JAUNAREN NEKALDIKO ERRAMU IGANDEA

B zikloa

Bedeinkapen otoitza


Jainko ahalguztidun betierekoa,
bedeinka itzazu + erramu-adar hauek;
eta egizu, Kristo gure Erregeri
goraka eta kantari jarraitzen diogunok
Haren bidez betiereko Jerusalema iritxi gaitezela.
Errege bizi bait da gizaldi eta gizaldietan. AMEN.
Prozesioko EBANJELIOA
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 11,1-10
Aldi hartan, Jesusek, Betfage eta Betania aldetik Jerusalen-a hurbiltzean, Oliomendi ondoan bere ikasleetako bi bidali zituen, esanez:
- “Zoazte aurreko auzo horretara, eta han sartu orduko, astakume bat aurkituko duzue lotuta, oraindaino gainean inor jarri ez zaiona. Askatu eta ekarzue. Eta norbaitek zer ari zareten esaten badizuete, erantzun: ‘Jaunak behar du, eta berehala itzuliko du hona’”.
Joan ziren, beraz, eta astakumea ate ondoan lotuta aurkitu zuten, kanpotik bidean; eta askatu zuten. Han zeudenetako batzuek esan zieten:
- ‘Zer ari zarete astakumea askatzen?’
Haiek, Jesusek esana erantzun zuten, eta utzi zieten eramaten. Eraman zuten astakumea, eta beren soinekoak ezarri zizkioten; eta Jesus gainean eseri zen. Askok beren soinganekoak zabaldu zituzten bidean; beste batzuek, berriz, landetan ebakitako adarrak. Eta aurretik eta ondoren zihoazenek, honela zioten oihuka:
- ‘Hosanna! Bedeinkatua, Jaunaren izenean datorrena!
Bedeinkatua, gure aita Dabidengandik datorren erreinua!
Hosanna Goi-goikoari!’. Sarrerako antifona
Bazko-festaburua baino sei egun lehenago, Jauna Jerusalenen sartzean, bidera atera zitzaizkion haurtxoak, palma-adarrak eskuetan zituztela eta pozez oihuka: Hosanna zeru goienetan! Bedeinkatua Zu, erruki haundiz gugana zatozen Horri!

Kolekta otoitza


Jainko Ahalguztidun betierekoa
gizon-emakume guztiei apaltasun-bidea erakusteko,
gure Salbatzailea gizon egitea
eta gurutzean hiltzea nahi izan zenuen;
iguzu, arren,
Haren nekaldiko irakaspenak gogoan har ditzagula,
Harekin batera biztu gaitezen.
Zure Seme Jesu Kristo …. AMEN.

Isaias Profetaren liburutik 50,4-7


Ikasi baten mingaina eman dit nere Jaunak,
hitz bizkorgarria eman diezaiedan nekatuei;
belarria esnatzen dit goizero,
ikasiek bezala entzun dezadan.
Jaunak belarria ireki dit,
eta nik ez diot gogorrik egin;
ez dut atzera egin.
Bizkarra ipini diet, jotzen nindutenei;
masaila, bizarretik tiraka ari zitzaizkidanei;
ez diet aurpegia saihestu irainei eta listuei.
Nere Jauna nuen laguntzaile;
horregatik ez nintzen lotsatu;
horregatik ipini nuen aurpegia, harri gogor bezala;
eta badakit ez naizela lotsagarri gertatuko.

ERANTZUN SALMOA 21


NIRE JAINKOA, NON ZAUDE ZU?
NOLA ESKUTIK UTZI NAUZU?
Ikusten nautenak honela ari zaizkit barreka,
ezpain-keinu eta buru-eraginka:
“Jaunagan du usteon, salba beza;
maite badu, onik atera beza”.
Nire jantziak berentzat banatzen dituzte,
nire soinekoa zotz egiten dute.
Zu, ordea, Jauna, ez egon urrun,
Zu, nire indar, zatozkit azkar nere lagun.

