URTEAN ZEHAR XV IGANDEA

B zikloa

Amos profetaren liburutik 7,12-15


Egun haietan, Amasiasek, Betelgo apaizak, honela esan zion Amosi:
- ‘Ikusle, zoaz hemendik; ihes egizu Judako lurraldera; jan ezazu han zure ogia, eta hotsegin han profeta-hitza. Baina Betelen ez hotsegin gehiago profeta-hitzik; hau erregeren toki santua data, erreinuko jauretxea’.
Amosek erantzun zion Amasiasi:
- ‘Ni ez naiz profeta; ezta profetaren seme ere; artzaina naiz ni, basapiku-inauslea. Artaldearen atzetik nenbilela hartu ninduen Jaunak; eta esan zidan: “Zoaz, eta hots egin iezaiozu profeta-hitza Israel nire herriari”’.

ERANTZUN-SALMOA 84


JAUNA, ZURE ONGINAHIA ERAKUS IEZAIGUZU,
ZURE SALBAMENA EMAIGUZU.
Entzungo dut Jainko Jaunak dioen hitza:
“Bakezkoa da Jainkoaren hitza”.
Hurbil zaie Haren beldur direnei salbamena:
gure lurrean Haren aintza biziko da.
Jainkoak on dena emango du,
gure lurrak bere uzta ekarriko du.
Zuzentasuna ibiliko da Haren aurrean,
eta salbamena, Haren urratsen bidean.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei 1,3-11


Bedeinkatua izan bedi Jainkoa,
Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,
Espirituaren era guztietako bedeinkapenez,
zeruan Kristorengan bedeinkatu gaituena.
Harengan aukeratu baikintuen,
mundua sortu baino lehen,
bere aurrean, maitasunez,
santu eta errugabe izan gaitezen.
Aurrez aukeratu gintuen bere semeorde izateko,
Jesu Kristoren bidez,
bere nahiaren onberatasunez;
bere Seme maitearengan
hain ugari eman digun graziaren aintzak
Bera gorespenez bete dezan.
Seme honengan, bere odolaz dugu erospena,
eta bekatuen barkamena;
halakoa izan da Haren grazi aberastasuna.
Oparo isuri baitigu bere grazia,
ezaguera osoz eta jakinduriaz:
Bere nahiaren misterioa ezaguterazi digu,
bere onginahiez erabakita zeukana,
garaia zetorrenean beteko zuena:
Zeruko eta lurreko gauza guztiak
Kristorengan bilduko dituela,
Berau buru dela.
[Kristogan oinordeko gertatu gara gu ere; hortara deituak izan gara, gauza guztiak Berak nahi bezala egiten dituenaren erabakiz. Eta Kristogan usteon izan genuenok, Jainkoaren aintzaren gorespen izango gara. Baita zuek ere -egiaren mezua entzun duzuenok, zuen salbamenaren berri zoragarria, alegia- hori sinestean, agindutako Espiritu
Santuaz seinalatuak izan zarete. Eta Espiritu Santua dugu gure oinordekotasunaren baikuntza, Jainkoaren aintzaren gorespenerako, bere herrian denek salbamen betea iritxi bitartean].

ALELUIA Jesu Kristo gure Jaunaren Aitak argi bitza gure


bihotzeko begiak, horrela jakin dezagun nolakoa den
Haren deiaren itxaropena. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Markosen liburutik 6,7-13


Aldi hartan, Jesusek Hamabiei dei egin zien; binaka bidaltzen hasi zen, eta espiritu lohien gain ahalmena eman zien. Eta biderako ezer ez hartzeko agindu zien, makila bat besterik: ez ogirik, ez bide-zorrorik, ez dirurik gerrikoan; oinetakoak bai, eramateko; baina ez hartzeko bi soineko. Eta esan zien:
- “Sartzen zareten etxean egon zaitezte, leku hartatik atera arte. Eta herriren batek hartzen ez bazaituzte eta entzuten ez badizue, astindu zuen oinetako hautsak handik aldegitean, haien kontrako testigantzarako”.
Joan ziren haiek, eta bihotzberri zitezela hotsegiten zuten; deabru asko uxatzen eta gaiso asko olioz gantzutu eta sendatzen zuten.


