GARIZUMAKO III IGANDEA
B zikloaExodo liburutik 20,1-17
Egun haietan, Jaunak hitz hauek esan zituen: “Ni naiz Jauna, Ejiptoko lurretik, morroi-etxetik, atera zaitudan zure Jaungoikoa. Ez duzu izango Ni beste jaungoikorik.
Ez hartu gezurrez ahotan Jaunaren, zure Jaungoikoaren, izena; Jaunak ez bait du zigortu gabe utziko, Haren izena gezurretan darabilkienik.
Izan ezazu gogoan larunbat eguna, santutzeko.
Aintzat euki aita eta ama, luzaroan bizi zaitezen, Jaunak, zure Jaungoikoak, emango dizun lurrean. Ez duzu inor hilko. Ez duzu ezkontza-nahasterik egingo. Ez duzu lapurtuko. Ez duzu inoren aurka gezurrezko testigutzarik egingo.
Ez duzu inoren etxerik, ez inoren emazterik, irrikatuko: ez morroirik, ez neskamerik, ez idirik, ez astorik, ez besterena denik ezer”.
ERANTZUN-SALMOA 18
BAI MAITE DUDALA, JAUNA,
ZURE LEGEA.
Jainkoaren legea bikain, barrena berpizteko,
Jainkoak hotsegina sendo, ezikasiak eskolatzeko.
Jaunaren arauak zuzen, bihotzaren asegarri,
Jaunaren aginduak garbi, begien argi.
Jaunaren beldurra garbi, iraungarri betiko,
Jaunaren erabakiak egiazko, guztiak orobat bidezko.
Urrea baino, urre araztua baino maitagarriago,
ezti-orrazia baino gozoago.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Ko 1,22-25
Senideok: Judutarrak ezaugarri eske dabiltza; greziarrak, jakinduri bila; guk, berriz, Jesu Kristo gurutziltzatua erakusten dugu, judutarrentzat behaztopa dena eta greziarrentzat zorakeria; baina deituentzat -nahiz judutar izan, nahiz greziar- Jaungoikoaren indar eta Jaungoikoaren jakinduria den Kristo. Jaungoikoaren zorakeria, gizonak baino jakintsuago bait da; eta Jaungoikoaren ahuleria, gizonak baino indartsuago.
EBANJELIOA
Hain maite izan bait du Jaungoikoak mundua
bere Seme bakarra eman dio;
Hari sinesten dionik inor gal ez dadin,
baizik betiko bizia izan dezan.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 2, 13-25
Aldi hartan, Judutarren Bazkoa hurbil zegoen, eta Jesus Jerusalena igo zen. Jauretxean idi, ardi eta uso-saltzaileak aurkitu zituen, eta dirulariak eserita. Zigor bat lokarriz egin eta jauretxetik bota zituen denak, ardi eta idiekin, diruak sakabanatuz eta mahaiak irauliz. Eta uso-saltzaileei honela esan zien:
- “Ken horiek hortik! Ez bihurtu azoka-etxe nere Aitaren etxea”.
Eta ikasleak, idatzirik dagoenaz gogoratu ziren: ‘Zure etxearekiko maiteminak jango nau’.
Orduan judutarrek, tartetik sartuta, esan zioten:
- ‘Zer ezaugarri ematen diguzu, hori egiteko?’
Eta Jesusek:
- “Txehatu ezazue jauretxe hau, eta hiru egun barru jasoko dut”.
Judutarrek erantzun zioten:
- ‘Berrogeitasei urte behar izan ziren jauretxe hau egiteko, eta Zuk hiru egunetan jaso?’
Baina Jesusek bere gorputzaren jauretxea esan nahi zien. Hilen artetik berbiztu zenean gogoratu ziren ikasleak honetaz, eta sinetsi zuten Liburu Santuak eta Jesusek esandako hitza.
Bazko jaietan Jerusalenen zegoen bitartean, askok sinetsi zuen Haren izena, egiten zituen ezaugarriak ikusita. Baina Jesus ez zitzaien guztiz irekitzen, ezagutzen bait zituen denak; ez zeukan Hark gizonaren berri inork eman beharrik, bai bait zekien zer dagoen gizon bakoitzaren barruan.