San Paulo Apostoluak Filipotarrei 2,6-11


Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik,
ez zion gogor eutsi Jainkoarekin berdin izateari;
bestela baizik, bereaz hustu egin zen,
morroi izaera hartuz,
eta beste edozein bezala azalduz.
Eta gizon bezala agerturik,
apaldu egin zuen bere burua,
menpeko eginez heriotzaraino,
gurutzeko heriotzaraino.
Horregatik Jainkoak goratu egin zuen,
eta izen guztien gaineko izena eman zion,
Jesusen izenera belaun guztiak makur daitezen,
zeruan, lurrean eta lurpean,
eta mingain guztiek aitor dezaten:
Jesu Kristo, Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako.

EBANJELIOA


Kristo gugatik menpeko egin zen heriotzaraino,
gurutzeko heriotzaraino.
Horregatik Jainkoak goratu egin zuen,
eta izen guztien gaineko izena eman zion.

Jesu Kristoren Nekaldia san Markosen liburutik 14,1-15,47


[ K-. Bi egun barru, Bazkoa eta Ogihilen egunak ziren. Eta apaiz nagusi eta idazlariak, Jesus azpikeriaz nola baituko eta hilko zebiltzan. Honela zioten:
S-. Ez gero jai egunean, herrian nahaspilarik izan ez dadin.
K-. Jesus Betanian, Simon lepradunaren etxean mahaian jarrita zegoela, emakume bat etorri zen, ontzi eder batean nardo jatorrezko gantzu usain gozodun baliotsua zekarrela. Ontzia hautsi, eta buru gainera isuri zion. Han ziren batzuk, beren barruan haserretuta, honela zioten:
S-. Zertarako galdu da alferrik horrelako usain gozoduna? Hirurehun denarioz goitik sal zitekeen, eta behartsuei eman.
K-. Eta haserreka ari zitzaizkion emakumeari. Baina Jesusek esan zien:
+-. Utzi iezaiozue; zergatik ez duzue bakean uzten? Ondo egina dago Nerekin egin duena; behartsuak, izan ere, beti dituzue zuekin, eta nahi duzuenean on egin diezaiekezue; Ni, ordea, ez nauzue beti izango. Honek ahal zuena egin du: aurrez gantzutu du nere gorputza hilobirako. Egia esan: Berri ona hotsegiten den munduko toki guztietan, gogoratuko dute honek egin duena ere, beraren gogoangarri.
K-. Judas Iskariote, Hamabietako bat, apaiz nagusiengana joan zen, Jesus haien eskuetara eman nahiez. Poztu ziren entzutean, eta dirua agindu zioten. Judas, ordutik, Jesus haiei eskuetara emateko egokiera bila zebilen.
Ogihilen lehenbiziko egunean, Pazko bildotsa opari eskaintzen zenekoan, ikasleek honela esan zioten Jesusi:
S-. Gu nora joatea nahi duzu, Pazko afaria egiteko gauzak prestatzera?
K-. Jesusek bere ikasleetako bi bidali zituen, esanez:
+-. Zoazte hirira; gizon bat aterako zaizue bidera, ur suila daramakiela; jarrai iezaiozue; eta sartzen den tokian, esaiozue etxeko nagusiari: Hau dio Maisuak. “Nun da nere afal tokia, nire ikasleekin Pazkoa jan dezadan?” Harek, etxe goian, gela haundi bat erakutsiko dizue jarlekuekin. Presta iezaiguzue hantxe afaria.
K-. Joan ziren ikasleak; eta, hirira iritxi zirenean, Jesusek esan bezala aurkitu zuten dena; eta Pazko afaria prestatu zuten. Ilunanabarrean, Jesus Hamabiekin joan zen. Eta mahaian jaten ari zirela, esan zien:
+-. Benetan diozuet: Zuetako batek, Nerekin jaten ari den batek, saldu egingo nau.
K-. Haiek, atsekabeturik, galdezka hasi zitzaizkion banaka.
S-. Nik ote?
K-. Jesusek esan zien:
+-. Hamabietako batek, Nerekin aspil berean ogia bustitzen duen batek. Gizonaren Semea badijoa, Hartaz idatzirik dagoen bezala; baina zoritxarrekoa, Gizonaren Semea saltzen duena! Gizon horrek hobe zukeen jaio ez balitz.
