ABENDUKO I IGANDEA
B zikloaIsaias profetaren liburutik 63,16b-17;64,1.3b-8
Zu zara, Jauna, gure Aita,
‘gure Erosle’ duzu izen betidanik.
Zergatik utzi diguzu, Jauna,
zure bideetatik aldegiten?,
zure beldurrik ez izateraino
gure bihotzak gogortzen?
Itzul zaitez, zure serbitzariengatik,
zure ondareko leinuengatik.
Ai, zeruak urratu eta jaitsiko bazina!
zure aurrean mendiak urtuko bailirake.
Jaitsi zinen, eta mendiak
urtu egin ziren zure aurrean.
Inoiz ez du, ez belarrik aditu, ez begik ikusi,
Zu beste Jaungoikorik,
beragan uste on dutenen alde hori egin duenik.
Zerori ateratzen zara, zuzen dabiltzanen
eta zure bideak gogoan dituztenen bila.
Haserre egon zinen, bai;
eta guk lur jo genuen;
ken gure erruak eta salbatuko gara.
Gu guztiok zikin geunden
zapi zikin ziren gure egintza on guztiak.
Orbelaren antzera erortzen ginen guztiok;
eta gure bekatuek
haizeak bezala eramaten gintuzten.
Ez zion inork zure izenari dei egiten;
ez zen inor Zuri itsasteko ahalegintzen.
Zure aurpegia gorde egin bait zenuen gugandik;
eta gure bekatuen menpean utzi gintuzun.
Hala ere, Jauna, Zu zara gure Aita;
gu, buztina; eta Zu, gure eltzegile:
zure eskutako lana gara guztiok.
Ez gehiegi haserretu, Jauna;
eta ez hartu gogoan betiko gure bekatua.
Begira, zure herri garela guztiok.
ERANTZUN SALMOA 79
JAUNA, ZURE ONGINAHIA ERAKUS IEZAIGUZU,
ZURE SALBAMENA EMAIGUZU.
Israelgo Artzain, adi ezazu,
kerubin gainean eseri ohi bait zara;
egizu dirdai, zeure indarrari eragiozu,
zatoz eta salba gaitzazu.
Itzul zakizkigu, gudari-taldeen Jainko,
begira zerutik, ikus, mahatsondo honi ager zakizkio:
zeure eskuz landatu duzun aldaska honi,
Zeuk indartu duzun landareari.
San Paulo Apostoluak Korintotarrei 1Kor. 1,3-9
Senideok: Grazia zuei eta bakea gure Aita Jaungoikoagandik eta Jesu Kristo Jaunagandik.
Jaungoikoari eskerrak ematen ari naiz beti zuengatik; zuei Jesu Kristogan eman zaizuen Jaungoikoaren graziagatik. Harengan aberastuak izan bait zarete, gauza guztietan: hitz eta jakintza-dohain guztietan; horrela, Kristori buruz ematen dugun aitormena sendotua izan da zuengan. Izan ere dohain guztietaik ez duzue bat ere falta, Jesu Kristo gure Jaunaren agertaldiaren zain zaudetenok. Berak indartuko zaituzte azkenera arte, inork zuen aurka zer-esanik izan ez dezan Jesu Kristo gure Jaunaren etorrera-egunean. Zintzoa da, bere Seme Jesu Kristo gure Jaunaren elkartera deitu zaituzten Jaungoikoa.
ALELUIA Jauna, zeure onginahia erakus iezaiguzu;
zeure salbamena emaiguzu. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Markosen liburutik 13,33-37
Egun haietan, honela esan zien Jesuek bere ikasleei:
- “Begira: zaudete erne, ez dakizue-eta garaia noiz den. Urrutira joan zen gizon baten antzera; bere etxea utzi eta bere morroiei agintea eman zien; bakoitzari bere eginkizuna jarri zion, eta atezainari erne egoteko agindu zion.
Zaudete, beraz, erne; ez bait dakizue etxe-nagusia noiz etorriko den: ilunabarrean, gauerdian, oilarrak jotzean, edo egunsentian: ustekabean etorrita, lo aurki ez zaitzaten. Eta zuei esana, guztiei esaten diet: zaudete erne”.
