BAZKO-ALDIKO II IGANDEA

B zikloa

Sarrerako antifona


Ume jaio-berriak bezala, irrika ezazue egiazko esne garbia, haren bitartez osasuntsu hazi zaitezten salbamenerako. Aleluia.

Kolekta otoitza


Betiereko errukiaren Jainko Jauna,
Bazko-jaietan berritu egiten duzu zeure herriaren fedea;
handi ezazu guregan Zuk emandako grazia;
hobeki ikus dezagun, nolako Bataioak garbitu gaituen,
nolako Espirituak biziberritu eta nolako Odolak erosi.
Zure Seme Jesu Kristo… AMEN.

Apostoluen Eginetatik 4,32-35


Sinestedunen taldeko guztiak bat ziren bihotzez eta gogoz. Eta inork ere ez zuen esaten, bere gauzak bereak zituenik; guztia guztiena zuten. Apostoluek kementsu ematen zuten Jesus Jaunaren biztueraren aitormena, eta guztiak oso ongi ikusiak ziren.
Ez zen behartsurik haien artean. Izan ere, lurrak edo etxeak zituztenek saldu egiten zituzten, eta haien saria ekarri eta apostoluen oinetan ipintzen zuten, eta handik ematen zitzaion bakoitzari behar zuena.

ERANTZUN SALMOA 117


ESKERRAK JAUNARI,
HAREN MAITASUNA BETIKOA BAIT DA.
“Jaunaren eskuinak nau altxatu,
Jaunaren eskuina bizkor da jokatu”.
Hil ez, baino bizi naiz egingo,
Jaunaren eginak nik oihu egingo.
Zigortu nau Jaunak, zigortu,
baina ez nau heriotzaratu.
Etxegileek baztertutako harria
berori gertatu da giltzarria.
Jaunak egin du hori,
gure begien harrigarri.
Hau da Jaunak egin duen eguna,
gu pozteko eta alaitzeko eguna.

San Joanen lehenengo epistolatik 1 Jn. 5,1-6


Senide maiteok:
Jesus Mesias dela sinesten duen guztia
Jaungoikoarengandik jaio da,
Eta biziemailea maite duenak
biziemailearengandik jaioa ere maite du.
Honetan ezagutzen dugu,
Jaungoikoaren semeak maite ditugula:
Jaungoikoa maite badugu,
eta Haren aginduak betetzen baditugu;
hau da, izan ere, Jaungoikoa maitatzea:
Haren aginduak betetzea.
Eta Haren aginduak ez dira astunak.
Jaungoikoarengandik jaio den guztiak
garaitzen bait du mundua;
eta mundua garaitu duen garaipena hau da:
gure sinesmena.
Izan ere, nor da mundua garaitzen duena,
Jesus Jaungoikoaren Semea dela
sinesten duena baizik?
Hau da urez eta odolez etorri zena: Jesu Kristo.
Ez urez bakarrik, urez eta odolez baizik;
Espiritua da, honetaz aitormen egin duena,
eta Espiritua egia da.

ALELUIA


Ikusi nauzulako sinestu al duzu? –dio Jaunak-;
zorionekoak, ikusi gabe sinesten dutenak. ALELUIA

