JESUSEN BIHOTZ GUZTIZ SANTUA
B zikloa(Gorputz ondorengo ostirala)
Oseas profetaren liburutik 11,1b.3-4.8c-9
Honela mintzo da Jauna:
“Israel haurra zela, maite izan nuen;
eta Ejiptotik dei egin nion nere semeari.
Nik erakutsi nion Efraini oinez ibiltzen,
eta besoan hartu nuen;
hala ere, ez zuten ezagutu Nik zaintzen nituela.
Giza-lokarriz erakartzen nituen,
maite-lokarriz:
haurra bere aurpegiraino
jasotzen duena bezala nintzaien;
eta jaten ematera makurtzen nintzaien.
Bihotza irauli egin zait barruan,
sutan dauzkat erraiak.
Ez diot biderik emango nere haserrearen garrari;
ez dut gehiago Efrain hondatuko;
Jaungoikoa bait naiz, ez gizona;
santua, zuen artean, eta ez nator hondatzera.
ERANTZUN-SALMOA Is 12
ATERAKO DITUZE URAK POZETAN,
SALBAMENAREN ITURRIETAN.
Hara, Jainkoa da nere salbatzaile;
badut uste on eta ez naiz beldur.
Jauna bait da nere indar eta kemen,
Bera izan da nere salbamen.
‘Aterako dituzue urak pozetan,
salbamenaren iturrrietan.
Eskerrak Jaunari, Haren izena oihu egizue.
Ezaguterazi herrietan Haren eginen bikainak,
iragar ezazue Haren izen garaia’.
San Paulo Apostoluak Efesotarrei 3,8-12.14-19
Senideok: Neri, santu eginetan txikiena naizen honi, grazia hau eman zait: Kristoren neurrigabeko aberastasunak jentilen artean hotsegitea, eta guztiei adieraztea, gauza guztien egile den Jaungoikoak hasiera-hasieratik ezkutuan euki duen misterioa nola ari den betetzen. Horrela, zeruetako nagusi eta ahaldun guztiek ezagutu dezakete, Elizaren bitartez, Jaungoikoaren era askotako jakinduria; horrela burutu du Jaungoikoak bere betiko asmoa Jesu Kristo gure Jaunagan. Kristoren bitartez, Beragan dugun sinesmenari esker badugu uste osozko sarrera zabala Jainkoagana.
Horregatik, bada, belauniko jartzen naiz ni Aitaren aurrean, Harengandik bait dator aita izate guztia zeru-lurretan; eta eskatzen diot, bizkor dezala bere Espirituaz indartsuki zuen barne-gizona, Haren aintzazko aberastasunaren neurrian, Kristo bizi dadila sinestez zuen bihotzetan; maitasuna izan dadila zuen sustrai eta oinarri; horrela gai izan zaitezten santu guztiekin batera neurtzeko eta ezagutzeko, zenbaterainokoa den –zabal eta luze, gora eta sakon- jakinduria guztien gain dagoen Kristoren maitasuna; horrela, Jaungoiko bete-beteagan beteko zarete.
ALELUIA Jainkoak gu maite izan gaitu, eta bere Semea
gure bekatuen bake-opari bidali zuen. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 19,31-37
Judutarrek, Prestaera-eguna zelako, gorputzak larunbatez gurutzean geldi ez zitezen –larunbat hura egun haundia bait zen-, berna-hezurrak hautsi, eta gorputzak handik kentzeko eskatu zioten Pilatori.
Etorri ziren gudariak, eta Jesusekin batean gurutzean jositako lehenengoari eta besteari berna-hezurrak hautsi zizkieten; Jesusengana iritsi zirenean, ordea, hila zegoela ikusirik, ez zioten berna-hezurrik hautsi, baizik-eta gudari batek lantzaz saihetsa zulatu zion, eta berehala odola eta ura atera ziren. Ikusi zuenak berak aitortzen du hori, eta egiazkoa da haren aitormena; berak ba daki egia dioela, zuek ere sinets dezazuen. Guzti hori Liburu Santuak dioena bete zedin gertatu zen: ‘Ez diote hezurrik hautsiko’. Beste leku batean, hau dio: ‘Ikusiko dute zulatu zutena’.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.