JAUNAREN JAIOTZA

B zikloa

Eguneko Eukaristia


Isaias profetaren liburutik 52,7-10
Bai ederrak direla mendi gainetan,
bakea hots egiten duen mezulariaren oinak!
Berri ona zabaltzen
eta salbamena iragartzen dabilenarenak!
Sioni ‘gure Jainkoa errege da’
esaten dionarenak!
Entzun: zure zaintzaileak oihuka ari dira,
irrintzika, guztiak batera;
aurrez aurre ikusten bait dute Jauna,
berriro Siona datorrela.
Ekin kantari, guztiok batera,
Jerusalengo horma zahar eroriok;
poztu bait du Jaunak bere herria;
eta berrerosi du Jerusalem.
Herri guztien aurrean erakutsi du Jaunak
bere beso santuaren indarra;
eta lurbiraren bazter guztiek ikusiko dute
gure Jaungoikoaren salbamena.

ERANTZUN-SALMOA 97


IKUSI DUTE LUR MUGA DENEK
GURE JAINKOAGANDIKO GARAIPENA.
Kanta Jaunari kantu berri,
egin bait ditu hainbat harrigarri.
Bere eskuinak eman dio garaipena,
bere beso santuak.
Ezaguterazi du Jaunak Beragandiko garaipena,
agertu du atzerrien aurrean bere zuzentasuna.
On eta leial izan dela gogoratu du,
Israel etxeari buruz.

Hebertarrei egindako epistolatik 1,1-6


Askotan eta era askotara hitz egin zien Jaungoikoak Profeten bidez aspalditik gure arbasoei; eta azkenak diren egun hauetan, Semearen bidez hitz egin digu. Seme hau egin zuen gauza guztien oinordeko; eta Beraren bidez egin zuen mundua ere.
Bera da, Aitaren aintzaren argi dizdiratsu eta Haren izatearen irudi. Berak eusten die gauza guztiei bere hitz indartsuz. Eta bekatuen garbikuntza egin ondoren, goienean Guztiz Haundiaren eskuin-aldean jarririk dago; zenbat eta aingeruek baino goragoko izena jaso duen, hainbat eta haiek baino gorago jarria.
Izan ere, zein aingeruri esan dio inoiz: “Nere Seme zara Zu; Nik zaitut gaur Zu sortu”? eta beste behin: “Aita izango nau Harek Ni, eta Hura Seme izango dut Nik”?
Eta beste behin, bere Semea munduan sartzerakoan, honela dio: “Gur bezate Jaungoikoaren aingeru guztiek”.

ALELUIA Egun santu bat zabaldu zaigu:


zatozte, herriak; gurtu ezazue Jauna;
argi haundi bat jaitsi da gaur lurrera. ALELUIA

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 1,1-18


Hasieran ba zen Hitza;
eta Hitza Jaungoikoarekin zen;
eta Jaungoiko zen Hitza.
Hitz hau hasieran Jaungoikoarekin zen.
Dena Hitzaren bidez egina da;
eta egindakoetan ez da ezer Hura gabe eginik.
Harengan zen bizia.
Eta bizia gizonen argia zen.
Argiak ilunbetan argi egiten du;
baina ilunak Hura ez zuen onartu.
[Agertu zen gizon bat, Jaungoikoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen: argiaren aitormen egitera, haren bidez sinets zezaten. Bera ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik.]
Hitza zen, mundura etorritako gizon oro
argitzen duen egiazko argia.
Munduan zegoen;
eta mundua Haren bidez egina da;
baina munduak ez zuen ezagutu.
Bereetara etorri zen,
eta bereek ez zuten onartu.
Onartu zuten guztiei, berriz,
Jaungoikoaren seme-alaba izateko eskubidea eman zien,
Haren izenean sinesten badute.
Hauek ez dira odoletik sortu,
ez haragiaren nahieratik,
ezta gizonaren nahieratik ere;
Jaungoikoarengandik baizik.
Eta Hitza haragi egin zen,
eta gure artean jarri zuen bizilekua;
eta geuk ikusi dugu Haren aintza,
Aitaren Seme bakarrari dagokion aintza,
graziaz eta egiaz betea.
[Joanek Hartaz egiten zuen aitormen, oihuka esanez:
- ‘Hau zen, nik esan nizuen Hura: Nire ondoren datorrena nire aurrean jarria izan da, ni baino lehenagokoa bait zen’.
Eta Haren betearen betetik, grazia graziaren gain hartu dugu guztiok. Legea Moisesen bidez emana izan da; grazia eta egia, berriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jaungoikoa ez du inork ikusi; Aitaren altzoan dagoen Seme bakkarak eman digu Haren berri.]


Homiliak

Eguberri etortzen zaigunean, gerta liteke ondoezik eta deseroso sentitzea geure barrua. Ematen du ez daukagula geure inguruan behar bezalako baldintzarik, ospatzen dugun festa ospatzeko.