Homiliak
Adiskideok: Garizuma aurrera dihoakigu pausoz-pauso. Eta beraren ibilbide jakintsuan, Pazkoa prestatzen ari gara. Jesu Kristori begira, Aitak gizon-emakumeokin egin duen elkargoa dugu aurrean gaur ere. Aitaren maitasunak Jesu Kristorekin bat egiten gaitu, harengan suma dezagun salbamen eta askatasun gizaegilea. Jesu Kristo baitugu guk gure jakinduria eta indarra.
Bai, gaur ere Jesu Kristori begiratu behar diogu. Bera dugu Aitak Pazkoan ematen digun askatasunaren ezaugarria. Garai batean, Israel herriarentzat, Legea izan zen askatasunaren ezaugarria. Jainkoak Egiptotik askatu zituenean, Legea eman zien israeldarrei. Ez, noski, Egiptotik askatu eta legeari lotzeko. Legea, eman zitzaion askatasunaren ezaugarri eta esker on gertatuko zitzaion. "Ni naiz Jauna, Egiptoko lurretik, morroi-etxetik, atera zaitudan Jaungoikoa". Eta askatasun hori aitortzeko, askatasun horren esparrutik ez irteteko, askatasun hori eskertzeko, askatasun horren fruiturik onenak emateko, Legea bete behar zuen. Eta, bere barruko asmoan behintzat, askatasun-seinale izan zen Israelentzat Legea.
Israel Egiptotik bezala, gu bekatutik eta haren morrontzatik askatu gaitu Jainkoak. Hain handia duen maitasunean, bere herri eta bere elkartekide izatera deitu gaitu. Eta horretarako enbarazu eta eragozpen genituenak, denak kendu dizkigu. Bere herri nahi gaitu, maitasunaren pertenentzia ederrean. Eta horretarako askatu nahirik, Jesu Kristo gurutzean hil eta hura eman digu askatasunaren ezaugarri eta agerpide. Jesu Kristo dugu Jainkoarekin topo egiteko santutegia. Jesu Kristo dugu Jainkoarekiko harremana. Jesu Kristorengan egin dugu eta egiten dugu Jainkoarekin bat. Pazkoko Jesu Kristo dugu Aitarenganako bidea!
Baina..., Garizumako galdera egin behar dizut berriro ere: zer egin dugu Jainkoarekiko harremanaz? Askatasun eta esker onezko elkargoa bizi ordez, ez ote dugu Jainkoa geure beharretara makurtu nahi izan, interesezko morrontzan? Zergatik manipulatzen dugu sakratuena? Ebanjelioko ikuskizuna ikaragarria da: Jainkoarekiko harremana bizitzeko zen Tenplua, azoka eta irabazpide bihurtua ikusteak beti hunkituta uzten gaitu. Askatasunaren ospaketa izatetik hasi eta nork bere mesedetarako aukera bihurtuz bukatu. Ikaragarria! Zer egin dugu Jainkoarekiko harremanaz? Elkargo zoragarri baten hasierak, intereskeriazko jokabide kaskarrean bukatu behar ote du? Jainkoarenak gara?, edo Jainkoa da gurea? Eta pentsatzekoa da honako hau: Jainkoa bera, gure ospaketak, gure otoitzaldiak... barne kaskar baten ihesbide bihur daitezkeela. Eta hemen ez dut akatsari punta ateratzen zorrozkerietan ibili nahi, baina galdera horren aurrean geldialdi bat egin beharra daukagu: Jainkoarekiko harremana ez ote daukat neure irabazpide eta azoka bihurtua?
Bai, garbialdi eta lisiba saiatua behar du Jainkoarekiko gure harremanak, gure bihotzeko tenpluak eta gure elkarteak. Bihotz-berritzearen galdera eta azterketa sakonari erantzun beharra daukagu. Gure egoera iluna, gure arinkeria, gure etsipenak, gure sentidu-falta nabarmena, gure eduki-grina gehiegizkoa, gure etenak eta gorrotoak, gure setakeria eta gogorkeriak, gure asmoen pulamentu-falta... Zer egin dugu Jainkoaren etxeaz? Nola eta zergatik galdu ditugu zentzuzko norabideak? Eta askotan, gainera, hori guztia jainko-zaletasunez estali eta jantzi. Askotan hori guztia Jainkoarekiko zerbitzu omen dela esan. Jainkoaren bide berrituetara itzuli beharra daukagu inondik ahal dela. Berriro ere Jesu Kristoren bideetara itzuliz, egiazko Jainkoarekin topo egin beharra daukagu. Fedearen kordea bere onera ekarri beharra daukagu!