Homiliak

Senideok: Jesus ez da onartua izan, aurreko igandeotan ikusi dugunez. Nazareten ez dute onartu, bere senitartekoek ez dute onartu... Hala ere, Jesusen Ebanjelioak hegoak zabaldu nahi ditu. Eta bere ikasleak bidaltzen ditu herriz herri. Ikasle-bikote haiek bidez bide ikusteak argi uzten du, Jesusen Ebanjelioa ez dela herriak behartuz eta zanpatuz egiten den konkista. Eskainte xume eta txikia da. Pobreen bidez eta pobreentzat egiten den eskaintza.

Jesusek bidali ditu eta ikasleak badoaz. Beste behin Ebanjelioko jokaerak garbi azaltzen dira. Pentsa zazu: Jesus bera nazaretarrentzako xumeegia eta normalegia baldin bazen Erreinua adierazteko, pentsa zer gertatuko zen ikasleekin! Jainkoak horrela jokatzen du. Ez dator indar derrigortzailez. Ez dator inor behartuz. Ez da buruan ez dakit nolako morrontzak sortuz ezartzen. Testigu eta aitorle xume batzuren testigantzaz eskaintzen da. Berri Onak, berak dauka behar adina indar barnean, eta ez du beste indarrik eta botererik behar. Botereak enbarazu besterik ez dio egiten Ebanjelioari.

Hortxe daukagu Amosen kasua, lehenengo irakurgaian. Ez da profeta ikasia, ez baita profeta-familiakoa. Ez da horretarako prestatu. Artzaina da, pentsa! Eta profeta bezala dabil, baina ez horretatik inolako etekinik atera nahi duelako. Jainkoak bidali du eta kitto! Jainkoak horrelakoxe bideak erabiltzen ditu! Gure eskema eta uste zehatzetan kabitzen ez diren bideak dira!

Ebanjeliokoan bidaliak izan diren ikasleak ere, pentsa dezakegu zer jende zen: ezjakinak, herriko jende xumea, arrantzaleak... Ez ziren maisuak, ikasiak, idazlariak. Eta, hala ere, «espiritu lohien gain ahalamena eman zien». Berri Onaren indar eragile eta ikusgarria daramate.

Azter dezagun, labur bada ere, nola bidaltzen dituen Jesusek bere ikasleak. Gaurko Ebanjelio-zatiak ederki zehazten baitu bidaliaren itxura.

- Ikaslea «behartsu» doa. Oinetakoak eta makila. Beste guztia alferrikakoa dute. Dirua eta horrelakoak erabat albora uzten dituzte. Nolabait esateko, Hitzaren ahalmen soila aski dutela egin behar dutena egiteko. Ez da ekonomi ahalbideak mespretxuz baztertzea. Esan nahi dena da: bidaliak erabat aske eta libre joan behar duela Berri Ona eramatera.

- Erabat «prest» doa. Berri Ona zerbitzatzea beste zereginik ez du. Ez doa «profesionalizatua». Ez du bere burua «saltzen», txalo edo interes ilun batengatik. Onartzen duten tokian ondo. Eta onartzen ez dutenetan ere bai. Onar dezaten ez du Ebanjelioaren maila jaisten. Berri Ona hots egiten duenari beti gerta dakioke onartua ez izatea.

- «Bihotz-berritzearen» notizia darama. Ez du bere burua hots egingo. Erreinuaren hurbiltasunak eskatzen duen bihotz-berritzea aldarrikatzen du. Amosek, Jainkoak esaten diona hots egiten du. Ikasleari ere Erreinuko mezua jarri zaio eskuetan.

