URTEAN ZEHAR VI IGANDEA
B zikloaLebitarren liburutik 13,1-2.44-46
Jauna honela mintzatu zitzaien Moises-i eta Aaron-i:
“Bere larru-azalean inori haunditurik, kozkorrik edo zuri-unerik sortzen bazaio, edo norbaiti larruan legenarrik agertzen bazaio, eraman bezate Aaron apaizarengana edo haren semeetako apaiz batengana. Legenardun bat da; gizaki lohia. Buruan legenarrak joa dagoen gizaki lohia dela aitortuko du apaizak.
Apaizaren aitormenez legenarduntzat emana izan denak, soineko urratuak erabiliko ditu, buruko ilea nahasia eta kokotza goiko ezpainetaraino estalia: eta ‘gizaki lohia!, gizaki lohia!’ oihu egingo du. Legenarrak irauten dion arte, gizaki lohia izango da. Bakarrik biziko da; eta oihal-txabolatik urruti izango du bere bizilekua”.
ERANTZUN – SALMOA 31
ZU ZAITUT, JAUNA, NIRE LAGUN,
ZUK ZAINTZEN NAUZU GAU TA EGUN
Bai dohatsu, gaiztakeria barkatu zaiona,
hobena estali zaiona.
Bai dohatsu, Jaunak errurik egozten ez dion gizona,
barnean iruzurrik ez duena.
‘Aitortuko diot -esan nuen- Jaunari neure gaiztakeria’,
eta Zuk barkatu zenidan nire hobenaren txarkeria.
Poztu zaitezte eta alaitu Jaunagan, zintzoak,
egizue pozez oihu, bihotz zuzeneko guztiak.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Ko 10,31-11,1
Senideok: Nahiz jan, nahiz edan, nahiz beste edozer egiten duzuelarik, egizue dena Jaungoikoaren aintzarako. Ez eman gaizbiderik, ez judutarrei, ez greziarrei, ez Jaungoikoaren Elizari.
Nik ere neure aldetik guztiei ematen diet atsegin, ez nere onari begira, haienari baizik, guztiak salba daitezen. Izan zaitezte nere antzeko, ni Kristoren antzeko naizen bezala.
ALELUIA
Profeta handia agertu da gure artean.
Jaungoikoak ikustaldia egin dio bere herriari. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,40-45
Aldi hartan, legenardun bat etorri zitzaion Jesusi, eta belaunikaturik, esan zion:
- ‘Nahi baduzu, garbi nazakezu’.
Jesusek, errukiturik, eskua ezarri zion eta ukitu egin zuen, esanez:
- “Nahi dut; garbi geldi zaitez”.
Orduan bertan utzi zuen leprak, eta garbi gelditu zen.
Jesusek bidali zuen, zorrotz esanez:
- “Begira, gero, inori ezer esan! Baina zoaz, agertu apaizarengana eta eskain ezazu zeure garbikuntzagatik, Moisesek agindu zuena, ageri bat izan dezaten”.
Hura, ordea, atera zeneko, gertatua oihuka hotsegiten hasi zen eta zabaltzen; eta harrez gero Jesus ez zitekeen agerian sartu herrietan; baizik-eta inguruetan gelditzen zen leku baztertuetan. Eta hala ere alde guztietatik zetozkion.
Homiliak
Senideok, benetan ederra da gaurko ebanjelioak erakusten duen itxaropen-iturria eta gaixoak sentitzen duen barruko poz zabala. Jesusen Berri Onak guztiontzat dakarren poza da, gaitzaren menpetik askatzeak sortzen duen poz betea. Beste bide guztiak ixten direnean, orduan ikusten da Jesusek ekarri digun biziera berri eta librea.
Eta ebanjelioko gaixoak, lepradunak, ez zeukan beste irtenbiderik. Orduko legeen arabera, mendian bakardade iluna bizitzea beste zoririk ez zitzaion gelditzen. Bere antzeko batzuekin elkartu eta irtenbide guztiak itxita ikusiz, etsipenaren ibilera galdua zegokion. Harat-honat, bere gaitza garrasika oihukatuz, mendi galduan ibili behar zuen, jendearengana hurbiltzeko inolako aukerarik gabe. Biziera erabat baztertua eta zokoratua. Eta betiko horrela! Entzun dugun lehenengo irakurgaiak gordin asko adierazi digu egoera eta biziera hori. Legeek ez zuten gaixoa babesten, sanoen garbitasuna baizik.
Jesus ez da, ordea, legea betetzera etorri, pertsona askatzera baino. Jesusek ez zuen, noski, legea hausteko joerarik. Askotan ikusten dugu legea zintzo betetzen. Baina pertsona eta legea ezbaian sartzen direnean edo bien arteko gatazka sortzen denean, ez du Jesusek inolako zalantzarik egiten: beti pertsonaren alde! Eta pertsona salbatzeko, legea hautsi behar baldin badu, hautsi egiten du. Eta legea hausteagatik, orduko agintari eta legelarien borroka nozitu behar baldin badu, ez zaio batere inporta. Legeak pertsonarentzat dira, ez pertsonak legearentzat. Maitasunaren legea aldarrikatzen du Jesusek bere jokaera libre eta hurbileko honekin.