K-. Jaten ari zirela, Jesusek ogia hartu, eta bedeinkapen otoitza eginez, zatitu zuen eta eman zien, esanez:
+-. Hartzazue: hau nere gorputza da.
K-. Gero, edan ontzia hartu eta esker otoitza eginez, eman zien, eta guztiek edan zuten bertatik. Eta esan zien:
+-. Hau nere odola da, itunaren odola, guzientzat isurtzen dena. Hara Nik egia esan: Ez dut gehiago ardorik edango, ardo berria Jainkoaren erreinuan edango dudan egunera arte.
K-. Abestu zituzten salmoak, eta Olio mendira atera ziren. Jesusek esan zien:
+-. Guztiok eroriko zarete; idatzirik bait dago: ‘Joko dut artzaina, eta sakabanatuko dira ardiak’. Baina Ni piztu ondoren, aurretik joango natzaizue Galileara.
K-. Orduan Pedrok esan zion:
S-. Guztiak erortzen badira ere, ni ez.
K-. Jesusek esan zion:
+-. Egiaz esaten dizut: gaur, gau hontan bertan, oilarrak bi aldiz jo baino lehen, zuk hiru aldiz ukatuko nauzu.
K-. Pedrok oraindik:
S-. Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut ukatuko.
K-. Gauza bera esaten zuten guztiek. Getsemani deritzan baratzera iritxi ziren, eta Jesusek honela esan zien bere ikasleei:
+-. Zaudete hemen, Ni otoitzera noan bitartean.
K-. Hartu zituen Berekin Pedro, Santiago eta Joan, eta ikara eta larria sentitzen hasi zen. Eta esan zien:
+-. Nahigabez hiltzeko zorian nago; geldi zaitezte hemen, eta egon erne.
K-. Aurreraxeago joan eta lurreraino ahuspeztu zen eta, ahal bazen, ordu hura igaro zekiola eskatzen zuen, esanez:
+-. Abba! Aita! Zuk guztia dezakezu; ken Nigandik kaliza hau. Baina ez bedi egin Nik nahi dudana; Zuk nahi duzuna baizik.
K-. Etorri zen, eta lo aurkitu zituen, eta honela esan zion Pedrori:
+-. Simon, lo al zaude? Ezin egon erne ordu bete? Zaudete erne eta egin otoitz, tentaldian eror ez zaitezten; gogoa bizkorra da; haragia, ordea, makala.
K-. Berriro joan eta otoitz egin zuen, hitz berak esanez. Eta etorri zenean, lo aurkitu zituen, begiak logale bait zituzten; eta ez zekiten zer erantzun. Hirugarren aldiz etorrita, esan zien:
+-. Orain egizue lo eta hartu atseden. Nahikoa da; iritsi da ordua! Gizonaren Semea bekatarien eskuetan utzia izango da. Jaiki zaitezte, goazen! Hurbil da Ni saltzen nauena.
K-. Oraindik hizketan ari zela han azaldu zen Judas, Hamabietako bat, eta harekin jendetza haundia, ezpatak eta makilak eskuetan zituztela, apaiz nagusiek, idazlariek eta zaharrek bidalita. Saltzaileak ezaupide hau emana zien.
S-. Nik musu ematen diodana, hura da; lotu ezazue, eta eraman kontuz.
K-. Iritsi bezain laister, Harengana hurbildurik, esan zion:
S-. Maisu!
K-. Eta musu eman zion. Haiek, berriz, eskuak erantsi zizkioten, eta lotu egin zuten. Baina han zegoen batek ezpata atera eta apaiz nagusiaren morroia jo zuen, eta belarria moztu zion. Jesusek esan zien:
+-. Lapur batengana bezala etorri zarete, ezpata eta makilekin, Ni harrapatzera. Egunero zuen artean ninduzuen jauretxean erakusten, eta ez ninduzuen bahitu. Baina bete bedi Liburu Santuak dioena.
K-. Orduan, Hura bakarrik utzita, denek ihes egin zuten. Gazte bat atzetik zihoakion, izara bat beste jantzirik ez zuela, eta eskua erantsi zioten; baina harek, izara utzi eta larrugorrian ihes egin zuen.