Hausnar dezagun gure barruan gaurko ebanjelio-zatiaren azken esaldia: Jesusek «bazekien zer dagoen gizaki bakoitzaren barnean». Jesusek begira gaitzala eta epaitu, berak argitzen baititu bere argiz gure bihotzeko ilunpeak. Berak kentzen dizkigu gure maskarak, bigarren azalak, eta orduan askatu egiten gaitu gure sasi-segurantzetatik, baita erlijiozko sasi-segurantzetatik ere. Hortxe daukagu lehen agindua: Jainkoa bakarrik da Jauna, bera bakarrik gurgarria. Zenbat sasi-jainko, zenbat adorazio faltsu!
Bigarren agindua lehenengoaren antzekoa da: giza pertsona ez da zerbait lortzeko tresna erabilgarria, Jainkoaren irudi da. Zer egin dugu giza balio gizaegileekin: gurasoekiko errespetua, biziarekiko ardura, solidaritatea, egia... Nola bizi dugu Jainkoaren eta lagun-hurkoaren lehentasuna gure bizitzan? Ez al ditugu gure beharretara, geure interesetara makurtu nahi izan Jainkoa eta lagun-hurkoa?
Askatasuna dugu bokazio. Jainkoak bere bizileku aukeratu gintuenean, hasiera ona izan genuen. Eta hasieran ona izan zena, bere betetasunera eramatea da gure eginkizuna. Zailtasun eta krisi ugari bizi du gure fedeak. Baina dena, fedea hazteko eta mardultzeko grazi une bihur dezakegu. Eta hori da jokabide ederra. Errazkeria beti da erraza. Gauzak bere horretan uztea beti da erosoa! Baina fedeak ez ezik gizatasunak ere bere arrazoizko legeak ditu, eta ez da arrazoizkoa gai hauen azaletik pasatzea, sakondu gabe. Ez da arrazoizkoa gizatasunari sakontasuna ukatzea. Bihotz-berritzearen lanari eutsi behar diogu oraindik ere. Pazkoa gainean dugu. Santutegiaren edertasun betea ikusteko eguna badator. Egiptoko morrontzatik askatzen gaituen Jainkoari kantu egiteko egun librea badator. Eta egun horretarako prestatu behar dugu, gure bideak aztertuz, geure burua eta bere norabideak ezagutuz, gure barruko sentipenen eta jokaeren bereizketa jatorra eginez.
Goazen Eukaristia ospatzera. Jainkoak gurekin egin duen elkargoa berritu dezagun. Sar gaitezen Aitaren maitasunaren santutegira gure intereskeriak garbiturik. Egin dezagun topo maite gaituen eta maite dugunarekin!
Iñaki Beristain (2015-3-3)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 9, 1-9)
Garizumako bigarren igandeak basamortutik Taborrera gakartza. Lehen igandean basamortuko bakardade bilduan Aitarekiko intimitatea gozatu ahal izan genuen sakontasun ederrean. Basamortua tentazioa da («Satanasek tentatu zuen»). Jesusek bere bizitza eta jarduerako une askotan sentitu zuen tentazioa, beste bideen lilura, mesianismo eraginkor baten kilima. Eta, une ulergaitz horietan, argiaren beharra sentitu zuen bere bizitzan. Horregatik gaur Tabor mendian ikusten dugu, argiaren esperientzia bizitzen.
Argiaren esperientzia hori bide jakinetik datorkio Jesusi. Bere Aita du argi, noski. Baina bere Aitaren argi hori Israelen esperientziatik (Moises) eta Profeten hitzetik (Elias) datorkio. Haietara jotzen du Jesusek argi bila. Israelen askatasun-historia ederra du bere historiaren erreferente, Jainkoak hura askatu zuen bezala askatuko baitu bera. Eta Profeten hitza hartzen du oinarri, haiengan agertu baitzion Jainkoak bere borondatea herriari. Eta Jesusek, bere fedearen tradizioan, haietara biltzen ikasi du.