Jar gaitezen une batez lagendunaren larruan. Bazekien legena azalean azaldu orduko bizi-poz guztiak bukatu zitzaizkiola. Gizartetik atera beharra zeukan eta kondenatuen zori gaiztoko zerrendan sartzen zen. Eta bazekien handik ez zeukala inola ere irteterik, nola eta gauza bereziren bat gertatzen ez bazen. Eta uste gabeko osasuna etorriko balitzaio, apaizengana joan beharra zeukan osasunaren azterketa sakon eta zorrotza jasatera. Legendunak entzuna zuen zeordubait ba omen zela Jesus izeneko bat gaixoak sendatzen zituena. Urruti gabe han inguruan zebilela. Eta, seguru asko, behin baino gehiagotan pentsatuko zuen ustegabeko zoragarria izango litzatekeela Jesus hori parean suertatzea.
Baina, seguru asko, Jesusekin topo egiteko uste hori askotan kenduko zuen bere barrutik, pentsatuz gehiegizko suertea izango litzatekeela topaketa hori gertatzea. Baina horra Jesus bere aurrean. Eta askotan pentsatua zeukan zer eta nola esango zion: «Nahi baduzu, senda nazakezu». Esaldi horrek a zer pisua daukan! A zer nolako beharra erakusten duen! Beste inolako irtenbiderik ikusten ez duenaren eskabidea da! Apala bezain indartsua, sufritua bezain itxaropentsua, ezinetik bezainbat uste onetik sortua.
Eta Jesusek nahi du gaixoa sendatzea. Nahiko ez du ba! Horretara etorri da-eta! «Nahi dut». Eta gertatu da. Berriro ere bere zerumuga guztiak zabal irekitzen zaizkio gaixoari. Estuasun guztiak baretu zaizkio. Ate itxiak ireki zaizkio. Berriro ere gizartera itzul daiteke. Berriro ere bere duintasuna etorri zaio. Berriro ere bere gizatasun-bokazioa berreskuratzen du. Berriro ere pertsona osatua sentitzen da, pertsona librea. Berriro ere irribarre zabala etorri zaio aurpegira. Berriro ere distira berezia ispilatzen dute legendun sendatuaren begiek. Ez zen gutxiagotarako! Sendatua zegoen!
Guk pentsa dezakegu suerte ikusgarria izan zuela gaixo hark, eta horretan gelditu. Pentsa dezakegu zergatik ez zaien gaixo guztiei erregalo bera egiten. Eta beharbada ez dugu pentsatzen legendun hori gu izan gaitezkeenik. Gu. Zu eta ni. Gaitzaren arrastoak ikusten zaizkigu aurpegian eta gorputzean. Bihotzaren tristurak sekulako ondoeza markatzen digu geure aurpegian. Sendabiderik ez duen gaitzak lotzen gaitu barrutik. Tristura dela, maitatu ezina dela, gogorkeria dela, beldurra dela, lotsa dela, etsipena dela, depresioa dela, etorkizuna argitu ezina dela... gaitzak hartuta! Eta gaitzak beti zokoratu egiten gaitu.
Egia da, gaitzak geure burua zokorarazten digu. Ondo sentitzen ez garenean, besteengandik ihes egiten dugu. Bakardadera jotzen dugu. Ez, noski, barrua baketzen duen bakardadera, etsipena erakusten duen bakarkeriara baino. Eta gero eta zokoratuago, gero eta tristeago, gero eta eroriago. Zenbat aldiz pentsatzen dugun orduan: «Norbait aurkituko banu, nire barruko gaitza azal dakiodan! Nire barruko etsipen hau norbaitek gozatuko balit! Irtenbidea edo argi-izpi bat ikusiko banu!»
Eta Jesus agertzen da aurrean. Bataiotik hasi eta kristau-biziera guztian Jesusek garbitu egiten gaitu. Baina ez garbitu, garbi eta txukun ibiltzeko, itxura dotorea erakusteko; barrua libratzeko garbitzen gaitu. «Nahi dut» esaten digu, «garbi zaitez». Gure ixturak badu irtenbidea. Gure ezinak argia ikusten du. Gure bokazio eroriak berriro ere gizatasun osatuaren aukera nabaritzen du. Askatuak izan gara, eta salbatuak gaude!
Fededun adiskide, luze jarrai dezakegu Jesusen eskaintzaz mintzatzen, baina zertarako? Azken batean proba egitea da kontua, Jesusen osasun berria sentitzea. Haren aurrean jarri eta barruko beharretik dei egitea: «Nahi baduzu, garbi nazakezu». Adiskide, zergatik ez dugu hori egiten? Zergatik ez diogu geure barruari askatasun zoragarri hau erregalatzen?!