Jesus apaiz nagusiaren etxera eraman zuten; eta han bildu ziren apaiz nagusiak, herriko zaharrak eta idazlariak. Pedrok, urrutitik, apaiz nagusiaren jauregi barruraino jarraitu zion; eta han eseri zen, morroiekin batean, sutondoan berotzen.
Apaiz nagusiak eta Batzarre osoa Jesusen kontra gezurrezko testigutza baten bila zebiltzan, Hura heriotzara eramateko; baina ez zuten aurkitzen. Asko ziren Haren aurka gezurrezko testigutza egiten zutenak; baina aitormenak ez zetozen bat. Batzuek, jaikita, Haren kontra aitormen hau egin zuten:
S-. Guk entzun diogu Honi esaten: “Nik txeatuko dut giza-eskuz egindako jauretxe hau, eta hiru egun barru eraikiko, giza-eskuz egina ez den beste bat”.
K-. Baina hontan ere ez zetozen bat haien testigutzak. Orduan apaiz nagusia, erdi-erdian zutik jarri zen eta galdera hau egin zion Jesusi:
S-. Ez al duzu ezer erantzun behar? Zer da, hoiek Zuretzat dioten hori?
K-. Bera isilik zegoen, eta ez zuen ezer erantzuten. Berriro apaiz nagusiak galdetu zion:
S-. Zu al zara Mesias, Jaungoiko bedeinkatuaren Semea?.
K-. Jesusek erantzun:
+-. Ni Naiz; eta ikusiko duzue Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuin aldean jartzen, eta zeruko hodei artean etortzen.
K-. Orduan apaiz nagusiak urratu zituen soinekoak, esanez:
S-. Bai al dugu beste testiguren beharrik? Entzun duzue biraoa. Zer deritzazue?
K-. Guztiek, heriotza merezi zuela erabaki zuten. Eta batzuk txistua botatzen hasi zitzaizkion, eta aurpegia estaliz, masailekoak ematen zizkioten, esanez:
S-. Egizak profetarena.
K-. Zaintzaileek ere maisailekoka hartu zuten.
Pedro beheran atarian zegoela, apaiz nagusiaren neskame bat etorri zen eta, Pedro berotzen ikusirik, begira-begira jarri zitzaion, eta esan zion:
S-. Zu ere Nezareteko Jesusekin ibiltzen zinen.
K-. Eta harek ukatu egin zuen:
S-. Ez dakit eta ez dut ulertzen ere zer diozun.
K-. Etxe aurrera, kanpora, atera zen; eta oilarrak jo zuen. Neskameak, ikusi zuenean, honela esan zien, berriro ere, han zeudenei:
S-. Hau, haietakoa da.
K-. Baina harek ukatu egin zuen berriz ere. Handik berehala, han zeudenek ere honela ziotsaten:
S-. Inondik ere, zu hoietakoa zara; galilearra zara gainera.
K-. Baina hura madarikatzen eta zin egiten hasi zen:
S-. Ez dut ezagutzen, zuek diozuen gizon hori!
K-. Berehala, oilarrak bigarren aldiz jo zuen. Orduan Pedori Jesusek esana gogoratu zitzaion: “Oilarrak bi aldiz jo baino lehen, zuk hiru aldiz ukatuko nauzu”.
Eta kanpora aterata, negarrari eman zion.]
Eguna argitu zuenean, apaiz nagusiek, herriko zaharrek, idazlariek eta Batzarre osoak antolatu zuten beren asmoa eta, lotuta harturik, Pilatoren esku utzi zuten. Pilatok galdetu zion:
S-. Zu judutarren errege al zara?
K-. Eta Jesusek:
+-. Zerorrek diozu.
K-. Apaiz nagusiak salatu eta salatu ari ziren. Pilatok berriro:
S-. Ez al duzu ezer erantzun behar? Begira zenbat salakuntza egiten duten zuretzat.
K-. Baina ez zuen erantzuten, eta Pilato harrituta zegoen.
Preso bat askatu ohi zien Festaburuan, herriak eskatzen zuena. Bazegoen espetxean Barrabas izeneko bat, matxinadan heriotza bat egin zuten gaizkileekin batean. Igo zen jendea, eta ohiturazko barkamena emateko eskatzen ari ziren. Pilatok erantzun zien:
S-. Nahi al duzue, judutarren erregea askatzea?
K-. Bai bait zekien apaiz nagusiek bekaitzez ekarri ziotela. Baina apaiz nagusiek herria berotu zuten, Barrabas aska zezala eskatzeko. Pilatok berriro:
S-. Eta zer egin behar dut, judutarren errege esaten diozuen horrekin?
K-. Haiek berriz ere deadarka:
S-. Josi gurutzean!
K-. Baina Pilatok:
S-. Zer oker egin du, bada?