Jesusen tentazioan jokoan dagoena zer da? Bere Aitaren nahia, hasteko. Beste eta bestelako bide asko jartzen zaio aurrean. Eskaintza horien lainoak ez dio argi ikusten uzten. Eta mendira igotzen da, Jainkoaren elkarrizketa gertatzen den bakardadera igotzen da. Berekin daramatza Jesusen bidea ulertu ezin duten ikasleak ere. Eta han goian, argiak hitz egingo du. Aitak garbi utziko dio Jesusi zer nahi duen, nola nahi duen eta zein bidetatik nahi duen. «Hau da nire Semea». Ikasleek ere entzun dute mezua, ulertu nahi badute.
Argitasun honek, bidea garbi ikusteak, Jesus argitu bazuen, ikasleak itsutu egin ditu. Jesusek bidea ulertu du. Pedrok, berriz, egoera ulertu du. Jesusek badaki nondik joan. Pedrok badaki non gelditu. Jesusek Aitaren bidea azkeneraino egiteko borondatea erakusten du. Pedrok, berriz, beti hantxe geratzeko borondatea erakusten du. Jesusi tentazioa garbitu dion argia tentazio gertatzen zaio Pedrori.
Pedrok argazki finkoa atera nahi du. Ez du nahi berriro lehengora itzultzerik. Bere argiunean argazki bat atera du, distiraz betea, dirdaitsua, gozoa; eta ez du ibilira itzuli nahi. Argazki horrekin gelditu nahi du betirako. Ondo gaudenean, zertarako joan? Baina Jesusek berriro ere mendian behera ekarriko ditu. Berriro ere betiko ibiliaren lainotan sarraraziko ditu. Berriro ere ez dute Jesus normal eta ilun hura besterik ikusiko. Bere argazkiaren dirdai zuri eta handiak itzali dira.
A zer nolako arriskua duen gaurko gure Elizak ere argazki baten argitan gelditzeko! Atzoko garai haiek! Hainbeste jende eliz inguruan zebilenean. Elizari halako itzala aitortzen zitzaionean. Elizari alor guztietarako agintea emana zitzaionean. Baina, Elizari eman zaizkion eta ematen zaizkion argiuneak ez dira han eta hartan gelditzeko. Argiaren eraginez iluntasunari aurre egiteko baizik. Horregatik, Elizaren bizigunea bidea da beti. Eliza bidekoa da eta biderako da.
Bide horren helmuga Jainkoaren borondatea betetzea da. Jesus Jerusalemgo gurutze-pazkora eraman zuen Aitaren nahiak. Han argitu zen betiko, bidean iluna zena. Guretzat ere bide bat dauka Aitak, Jesusena berbera. Gurutze-pazkoko zerbitzu «ilunean» erakutsi behar dugu Aitaren onginahiaren argia. Eliza eta kristau bakoitza argi apaletan ibiltzeko deituak izan gara. Bide horrek baditu bere laino-aldiak, ez gutxi eta ez txikiak. Askotan igo behar dugu Jesusen misterioaren mendira, pazko-misteriora, han biderako argi berriak piztera.
Gure gizarteak ere argia eskatzen digu. Ez dio Elizari aginte eta indar eta eragin handirik eskatzen. Eskatzen zaigu argia. Beldurrari konfiantza piztea. Ezinari adorea piztea. Bilaketari laguntasuna piztea. Sakabanaketari integrazioa piztea. Bakarkeriari irekitasuna piztea. Maitasunari sendotasuna. Txikitasunari besarkada piztea. Pobreziari solidaritatea piztea. Zokoraketari beso irekiak piztea. Egoera mingarri eta etsi bakoitzari Jainkoaren onginahiaren argi txikia piztea.
Iñaki Beristain (2015-2-26)
(Igandeko ebanjelioa: Jn 2, 13-25)
Badakigu gutxi gorabehera zer zen eta zer esan nahi zuen juduentzat Jerusalemgo tenpluak. Han ez izatekotan, ez zuten beste inon Jainkoaren presentziarik. Dena Jerusalemgo tenplura begira egiten eta antolatzen zuten. Hura zen herriaren bihotza. Hura erdigunea. Handik zetorren Jainko askatzailearen dohaina eta hara zihoan fededunen esker ona eta miresmena.
Beste leku eta garai askotan bezala, berez erlijiozko harremana zena, irabazbide bihurtu zen. Eta hala Jesusen garaian; bazen tenpluaren jira-bueltan saltzailerik, sal-erosketarik, diru-trukatzailerik, negoziorik; Jainkoari agertu beharreko gurtza, bizkor batzuentzat irabazbide gupida gabeko bihurtua zegoen. Tenplua azoka, hitz batean esateko. Eta, beti bezala, pobreak galtzaile.
