URTEAN ZEHAR XXVIII IGANDEA
B zikloa
Jakinduriaren liburutik 7,7-11
Eskatu nuen, eta eman zitzaidan zentzu ona;
dei egin nion, eta etorri zitzaidan jakinduri-espiritua;
errege-makila eta aulkiak baino nahiago izan nuen;
aberastasunak ezer ez zirela iritzi nuen haren ondoan;
harri-bitxiak berak ere ez nituen haren pareko egin,
urre guztiak haren aldean ondar pixka bat bait dira,
eta zilarra, lokatza bezala.
Osasuna eta edertasuna baino maiteago izan nuen;
eta nere argitzat hartu nuen, ezin-itzalia bait da haren argia.
Harekin batean on guztiak etorri zitzaizkidan,
eta esan ezin-ala ondasun, haren eskutik.
ERANTZUN – SALMOA 89
ERRUKI HUTSA DUGU JAUNA,
ERRUKIA TA MAITASUNA.
Gure egunak bat banatzen erakuts iezaiguzu,
bihur dakigula bihotz hau zuhur.
Itzul zakizkigu, Jauna; noiz arte?
Jar zaitez zeure morroien alde.
Zeure maitasunaz ase gaitzazu goizean,
gure egun guztietan poztu eta alai gaitezen.
Poztu gaitzazu, goibeldu gaituzun egunen ordez,
ikusi ditugun gaitz-urteen ordez.
Ebertarrei egindako epistolatik 4,12-13
Senideok: Bizia da Jaungoikoaren hitza eta eraginkorra; bi ahoko ezpata baino sarkorragoa, arima eta espirituaren tarteetaraino, giltza eta muinen tarteetaraino, sartzen dena, bihotzaren erabaki eta asmoak epaitzeko gai dena. Ez da harentzat ezer ikusezinik; dena biluts eta agerian dago haren begietan; eta berari diogu kontu eman beharra.
ALELUIA Zorionekoak gogoz behartsu direnak;
berena dute-eta zeruetako erreinua. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 10,17-30
Aldi hartan, Jesus bidera atera zen batean, norbaitek, lasterka etorrita, aurrean belaunikaturik, galdetu zion:
- ‘Maisu on, zer egin behar dut, betiko bizia iristeko?’
Eta Jesusek berari: “Zergatik esaten didazu on? Onik ez da inor, Jaungoikoa besterik. Ba dakizkizu aginduak: Ez inor hil, ezkontz nahasterik ez egin, ez lapurtu, ez egin gezurrezko testigantzarik, ez kendu azpikeriaz, aintzat eduki aita eta ama”.
Hark erantzun zion: ‘Maisu, guzti horiek gaztedandik bete ditut nik’.
Orduan Jesusek begiz begi jarririk, honela esan zion onginahiz: “Gauza bat falta zaizu: zoaz, saldu dituzun guztiak, eta eman behartsuei; eta izango duzu gordailu bat zeruan. Eta gero zatoz eta jarrai Neri”.
Hitz hauekin, aurpegia ilundu zitzaion hari eta nahigabez joan zen, ondasun askoren jabe bait zen.
Orduan Jesusek, ingurura begira, honela esan zien bere ikasleei: “Bai nekez sartuko direla ondasundunak Jaungoikoaren erreinuan!”
Harritu egin ziren ikasleak hitz horiekin; eta Jesusek berriro: “Semeok, bai zaila dela, beren ondasunetan ustea dutenak Jaungoikoaren erreinuan sartzea! Errazago da gamelu bat jostorratz-begitik sartzea, aberats bat Jaungoikoaren erreinuan sartzea baino”.
Haiek, lehen baino harrituago, honela zioten elkarri: ‘Nor salba daiteke, orduan?’
Jesus begira gelditu zitzaien, eta esan zien: “Gizonarentzat ezinezkoa da hori; Jaungoikoarentzat ez; Jaungoikoak guztia dezake”.
[Pedro hasi zitzaion Jesusi esaten:
- ‘Hara, gauza guztiak utzi ditugu guk, Zurekin joateko’.
Orduan Jesusek:
- “Benetan diotsuet: Neregatik eta Berri Onarengatik etxea, edo anai-arrebak, edo aita-amak, edo haurrak, edo lurrak uzten dituena ez da geldituko ehun halako hartu gabe orain mundu honetan: etxe, anai-arreba, ama, seme eta lur, erasoaldiekin; beste munduan, berriz, betiko bizia”.]
Homiliak
Adiskideok: entzun ditugun hitz hauek eta Jesusek adierazi duen postura honek, egundoko indarra dute beren barruan. Jesusen hitz hauek ez dira azpiko aldetik, isilean bezala, pasatzekoak. Banan-banan irakurtzeko eta hausnartzeko hitzak dira. Gutxi gora-behera badakigula zer dioen, eta ertzetik ospa egitea, postura errazegia eta gezurtia izango litzateke. Eta guk ez dugu postura horretan ezkutatu nahi.