K-. Eta haiek deadar haundiagoz:
S-. Josi gurutzean!
K-. Pilatok orduan, herriari atsegin eman nahiez, Barrabas askatu zien; eta Jesus, zigortu ondoren, haien esku utzi zuen gurutzean josteko.
Gudariek jauregi barrura –auzitegira- eraman zuten; eta han bildu zuten gudari talde osoa; jantzi zuten estalki gorriz, eta arantzaz egindako koroia ipini zioten; eta agurka hasi zitzaizkion:
S-. Agur, judutarren errege!
K-. Eta kainaberaz buruan jo, eta txistua botatzen zioten; eta belaunikaturik, gurtu egiten zuten. Isekak bukatutakoan, kendu zioten estalki gorria, bere soinekoak jantzi, eta gurutzean jostera eraman zuten.
Handik barrena zihoan –sorotik etxe aldera- Simon izeneko zirenear bat, Alejandro eta Ruforen aita; eta gurutzea eramatera behartu zuten. Golgota –hau da: Buru-hezurtegi- deritzan lekura eraman zuten Jesus.
Mirraz nahastutako ardoa eman zioten edateko; baina Berak ez zuen hartu. Gurutzean josi zuten, eta txotx egin zuten, Haren jantziak zer zeinentzat. Goizerdia zen gurutzean josi zutenean; Haren hoben agirian, honela zegoen idatzia: JUDUTARREN ERREGEA. Harekin batean bi gaizkile josi zituzten gurutzean: bata eskuinetan, eta bestea ezkerretan. Horrela bete zen, Liburu Santuak dioena: ‘Gaizkileen pareko egin zuten’.
Handik igarotzen zirenek iseka egiten zioten, buruari eraginez eta esanez:
S-. Hi!, jauretxea txeatu eta hiru egun barru berriro eraikitzen huen horrek, salbazak heure burua! Jaitsi hadi gurutzetik!
K-. Apaiz nagusiek ere, idazlariekin batean, burla egiten zioten, esanez.
S-. Besteak, bai, salbatu horrek; eta bere burua ezin salbatu! Mesias eta Israelgo errege noski! Jaitsi dadila orain gurutzetik, ikusita sines dezagun.
K-. Harekin batean gurutzean zeudenek ere, iseka egiten zioten.
Eguerdian lurralde hura guztia ilunpetan gelditu zen, arratsalde erdira arte. Eta arratsalde erdian Jesusek oihu haundiz honela esan zuen:
+-. Eloí, Eloí, lemá sabaktani,
K-. –hau da:
+-. Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu eskutik?
K-. Han zeuden batzuek, hau entzutean, honela zioten:
S-. Eliasi deika ari da.
K-. Eta batek laisterka joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kainabera muturrean jarrita, edateko ematen zion, esanez:
S-. Utzi iezaiozue, ikus dezagun ea etortzen zaion Elias, gurutzetik jaistera.
K-. Eta Jesusek, deadar haundi bat eginez, azken arnasa eman zuen.
(hemen, belauniko jarri eta egonalditxo bat egiten da).
Jauretxeko oihala erdibi egin zen goitik beheraino. Haren aurrez aurre zegoen gudari ehuntariak, berriz, era hortan hil zela ikustean, esan zuen:
S-. Gizon hau, benetan, Jainkoaren Semea zen.
[ K-. Bazeuden han, urrutitik begira, emakume batzuk ere; haien artean, Maria Magdalena, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome (Jesus Galilean zebilenean, laguntzaile eta serbitzari izaten zituenak), eta beste emakume asko, Harekin batean Jerusalema igo zirenak.
Ilunabarrean, Prestaera eguna, larunbat bezpera, zelako, etorri zen Arimateako Jose –Batzarreko gizon argitsua, Jaungoikoaren erreinua itxedoten zegoena bera ere-, eta ausardiaz Pilatorengana joan zen, Jesusen gorputza eskatzera. Harritu zen Pilato, ordurako hila zelako; eta, ehuntariari dei eginez, aspaldi hil al zen galdetu zion. ehuntariaren erantzuna jakin zuenean, utzi zion gorputza Joseri. Honek, izara bat erosi, eta gurutzetik jaitsirik, izaran bildu zuen; harkaitz bizian zulatutako hilobi batean ipini, eta hilobiko sarreran, harri biribil bat ezarri zuen. Maria Magdalena eta Joseren Maria begira zeuden non jartzen zuten.]