Eta beharbada ondo etorriko zaigu ondoez hori sentitzea. Askoz txarragoa eta zitalagoa izango litzateke festaren gainetik ganora gabe eta arinki pasatzea. Behin baino gehiagotan pentsatzen dut, gure Eguberrik, gutxienera jota, tripako mina utzi beharko ligukeela ondorio.

Izan ere, gure Eguberri oso zuzenkontrakoa da. Sekulako festa egiten dugu, sekulako zaratak ateratzen ditugu, sekulako kontsumoa bideratzen dugu... eta horrekin guztiarekin zer? Zerbait ospatzen ari gara? Ala, barrutik sortzen ez zaigun poza beste bideren batetik sortu eta lortu nahian gabiltza?

Eguberriri barrua jan diogu eta orain azal hutsa geratu zaigu ospatzeko, ez al da hala? Eta azal hutsaren festak pauso motza du.

«Bereetara etorri zen, eta bereek ez zuten o­nar­tu». Eta Eguberriko Jaunari ateak itxi zaizkionean, Eguberri horrek pozaren iturria galtzen du. Eta hortik aurrera, direnak eta bi asma di­tzakegu festa sortzeko. Ez alferrik! Iturria ixten denean, ez dago urik.

Nondik letorkioke Eguberriri poza eta festa? Bidea bakarra dela uste dut. Eguberri eskaintzea pobreei. Gure Eguberrik ireki ditzala bere ateak, beharrean dauden guztiek izan dezaten Eguberriko festa. Eguberri guztiengana iristarazten ez dugun bitartean, geuk ere ez dugu Eguberri izango.

Geure ingurura begiratu besterik ez daukagu. Zenbat jende arrazoi desberdinengatik sufritzen eta aurrera egin ezinik! Zenbat jende Eguberriko berotik kanpo, kale gorrian hotzak! Kanpoko hotzetik barruko berora leize handiegia dago, hori festabide izateko.

Jesus ez zen munduan jaio etxeko beroan, mendiko hotzetan baino. Gaur ere Jesus ez da jaioko gure festa beroetan, kale gorriko beharraren altzoan baino. Eta gure etxeetako berotasunak utzi eta kaleko hotzetara bildu beharko dugu, baldin eta Eguberri jatorrizkoa gozatu nahi baldin badugu.

Eguberrik ez du ametitzen duintasunik eza dakarren ezberdintasunik. Eguberrik Jainkoaren seme-alaba izatearen mezua ekarri digu; baina mezu hori guztientzakoa da. Eta guztientzakoa ez den bitartean, Eguberriri bihotza kentzen ari gara.

Zer egin? Gure etxeak pixka bat hoztuko badira ere, ateak ireki. Gure senide-batzarrari zabalera handiagoa eman, gizon-emakume guztiak senidetzat harturik. Gutxiago jan eta edan, prestatuta daukaguna jende gehiagorekin banatzen dugulako. Eguberri, hitz batean, kalean eta kalekoekin ospatu.

Eta horixe beste biderik ez dago, Eguberri guztientzako fes­ta bihurtzea alegia, gure bizitzak benetako poza eta edertasuna senti ditzan. Askoz gehiago ematen du pobre batek diru guztiek baino. Gure etxera askoz alaitasun gehiago ekarriko du kaleko eskale batek, gure soinu eta gabon-kanta guztiek bai­no. Eguberri zenbat eta zabalagoa, orduan eta alaiagoa izango dela bistako esperientzia da.

Norbaitek hala ez dela uste izango balu, alferrik da eztabaidan hastea. Nahikoa da proba egitea. Esperientziak ez baitira argumentuz demostratzen, esperientzia bera biziaraziz bai­zik. Eta beharbada, batek aitortu berharko luke, oraindik ere benetako Eguberriren esperientzia bizitzeko daukala.

Aurtengoa izan daiteke lehenengoa. Aurtengo Eguberrik za­bal diezaguke gure barrua bete-betean, eta sentiaraz diezaguke Jesusen misterioaren edertasun guzti-guztia. Baina horretarako, gure Eguberrik mugak gainditu beharra dauka, ateak ireki beharra, pozari zabalera berria eman beharra.

Gure Eguberrik denentzakoa beharko luke izan, benetako Eguberri izatekotan. Geure buruari begira, geure ongizateaz kezkaturik, kontsumismoaren atzaparretan inolaz ase ezinik, ez dugu onik izango Eguberritan.

«Harengan zen bizia. Eta bizia gizakien argia zen». Hark egin zigun Eguberri, guri bizia bete-betean emanez. Guk ere halaxe egingo dugu, besteei Eguberri eginez.

Eguberri guztientzat!


