JAUNAREN NEKALDIKO OSTIRAL SANTUA
B zikloaOtoitza
Jainko Jauna, Jesu Kristo zure Semeak,
bere odola gugatik isuriz sortu zuen Bazko misterioa;
gogoan izan zure bihotz ona
eta agertu zure errukia;
santu egizkizu zure seme-alabak eta zaindu beti.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. AMEN.
I. HITZAREN LITURGIA
Isaias profetaren liburutik 52,13-53,12
Hara, nere serbitzaria aurrera aterako da;
haundia egingo da eta goratua izango.
Asko hartaz ikaraturik gelditu baziren ere
-hartaraino bait zuen giza itxura galdu,
eta gizona zenik ere ez bait zuen irudi-,
gero harriturik geldituko dira herri asko,
eta erregeak haren aurrean
hitzik gabe geldituko dira,
egundaino esan ez zena ikustean,
eta entzun ez zena begiratzean.
Nork sinetsi du guk esandakoa?
Nori agertuko zaio Jaunaren besoa?
Kimua bezala hazi zen haren aurrean;
zuztarra lur lehorrean bezala,
ederrik eta giza-antzik gabe ikusi genuen
eta itxura atseginik gabe,
barregarri eta gizonetan azkeneko,
oinaze-gizon egina, nekeen berri dakiena,
ezikusi egiten zaienetakoa;
gaitzetsia eta baztertua.
Gure nekeak hartu zituen hark
eta gure minak eraman.
Lepradun bezala geneukan,
Jaungoikoak joa eta lotsarazia.
Gure bekatuengatik aldeenik alde zulatua;
gure gaiztakeriengatik txikitua.
Haren gainera erori zen,
guri bakea ematen digun zigorra;
haren zauriek sendatu gaituzte.
Gu denok, ardi galduak ginen,
bakoitza bere bidetik;
eta Jaunak haren gainean ezarri zituen
gu guztion txarkeriak.
Gaizki zerabilkiten,
baina bera makurtu egin zen;
eta ez zuen ahorik ireki.
Harategira daramaten arkumea bezala,
ile-moztaileen aurrean ardia bezala;
isilik egon zen, ahorik ireki gabe.
Zuzengabeko auzitan galdu zuten.
Nork hartu zuen aintzakotzat haren etorkizuna?
Bizidunen lurretik kendu egin zuten;
nire herriaren bekatuengatik hil zuten.
Gaizkileen artean lur eman zioten,
eta bekatariekin haren hilobia;
nahiz eta berak bidegabekeriarik ez egin,
eta haren ahotik gezurrik ez jalki.
Jaunak nekeetan
lehertu nahi izan zuen.
Bere bizia ordain ematen badu,
izango du ondorengo ugari,
luzatuko zaizkio egunak,
beteko da Jaunaren nahia haren bitartez.
Bere oinazeen sari,
ikusiko du argia eta aseko da.
Jasan duenaren bidez, nire serbitzariak
zuzentasuna emango dio askori,
haien hutsegiteak bere gain hartuz.
Horregatik jendetzak emango dizkiot Nik bere parte,
giza-taldeak izango ditu harrapakin;
heriotzara eman bait zuen bere burua,
eta bekataritzat hartu baitzuten.
Bere gain hartu zituen askoren hutsegiteak,
eta bitarteko izan zen bekatarientzat.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.