URTEAN ZEHAR XX IGANDEA

B zikloa

Esaera Zaharren liburutik Es za 9,1-6


Jakinduriak etxea eraiki du beretzat,
eta zazpi zutabe ipini dizkio.
Haragitakoak hil ditu,
ardoa prestatu eta mahaia jarri du.
Bere serbitzariak bidali ditu,
herri-goietatik deiadar hau egitera:
“Ikasigabeak betoz honera;
zentzugabekoei honela esaten diet:
Zatozte eta jan nire ogitik;
edan, prestatu dudan ardotik.
Utzi umekeriak, eta biziko zarete;
ibil zaitezte zentzu-bidetik”.

ERANTZUN-SALMOA 33


TXASTA EZAZUE TA IKUS
ZEIN SAMUR DEN JAUNA.
Izan iezaiozue beldur, santuak, Jaunari,
ez baitzaio ezer falta beldur dionari.
Aberatsak behartsu bihurtu eta gosetu dira,
Jaunaren bila dabiltzanak ezeren faltan ez dira.
Hezi zure mihia gaitzetik,
ezpainak gezur hitzetik.
Egizu on dena, alde gaitzetik,
opa ezazu bakea eta zabilzkio atzetik.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei 5,15-20


Senideok: Begira ondo, nola zabiltzaten; ez izan zentzugabe, zentzudun baizik. Ondo balia zaitezte egokieraz, egun txarrak baitatoz.
Horregatik ez izan ergelak; baizik kontura zaitezte, Jaunak zer nahi duen. Ez zaiteztela ardoz mozkortu, lasaikeria berekin du-eta; baizik bete zaitezte Espirituaz. Esaitzazue elkarrekin salmoak, gorazarreak eta goi-arnasezko abestiak; kanta iezaiozue eta eman ospe bihotz-bihotzez Jaunari. Eman beti eskerrak guztiengatik Jaungoiko Aitari, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

ALELUIA Nire haragia jaten duena eta nere odola edaten,


Nigan dago eta Ni harengan -dio Jaunak-. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 6,51-59


Aldi hartan, Jesusek honela esan zion jende-taldeari:
- “Ni naiz ogi bizia zerutik jaitsia. Ogi honetatik jaten duena betirako biziko da; eta Nik emango dudan ogia nire haragia da munduaren bizirako”.
Judutarrak eztabaidan ari ziren:
- ‘Nola eman diezaiguke Honek jatera bere haragia?’
Eta Jesusek:
- “Egi-egiaz diotsuet: Gizonaren Semearen haragia ez baduzue jaten eta Haren odola edaten, ez duzue bizirik zuengan. Nire haragia jaten duenak eta nire odola edaten, ba du betiko bizia, eta Nik biztuko dut hura azken egunean. Nire haragia egiazko janaria da; eta nire odola egiazko edaria. Nire haragia jaten duena eta nire odola edaten, Niregan dago eta Ni harengan. Bizi den Aitak bidali nau, eta Ni Aitarengandik bizi naiz; era berean, Ni jaten nauena Niregandik biziko da. Hau da zerutik jaitsitako ogia; ez zuen gurasoena bezalakoa; jan eta hil egin bait ziren. Ogi honetatik jaten duena betirako biziko da”.
Kafarnaungo sinagogan erakusten ari zen batean esan zuen Jesusek hau.


Homiliak

Joanen 6. atalak Eukaristiaren inguruko gai asko aztertzeko aukera jartzen digu eskuerara: fedea, Jesusen pertsona, atxikimendua... Zein baino zein ederragoak gaiok. Baina, gaur Eukaristiari berari begiratu behar diogu zuzen-zuzenean. «Har ezazue eta jan» hitzotara bildu behar dugu kontenplazio sakonean. Eukaristian ospatzen duguna, horrelakoxe zehatza da eta horrelakoxe gorpuzduna! «Jatekoa eta edatekoa».

Eta beharbada, «gorpuztasun» horixe da gehien eskandalizatzen gaituena. Oso «espiritualizatzaile» onak gara. Buruan kabitzen ez zaigun guztia, «espiritualizatu», idealizatu, interpretatu egiten dugu. Eta behin «gorputzaren» pisua kenduz gero, lasai gelditzen gara. Hortik aurrera, bakoitzak bere erara berrirakur dezake misterioa. Juduentzat eskandalu handia zen, Nazareteko mutil batek horrelakoak esatea. Pertsona ezagunegia eta zehatzegia zen. Eta Eukaristia ere hain ogizkoa, hain haragizkoa, hain ukitzekoa izan ez balitz, tira!

«Nola eman diezaguke honek jatera bere haragia?». Eskandaluaren galdera. Eta hementxe gaude erabakibehar nagusiaren aurrean: edota eskandalizatu egiten zara edota esker onez ahozabalik gelditzen zara dohain ikusgarriaren aurrean! Bietako bat. Eta, gainera, bizi nahi baduzu, zure sinesmenak «jateko eta edateko» horren aurrean errenditu beharra dauka.