Homiliak

homiliarik eskaintzen, arrazoi batengatik, onena Nekaldia patxadan irakurtzea delako. Eta behin Nekaldia irakurrita, homilia egitea luzeegi gerta daiteke.

1 - Profetari eginkizun bat eman zaio, herri eroriari esperantzaren hitza eramatea. Herriaren erorialdia eta zailtasunak bizi ditu profetak bere misioan. Jesusengan beteko da lehenengo irakurgai hau bere osoan.

2 - Jainkoak gizakiaren maila hartu du, hori ikusten dugu Jesusen Nekaldian. Baina, nekaldi zena goraldi gertatuko da, Jainkoaren eskutik.

HERRI-OTOITZA

Guregatik gurutzean hiltzen den Jesusengan sinetsiz, otoitz egin dezagun geure alde eta gizon-emakume guztien alde. Eska diezaiogun maitasuna eta errukia guztiontzat. [Eska dezagun:

KYRIE, ELEISON!]

* Gizon-emakume guztien bihotzetan hazi daitezen maitasunezko, barkaziozko eta onginahizko sentipenak.

* Jesu Kristoren Nekaldiaren indarrak Eliza berri dezan, eta behartsuenen eta zokoratuen zerbitzari errukitsu egin dezan.

* Euskal Herrian bizi den kristau elkarteak, bere bihotz-berritzearen emaitza bezala, Gurutzeko Pazkoaren askatasuna jaso dezan.

* Ebanjelioaren argiak poztu eta esperantzaz bete ditzan gaixo, ezindu eta sufritzen duten guztiak eta, batez ere, gerran edo miserian gehien sufritzen ari direnak.

* Jaunaren Nekaldi eta Piztuera ospatzeak gure kristau izatea sakondu eta indartu diezagun.

Jaun ona, entzun zure herriaren otoitza eta salba ezazu Jesu Kristoren nekaldiaz. Bera bitarteko hartuta eskatzen dizugu, bera baita garaile bere maitasunaz gizaldi eta gizaldietan.


Iñaki Beristain (2015-3-24)



Beti bidean, beti bila

 (Igandeko ebanjelioa: Mk 14, 1 – 15, 47)

Garizuma luzearen ostean, Aste Santuan sartzen gara. Eta Aste Santuko lehen egunek Pazko-Hirurrenera eramango gaituzte. Gure fedearen egun nagusietan gaude. Zera bezala da, korrikaldi baterako denbora lu­ze­an prestatu den atleta bezala: prestaera luzea egin du, ariketa gogor eta saiatuak burutu ditu, bere gorputza puntu-puntuan jarri du, eta orain korrikaldiko eguna gertuan sentitzen du. Garizuman, geure barrua eta geure fedea puntu-puntuan jartzen saiatu gara. Eta iritsi zaigu une nagusia. Orain erakutsi behar dugu gure «sasoia».

