PAZKO-ALDIKO V IGANDEA
B zikloaApostoluen Eginetatik 9,26-31
Egun haietan, Saulo, Jerusalena iritsi zenean, ikasleekin elkartu nahian zebilen. Denek, ordea, beldurra zioten; ez bait zuten uste ikasle zenik. Orduan Bernabek berekin hartu eta apostoluengana eraman zuen. Saulok, nola bidean Jauna ikusi zuen adierazi zien, nola Jaunak hitz egin zion, eta bera Damaskon Jesusen izenaz nola mintzatu zen jendearen aurrean.
Saulo haiekin zebilen, Jerusalenen sartu eta atera, Jaunaren izenaz jendearen aurrean mintzatuz. Grezi hizkuntzako judutarrekin ere hitzegiten zuen eta eztabaidak izan zituen. Baina haiek, hura nola hilko zebiltzan. Senideek, hori jakitean, Zesareara eraman zuten eta handik Tarsora bidali.
Eliza, berriz, bakean bizi zen Judea osoan, Galilean eta Samarian; eraikitzen zihoan Jaunari gero eta gehiago jarraituz, eta gero eta handiagoa egiten ari zen Espiritu Santuak eraginda.
ERANTZUN-SALMOA 21
BEDEINKATUA JAUNA,
GURE JAINKOA.
Beteko dut zin-hitza beldur diotenen aurrean,
behartsuek asetzeraino jango dute,
bila dabilzkionek Jauna dute goretsiko,
bizi bitez haien bihotzak betiko.
Nere anima, ordea, Harentzat biziko da,
haren morroi izango nere hazia.
Jaunaz mintzatuko zaie hurrengo gizaldiei,
Haren zuzentasuna iragarriko dio
sortzeko dagoen herriari: hauek ditu Jaunak egin.
San Joan Apostoluaren epistolatik 1 Jn 3,18-24
Ene semeok: Ez dezazuela hitzez eta ahoz maita, egiaz eta egitez baizik. Horretan ezagutuko dugu egiarengandik garela, eta lasaituko ditugu gure bihotzak Jainkoaren aurrean; gure bihotzak errudun garela esaten badigu ere, gure bihotza baino haundiagoa da Jainkoa, eta guztia dakiena.
Senide maiteok: bihotzak ez badigu esaten errudun garela, uste osoa dugu Jainkoagan. Eta eskatu-hala guztia hartzen dugu Jainkoarengandik, Haren aginduak betetzen bait ditugu eta Hari atsegin zaiona egiten.
Eta hau da Haren agindua: bere Seme Jesu Kristoren izenean sines dezagula eta elkar maita, Berak agindu zigun bezala. Haren aginduak betetzen dituena Jainkoarekin dago eta Jainkoa harekin; honetatik ezagutzen dugu gurekin dagoela: eman digun Espiritutik.
ALELUIA Zaudete Nigan eta Ni zuengan –dio Jaunak-;
Nigan dagoenak fruitu asko ematen du. Aleluia.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 15,1-8
Aldi hartan, honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Ni naiz egiazko mahatsondoa, eta nere Aita da mahastilaria. Neregan fruiturik ematen ez duen aihena, moztu egiten du; eta fruitu ematen duen guztia kimatu, fruitu gehiago eman dezan. Zuek, bai, garbi zaudete, Nik adierazi dizuedan hitzari esker. Zaudete Neregan eta Ni zuengan. Aihenak ez dezake berez fruiturik eman, mahatsondoan ez badago; ezta zuek ere, Neregan ez bazaudete.
Ni naiz mahatsondoa, eta zuek aihenak. Neregan dagoenak eta Ni harengan, fruitu asko ematen du; Ni gabe ezin bait duzue ezer egin. Neregan ez dagoena, aihena bezala kanpora botatzen dute eta ihartu egiten da; gero bildu eta sutara botatzen dituzte, eta erre egiten dira. Neregan bazaudete eta nere hitzak zuengan badaude, eskatu nahi duzuen guztia, eta izango duzue. Honek goresten du nere Aita; zuek fruitu ugaria emateak; horrela izango zarete nere ikasle”.