«Ez duzue bizirik zuengan». Eukaristiarik gabe ezin ote daiteke bizi? Bizi bai! Baina Jesusen erara ez! Jesusek ematen duen biziera berezia da. Berri Onaren moldea apartekoa da. Eta Eukaristi ogia jaten ez dutenak, Jesusengan sinesten ez dutenak, bizi, bizi dira. Baina, Berri Onaren estiloa beregan gertarazi nahi duenak, Eukaristian Jesusen haragia jan beharko du. Asko eta asko bizi diren erara bizi nahi duenak, ez dauka gauza hauetaz zer kezkaturik. Baina... Berri Onaren eskaintzaz bere bihotza poztu nahi duenak, Jainkoak ematen duen barne-konfian-tzaz bizi nahi duenak, Jaunaren presentziak eutsirik bizi nahi duenak... Eukaristia behar du bere bizi-ardatz. Beste biderik ez dago.

Bizi-ogi hau jateko, ez zaigu fedea besterik eskatzen. Fedeak jatordu bikainera ekarriko du. Lehen irakurgaiak zehaztu digun otordu festatsua prest daukagu. Baina, ez ideia mailako bilera egiteko, jateko baizik. Jainkoak bere adiskidetasuna eskaintzen digu jatorduaren bidez. Gurekin bizi nahi du. Bere jainkotasunean parte hartzera gonbidatzen gaitu. Bere ahogozo berezia gustarazi nahi digu. Jainkoa gozoa da! «Goza ta ikus zein den gozoa».

Zein bikaina eta ustekabekoa den, giza errealitateen bidez Jainkoaz gozatzea! Ogiaren bidez Jauna hartu. Eta bihotza fedez Jaunarekin elkartzen zaizunean, den guztia Jainkoaren adierazle bihurtzen ez zaizu ba! Lagun hurkoa, izadia, festa, harremana, osasuna, gaixoaldia...

Eta hau guztia «ikasigabeei eta zentzugabekoei» egiten zaien eskaintza da. Eukaristia ahulen otordua da, merezi ez dutenen jatordua, duintasunik ez dutenena. Bizia «behar» dutenei eskuartean jartzen zaien janaria da Eukaristiakoa. Bekatariok badugu pozik. Ez gara otordu honetatik kanpo gelditu. «Hautsita daudenentzako» presentzia da Eukaristia.

Eta Eukaristia honek bi eratako elkartasuna sortzen du, gaurko Ebanjeliotik begiratuz:

1. Jaten duenaren eta Jaunaren arteko elkartasuna, alde batetik. «Ni jaten nauena Nigandik biziko da». Batasunaren esperientzia. Jaunak gurekin bat izan nahi du. «Niregan dago eta Ni harengan». Errealismo ikusgarrizko esaldiak dira. Pentsa genezakeen baino elkartasun estuagoa. Pentsatzeko gehiegia eta, hala ere, egiazkoa, benetakoa!

2. Eta, bigarrenik, jaten duenaren barrena eta bizia ere elkartu, bateratu egiten du. Espiritua eta gorputza bateratu egiten dira. Gorputzaren jabe Espiritua hasten da izaten. Eta gorputza espirituaren kokaleku gertatzen da. Dagoeneko, jatea ez da ekintza biologiko hutsa, pertsonen arteko elkartasuna baizik. Musu bat ez da atseginezko hurbiltze soila, maitasunezko bateratze baizik. Ardoa ez da lurraren fruitu soil, Elkargoaren ezaugarri baizik. Barrua batasunak edertzen duenean, errealitate txikienak dohain handienaren adierazle gertatzen dira.

Eukaristia ospatzen eta jaten dugunok, ikasiko ote dugu gure gorputzez egiten duguna espirituz bizitzen! Eukaristiaren errealismo elkartzaileak bat egingo ote gaitu hartzen dugun Jaunarekin! Jainkoaren bizitik bizi nahi dugunok, ikasiko ote dugu Jesusen erara bizitzen gure eguneroko bizitza! Desafio handia daukagu honetan!

Sinesten al duzu? Zer da zuretzat Eukaristia: presentzia, elkartasuna. Edo iganderoko ogi zatia, iganderoko eginkizun deboziozkoa? Hain ogi gutxitan eta hain ardo gutxitan Jauna jateko eta edateko, aizu!, Espiritu asko behar da. «Bete zaitezte Espirituaz» esan digu Paulok. Bestela, ezer gutxi ulertu ez ezik, eskandalizatu ere egingo gintuzke, hain ukigarri eta hain materiala den Eukaristia ogizko eta ardozko honek! Sinesten al duzu?

Jan dezagun bizia Eukaristia honetan. Eta bizi gaitezen!