Jesusek ez du onartzen horrelakorik. Haserre biziaren kordelak eskuan hartu eta aidean garbituko ditu bazterrak, eskatuz ez bihurtzeko azoka Jainkoaren etxe dena. Baina, aspalditik zetozen ohitura zapaltzaile haiek hausteak sortzen duen elkarrizketa edo eztabaidan, Jesusek aurrerako pausoa ematen du: «Bota tenplu hau eta hiru egunean eraikiko dut berria». Jesus «bere gorputzaren tenpluaz» ari zela esaten digu ebanjelariak. Alegia, hirugarren egunean berpiztuko zen Jesus bera zela benetako tenplua.
Juduentzat bizi-ardatza baldin bazen Jerusalemgo tenplua, orain badakigu zein den gure bizi-ardatz. Juduek dena Jerusalemgo tenplura begira antolatzen bazuten, guk dena Jesusi begira antolatzen dugu. Dohain oro tenplutik espero bazuten, bizi-sentidua Jesusengandik espero dugu. Beren grina sakona tenplua baldin bazuten, geure grina, geure bizi-pasioa, Jesus dugu. Jesusengandik bizi gara. Jesusek bizi gaitu. Jesusengan agertu zaigu Jainko on eta errukitsuaren bihotza.
Guk ere baditugu juduek zituzten arriskuak. Haiek erori zirenetan eror gaitezke gu ere azkar asko. Erlijioa bihur dezakegu irabazbide. Dirua irabazteko ere bai, baina batez ere Jainkoaren grazia irabazteko bide. Zenbat aldiz ez dugu gure on-izatea Jainkoari gure eskakizunak planteatzeko probestu! Zenbat aldiz ez ditugu Jainkoarekiko harremanak geure zintzotasunaren gainean eraiki! Jainkoarekin onak izan bagara, zergatik gertatzen zaizkigu gauza txarrak? Gure sinesmena trukerako txanpon bihurtu izan dugu. Jesus baletor, aidean garbituko lituzke gure fede-bizitzatik irabazbide guztiak!
Alderantziz da kontua. Judu apal eta fededun jatorrak tenplura jotzen bazuen, Jainkoaren errukia eskatu eta gozatzeko zen. Gaur Jesusengan daukagu Jainkoaren grazia. Jainkoak dohain oroz bedeinkatu gaitu Jesusengan. Ez daukagu ordaindu nahi xuhurretan ibili beharrik. Jesusek berak irabazi digu errukia, neurrigabeko errukia, Jainkoaren neurriko errukia. Jainkoaren onginahia iturri oparoan eman zaigu.
Judu apal eta fededun jatorrak tenpluan jasotzen zuen bere bekatuen barkazioa, Jainkoaren aurrean ahuspez. Gaur Jesus dugu barkazio oso eta erabatekoa. Harengan daukagu inoiz merezi ez dugun eta mereziko ez dugun barkazio osoa. Jesusengan aurreratu egiten baitzaigu Jainkoaren maitasuna.
Judu apal eta fededun jatorrak tenpluan jasotzen zuen biderako indarra, erromes-jarrera ibiltarian. Gaur Jesus dugu bide, bide-erakusle, bide-gidari, biderako indar eta adore. Elizaren erromes-bideak ez ditu bestelako eranskinak behar. Aski du bere fedearen jarrera biluza. Jesusek egiten gaitu erromes. Gaurko eliz eskasietan, Jesusengan aurkituko dugu uste onez aurrera egiteko arnasa.
Ondo egingo dugu, gure Elizan garbitu beharrekoak aztertzen baditugu. Kutsadura eta zikinkeria asko peatu zaigu azalean eta sakonean. Utz diezaiogun Jesusi garbi gaitzan eta gure sinesmena biluz dezan. Gaur egun bizi dugun pobrezia izan daiteke Jesusek ari duen garbialdia. Zigor bihurtu zaizkigun edo zigortzat hartzen ditugun gertaera eta jarrera asko ongarri izan dakiguke, Elizaren biziera garbitze aldera. Hala bedi!
Iñaki Beristain (2015-3-3)