Pazko-Misterioaren ospakizunean zer ulertu edo jaso behar dugun? Erramu igandeak txukun asko laburbiltzen du Pazko-Hirurreneko ospagaia. Alde batetik, garaipenaren alderdia dago. Gaur Jesusi lagunduko diogu, erramu-adarrak eskuetan hartuta, garaipenaren bideetan. Denok kantu egingo diogu. Bihotz sendatuen oihu alaia entzungo da munduko eliza guztietan. Baina, zer garaipen? Maitasunaren garaipena. Mundu honetan txalotu ohi ditugun garaipen builosoekin ez du zerikusi handirik. Maitasunaren garaipena da.

Eta Pazko-Hirurreneko egia nagusia horixe izango da: Jainkoak maitatu egin gaituela. Azken afaria, Jesusen nekaldi eta heriotza, eta Jesusen piztuera argi­tsua, maitasun erakarleenaren uneak dira. Aste Santuan apenas ezertxo ere uler dezakeen, maitasuna ulertzen ez duenak. Eta maitasuna ulertzeak ez du sekreto gehiegirik: norberaren esperientzia da, barrua hartzen duen esperientzia bete eta ederra. Ideiek eta hitzek eta irakaspenek eta ez dute asko balio. Maitasuna «gertatu» egiten baita. Ez da guk sor genezakeen zerbait!

Beraz, maitasunaren garaipena baldin bada, erraz ulertzen da Aste Santuaren bigarren alderdia, nekaldiarena. Garaipena nekaldian erakusten du Jesusek. Maitasuna ez da indarrez erakusten. Maitasuna ez da zapalduz erakusten. Maitasuna bizia emanez erakusten da. Horregatik, gaur bertan, Erramuen elizjira egin eta berehala, nekaldiko kontakizuna irakurriko dugu luze. Maitasuna odolez idazten da. Maitasuna isilez idazten da. Maitasunak ez du argibide askoren beharrik. Maitasuna maitasunez ulertzen da!

Nekaldikoan ez gara ari, nire ustez, saminaren eta gaitzaren neurriak ikusten. Egia da, onartu nahi ezaren gogorkeria ikaragarria dela. Egia da, juduen itxikeria eta itsukeria zitala dela. Egia da, gaitzaren indarrak neurri handiak hartzen dituela. Baina, Nekaldiaren neurriak handiegiak dira horiek erakusteko. Nekaldia ez da gaitzaren neurrikoa.

Nekaldia maitasunaren neurrikoa da. Fedearen bideak maitasunaren esperientzian irekitzen baldin badira, aukera ederra daukagu Pazko-Hirurrenean fedeari bide berriak urratzeko. Nekaldia maitasunaren historia baita. Maitasun bete eta neurrigabeko baten historia. Gizadia barrutik berritzen duen historia. Gizakion barruko izan-nahia sakonetik asetzen duen maitasun-gertaera. Eta gizakion zoriari hainbesteko erantzun betea ematen baldin bazaio nekaldikoan, ez da batere harritzekoa maitasuna garaipenarekin lotzea. Maitasunaren une betean gaudelako, garaipenaren une nagusian gaude.

Fededunon bihotzak egun handiaren bezperak sortzen duen egonezinez daude. Garizuma luzean prestatu duguna badator. Orain eman behar dugu geure neurri ona. Bizitzera goazen esperientzia, benetan bikaina da. Aste Santuak merezi du erantzukizunez hartzea. Merezi du maitasuna bizitzea. Hainbeste egunez prestaera egin eta orain une nagusiari paso ematea ez litzateke ulertzen erraza izango. Momentu hunkigarriak eta gizaegileak dauzkagu aurrean. Gure fedeari oinarri eta izanbide berriak eman zaizkion momentu nagusiak dira. Maitasunaren garaipen betea txalotu eta eskertzeko egunak dira. Bost asteko garizuma luzearen ostean, etorri da fededunon «aste nagusia». Hastera doa!


Iñaki Beristain (2015-3-24)