Jesusen proposizioa edo eskaintza, erabatekoa da, bai ala ez. Jesusekin ez dago bai eta ez ibiltzerik, erdipurdika, «erdibide goxo eta erosoetan». Jesusek bere jarraitzaile izan nahi dutenei egiten dien eskaintza, serioa da eta, jakina, ederra, oso ederra. Eta Jesusekin berarekin topo egitetik sortzen den eskaintza da. Hemen ez dago teoria eta doktrina gehiegirik. Jesusekin topo egiten duzu eta barrutik harrapatua, joa, ukitua, sentitzen zara. Berarekin topaketa pertsonal bat gertatzen denean, ebanjeliokoari sortu zitzaion galdera sortzen zaizu: «Maisu, zer egin behar dut?». Eta hortxe dator eskaintza, proposizioa. Jesusek garbi asko esango dizu non daukazun beraren jarraitzaile izateko eragozpenik sendoena: dirua, ondasunak, gauzak eta segurantza ematen digun guztia (famili bizitza bera ere izan daiteke Jesusi jarraitzea eragozten duen segurantza, Pedrori esan dion bezala).
«Mandamentuak betetzea ez da gutxi», esango didazu akaso. Beste perfekzio horiek ez dira guztiontzakoak, aginduta dagoena betetzea erraza balitz bezala! Aizu, nik ez dut esan gutxi denik. Jesusek «maitasunez begiratu zion» mandamenduak bete zituen ebanjeliokoari. Baina, bada beste maila bat. Bada Jesusek eskaintzen duen beste biziera bat, beste proposizio bat: Jesusen jarraitzaileak ez dira konformatzen mandamentuak betetzearekin. Jesusen jarraitzaileak badakizu nortzuk diren? Ahalmena, altxor paregabea, topaketarik bikainena, Jainkoaren erreinua dela ikusi dutenak. Eta, ondorioz, daukaten guztia behartsuei eman eta Jesusi jarraitzen diotenak. Jainkoak badu hori gertarazteko ahalmenik. Jainkoak badu pertsona bati bere erreinua ondasun berdingabeko bezala ikustarazteko edertasunik!
Begiratu besterik ez daukazu: Pazko ondorengo kristau elkarteak, lehenengo elkarteak ez zuen aski ikusi mandamentuak betetzen zituen elkarte izatea. Lehen kristau-elkarteak garbi ikusi zuen, mandamentu betetzaileak baino gehiago zirela; bizitzeko estilo berri baten adierazle ziren. Horregatik, sentiera eta pentsaera berbera dute, daukaten guztia guztientzat daukate, inork ez dio berea deitzen daukanari. Hori da mundu honetan bizitzeko estilo berria! Eta galdetzen dut: ez ote da hauxe lehenengo irakurgaiak aipatu digun zentzu ona? Zentzu estimagarria, maitagarria. Ondasun eta edukibehar guztiak baino gozoagoa eta gizaegileagoa? Bai, noski!
Hortxe dago eskaintea, entzule fededun. Eskaintza hortxe, bizi, eder, txokante... eta erakarle ere bai! Denok sentitzen dugu barruan zerbait sekretua, gordea: horrela behar luteke gauzek! Baina... betiko gure «baina hegomotzak». Baina guztiak hor badaude ere, ezin gaitezke hitz honen aurrean «pasoka» ibili. Eta Jesusen dei hau gutxienez gure bizitzarekiko galdera bihurtu behar dugu. Jesusen jarraitzaile baldin bagara, ezin geldi gaitezke, mandamentuak betetzen ditugula esanez. Bada gehiagokorik!
Beste ezeren aurretik, aurrena txalo bat jo behar dudala uste dut: dena utzita erreinua zerbitzatzen ari direnentzako txaloa. Badira laikoak, erlijioso/erlijiosak, apaizak, dena utzi eta behartsuen zerbitzura jarri direnak, erabat jarri ere. Berdin zait hemen izan edo hirugarren munduan izan. Kristau izateko eta munduan aritzeko estilo berria hortxe dago! Bistaratu duten jestoa ere hortxe dago! Erakutsi duten fede-giharrea ere hortxe!
Hori egitea agian urrutitxo ikusiko dugu, ezta? Baina, entzun dugun Jainkoaren Hitzaren aurrean, gauza bat ikusi behar dugu: ezin geldi gaitezke ondasunen distirarekin itsututa. Ezin bihur gaitezke erosotasunaren bilatzaile amorratu. Ezin erori gaitezke diruzale grinatsu izatearen morrontza lotzailean. Ekonomi arazoak gordinak dira, larriak zenbaitetan. Lanik eza, eskasia, segurantzarik eza. Jende asko dabil arduran. Eta bestaldetik, gizartearen aurrean posizio bat, maila bat erakutsi beharrak ere borrokan jarri gaitu. Lana egin, irabazi, gastatu, lan gehiago egin, gehiago irabazi, gehiago gastatu... inoiz azkeneko muturra ikusten ez zaion soka luzea. Eta hori, kristau garelakoan! Mandamentuak betetzen ez ditugu ba!?