Iñaki Beristain (2015-2-10)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 1, 40-45)
Jesusen eta lepradunen arteko topaketak hunkigarriak dira. Hunkigarriak, seguru asko, Jesus zutelako lepradunek irtenbide bakarra. Gizarte hartako zaborra ziren, beste batzuen artean. Ezin zitezkeen mundu zibilizatura hurbildu. Are gutxiago tenplura, kutsatuak zeudenez. Mendian bakardadean ibili edo egon behar izaten zuten, inor hurbiltzen bazen oihuka jakinaraziz kutsatuak zeudela. Zaborra ziren Legearen aurrean ere, juduen kontzientzia garbiaren aurrean.
Jesus, ordea, beldurrik gabe eta Legeari muzin eginez, hurbiltzen da gaixo hauengana. Gizakion zori ilunean kutsatzera etorri zen eta erabat kutsatzen da. Aitak pertsona baztertu eta gaitzetsi hauengana bidali du eta hauei emango die errukiaren berri. Gizarteak baztertu dituenez gero, garbi esaten die Jainkoak ez dituela baztertzen. Jainkoak onartu eta besarkatu egiten dituela. Eta gaixo onartuok sentitzen duten barne-zirrara horrek ematen dio topaketari hunkigarritasuna.
Beti izan dugu tentazio garbien taldea osatzea, bai gizartean, bai Elizan. Historian zehar ere adibide sonatuak izan dira. Eta garbien taldea osatzeko, zikina urrutiratu beharra dago. Hortik datoz es-tradizioak, es-komunioak, es-klusioak eta beste «es» asko. Garbiketa kanpotik hasten denean, besteen gain uzten da beti zikin guztia. Eta haiek urrutiratzea da bururatzen zaigun aukera bakarra. Zikinak, kutsatuak, gaitzetsiak baztertuz gero, gure gizartea garbi eta onargarri ikus dezakegu.
Elizan ere, historian zehar, beti jakin izan dugu zikina eta kutsagarria ongi mugatzen. Honelako edo halakoak egiten dituztenak dira zikinak. Ez gara konturatzen, zikina ez digutela egiten ditugunek ematen, baizik zikina geuk sortzen dugula geure barruan, eta hortik banatzen dugula geure ingurura. Azalera atera zaigun legena barruko jarreretatik dator. Kanpora zabaltzen ditugun zikinkeriek barruan, oso barruan, izan ohi dute sustraia eta iturburua. Eta barrutik bakarrik letorke irtenbidea.
Jesusek beharrari ez dio bihotza ixten. Jesusek ez dio ez aditua egiten eskari apalari. «Nahi baduzu, garbi nazakezu». Legendunak, beharbada, azalekoa garbitzeko eskatzen zion, berriro ere gizartera itzuli ahal izateko. Ez zuen besterik behar. Baina Jesusek, azalekoa barrutik datorrela jakinda, barru-barruraino sendatzen du. «Nahi dut, izan zaitez garbi». Eta lepraduna erabat garbi geratzen da.
Baina, bada ñabardura bat San Markosek ahazten ez duena: «Eskua luzatu eta ukitu egin zuen». Hor ikusten da Jesusen jarrera. Bera ez da etorri jendeari lezioak ematera. Bera ez da etorri gaixoen aurrean begira egotera. Jesus ez da barreraz kanpo gelditzen. Gaitzari «ukituz» egiten dio aurre, gaitza bere gain hartuz, gaitzaren ziztada sufrituz. Horretan erakusten zuen bere nagusitasuna. Horregatik bilatzen zuten gaitzak harrapatutako guztiek. Jesus berezia da, oso berezia.
Gaurko eliztar eta fededunok ere badugu zer ikasia franko. Gaurko injustizia, gerra gaizto, manipulazio, zapalketa, eskubideen urratze sistematikoaren aurrean, non gabiltza fededunok?, zertan ari gara? Ez al daukagu zer eginik? Erabat etsi al dugu eta errenditu al gara? Barruko arazo eta auzietan geratu behar al dugu, gure lekua «gaixoen» ondoan dagoela ahazturik?
«Ukitu»: gaixoen ondoan egon, haien larruan; injustizia sufritzen dutenen egoera gertutik bizi eta salatu; lezio, doktrina, hitz eta irakaspenez aski eman dugu; larregi ere. Jesusen jarrera egile eta hurbilekoa mamitu behar dugu geure gizarte zauritu honetan.
Kuriosoa da, eliz elkarteari aurpegi maitagarria ezerk ematen badio, Caritasek ematen diola esango nuke. Alegia, gaixoen eta behartsuen ondoan azaltzeak, gaitza barrutik ukitzeak, sufritzen dutenei aire garbiaren ukitua eramateak. Caritasen lana txalotzekoa ez ezik, segizioaren aitorpen bikaina dela esango nuke. Izan ere, jende asko daukagu «garbi nazakezu» esanez bere sufrimendutik.
Iñaki Beristain (2015-2-10)