Iñaki Beristain (2014-12-22)



Beti bidean, beti bila

(Ebanjelioa: Jn 11-18)

Berriro ere Eguberri dugu. Berriro ere Egun berri, Eguzki berri. Argi berri baten distirak poztu du Belengo gaua, izadiaren iluntasuna. Jaunaren nahiak gozotasunez jantzi du ezinaren laztasuna. Orain dena berri da, de­na argi, dena gozo. Mundu berri baten mezu ustekabeak ukitu gaitu bihotz-barrenean. Bizi-deia egin zaigu, eta bizi gaitezke. Eta bizi-deiak oinarrizko geure bokaziora berbidaltzen gaitu, gizatasunaren bokazio duin eta santura.

Gauaren isiltasunean gertatu da gertatzekoa. Misterioa, izarren giro apalean. Gauaren sakonenari sortu zaio argia bere sabelean. Ezinaren mututasun saminenean erne da Hitza. Gauza guztiek atseden hartzen zuten une itzalian egin du Jainkoak bere lana eta bere egintza. Gizakiok gelditu garenean abiatu da Jainkoa doanezko bere lana egitera. Eguberriz gertatzen zaiguna ez baita gurea edo guk egina, Jainkoarena da, Jainkoak egina. Gizakia isildu denean hitz egin du Jainkoak, Hitz egin da Jainkoa.

Eta orain zer? Orain kreazio berria, «haren bidez egina izan baita guztia». Orain bizia, «Hitzean bai baitzen bizia», «Hitza baitzen bizia». Orain argia, «argiak argi egin baitu ilunpetan».

Eta orain hasi da borroka, argiaren eta ilunpearen arteko borroka. Jainkoari bidea itxi nahi dion ilunaren eta dena berri egin nahi duen Hitzaren arteko borroka. Orain borroka, dena hilarazi nahi duen itxikeriaren eta dena biziarazi nahi duen Hitzaren artean. Borroka, misterioa ezagutarazi nahi digun argiaren eta gure adimenak lokartu nahi dituen gaitzaren artean. Borroka, heriotzaren eta biziaren artean.

Eta borroka honen erdian aurkitzen gara gu. Zer apustu egin nahi dugu? Ilunaren aldeko apustua ala argiaren aldekoa? Geure argi txikiegien lehia galduan ibiliko ote gara, argi handia alde batera utzita? Bizi ustez, heriotzaren aldeko apustua egingo ote dugu, biziarena egin beharrean: geure gauzak, geure kontsumokeria, geure injustizia, geure ustekeriak, geure proiektuak, geure asmo handiak...! Inguruan sortu ditugun pobreenganako begirada zabalik eramango ote dugu ala dena geure arazoetara bilduko ote dugu? Zein da, zeinen aldekoa da gure apustua, nirea eta zurea?

Orain zer, adiskidea? Gauza bat ez genuke ahaztu behar: Jainkoak ahalegin handiegia egin duela guregana hurbiltzeko, bere biziko ahalegina bere argia gure ilunpetan pizteko, heriotzarainoko ahalegina gure heriotzetik bizia ateratzeko. Eta ez genuke Jainkoaren ahalegin hori ezerezean urtzen utzi behar. «Mundura etorri zen eta munduak ez zuen ezagutu». «Bereetara etorri zen eta bereek ez zuten hartu». Jainkoaren maitasunaren eta gure itsukeriaren arteko betiko borroka!

Hala ere, Jaunari ateak irekitzea, Jaunari sartzen uztea, Jaunari bere egintza egiten uztea, ez da gure ahaleginaren emaitza. Maria Jainkoaren Espirituak hartu zuen misterioa gertarazteko. Guregan ere hala da: guk ezin dugu, ez baita gure neurriko gertaera. Hau Jainkoarena da eta Jaunak egin behar du gure sinesmenaren sabel apalean. Jainkoaren Espirituak bere itzalean hartuko gaitu, eta gertatuko da, gertatzekoa gertatuko da!

Orduan, gertatzean, konturatzen zara, gertatu zaizuna ez dela guk espero genezakeena. Gure eguneroko biziera eta ahalegin txikietan gertatzen da, baina gertatzen dena ikaragarri handia da. Gure zatarkerien baldarretan gertatzen da, baina ikaragarri ederra da. Gure ilunpe bekatarian gertatzen da, baina dohain graziazkoa da, dohain paregabea. Gure gizatasun zaurituan gertatzen da, baina hau Jainkoarena da, jainkozkoa da, Jainkoaren egintza sendatzailea da. Belengo haitzuloko aska zikina Jesusen gorputz txikiak edertu zuen bezala, gure bekatua ere Jaunaren presentzia txiki-handiak edertzen du. Gure bekatua ere ederra izateraino!

Etsita? Ez noski! Triste? Ezta pentsatu ere! Frustratua? Zergatik, Jainkoak maitatu baldin bazaitu! Etorkizuna itzalita? Baita zera ere, Jainkoak argi guztiak piztu dituenean! Zer esan ez dakizula, harriturik? Hori bai, iluntasunean Hitza entzun da-ta, dena esan eta egin duen Hitza entzun da-ta!


Iñaki Beristain (2014-12-22)