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20,19-31


Astearen lehenengo eguneko ilunabarrean, etxe batetan bildurik zeuden ikasleak, ateak itxita, judutarren beldurrez. Sartu zen Jesus, eta, haien erdian zutik, honela esan zien:
- “Bakea zuekin”.
Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Eta ikasleak pozez beterik gelditu ziren, Jauna ikustean. Jesusek berriz ere:
- “Bakea zuekin. Aitak Ni bidali nauen bezala, Nik ere bidaltzen zaituztet zuek”.
Eta hori esanez, haizeman zuen haien gainera, eta esan zien: “Har ezazue Espiritu Santua: zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei, barkatuak gelditzen zaizkie; eta lotzen dizkiezuenei, lotuak gelditzen zaizkie”.
Tomas, ordea, Hamabietako bat, Bizkia zeritzana, ez zegoen besteekin batean Jesus etorri zenean. Beste ikasleek esan zioten: ‘Jauna ikusi dugu’
Tomasek, ordea:
- ‘Haren eskuetan iltzezuloak ikusten ez baditut, nire behatza Haren iltzezuloetan sartzen ez badut, eta nire eskua Haren saihetsean, ez dut sinetsiko’.
Handik zortzi egunera, berriz ere barruan zeuden ikasleak, eta Tomas haiekin. Sartu zen Jesus, ateak itxirik zeudela, eta haien erdian zutik honela esan zien:
- “Bakea zuekin”.
Gero Tomasi:
- “Ekatzu behatz hori, hona hemen nire eskuak; ekatzu esku hori, eta sar ezazu nire saihetsean; eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik”.
Tomasek erantzun zion:
-‘Ene Jauna eta ene Jaungoikoa!’
Eta Jesuek:
- “Ikusi nauzulako zinetsi al duzu? Zorionekoak, ikusi gabe sinesten dutenak”.
Beste ezaugarri asko ere egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean; baina ez daude idatzirik liburu honetan; idatzirik daudenak, honetarako daude idatzirik: sinets dezazuen Jesus Mesias dela –Jaungoikoaren Semea-, eta hori sinetsirik, Haren izenean bizia izan dezazuen.


Homiliak

Pazkoan gaude, adiskidea. Pazkoan, Jesus berpiztuaren festa eder eta azkengabekoan, alegia. Ederra da Pazkoa ospatzea. Ederra da, elkartu eta gure izatearen oinarriarekin topo egitea. "Kristo berpiztuaren presentzia presente bizi dugu. Aleluia!". Ederra da, Pazkoaren argitan, elkarri esperantzaren eskua ematea. Ederra da, bizi garen mundua Pazkoaren argiaz eta testigantzaz edertzea. Ederra!

Astearen lehenengo eguna dugu gure kristau izatearen oinarri, ikasleentzat izan zen bezalaxe bestalde. Izan ere, gure kristau izateak, Jesusen presentzia du oinarri eta sorburu. Eta guk presentzia hori ospatzen dugu elkarturik. Astean zehar, bakoitza geure lanetan eta eginkizunetan ibili gara. Eta igandeak elkarrengana inguratu gaitu. Eta gure elkartzea bera Berpiztuaren presentzia bihurtu zaigu. Pazkoak sortu du igandea. Pazkoak sortu du elkartea. Pazkoak ugaltzen du gure elkartea. Hark erakarririk baikaude pozik elkarrekin. Elkarrekin eta Jaunarekin! Igandero-igandero berriztatzen dugun misterio honek poza eta sentidua ematen dio gure kristau bizitza osoari.

Pentsatzen jarrita, handia da elkarri Meza barruan askotan egiten diogun agurra: Jauna zuekin! Eta zure espirituarekin! Handia da Jaunak guri bere hitza esatea. Handia, Jesus Eukaristiako ogian presente egin eta gure bihotzetara sartzea, gure janari egitea. Handia da igandero ospatzen dugun Pazko-misterioa. Horregatik, fededunontzat igandea ez da bete beharreko lege huts bat. Kristori eskaintzen diogun eguna da. Edo, nahiago baduzu: Kristo gure erdian presente egiten zaigun eguna, gure artean bizi dela erakusten digun eguna. Gure beldurraren hormak puskatzen dituen eguna. Eta presente eginez, bere Espiritua, bere indarra eta bere poza ematen dizkigu. Eta berriro mundura bidaltzen gaitu, han maitasunaren poza eta bakearen gozoa bizi ditzagun geure senideekin.

Pazkoa da. Igande bakoitza Pazkoa da. Eta Pazkotik elkarte berria sortzen da. Lehenengo irakurgaian ikusi dugun giza-talde berezi hura Pazkotik bizi da. Pazkotik eta Pazkoan. Pazkoak giza-talde berezia eratzen baitu beti:

- Senide bezala bizi den elkartea. Guztiak bat ziren. Inork ez zeuzkan bere gauzak beretzat, denentzat baizik, behartsuekin banatuz. Pazkoak adierazten eta egiten duen bizimodu berria. Hitzek baino gehiago balio duen bizimodua.

- Bedeinkazio baten girotan bizi den elkartea. Sufrimenduak onartzen dakien elkartea. Eguneroko bizitzaren gogorrean, Jaunaren presentzia bizi duen elkartea. Sinesmenean sendotua, Pedrok esan digun bezala.