Homiliak
Senideok: ederra benetan! Mardula eta bakea sortzeko modukoa entzun dugun hitz hau. Pazkoa komunioa da. Pazkoa batasuna da. Pazkoa bizi berria da, Aitaren ametsak gertarazi dituen festa da. Mahatsondoaren eta aihenen kontakizuna zinez aproposa dugu batasun honen barne-gozoa jasotzeko.
Israeldarrentzat ez zen hizkera arrotza, mahatsondoarena. Itun Zaharrari zenbat aldiz entzun zioten irudi honen hizkuntzatan, Jainkoaren maitasunaren historia. Israel herria, Jainkoak barnetik maite zuen mahastia zen. Jainkoaren ametsak eta ardurak eta kezkak eta, mahasti horretan kokatzen ziren. Harriak kendu, hesiaz babestu, ureztatu, aitzurtu, mahatsondo onak landatu... auskalo zenbat axola! Baina, Itun Zaharreko horrek, ez zuen Aitaren bihotza erabat betetzen. Aitak beste sakontasun berri bat sortu nahi zuen. Beste historia sakonagoa, elkartasun bikainagoa, bategite gozoagoa!
Eta nahi berri horren haritik uler daiteke gaurko Ebanjelioa. Aitaren ametsa gertatu da. Jesus bera da Aitak munduaren mahastian landatu duen mahatsondoa. Aitaren maitasunean bota ditu Jesusek bere sustraiak. Eta Jesus berpiztuari zuztar horretatik datorkio bizi-zukua oparo, mardul, bete-betean. Mahatsondoa ezin da berean kabitu, Piztuera duzu horren adierazle. Eta gu mahatsondo horretan txertatu gaitu. Mahatsondoari bat eginda gaude. Eta oinetik oparo datorren bizi-zuku aberatsak, dena biziaz eta mugatu ezineko fruituz bete gaitu. Hortxe bete da Aitaren ametsa. Hori da Pazkoa: Aitak munduari mahatsondo berria eman dioneko festa!
Orain, giro horretan, berriro entzun behar zenituzke honako esaldiok: «Ni naiz egiazko mahatsondoa, eta zuek aihenak. Nigan dagoenak, eta Ni harengan, fruitu asko ematen du; Ni gabe ezin baituzue ezer egin. Honek goresten du nire Aita: zuek fruitu ugaria emateak». A zer batasun berria eta a zer bizimodu berria! Ez da nolanahikoa gure bokazioa. Ez gara, ez, edozertara deituak izan.
Hau guztia poesia, goi-mailako poesia dela pentsatu eta horretan gelditzea, gutxi izango litzateke, entzule. Mahatsondoaren historia hau gaur-gaurkoa da. Aurtengo Pazkoak ere lotu ezineko bihotza du. Eta gu Aitaren maitasunaren historia bezala ikusten gaitu. Aitak maite gaitu: askotan errepikatzeak indarra moteltzen ez dion egia pozgarria da hau. Aitak maite gaitu! Eta ni eta zu, bakoitza, banan-banan, kezka pertsonal bihurtu ez gatzaizkio ba! Eta kezka horretan bizi-maila berri batetatik bizitzeko aukeraz jantzi gaitu. Jesusengan, Berpiztuarengan txertatu, eta hari darion goi-zukutik bizi gaitezte.
Eta bizi gaitezkeela esatean, esan nahi dut bizi gaitezkeela Berpiztuaren bizitik, hortxe, eguneroko lanean, familiako harremanetan, herrigintzan, politikan, eguneroko sufrimendu beharrezko horretan, zure gaixotasunaren halabeharrean... hortxe! Eta badago koska ederra era batera edo bestera bizi! Zuk zein aukera hautatzen duzu: gauzak datozen bezala hartuz bizitze hutsarena edo Jainkoaren ametsak betez bizitzearena? Gu ez gara inor besteek nola bizi behar duten esateko, baina fedearen komunio berrian bizibide paregabea bizi dugula esateko bai. Halaxe data!