Homiliak
Jaunaren etorreraz jarduteak ba al du gaur egun inolako sentidurik? Ez dago ukatzerik halako kontraesan batean bezala aurkitzen garela fededunok, paradoxa batetik zintzilik: alde batetik, ez dugu ezer berririk espero; gertatzekotan txarra izan daitekeen beldurrez bizi gara. Baina, bestetik, gaurko irakurgaiak entzunda, geure bihotzak halako zirrara berezi bat sentitzen du, aspaldian lo daukagun ilusioa esnatuko balitzaigu bezala.
Halatsu gertatu zitzaion Israel herriari erbestetik herriratu zenean. Itzulera pobrea izan zen, handitasun eta distira gutxikoa. Baina, lehen irakurgaian ikusi dugunez, itxaropenak sakonetik berritu zuen herri hura. Hor daude bere bekatua erakusten duten galderak: «Zergatik utzi diguzu zure bideetatik aldegiten?». Hor dago, bestetik, sakonean daraman ametsa: «Ai, zeruak urratu eta jaitsiko bazina!». Orbelaren pare ikusten du bere egoera galdua, lurra joarazi dion jarrera narratsa. Jaunari ez baitzioten dei egin, ez zitzaion Jaunari inor itsatsi. Baina, badu Israelek inork kenduko ez dion ziurtasuna: «Zu zara gure Aita; zure eskuetako lana gara guztiok». Bekatuaren eta esperantzaren arteko kontrajartze bihurria.
Kontrajartze horretan, Jainkoa bere herriaren bekatua esperantza bihurtzen ari da, buztinlari trebe bezala. Bekatuaren eta etsipenaren buztina hartu eta esperantzazko irudi ederra osatu nahi du. Eta hasieran etsipen-iturri zena, Jainkoaren eskuetan askatasun dirdaitsu bihurtzen da.
Ebanjelioak ere erne egoteko deia egin digu. Ezin gintezke, etsipenaren lotan, gaudenean gelditu. Esnatu beharra daukagu itxaropenaren deira. Egoerara egokitzeko tentazio iluna gainditu eta berriaren ilusiora piztu behar dugu. Erosoago sentitzen gara ezaguna eta seguruarekin, geuk kontrolatzen dugunarekin. Esperantzak, baina, berritasunaren ezustera jaso nahi gaitu, Jainkoaren eskuetan bizitzera.
San Paulok ere, bigarren irakurgaian, mundu aurkitu berri eta zoragarria ospatzen du. Mundu berria? Nola baina, Korintoko elkarte hartan arazoa besterik ez baitzen eta, azken batean, talde txiki bat besterik ez baitzen ingurune pagano hartan?
Fededunari eskatzen zaiona hor dago: ez dezagula azken hitza geuretzat hartu Elizari, munduari eta geure errealitateari buruz. Egia da, gure itxaropena egilea da, aktiboa da, eta ahaleginean saiatzen gara geure eguneroko lanetan, gure fedeak eskatzen digun «gehiago hori» eman nahirik. Egia gehiago, maitasun gehiago, bake gehiago, poz gehiago... Baina zer aurkitzen dugu? Gure mugak estuak direla, eta geure gogorkeriarekin eta inguruko mugekin topo egiten dugu, aldatzeko prest ez dagoen geure egoismo itsuarekin. Baina ezintasun horretatik Jaunaren egintzara zabaltzen dugu geure bihotza, «zeruak ireki eta mendiak urtzen direnean» Jaunak bere lana egingo baitu geure ezinaren gauean. Horregatik bizi gara esperantzan erne.
Baina, geure buruari egin beharreko galdera da, Abendu santuko bideari ekiterakoan: ezer aldatu ahal daiteke nire bizitzan? Badirudi urteen eta ezinaren pisua astuna eta temosoa dela: ez dugu geure burua asko aldatu! Baina, Jauna dabil tartean, eta hark badaki bere egintzaren bidez dena berri egiten. Eta horretarako da Abendu santua, Jaunaren zain jarri eta hari ateak irekitzeko, hark bere egintza burutu dezan guregan.
Baina, aldatu esaten dugunean, zer aldatu eta nola aldatu? Beharbada, aldaketaren eskema finkoegiak dauzkat neuregan. Eta Jainkoak ez du nire eskemen arabera jokatzen. Lehen esan dugu, ez dugula geuretzat hartu behar azkeneko hitza; Jainkoari utzi behar diogu azken hitza. Jainkoari bihotza ireki behar diogu nahi duena egin dezan, eta hark egingo diguna askatzailea izango dela uste izan behar dugu. Askatzailea eta ezustekoa, seguru asko.