- «Hitzez eta egitez» bete behar du bere misioa. Markosen estiloa da, Jesusek esaten duena mirari batez egiztatzen du. Ikasleek ere horrelaxe: «hots egiten zuten; deabru asko uxatzen zuten» (Eb.).

Gu ere bidaliak gara gaur. Bizi naizen garaian eta tokian. Eta Ebanjelioan ikusten dugun ikasle-eredu hau benetan epai gertatzen da guztiontzat. Ni neu, hizketan ari natzaizun hau, nola noa Berri ona hots egitera? Zer indar ditut indar? Zertaz fidatzen naiz edo zer nolako jantziak jartzen dizkiot Ebanjelioko notiziari? Berri Onaren indarra askotxotan ez ote dugun gain-jantziz estaltzen, dotoreago, onargarriago, txalogarriago ager dadin!

Baina, jakina, ez naiz ni bakarrik izan bidalia. Apaiza bidalia den bezala, gizon eta emakume fededun oro ere bidalia da. Ezkontzan, lanean, hezkuntzan, negozioetan... fededuna bidalia da! Jesusek berak bidali du eta fededunen elkarteak bidaltzen du astero-astero, ari den eta bizi den tokian Berri Ona hots egin eta adieraz dezan. Askotan ez al dugu pentsatzen: ba, eliz gauzetan dabilena izan duk bidalia... ni trankil neure gauzetara. Eta bidalia izateak, ez du esan nahi beste gauza batzuk egin behar dituzunik. Baina egiten dituzunetan, eliz elkarteak bidalia, Jaunak berak bidalia sentitzen al zara? Egiten duzuna ez da «zure kontua», zeuri dagokizun arazoa.

Bidaliak garenez, lehentxeago eman ditugun profetaren ezaugarriak aztertu beharko genituzke:

- onartzen al dugu Elizaren eta eliztarraren «behartsu» izatea? Ahalbide pobreez eskandalizatzen al gara? Ez ote ditugu amets, garai bateko ahalmenak? Ebanjelioaren indar soilez ote goaz?;

- «prest» al goaz? Ez ote gaude eliz eginkizunak gehiegiz «profesionalizatuta»?;

- daramagun mezua «Erreinuko mezu xumea» al da? Ez ote ditugu beste eskaintza erakargarriagoak bilatzen askotan? Bihotz-berritzearen eskintzari gutxitxo irizten al diogu?;

- hitz hutsetan gelditzen ote gara? Gure hitzak ba al du «esperientziaren», «lekukotasunaren», indarrik eta egintzarik?

Eukaristia ospatzera goaz. San Paulok bigarren irakurgaian aipatu dituen Jainkoaren dohain oparoak ematen zaizkigu. Baina ez geuretzat. Bidaliak gara. «Zoazte Jaunaren bakean» esango zaigu. Hemen ongi «egon» gaitezen aurrena. Gero ongi eta pozik «joan» gaitezen bidali gaituen tokira.


Iñaki Beristain (2015-7-8)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Mk 6, 7-13)

Ez ogirik, ez zorrorik, ez diru sueltorik, ez aldatzeko jantzirik; soinekoa, oinetakoak eta bastoia. Ibiltzeko behar dena, bestelakorik ez die baimentzen Jesusek bere ikasleei. Ibiltzeko behar dutena, izan ere ibilian garatzen da ikaslearen bokazioa. Eta ibiltzea galarazten duen guztia, ibiltzea eragozten duen guztia, ez da ona ikaslearentzat, ezta ebanjelizatzaile izan nahi duenarentzat ere. Soinekoa, makila eta oinetakoak, nahikoa!

Soinekoa Berri Ona dute. Jesusek Aitaren erregetzaren Berri Ona eman die eta Berri Onaz jantzita doaz doazen tokira. Ez dute eranskinik behar, ez gainjantzirik ere. Beste gauza guztien biluztasunean erakutsiko dute Berri Onaren dohain betea. Beste estalki eta jantzi guztiek ez diete Berri Ona ezkutatu eta estali besterik egingo. Berri Onaren gorritasuna da Jesusen ikaslearen jantzi guztia.

