URTEAN ZEHAR XXIII GANDEA

B zikloa

Isaias profetaren liburutik 35,4-7a


Esan bihotz-beldurtiei:
‘Gora bihotzak! Ez izan beldurrik!
Badator Jaungoikoaren bendekua,
Jaungoikoaren saria.
Bera etorriko da, eta salbatuko zaituzte’.
Orduan itsuen begiak irekiko dira,
eta gorren belarriak zabalduko.
Orduan herrenak basauntzak bezala jauzi egingo du,
eta mutuaren mingainak oihu egingo pozez;
urak sortuko baitira basamortuan
eta errekak eremuan.
Lur errea aintzira bihurtuko da,
eta lur egarritua, iturri.

ERANTZUN-SALMOA 145


JAUNA, ZURE MAITASUNA
ABESTUKO DUT BETIREN BETI.
Atzilotuak Jaunak askatzen ditu,
itsuen begiak Jaunak argitzen ditu.
Konkor daudenak Jaunak ditu zutierazten,
zintzoak Jaunak ditu maitatzen.
Arrotzak, Jaunak ditu zaintzen,
umezurtz eta alargunak laguntzen.
Errege izango da Jauna sekuletan,
zure Jainkoa, Sion, menderen mendetan.

Santiago Apostoluaren epistolatik 2,1-5


Ene senideok: Ez egin gizonen bereizkuntzarik, Jesu Kristo gure Jaun aintzatsuaren sinesmenean. Egin dezagun, zuen batzarrean sartzen dela norbait urrezko eraztun eta soineko diztiratsuz jantzita; eta behartsu bat ere sartzen dela, zarpail. Eta zuek, soineko diztiratsua daramanari begiratu eta esaten diozuela: ‘Eseri zu hemen aurrean’; behartsuari, berriz, esaten diozuela ‘Zaude hor zutik’, edo-ta ‘eseri hemen lurrean, nire oinetan’. Ez al da hori, zuen artean bereizkuntza egitea eta zuen buruak iritzi okerreko epaile bihurtzea? Entzun, ene senide maiteok: Jaungoikoak ez al ditu, bada, munduarentzat behartsu direnak aukeratu, sinesmenean aberats izateko, eta Bera maite dutenei agindu dien erreinuaren oinordeko izan daitezen?

ALELUIA Jesusek erreinuko berri ona hots egiten zuen,


eta gaitz guztiak sendatzen zituen herrian. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Markosen liburutik 7,31-17


Aldi hartan, Jesus, Tiroko lurraldea utzita, Sidondik igaro zen, eta Dekapolisen barrena Galileako itsasora etorri zen.
Gorra eta hitzmotela zen gizon bat ekarri zioten; eta eskuak gainean ezartzeko eskatzen zioten. Jesusek jende artetik bereiz harturik, behatzak belarrietan sartu zizkion, eta bere txistuz mingaina ukitu zion. Zerura begira, intziri eginez, esan zion:
- “Effetá” -hau da: “Ireki zaitez”-.
Eta berehala ireki zitzaizkion belarriak, eta mingaineko lotura askatu, eta hizketan hasi zen garbi-garbi.
Inori ez esateko agindu zien Jesusek; baina haiek orduan eta gehiago zabaltzen zuten.
Eta harriturik, honela zioten:
- ‘Ondo egiten du dena: gorrei entzunerazi, eta mutuei hitzeginerazi’.


Homiliak

Adiskideok, hementxe gaude Jainkoaren Hitza entzuten. Bederatziurren eder batean barruan, Arantzazuko gure Ama honen festaburuaren zain jarrita giro ederrean. Bederatzi egunez ahalegin jatorra egiten ari gara, errukiaren mezu ederra nola barneratuko. Eta errukiaren ukitu gozoan kokatzen da gaurko ebanjelioko ‘effeta’ askatzailea. Askatasun oparituan, ederra da fededun izan eta hala bizitzea.

Gizon-emakumeontzat oso zaila da libre izatea. Zaila barrutik lotuak gaudelako, aurrena. Joan zen igandean ikusi genuen, legezaletasunez jantzitako barne- lotura asko daukagula. Baina, badira bestelako loturak ere. Era askotako morrontzek tristetzen gaituzte. Zorionaren arnasa itotzen digun gaitz-indar asko daukagu inguruan: gaixotasuna, injustizia, gezurra, sufrimendua, geuretik atera ezina...

Eta Jesusek interes bizia dauka, gizakia gaitz guztietatik askatua izan dadin. Jainkoak ez gaitu loturarako egin. Kreaziotik askatasuna dugu utziezinezko bokazio. Eta bokazio hori desegiten digun guztia borrokatzea nahi du Jesusek. Eta borrokatu beharreko horretan, gaitz guztiak sartu behar ditugu, era guztietako gaitzak. Ebanjelioaren aurrean jartzen garenean, askotan gaitza «espiritualizatzera» jotzen dugu. Bestelako gaitzek halako garrantzi handirik ez balute bezala. Baina Jainkoak argi erakutsi du: gaixoak sendatzea nahi du, pobreei duintasuna ematea, zapalduei justizia egitea, makurtuak zutiaraztea...