Gure Elizan eta gure munduan dena zahartu zaigunean, ekonomiak geure ezintasunak azaleratzen dizkigunean, esperantzari bihotza irekitzeko kapaz izango ote gara! Arriskatu dezagun esperantza! Eskatu eta itxaro, horixe dugu eginkizun!
Eukaristia ospatzera goaz, Abenduko lehen igande honetan. Jauna bere esku askatzailez datorkigu. Gure ezinaren buztina hartu eta bere irudiko egingo gaitu. Itxaropena piztu eta erne jarri gakizkion Jaunaren eskulanari.
Iñaki Beristain (2014-11-25)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk13, 33-37)
Abendua hasten dugu berriro ere. Abendua, hala ere, aro bat baino gehiago bizimolde bat da. Ondo dago Abenduan Eguberrirako prestatzea; hobeto, beti Abenduan bizitzen ikastea.
Zer esan nahi izan lezake Abenduan bizitzeak? Seguruenik, gauzak osotasunean aztertzeko, gauza eta alderdi nasko aipatu beharko genuke. Baina gaur, bat aipatu nahi dut, eta ez da garrantzi gutxien duena. Esperantza, itxaropena.
Aurrena, esperantza behar dugulako. Esperantza galtzea, landare bati ura kentzea da. Gaur egun landare lehor, zimurtu, erori, gehiegi ikusten da gure Elizan. Arnasa galduta gaude. Aurrera egin ezinik. Begi tristez gure errealitate apalari begira.
Esperantza behar dugu, eta nahi dugu. Esperantzak alaitzen baitu bizitza, bai pertsonala, bai elkartearena. Esperantza galtzea, dantzarako musika gabe geratzea da. Bihotzak poza nahi badu, barruko dantza ederrari eragingo dion musika behar du. Eta gure eliz elkarteetan, bihoitza tristeturik, hankak gelditu egin zaizkigu, eta ezion joan ebanjelizazio-lanera. Esperantzak jotzen du musika, barrua poztuz. Aita Santu Frantziskok esan du gaurko tentazio nagusia tristura duela gure gizarteak. Gure Elizak ere bai.
Esperantzak jartzen gaitu erne. Esperantza falta dugunean, lo hartzen dugu eta ezin dugu ezer onik sumatu inguruan, ezta geure barruan ere. Dena usteldu egiten du gure barruko lozorro nekatu eta aspertuak. Ezkor ikusten dugu eta, ondorioz, axolagabe bihurtzen gara. Jaunak ari duen lana sumatzeko argitasuna falta dugu. Hainbeste jende eta taldek egiten duen lan ona ezin dugu jaso. Gaurko Eliza gutxitu eta pobrean ari den hainbeste egintza eder baliogabetzat baztertzen da. Eta, beraz, dena igual da, denak berdin dio, ez du ezerk ezertarako balio. Ezkor eta pasota, horrela esanda!
Esperantzak bizi gaitu. Badakigu ez direla gure gaurko hauek atzoko garaiak. Gure garaiok atzokoaren emaitza direla bistan da baietz. Orduko «harrokeriak» gaurko apaltasunera ekarri gaitu. Orduan dena zen distira, dena zen jendetza, dena zen «kristaua», dena zen legezko, dena zer «zintzo». Gaur, argi haiek itzalita, «artalde txiki» gara, gizartearen autonomiak bakoitza geure lekuan jarri gaitu, legearen gainetik pertsonaren duintasuna aldarrikatzen da. Eta badirudi dena hil dela. Esperantzak bizi gaitu. Ez da ezer galdu oraindik. Jaunaren lanean uste on duenak, hark utzi digun «enkargua» betetzen segitzen duenak, «etxea zaintzen» darraionak, Ebanjelioaren dohainaren ernamuinak ikusiko ditu alde guztiuetan, bere bizitzan eta eliz elkartean, eta gizartean. Esperantza alaiak asko ikusten du.
«Zuei esaten dizuedana, denei esaten diet: «Egon erne!». Eliztarroi Elizaz esaten zaiena, guztiei gizarteaz esaten zaio. Erne denok!
Iñaki Beristain (2014-11-27)