu drogaren zorabioan dabiltzan horiek? Zergatik itzali dute Pazkoa Haitin? Zergatik ez zaie Pazkoa eman mila eta miloika umeri mundu bazterretan? Nork jarri du Pazkoa ilun? Zergatik?

Bai, fededun, gure Pazkoa beti gurutzetua izango da. Mundu honetako Pazkoak beti gaitzaren arantza eramango du bizi berriaren haragitan sartua. Gure Pazkoak «bihotzean min du, min etsia». Eta, hala ere, eta horregatik, Jainkoak berriro ere Pazkoa eman digu. Pazkoa hazten eta garatzen ikusi nahi duelako, berriro ere Pazkoa oihuegin digu. Berpiztuaren bihotz berria eman dio gizadiari, poza eta itxaropena izan ditzagun. Ai gaur Pazkoa gertatuko balitz! Ai zuk, fededun horrek, ulertuko bazenu Pazkoa eman zaizula, Pazkoaren hego zabalduez munduz mundu Pazkoaren poza zabal dezazun!

Aizu, zaude isilik! Zergatik ez zara gaur, Pazkoa eman zaizun egunean, zure inguruan Pazkoa egiten hasten? Zergatik ez duzu Pazkoaren poza sortzen!? Zergatik ez diozu Berpiztuaren bihotz berriari gaitzaren arantza hori ateratzen? Zergatik ez diozu Pazkoari, horma artean lotzen duen hesi hori puskatzen, txiki-txiki? Zergatik ez, gaur Pazkoa izanik? Zergatik ez, gaur garaipena eman zaizunez? Badezakezu, noski, gaur indartsua egina izan zara eta! Badezakezu, Pazkoa gertatu zaizu eta!

Goazen Eukaristia ospatzera. Goazen, Pazkoa bihotzera eta gorputzera sartzen digun ogi-ardoa hartzera. Eta ospa dezagun Pazkoa!


Iñaki Beristain (2015-3-31)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 20, 1-9)

Lehenengo egunean aurkitzen gara. Egun handian. Egun guztiak oinarritzen dituen egunean. Aste Santu honetan bizi izan dugun esperientzia, batez ere pazko hirurrenekoa, neurrigabea izan da, gehiegizkoa. Gaur goiza bilaketaren grinaz esnatu da. Maitasunaren bilaketak urduritasunez jantzi du pazko goiza. Maria Magdalena goizean goiz hilobira. Pedro eta Joan korrika. Elizaren nortasuna betirako markatzen duen bilaketa grinatua da. Jaunaren bila dabil sinesmena. Horrela argitu da lehenengo eguna.

Goiz hartan, baina, bilaketak jaso zuen bere erantzuna: Jesus bizi da! Ez dago ostiral arratsean hilda utzi zuten lekuan. Fede grinatuaren bihotzak ederki ulertu du hilobi hutsaren mezua. Ez dauka demostrazioen beharrik. Ez dauka datu zientifikoen beharrik. Bihotzak bestelako hizkera erabiltzen du. Jesus bizi da! Jesus ez da gelditu hildakoen erreinuan. Jesus berpiztuaren notiziak argiz bete duen lehenengo egunaren goiza argi ederrez dator guretzat ere. Gure egun guztien eta bakoitzaren poz-iturburu bihurtu zaigu egun hau. Egun hau gabe ez luke gure bizitzak inolako sentidurik eta pozik izango.

Eliz elkarteak ere goiz hau maite du. Bart, egun berriaren lehen orduan aleluiaka aritu da. Jainkoaren Hitzaren pazko-berria barneratu du Bataioko uretan, sinesmenaren agindu askatzaileetan, bakezko besarkadaren maitasun ederrean. Lehenengo egunaren lilura zoragarria! Gizarte osoari ere argi berria piztu zaio. Lehenengo egunak elkarri begiratzeko modu argitsu bat txertatu du bihotzetan. Elkarren ondoan geundenok senide eginak izan gara. Harremanek beste mami bat hartu dute. Bakea posible da. Barkazioa posible. Gizatasunaren lege librea bizi dezakegu.

Lehenengo eguna, bai, baina...

... gordin eta indarrean daukagu krisialdi ekonomikoa. Familia asko sufritzen ari dira. Ez zaio egoerari irtenbide argirik ikusten.

... hemen gabiltza gure herrian gogorkeriaren ondorioak bideratu eta argitu ezinik. Samin eta zauriak handiegiak dira erraz barkatzeko!

... ezbeharrak eta hondamendiak han eta hemen. Uholdeak, lurrikarak, istripuak. Bizitzaren ezuste zoritxarrekoek atergabe zauritzen dituzte gizon eta emakumeak.

... gaisotasunak, minbiziak eta bestelako gaisotasun larriak. Etxe askotara iritsi da ezintasuna. Heriotza. Maite ditugun pertsonak lurpean utzi beharra. Lotura gozo asko etenda!

Lehenengo egunak, noski, ez ditu horiek denak kentzen. Baina horiei guztiei beste era batera begiratzeko begirada eman, bai. Hala ez balitz, nola egin dezakegu aurrera, gure bizitzak inolako sentidurik ez duenean? Krisialdi ekonomikoan, elkartasunaren eta solidaritatearen arnasa sortzen du gure bihotzetan, elkarri laguntzeko, mundu zuzenago bat egiteko, pobreei eskua luzatzeko.

Gogorkeriaren zauri odoltsuak ez ditu inork eta ezerk gozatuko, maitasunaren begirada eta taupada sakonak ez baditu gozatzen. Lehenengo eguna maitasunaren adorez jantzita dator alde guztietatik! Gaitzaren danbateko beltzak nola argitu? Gaitzari kontra egitekotan, alferrik da aurrez aurre egitea. Beti azpian hartzen gaitu. Baina, Jainkoaren bihotzaren filtrotik pasata begiratzen badiogu, gaitzak ez du azkeneko hitza izango. Maitasunak du azkeneko hitza. Lehenengo eguna maitasuna da.

Gaixotasunak, heriotza... Lehenengo egunak Jauna gure ezinaren ohe ondora ekartzen du. Eta Jauna ondoan sentitzeak bihotza sendatzen du, gaisotasunak sendatzen ez baditu ere. Bihotz osasuntsuan gaisotasunak ere indarra galtzen du. Lehenengo eguna da, bai! Korrika egiteko eguna. Gure sinesmena Jesusen hilobi hutsera bidean jartzen dugu gaur. Hilobian ez dago, bizi da. Eta bizi delako gure bihotzak kantu egiten du.

Lehenengo egunaren mezulari izatea dagokigu, gainera. Hainbeste jende daukagu ondoan lehenengo egunaren argia sumatu ez duena! Guretzat dohainez beteta datorren lehenengo eguna, gure seideentzat argitasunezko egun bihurtu behar dugu. Denontzat baita lehenengo eguna!


Iñaki Beristain (2015-3-31)