JAUNAREN AGERKUNDEA
B zikloaIsaias Profetaren liburutik 60,1-6
Jaiki zaitez, argitu, Jerusalem,
badator zure argia;
zure gainean ageri da Jaunaren aintza.
Begira, lainoak estalirik dauka lurra,
eta ilunpeak inguraturik dauzka herriak.
Zure gainean, ordea, Jauna jaikiko da,
eta Haren aintza agertuko zure gainean.
Zure argitara etorriko dira herriak,
zure egunsentira erregeak.
Jaso itzazu begiak zure inguruan, eta ikus:
guzti horiek elkartu dira eta zugana datoz;
zure semeak urrutitik datoz,
besoetan dakartzate zure alabak.
Hori ikustean gainezka poztuko zara;
harrituko zaizu bihotza eta zabalduko,
itsasoko aberastasunak zugana etorriko baitira,
eta atzerrietako ondasunak zuri ekarriko dizkizute.
Gamelu-taldeek estaliko zaituzte,
Madiango eta Efako dromedarioek.
Sabatik datoz guztiak,
urrea eta intzentsua dakartzatela,
eta Jaunari gora ta gora diotela.
ERANTZUN-SALMOA 71
IKUSI DUTE LUR MUGA DENEK
GURE JAINKOAGANDIKO GARAIPENA.
Emaiozu, Jainko, zure auzia erregeri,
zure zuzentasuna errege-semeari.
Zaindu beza zure herria zuzentasunez,
eta zure gizagaixoak zuzenbidez.
Zuzentasuna garatuko da haren egunetan,
bakea ugari, ilargia itzali artean.
Nagusi izan bedi itsasotik itsasoraino,
Ibaitik lehor-mugaraino.
San Paulo Apostoluak Efesoarrei 3,2-3a.5-6
Senideok: Entzunik duzue, Jainkoaren grazia zuen artean zabaltzeko eginkizuna eman zaidala. Goi-agerpenez ezaguterazi baitzait niri Kristoren misterioa: lehenengo denboretan gizonei jakin arazi ez zitzaien misterioa, orain Espirituaren bitartez Haren apostolu santuei eta profetei agertu izan zaien bezala: Jesu Kristorengan ondare beraren kide direla, alegia, atzerritarrak ere, berri onaren bidez: gorputz beraren atal eta agintzari beraren oinordekide.
ALELUIA Haren izarra ikusi dugu sortaldean,
eta hemen gatoz Jauna gurtzera. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 2,1-12
Herodes erregearen egunetan jaio zen Jesus Judako Belenen. Eta orduan Mago batzuk etorri ziren sortaldetik Jerusalema, galdezka:
- ‘Non da jaio berri den judutarren erregea? Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta hemen gatoz Bera gurtzera’.
Hori entzunik, larritu zen Herodes eta Jerusalem guztia harekin batera. Eta apaiz nagusiak eta idazlariak bildu, eta Kristo non jaiotzekoa zen galdetu zien. Haiek erantzun:
- ‘Judako Belenen. Horrela dauka profetak idatzirik: Eta zu, Belen, Judako bazter hori, ez zara inolaz ere Judako herri nagusietan txikiena; zuregandik aterako bait da agintari bat, eta nire herri Israelen artzain izango da’.
Orduan Herodesek, Mago haiei isilka dei egin zien, izarra noiz agertu zitzaien jakiteko ahal bezain ondo; eta Belena bidali zituen, esanez:
- ‘Zoazte, eta jakin arduraz haurraren berri; eta aurkitzen duzuenean esaidazue niri, neronek ere joan eta gur dezadan’.
Haiek, erregeri entzun ondoren, joan egin ziren. Eta bat-batean, sortaldean ikusitako izarra aurretik jarri zitzaien, haurra zegoen lekuaren gainean gelditu arte. Izarra ikusitakoan, berealdiko poza hartu zuten. Eta etxean sarturik, haurra aurkitu zuten, Maria bere amarekin; eta ahuspez jarririk, gurtu egin zuten. Eta, beren kutxak irekita, erregaliak eman zizkioten: urrea, intzentsua eta mirra. Eta Herodesengana ez itzultzeko albistea ametsetan harturik, beste bide batetik joan ziren beren lurraldera.
Homiliak
Jaunaren Agerkundea ospatzean, Eguberri aldiko festaburu handienetakoa ospatzen dugula, gauza jakina da. Eguberriren beste alderdia da, munduko bazter guztietara zabaltzen den alderdia; Jesusen misterioa, mundu guztiarentzako argi-eskaintza dela, alegia. Bilatzaile izatea aski dela esaten digun festaburua da, Jaunaren maitasunaren argi ederrak aurki zaitzan. Belenek mundu guztira zabaldu du bere bokazio berria eta ordutik gizaki bakoitzaren zerura argi berri bat darion izarra etorri da.