Makila eskuan. Jesusek «espiritu lohien gaineko agintea» eman die eta eskuetako bastoi horrek horixe adieraz lezake, eman zaien agintea. Ez da boterea, ez da jendea azpian hartzeko baliabidea, ez da inor zapaltzeko handikeria. Gizon eta emakumeei kalte egiten dien guztiaren kontrako agintea da. Jendea pozteko agintea. Jendea libratzeko ahalmena. Batez ere, gizartean lotuenak zeudenentzat eraman behar zuten Berri Onaren egintza askatzailea. Makila, ez inor jotzeko, zokoratuak pozteko baino.

Eta oinetakoak. Ibiltzeko behar dutena. Itinerantzia da ikaslearen moldea. Biderako eginak gara. Kontua izango da bakoitzaren bizimoldea Jesusen eskabide honetara tolestatzea, baina, sakonean, gabiltzanean gabiltzala, bihotzaren desinstalazio hori beharrezkoa du Jesusen segizioan doanak. Ezin gaitezke, aski dugula pentsatuz, gaudenean habia eginda geratu. Beti bidea daukagu aurrean: barrurako bidea eta lagun hurkoarenganako bidea; eta, batez ere, pobreenenganako bide jirabiratsua.

Hau dena geure bizitzari edo Elizarenari egokitzean, ezin gaitezke, alde batetik, aingerukerian edo, bestetik, axolagabekerian erori. Asisko Frantzisko batek hitzez hitz jaso zuen ebanjelio-zati hau, eta sekulako eragina izan zuen orduko Elizan eta gizartean. Gaur egun erlijioso-biziera berritu nahi duenak hitz hauek benetan eta sakontasunez jaso beharko ditu; baina, barruko zintzotasunez, irakurketa berri bat eginez.

Laiko askori, hitz hauek bere bizimoldetik ihes egiten diotela konturatuta, kezka sortzen zaio bihotzean. Baina, laikoak ere bete dezake Jesusen jarduera-moldea, desinstalazioa eta barruko askatasun hori ezinbestekoak baitira Jesusen segizioan. Eta desinstalazio horrek zerikusia daukake pertsonaren alor guztietan: pertsonarteko harremanak, gizarteko maila, ekonomi alorra... Bakoitzak begiratu beharko du zer nolako askatasuna eskatzen zaion ari duen horretan.

Errezetarik ez dago; baina gauza batzuk argi daude. Esate baterako, erlijioso-bizierak beharko du bere bizi-molderako erakundea; baina daukan guztia behar al du? Gaurko Elizak ere beharko du oinarrizko erakundea munduan gauzak behar bezala egiteko; baina, daukanarekin edo ez daukanarekin, libre al da Jesusen Berri Ona hots egiteko? Zer irudi ari gara ematen gizartean? Gure eliz elkartea biderako libre al da? Ibilian al dabil sikira? Ez al gaude instalazio astun baten menpean lozorroan, irteteko beldurrez?

Gaurko ebanjelio-atalaren mezua hor dago gordin eta indartsu. Fededunok mezu horren ispiluan begiratu beharko dugu geure aurpegia eta geure eginkizuna. Eta fededun ez denak ere, libre izan nahi duen neurrian, hobe luke molde honen argitan bere azterketa egitea. Nolanahi ere, gure Elizak bokaziorik eza eta adierazgarritasunik eza eta arnasarik eza bere onean aztertu nahi baditu, beharbada gaurko ebanjelioaren eskakizunetatik hasi beharko luke azterketa egiten. Soinekoa, makila eta oinetakoak, besterik ez. Berri Onaren soinekoa. Gaitzari kontra egiteko makila. Eta askatasunaren bideetarako oinetakoak. Beste guztia, alferrikakoa ez ezik, fardel astuna da. Jesusek eskatzen digu biderako arin prantatzea.


Iñaki Beristain (2015-7-8)