Honek guztiak beste alderdia ere badu, noski; zertan ukatu?! «Nigan fruiturik ematen ez duen aihena, moztu egiten du. Nigan ez dagoena, aihena bezala, kanpora botatzen dute eta ihartu egiten da». Egin kontu, entzule! Errazena mahatsondotik bereiztea baita. Eta iharturik erreta gelditzea!
Begira iezaiezu lehen-elkarteei. «Eliza, berriz, bakean bizi zen Judea osoan, Galilean eta Samarian; eraikitzen zihoan Jaunari gero eta leialago jarraituz, eta gero eta haundiagoa egiten ari zen, Espiritu Santuak eraginda». Garai bateko Saulo hura, gaur Elizaren mahasti berriari itsatsia ikusten dugu. Jainkoaren asmoa gertatzen ari dela erakusten duen argazkia da lehen-Elizarena. Eta, horrexegatik, bakea sumatzen zaio Elizari. Hazten doa, edertzen, ugaltzen... barne-izerdia darion mahatsondoaren indarretik bizi baita. Ez da berehala ihartuko!
Pazko-eskaintza eta poz honek, poza emateaz gain, ardura berezia ere eskatzen digu. Begira: mahatsondo honi itsatsirik bizitzea, ez pentsatu berezkoa denik. Ezta gutxiagorik ere! Entzun: «Hauxe da haren agindua: bere Seme Jesu Kristoren izenean sinets dezagula, eta elkar maita». Eta hau ez da beti zerbait agindu beharraren kontua! Sinesmenaren eta maitasunaren ur gozoa eskatzen zaizkigu. Bestela mahatsondotik aldenduak, ebakiak, biziko ginateke. Eta hori ez da ez Aitaren ametsa, ez eta geure betetasun pozgarria! Bokazio ederragoa opa diogu geure buruari. Ez al da hala?
Onenean honek guztiak poz sakona emango dizu, hobe hala balitz! Baina, akaso, zeure buruari esaten ariko zara, honek guztiak bizitzarako ez duela gehiegi balio! Lanaren arazoa, gizarteko nahasketa, irtenbiderik ez ikustea, elkarrekiko harremanetan bizi dugun tranpa-giroa, famili giroak nozitu duen etena eta... Hori guztia kezkagarria ikusten duzu, halaxe da-eta! Hortxe, hain zuzen ere, fededunaren eginkizun ederra: Pazkoari darion poza bizitzea! Poz horren testigantza uka-ezina ematea eguneroko jardun saiatuan. Giza-lan askatzailea egitea. Eta bizitze pozgarriaz, oihukatzea salbazioaren bizibide berria!
Orain Hitz honen mahaitik, Eukaristiaren mahaira pasatu behar dugu. Komunioa gertatzera doa beste behin. Mahatsondoarekin dugun batasuna berriztatzera goaz. Une ederra hauxe. Jaso dezagun aihenok mahatsondotik atertu-ezinean datorkigun bizi-zuku gozo bezain biziemailea. Eta poztu gaitezen bizipozez, Pazkoko batasunean aurkitzen baikara! Sinesten al duzu? Esazu baietz!
Iñaki Beristain (2015-4-27)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Jn 15, 1-8)
Ikusi izan ditugu negu gorrian mahatsondotik ebakitako aihen lehorrak. Inoiz biltzen jardun ere bai Oliteko mahasti ederretan. Abendu-urtarrilean pilatzen diren aihenen zoria sua izaten da gehienetan. Eta su ederra egiten dute, gainera. Mahatsa eman zutenetik hiltzen hasi ziren eta aihen berriei egin behar diete lekua. Alferrikako bihurtu dira eta erre egiten dira.