Lehen irakurgaiak eta Erantzun-salmoak oso argi erakusten digute Jainkoaren asmoa zein den: gizakia askatzea. Irudi askoren bidez, Jainkoak gizakiari eskaintzen dion askatasuna kantatzen da. Gizaki berria sortzen dela da kontua. Basamortuan ustekabeko urak. Herrenak lehen ezin zuen saltoa egiten du. Eta hori guztia, Jainkoa leiala delako. Pobreak eta gatibuak askatzea maite duelako. Gure Jainkoa horrelakoxea delako. Guk bizi ote dugu Jainkoaren asmoaren poza? Zenbateraino saiatzen ote gara Jainkoaren asmo hori gizartean gertarazten? Jainkoaren proiektuaren ilusioa bizi ote dugu?

Jesusek Ebanjelioan esaten duen «Ireki zaitez» hori, benetan adierazgarria da fededunaren bizitzarako. Jesusek gizaki berria egin nahi du. Gizaki irekia. Berri Ona jaso eta emateko kapaz dena. Beldurra kendu zaion gizakia. Irekitze eta askatze hori prozesu baten bidez gertatzen da. Gaurko Ebanjelioan detaile guztiak ematen zaizkigu, prozesu horren erakusle. Gerta daitezke berehalako askatze ustekabekoak, graziak bai baitu horrenbeste indar. Baina, normalean, prozesu baten ondorio izaten da gizakiaren askatze hori. Prozesu hori bideratzea da kontua.

Barrutik eta kanpotik oso lotuak gaude, sarri asko ohargabean bada ere. Era askotako loturak: sikologikoak, harremanetarako blokeoak, geuretik ezin irten, beldurra, bizitza geure erara manejatu nahia, kalkuloak... Eta hor, une batean, hariari punta bilatzen zaio: argi bat, sufrimendua, ezusteren bat, lagunen bat... Segurantziak hankaz gora dihoazkigula sentitzen dugu. Aurreko segurantzia haiek berreskuratu nahi izango lituzke batek. Aurrera egiten badu, barrua askatzen hasi zaiola sentituko du. Jesusen «Ireki zaitez» hark barrutik ukitu duela sentituko du. Jainkoa askatzaile ikusten hasten zara. Eta orduan konturatzen zara Jainkoaren askatasun-proiektua egiazkoa dela, ez dela teoria. Konfiantzaz bizitzen hasten zara. Barrutik askatua izan zarenean, gaitzaren kontra borrokatzeko prest aurkitzen duzu zeure burua.

Eta gaitzaren kontrako borroka honetan eta askatasun egiazkoaren adierazle, pobreekiko jokalegea dago. Gure gizarteak sortzen dituen pobreekin nola jokatzen dugu? Gure batzarrean, gure elkartean, gure harremanetan, ba al dute toki berezirik pobreek? Ala, Santiagok esan digun bezala, bazter batera uzten ote ditugu? Fededun askatuak, pobreen aldeko eginahalean azaltzen du batez ere bere fedearen indarra eta edertasuna.

Arantzazuko Amaren itzalak asko daki askatasun-prozesuaz. Zenbat jende ez ote da Eliza honetan, barrutik askatu? Zenbat pertsonak ez ote du «ireki zaitez» entzun Basilika honetan? Zenbat gaixok hartu ote du poza, Mariaren bidez Jaunak emanda? Gure fedeak berritualdi handi eta sakonak hartu ditu hemen, euskaldunon eliza eder honetan eta Mariaren oin maitagarrietan!

Zuk ez al duzu libre izan nahi? Oraintxe bertan, ikasturte berri bati ekiteko unean aurkitzen gara. Ez ote litzateke une egokia, fededun bakoitzak bere prozesuaren galdera egiteko? Zuk zer-nolako ibilbidea behar duzu, zeure bizitza askatzeko? Nola bidera dezakezu prozesu edo ibilbide hori, benetan gizon edo emakume askatua izaten hasteko? Ezin dezakegu gure kristautasuna nolahala bizi gaur. Mundu hau, Ebanjeliotik urrutiratu zaigunean, fede sendoago eta oinarrituago eta libreago baten eskean ari zaigu. Eta hori ez da bere kasa sortzen. Zuk zer behar duzu gaur, libre izan eta hala bizitzeko?

Ospatzen ari garen Eukaristiak, askatasun-bide nahi du izan. Jesusek hemen ere «Ireki zaitez» indartsua esaten digu. Geure barrua irekiko ote diogu, gero inguruak askatasunez edertu ahal izateko? Horra erronka!


