URTEAN ZEHAR X IGANDEA
B zikloaGenesis liburutik 3,9-15
Jaungoiko Jaunak gizonari dei egin eta esan zion:
- “Non zara?”
Eta harek erantzun:
- ‘Baratzean ibiltzen sumatu zaitut eta,
larrugorri nengoelako, beldurrez, gorde egin naiz’.
Jaunak orduan:
- “Eta nork esan dizu, larrugorri zeundela?
Jatea galerazi nizun zuhaitzetik jan al duzu?”
Gizonak erantzun:
- ‘Lagun ipini didazun emakumeak eman dit hartatik,
eta nik jan’.
Orduan Jaungoiko Jaunak esan zion emakumeari:
- “Zer egin duzu?”
Emakumeak erantzun:
- ‘Sugeak atzipetu nau, eta nik jan’.
Orduan Jaungoiko Jaunak sugeari esan zion:
- “Hori egin duzulako, madarikatua izango zara
abere guztien eta landako pizti guztien artean;
sabel-gainean ibiliko zara narraztaka;
zure bizitzako egun guztietan hautsa jango duzu.
Haserrea sortuko dut zure eta emakumearen artean,
zure jatorriaren eta harenaren artean;
honek buruan emango dizu,
zuk orpotik helduko diozunean”.
ERANTZUN-SALMOA 129
JAUNAGAN DAGO ERRUKIA,
HARENGAN ASKATASUN UGARIA.
Barnenetik Zuri dagizut oihu, Jauna,
entzun, Jauna, nire mintzoa.
Beude erne zure belarriak,
nire oihu-eskarira.
Gure erruak gogoan badauzkazu, Jauna,
nor dagoke zutik, Jauna?
Baina barkamena Zugan daukazu,
Zu begirunez serbi zaitzagun.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 2 Kor 4,13-5,1
Senideok: Liburu Santuak honela dio: ‘Sinestu dut, eta horregatik hitz egin dut’ Eta guk ere sinesmen-espiritu bera dugularik, sinesten dugu, eta horregatik hitzegiten dugu; jakinik, Jesus Jauna piztu duenak Berak piztuko gaituela gu ere Jesusekin eta bere ondoan ipiniko zuekin batera. Hau guztia zuen onerako da; grazidunak ugaritzen direlarik, haien esker ona ere ugariagoa izan dadin Jaungoikoaren aintzarako.
Horregatik, ez dugu etsitzen; eta gure azaleko gizona hondatzen ari bazaigu ere, barrukoa indarberritzen ari zaigu egunetik egunera. Izan ere, laburra eta arina den nekeak, betirako den aintza haundi neurrigabea sortzen digu. Gure begiak ez ditugu ipintzen ikusten diren gauzetan, ikusten ez direnetan baizik. Ikusten direnak apur baterako bait dira; ikusten ez direnak, berriz, betirako.
Ba dakigu, izan ere, orain lurrean bizi garen oihal-txabola hau hondatzen bazaigu ere, ba daukagula zeruan etxea, Jaungoikoak egina eta ez gizonek, betirako bizilekua.
ALELUIA Orain, mundu hontako nagusia
kanpora aizatua dute -dio Jaunak-;
eta Nik, lurretik gora jasoko nautenean,
Nigana bilduko ditut guztiak. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Markosen liburutik 3,20-35
Aldi hartan, itzuli zen Jesus ikasleekin bere etxera, eta, halako gizataldea bildu zitzaien, jateko ere betarik ez zieten ematen. Haren ahaideak, hori jakitean, Hura hartu eta eramatera atera ziren, burutik eginda zegoela esaten bait zuten. Jerusalem-dik jaitsitako idazlariak honela mintzo ziren Jesusengatik:
- ‘Beltzebu dauka Honek bere barruan, eta deabruen buruzagi denaren indarrez botatzen ditu deabruak’.
Jesusek, Beregana deiturik, honela esan zien parabolatan.
- “Satanasek nola bota dezake Satanas? Erreinuren bat erdibi egiten bada, erreinu horrek ezin dezake iraun. Eta etxe bat erdibi egiten bada, etxe horrek ezin dezake zutik iraun. Satanas, bere buruaren aurka jaikita, erdibi egiten bada, ezin dezake zutik iraun; harenak egin du.
Ezin dezake inork, gizon indartsuaren etxean sartu eta haren gauzak ostu, aurrez indartsu hura lotzen ez badu; orduan bai, ostuko ditu etxe hartakoak.
Benetan diotsuet: Oker guztiak barkatuko zaizkie gizonei: bekatuak eta biraoak, ugariak badira ere; baina Espiritu Santuaren aurka birao egiten duenak, ez du sekulan barkamenik izango, bekatuaren errudun izango da betiko”.
Espiritu lohia zeukala ziotenetaz mintzatu zen horrela.
Etorri ziren Jesusen ama eta senideak; eta, kanpoan gelditurik, deierazi zuten. Haren inguruan eserita zeukan jendetaldea, eta esan zioten:
- ‘Hor dituzu kanpoan zeure ama eta senideak, zure bila’.
Jesusek erantzun zuen:
-“Nortzuk dira nire ama eta nire senideak?”
Eta bere inguruan eserita zeudenei begiratuz, honela esan zuen:
- “Horra, nire ama eta nire senideak. Jaungoikoaren nahia egiten duena, hura da nire anaia, eta arreba, eta ama”.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.