- Eta misioa bizi duen elkartea. “Aitak ni bidali nauen bezala...”. Bere beldurretatik atera eta munduan bere aitorpena bizi duen elkartea. Pazkoa, bere muinean, munduarentzako mezu askatzailea baita. Eta hori ezin ahaz dezake fededunak.

Gure igandeko batzar honek izango ote du indar hori? Guk ere, Tomasek ez ezik, behar dugu geure fedean astinaldi eder bat. Tomas bezalaxe, gu ere geure minaren eta geure ezinen nostalgian babestuta geratzen baikara. Gauza gogorregiak gertatu zitzaizkion Tomasi, gauzak errazegi sinesteko. Eta min hura ez zuen azkarregi eta samurregi utzi nahi. Guk ere sufritu egiten dugu. Guretzat ere bizimodua gogorra da. Eta Jesus berpiztuak poza eman dezakeela... eta egiazko sentidu berria eman diezaiokeela sufrimenduari... eta benetako askatasuna eman diezagukeela... eta... ez dugu errazegi sinetsi nahi. Eta geure babesetan ondo gordeta gelditzea maite dugu. Geure tristurek tristetu egiten gaituzte, baina gureak dira eta ez ditugu berehala batean uzten. “Zatoz, Tomas...”. Hustu ezazu zure bihotzeko samin erre eta gazi-gozo hori. Errenditu zaitez, gizona! Aska ezazu zure barru hori! Ekatzu zure beldurra, zure zalantza, zure negarra... Ai, sinestsiko bagenu! Ai, gure ezinak Jaunari entregatuko bagenizkio! Biziera berri baten barne-ahalmen eragilea sentituko genuke. Ahulak izan arren, ez genuke atzera egingo. Berpiztuaren presentziak horrelakoxe indarra ematen baitigu! Pazko-indarra!

Tomas berriro jaio zen bere barrua ireki zuenean. Bere loturak etenak ikusi zituen. Zerk lotzen nau ni, ez sinesteko? Zeri heltzen diot? Zergatik begiratzen diot beldurrez Jesusekiko topaketari? Zerk eramaten nau, ikasleak bezalaxe, ateak itxita edukitzera? Pazkoko askatasunaren esperientzia askatzailea bizi behar dugu. Barrua libratu eta misiora irten behar dugu. Anaia sufritu asko daukagu inguruan Pazkoko Berri Onaren zain. Jesusek bere Espiritua eman digu gure ingurukoen samina goza dezagun. Horrek sufrimendua erakarriko digu San Pedrok esan digun bezala. Sufritzen dutenen sufrimendua da, pobreen sufrimendua, gaixoen gaixotasuna, zokoratuen bakardadea. Eta misioa horixe da, Pazkoak gorputza har dezala sufritzen duten horiek guztiengan. Sufritzen dutenen sufrimendua poztuko bagenu, «esan ezin halako poz handiz» alaituko ginateke eta gure «sinesmenaren helburua iritsiko» genuke, geure burua Pazko-pozez askatua ikustea!

Eukaristia honetan ere, Pazko da. Jesusen gorputz berpiztuan sartuko ditugu gure bizitzak. Eta biziko gara. Eta sinetsiko dugu. Eta Jesusek goitik behera berrituko gaitu, buila eta arrakasta gehiegirik gabe bada ere. Eta orduan konturatuko gara igandea dugula bizi dugunaren bihotz eta poz-indar!

Ospa dezagun Eukaristia, Pazko-sakramentua. Eta bizi gaitezen!


Iñaki Beristain (2015-4-7)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 20, 19-31)

Urtero irakurtzen dugun ebanjelio-atal hau esanahi eta eduki oparoz betea datorkigu. Jesusen piztuerak, badakit, arazo asko sortzen dio zenbaiti, gauzak buruaren poderioz ulertu nahi dituenari. Hemen buruak badu zeregina, baina zeregin askoz handiagoa sinesmenak, bihotzak.