Iñaki Beristain (2015-9-2)



Beti bidean, beti bila

Gaurko ebanjelioak aipatzen duen gorreria benetan adierazgarria da. Ez gaude eskasia fisiko hutsaren aurrean. Gaixo honen gaitzak pertsonaren sakoneko ezintasuna erakusten du. Ezin entzunak etena sortzen du, komunikatu ezina sortzen du, bakardade behartua eragiten du. Entzuten ez duenak ezin du esan. Pentsa zer izan daitekeen hori giza bizitzan, gizarteko harremanetan. Eta pentsa zer izan litekeen Jainkoarekiko harremanetan. Jainkoari ezin entzun, Jainkoari ezin esan.

Berez gaitz fisikoa dena (giza mailan ari naiz), sikologiari sakonetik erasaten dion gaitza da. Pertsona ia erabat mugatzen baitu eta berezkoena kentzen dio, komunikazio-bidea. 7Gaurko pasartean ikusten dugunez, Jesusek ere garrantzia berezia ematen dio gaitz honi. Sendatzeko, aparte eraman du gaixoa eta zeinu handiak erabiltzen ditu: behatzez ukitu belarria, txistuaz busti mihia eta Aitari otoitz sakona egin. Eta gaixoa sendatua ikusten dugu.

Markosek ezaugarri hau ematen badu, ez du ematen sendaketa bat kontatzeko. Sendaketak ebanjelioetan «ezaugarriak» dira, seinaleak, beste zerbaiten adierazgarriak. Dudarik gabe, Jainkoarekiko harremanetan kokatzen du Markosek gaixo honen gorreria. Eta nahiz eta fisikoki entzun, gor asko gabiltza suelto, Jainkoarekin harremana lotzeko gaitasunik gabeko asko.

Gorra izatea zer den? Eguneroko bizitzan eta lanean Jainkoaren aztarrenik sumatzen ez duena da gorra. Eguneroko gertakizunetan Jainkoaren eskua sumatzen ez dakiena. Egun bakoitzeko edonolako pasartetan, Jainkoa tartean dabilela sentitzeko gai ez dena. Mundu honetako hainbeste soinuren artean, Jainkoaren soinua aditzen ez dakiena gorra da. Eguneroko sufrimenduetan Jainkoaren maitasunari antzematen ez dakiena, erabat gortua dago. Asko gara horrelakoak, ezta?

Jesusek «efetá» agindua dakar guretzako Berri On. «Ireki zaitez!» esaten die gure belarriei eta mihiari. Jesusek Aitarekiko harremana berregin du eta hartaratzeko aukera ematen digu. Jainkoari adi diezaiokegu eta Jainkoari hitz egin diezaiokegu. Giza bizitzaren oinarrizko bokazioa berregin egiten zaigu. Jainkoak berekin harremanetan bizitzeko egin gintuen eta orain posible dugu harreman hori. Jesusek era honetako Berri Ona ekarri digu, gaitzak gortu-mututu gintuenoi. Orain beste maila batean bizitzea daukagu.

Noski, honetan ez dago automatismorik. Hau ez da gertatzen botoi bati sakatuta. Prozesu bat dago. Belarrietara, bihotzeko belarrietara, sartzen den behatza «Espiritua» da. Espirituari «Jainkoaren behatza» esaten zaio. Eta mingaina bustitzen duen txistua ere «Espiritua» da, Bataioko uretan hiztun egiten gaituena. Eta Espiritua sartzen den esperientzia bakoitzean prozesuaz hitz egiten ari gara. Geure baliabideetatik Espirituaren baliabideetara igarotzea ez da gauetik goizera egiten; tartean, bide bat dago, landu beharreko prozesu bat.

Gaurko fededunoi garai zailak ari zaizkigu tokatzen. Era askotako soinuek galarazten digute Jainkoarena entzutea. Era askotako deiek gortzen gaituzte Jainkoarena entzuteko. Errazkeriaren deia, erosotasunaren deia, konpromisorik ezaren deia, kontsumismoaren deia, azaleko zorionaren deia, sentsazio berrien deia... Eta tartean Jainkoari hitza lotu diogu, ez diogu ez entzuten ez aditzen. Esan ere gauza asko esaten dugu. Interpretazio asko egiten dugu, gauzak diren bezala ez hartzeko. Konpromisoa interpretatu egiten dugu, beti biguntzearen aldera. Gor-mutu gabiltza.

Gaur ere Jesusek prozesuaren bakardadera garamatza. Inork ezin du inor ordezkatu prozesu edo bide horretan. Bakoitza hartzen gaitu Jesusek aparte, eta bakoitzari pizten digu konpromisoa. Nahiago baldin bagenu betiko zarata eta soinuen artean jarraitzea, bale. Baina, Jesusen eskaintza onez jaso nahi badugu eta hari bere lana guregan burutzen uzten badiogu, egon ziur: sekulako askatasuna bizitzeko gaude! Geure bokazioaren iturrietaraino eramango gaitu eta bizi egingo gara!

Orduan guk ere jendeak harriturik esaten zuena bera esango dugu: «Dena ondo egin du!». Baina hori esan ahal izateko, esperientzia bizi egin behar. Ez da hitzez ikasten. Bai, «dena ondo egin du!».


Iñaki Beristain (2015-9-2)