Irudi horretaz baliatu da Jesus, fedezko atxikimendua falta duenaren zoria azaltzeko. «Niregan irauten ez duena aihena bezalakoa da». Sutarako da, alegia. Erreta bizi da eta irtenbide gutxi datozkio parera horrelakoari. Eta ez naiz ari, noski, fededuna eta fedegabea bata bestearengandik bereizi nahirik, bata salbatua eta bestea erretzera kondenatua leudekeela esateko. Ez! Fededunez ari naiz batik bat, fededunen artean ere bai baita atxikimendua sakonetik bizi duenik eta bai baita enborretik askatu den aihenarena egiten duenik ere. Ez daukagu besteei begiratu beharrik.
Aihenak lezio asko uzten du, ikasteko. «Aihenak ezin dezake berez fruiturik eman, mahatsondoan ez badago». Mahatsondotik datorkio fruitua emanarazten dion bizi-zukua. Bestea ere egia da: mahatsondoak ez luke fruiturik emango, baldin eta aihenik ez balu. Halatsu guregan: guk ezin dugu geurez Ebanjelioko fruiturik eman, Jesusi atxikita ez bada. Jesusekiko lotura bizitzaile horrek sorrarazten ditu guregan bizi-aleak. Eta Jesusek gu behar gaitu, bere Ebanjelioaren fruituak gizartean azalarazteko. Guk Jesusengandik daukagu bizia eta Jesusek guregan erakusten du bizia.
Beste lezioa. Aihenak ez du berari dagokion fruitua ematen, enborretik datorren zukuari dagokiona baizik. Eta, gure kasuan, Jesusen enborretik datorren bizia «ugaria» da, «oparoa». Eta horixe da harrigarria: geure eskasian eta txikian Berri Onaren fruitu handiak eman ahal ditugula. Jesusek gure txikia eta ahula aukeratu duela bere «jainkozko» dohainak gizartean zabaltzeko. Geure txikian egundoko bokazio handia jaso dugu, eta fruitu ugari eman dezakegu.
Beste lezioa, bistakoa eta lehen aipatu duguna: aihenaren zoria sua dela, Jesusi atxikita izan ezik. Eta galdetzen dut: gaurko Elizari ez ote zaio «suaren» zoria gaineratu, Jesusekiko atxikimendua landu beharrean bestelako gauza askotan galdu garelako? Gobernuaren legeak, egia segurua, doktrina zuzena, barne-sekularizazioa, teologi liskarrak... Horiek al dira gure lehen arazoak? Horiek al dira, garrantzitsuenetik hasteko, dauzkagun arazo garrantzutsuenak?
Nire ustez, bada aurreragokorik. Eta lehenengoa Jesusekiko atxikimendu afektiboa da. Gaur egunean «kristau» asko ikusten da Jesusekiko harremana zer den eta nola bidera daitekeen ez dakiena. Eta okerragoa ere bai: asko ikusten da harreman horri eta beraren eskasiari inolako garrantzirik ematen ez diona. Eta hori bai dela gaurko Elizak bizi duen «barne-sekularizazioa». Zer geratzen zaigu Jesusekiko harremana falta denean? Zertarako ditugu doktrina zehatzak eta seguruak, Jesus nor den ez dakigunean? Zertarako ditugu teologia bermatuak, azkenean norekin gabiltzan ez badakigu?
Zoritxarrez, ez dut uste gutxi batzuen arazoaz ari naizenik. Ez dut uste, aipatu dudan arazoa neure buruaren kreazio fantasiazkoa denik.
Gero, gaizki gabiltza, gure elizetan ez dago bizi-indar handirik, jendea joan egin zaigu, gelditu dena oso txepel ikusten dugu, etorkizunak etsipena sortzen digu, ilusioa falta zaigu, elkarte-sena oso ahuldua daukagu, pastoral eragile sutsuak falta zaizkigu, laikoak ez dakigu eliz barruan nola eta zertan jarri, gizartean bete behar genukeen misioaren soslaia urtuta daukagu, gure «kristau» asko erreta dago... Gure egoera eta gauzak. Bai, beti sutan, beti erreta!
Iñaki Beristain (2015-4-27)