«Jauna ikusi dugu» esaten dute ikasleek pozik asko. «Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak» esaten du Jesusek. Ez al daude bata bestearen kontra ikustea eta ez ikustea? Hala esango genuke. Baina, ikusi duten ikasleek zer ikusi dute? Bakezko agurra egin orduko, Jesusek «eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien». Gurutzean hildakoa dela azaltzen die. Bera dela, alegia. Jesus dela aurrean daukatena. Ezaugarri berak ikustea eskatuko du Tomasek, sinetsi ahal izateko.

Jesusek sinesmena eskatzen du, ordea, bera ezagutzeko. Zenbat aldiz agertu zitzaien Jesus bere ikasleei, eta «haiek ez zuten ezagutu». Zer itxura zeukan Jesusek berpizturik? Nolakoa zen haren gorputz berpiztua? Nolanahi ere berezia, ikusi arren ez ezagutzeko. Hortik konturatzen gara, ikusi arren sinestea ezinbestekoa dela Jesus ezagutzeko. Begiez ezaugarriak ikusten dira, Jesus sinesmenez bakarrik ikus daiteke. Sinesmenak ikusten duena ezin dezakete begiek ikusi.

Tomasen sinesmen-bidea aztertzekoa da. Besteek ikusi dutenaz eta haien aitorpenaz ez da fidatzen. Berak konprobatu nahi ditu gauzak. Auzia bere esperientziaz ondo lotu nahi du. Jesusen inguruan bizi izandako frustrazioa ilunegia zen, berriro ere sineskerian erortzeko.

Tomasi ere, beste ikasleei erakutsitakoak erakusten dizkio: eskuak eta saihetsa. Eta Tomas errendituta ahuspezten da. «Ene Jauna eta ene Jainkoa!». Ikusi du eta sinetsi du! Hemen adierazten du, ordea, Jesusek printzipio nagusia: «Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak».

Guk zer bizi dugu? Eta nola bizi dugu Jesusenganako harremana? Guk zer ikusten dugu? Alde batetik, «ikusi» zuten ikasleen testigantza daukagu. Inportantea. Gure sinesmena apostoluen testigantza horretan oinarritzen da. Beste aldetik, sakramentuak dauzkagu, seinaleak, ezaugarriak, zeinuak. Eukaristiako ogia. Bataioko ura. Espirituaren olioa. Esku ezartzea. Hitza. Ikusten ditugun ezaugarriak horiexek dira.

Ezaugarri hitza erabiltzen dut, horixe esan nahi duelako: Jesus ezagutzera ematen diguten gauzak. Sakramentuok (seinaleok) garrantzia hartzen dute eta daukate, Jesus bera ezagutzeko balio diguten neurrian. Ez bestela, Baina, horietan Jesusi antz emateko begi bereziak beharko dira ba? Noski! Sinesmenaren begiak behar dira. Sinesmenak bakarrik daki, ikusten ez dena ikusten.

Adibide bat jarriko dizut. Eraztun bat bilatzen duzu lurrean. Zer da eraztun hori? Izan daiteke, metal zati bat, besterik gabe. Urrea edo zilarra edo nahi dena. Metalaren balioa leukake. Izan daiteke, norbaiten oroipen baliozkoa. Bere amak norbaiti utzi zion oroigarri maitasunezkoa. Izan daiteke, pertsona baten maitasun-dohaina. Bere maitasuna azaltzeko eta bere presentzia betirako erakusteko eraztuna. Kasu honetan, pertsona baten ikuskizun bihurtzen da metalezko eraztun hori.

Aldareko ogia izan daiteke ogi xinple eta gustu gabeko bat. Edo izan daiteke Jesus beraren «eraztuna». Batek ez du ogi horretan ezer ikusiko. Beteak, berriz, Jesus bera ikusiko du.

Beraz, ikusi ala ez ikusi? Jesus berpiztuaz ari garelarik, sinesmenaren begiek bakarrik dakite ikusi behar dena ikusten. Eta ikusmen berezi hori ezin dezakegu guk geurez lortu. Dohaina da. Sinestea dohaina da.

Batek sinesten du. Besteak ez du sinesten. Batek argumentuak eskatzen ditu. Besteak aski du apaltasunez begiratzea. Maitasuna ez baitago demostratzerik. Maitasuna beti sinetsi egiten da. Ikusi edo ez ikusi, sinestea da balio duena.


Iñaki Beristain (2015-4-7)