Bilatzaile izatea, hori da baldintza. Beti urrutirago begiratzea. Ebanjelioko alegoria ederrean agertzen diren hiru ikerlarien antzera, nobedadea non aurkituko begira eta atezu. Noizbait nonbait nolabaiteko ustegabea gerta dakigukeela sinetsiz, esperoan. Sorpresari esna, gure betiko geurean lo hartu gabe.
Zer gertatuko da ba? Nondik etorriko zaigu ba espero ez dugun sorpresa horietakoa? Aspertuta-edo bizi garela esango nuke, lokartuta, etsita, betikoan beti bezala beti. Edo gerta daiteke espero ditugun nobedadeak eta argiak oso neurriz kanpokoak izatea. Beti argi dirdaitsu harrigarriak espero baititugu. Ezaugarri handi eta distiratsuak. Eta, handien esperoan, eguneroko argi txikiak ohargabean pasatzen zaizkigu ondotik. Ondo begiratuta, gure bizitzan izar txiki asko pizten da egunero. Eta horiei adi bizitzea da egin beharrekoa. Izar txikien hegoetan argi handiak baitatozkigu sarri asko.
Bere eskuen artean zure eskuak hartzen dizkizun adiskide horren hurbiltasuna. Eta beharbada isilean zure ondoan dago luzaz, eskuak eskuetan. Ez daki zure ezintasunean zer esan, baina han dagoela esaten dizu. Eta argi egiten dizu, barruraino sartzen den distira sarkorreko argi ederra. Izar txiki horrek argi handia egiten dizu, bai horixe! Argi handiko izar txikia, egunerokoa!
Zure masailetan behera bi malko handi jausten diren unean, bi musu ematen dizkizun hori. Han dago, zurekin dago, eta hurbiltasunaren izarra pizten dizu. Edo, dena ilun ikusten duzun unean, adorez beteriko hitz xume bat esaten dizun aho bedeinkatu hori! Edo zer egingo ez egingo zalantzan zabiltzala, zure bidelagun egiten zaizun beste hori. Hark ere ez daki zer egin behar duzun, baina, gauza bat izan edo bestea izan, zure bidean joango dela esaten dizu.
Ez didazu esango izar horiek ez dizutenik argi egiten! Izar txikiak dira, egunerokoak akaso, baina argi handiko izarrak! Edo, uste ez duzun egunean, kalean hurbilduko zaizu espero ez zenuen bat eta aitorpen bat egingo dizu edo zurekiko interesa erakutsiko dizu, eta poztu egingo zara, uste ez duzun argia jasotzen duzulako. Egun batean kalte egin zenion bat gerta daiteke hurbiltzea eta, egin zenionaren kontua eskatu beharrean, bere gertutasuna erakusten dizu. Sorpresa izan da, argi egin dizun izar txikia.
Egia da, izar txiki hauek txiki bezainbat hauskor dira. Batzuetan argi egiten duten bezala, beste batzuetan galdu egiten zaizkigu. Ekialdeko Magoek hitz egingo balute! Esku horri heldu, galdetu, uste on izan, konfiatu..., eta berriro, gutxien uste duzunean, hor, ondoan, izango duzu berriro ere izar txikia. Eta poztu egingo zara. Etsi gabe, beti zaindu behar dira izar txikiok.
Beste gauza bat esan gabe ez dut utzi nahi. Giza izar txiki horietan Jainkoa bera datorkizula badakizu? Ezaugarri hain giza mailakoak izanik, Jainkoaren argi gertatzen dira bizitzan. Eguberriz Jainkoa gizaki egin denean, hori da esan nahi dena: gizatasun-legezko ezaugarrietan azaldu nahi duela Jainkoak bere ontasuna. Giza legezko zeinu xumeetan egin nahi duela zeru goiko argi ederra. Eta ez daukazula mirari handien erreparoan ibili beharrik Jainkoa non den galdezka. Eguberriz geroztik Jainkoak giza hizkera txikia erabiltzen du bere Hitz handia esateko.
Esku adiskide hori, begirada maitale hori, laguntza hori, hitz hori, igurtzi hurbileko hori..., hori guztia hartu du Jainkoak beretzat bere argia erakusteko. Izar txikiak dira, baina argi handikoak!
Iñaki Beristain (2015-1-5)
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.