Iñaki Beristain (2015-8-11)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 6, 51-59)

Azken igandeotan irakurtzen ari garen ebanjelio-atalak badu zerbait deseroso sentiarazten gaituena. Jainkoaren mundua «haragitan» azaltzea eta «jateaz» mintzatzea..., ez dakit ba!, bada zerbait oso ondo irentsi ezin duguna. Errealismo gehiegi ote den! Nahiago dugu Jainkoaren mundua «espirituarekin» lotu, «espiritualizatu», eta orduan dena onargarriago eta sinesgarriago egiten zaigu. Bai, hori izango da seguruenik, errealismo larregi!

«Nire haragia benetako janaria da, eta nire odola benetako edaria». Zer da hori? «Nola eman diezaguke honek bere ogia jaten?», galdetzen zuten juduek ere beren arteko marmarrean. Haiei eta guri, gauza bera egiten zaigu gogor eta onargaitz: espiritua hain haragizko izatea! Eta Jesusekiko harremana hain estua eta hain benetakoa izatea! Otoitz bat, ospakizun bat, batzarren bat, hitzaldiren bat... baina gehiegizko konpromisorik gabe.

Eta horrexek beldurtzen gaitu, konpromisoak. Askotan ikusi izan dugu denok, baina orain dela gutxi ikusi nuen azkenekoz Arantzazuko plazan. Andre gazte batek, haur txikia beso artean astinduz, honela esaten zuen: «Nik jan egingo dut ume hau!» Esango didazu, jate hori bere neurrian ulertu behar dela, ez duela «jatea» esan nahi... Bai, badakit hori horrela dela; ez naiz hainbesterainoko baboa. Baina, bide batez, esaldi horrek adierazten duen harremana, bat egin nahia, arnasa berean bildu nahia, odol beraren berotan batu nahia... Esaldi horren konpromisoa benetan hunkigarria dela ez dago ukatzerik. «Jan egingo dut ume hau».

Guk ere jan egiten dugu Eukaristia, edo Eukaristian Jesus «jaten» dugu. Nolako harremana, nolako bat egin nahia, nolako arnasa bakarrean bildu nahia, nolako odol-batasuna! Nolako konpromisoa biltzen duen Jesusen haragia jateaz mintzo den esaldi honek. Gehiegizkoa iruditzen zaiguna ez da haragia jatea!, horren azpian dagoen konpromisoa baino. Horrek beldurtzen gaitu. Ez dugu gehiegizko harremanik nahi. Jainkoari bere mugak jarri behar zaizkio, bereak edo gureak. Jainkoari bere munduan eutsi behar zaio, gehiegitan sartzen utzi gabe.

Kanpotik begiratuta, batek pentsa lezake zertan ote gabiltzan kristauok. Ez ote garen literatura hutsean galtzen. Bakoitzak nahi duena pentsa lezake; baina, azkenean, Jesusekiko harreman horren egian jokatzen dugu gure sinesmenaren egia. Harreman estu horren konpromisoa ez onartzea, ulertzen dut. Bakoitza libre da zer onartu behar duen eta zer ez erabakitzeko. Ulertzen ez dudana da axolagabekeria. Baietz esan eta gero dena hutsera ekartzea. Bataioan gure fedea aitortu, eta gero fede horri galga jartzea. Onartuko dugula esan duguna ez onartzea, hitz batean. Hori ez dut ulertzen.

Eta gure fede-giroan konpromisoak oso gutxira etorri ote zaizkigun! Giroa bera ere ez da erraza. Hozkeria bat nagusitzen ari zaigula iruditzen zait une batzuetan. Nahiago ote dugun gauza normalagoekin ibili. Beste horiek gehiegizko hizkerak iruditzen ote zaizkigun gaurko gizarterako! Eta hori ere pentsa daiteke. Baina, hizkeraren azpian zer gordetzen dugun, hori da kontua, eta kontu serioa. Zer egin dugu geure sinesteaz? Dena geure eskema txikien neurrietara mantsotu? Dena esplikagai bihurtu? Misterioa kendu gure fedeari? Eta orduan zer gelditzen zaigu? Ez dakit, garai batean dena misterio zena, gaur dena ulergai bihurtu ote dugun!

Eta, jakina!, Jesusekiko harremanari «misterioa» kentzen bazaio, apenas ezer geratzen zaion! Fededun bakoitzak edo bila­tzaile bakoitzak ikusi beharko du nolako harremana bizi nahi duen Jesusekin. Noraino iristeko prest dagoen harreman horretan. Jainkoari zer egiten utzi nahi dion. Dena kontrolatuta eduki nahi den ala konfiantzaren arriskua onartzen den. Harremanaren zorabio maitalea bizitzeko prest gauden ala dena geure neurrietara tolestatuta eduki nahi dugun. Bakoitzaren aukerak dira sakonean. Azaletik ukitu ala «jan». «Jan egingo zaitut».


Iñaki Beristain (2015-8-11)