Hemen galdera asko dago, adiskidea! Zer egiten dugu geure diruarekin? Ba al dakigu gure ondasunak ez direla gureak eta Jainkoaren erreinua aurkitzea eragozten digutela? Egiten dugun gastu asko beharrezkotzat jotzen dugu: hala al da? Gure beharra baino gorriagoa ez ote inguruko behartsuren baten beharra? Eta hau guztia perfekzio handitzat baldin badaukazu, beste erako galdera egingo dizut: ari al zara dei honetara hazten? Edota, lehen baino diruzaleagoa aurkitzen al duzu zeure burua? Asisko Frantzisko baten ibilbidea bestelakoa izan zen: ezer galtzekorik ez zeukanean, pobreen aldeko apustua egin zuenean, libre egin zen, erabat libre, edertasun beteko libre!
A! eta bukatu aurretik gauza bat esan nahi nizun: hemen ez da ezer galtzen, hemen erreinua irabazten da. Hemen gizatasunaren neurri zabalago eta askatuagoak ikusten dira. Horrelakoxea da Jesusen eskaintza! Ba al zatoz estilo berri honetan bizitzera!?
Eukaristiak ager diezagula Jesusekin topo egitearen aberastasun bikaina!
Iñaki Beristain (2015-10-6)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 10, 17-30)
Ondasunak bere neurrian onak dira, beharrezkoak. Eta ez daukat horien kontra ezer. Azken batean, ondasunen gorabehera ez da dirutan bakarrik jokatzen, baizik eta bereziki gizakion bihotzean. Hori bai, ukatzen zaila da, diruak baduela berekin bere arriskua. Eta arriskuaz jabetzeak ez digu kalterik egingo. Baina, noski, bihotz librea behar da arriskuari gerri-gerritik heltzeko.
Ondasunek egin diezaguketen kalterik handiena, bihotza lotzea da, bihotza kateatzea. Eta bihotza lotuta eduki ezkero, ezer gutxitarako balio diezagukete beste perfekzio guztiek. Inoiz esan izan da santutasuna patrikatik neurtzen dela, eta neurri batean hori egia dela esango nuke. Bihotza patrikan daramanak, beste gauza on asko egin ditzake, baina egiten dituen egintza gehienak bere barruko lotura estaltzeko erabiliko ditu. Estali bai, baina patrika beti garrasika!
Kuriosoa izan da fededun bezala hezi gaituztenoi gertatu zaiena: garai batean kristau baten prefekzioa sexuarekiko jarreratik neurtzen zen gehienbat. Sexuarena txukun samar bideratu ezkero, beste guztiak ez zeukan horrenbesteko garrantzirik. Zorioneko seigarren mandamentua! Eta, alderantziz, sekula ez edo oso gutxitan galdetzen zitzaigun ondasunen erabileraz, pobreekiko jarreraz, ondasunen pilaketaz, kontsumo amorratuaren injustiziaz... Eta kontzientzia soziala ez genuen landu.
Oraindik ere, sexuarena erabat askatu omen dugula eta horrelakoak esan arren, ez dakit ez ote gabiltzan gutxi gorabehera igualtsu. Ez nuke injustoa izan nahi; badakit kontzientzia sozialean aurrera egin dugula. Baina, zenbat eta zer arlotan? Gure sinesmen berria patrikaraino iristen ote zaigu? Besteei, agintariei eta, erantzukizunak eskatzeraino iritsi gara; baina geure poltsari zuloa egiteraino ez dakit iritsi garen. Eta esango nuke, auzi honetan fedearen egia ari garela sakon-sakonean jokatzen.
Ni ez naiz inor, inoren ondasunak zuzenkontrakoak direnik esateko, eta ez dut esango. Baina neure kolkoari galdera batzuk bota nahi dizkiot. Esaten dut nire lanaren fruitu dela daukadana. Baina, hori egia izanik ere, neurea neuretzat bakarrik erabiltzeko eskubiderik ba al daukat, ondoan hainbeste behartsu edukita? Neurearekin nahi dudana egin dezakedala esaten dut: neure gorputzarekin, neure ondasunekin, neure ideiekin... Baina, afirmazio hori, ez dakit beste maila batean nola neurtu, baina kristau-mailan, esaldi hori erabat injustoa eta faltsua da.
Jesusek argi utzi dio «bizitzeaz» galdezka etorri zaionari: bizitzeko ez duela nahikoa agindu guztiak bete izana; ondasunak erdibitu edo banandu egin behar dituela. Aberatsak min hartu zuen Jesusen hitz hauek adituta. Eta, gizon haren erantzun tristeaz jabetuta, Jesusek ondoren esandakoak gogoan hartzekoak ditugu: aberatsak nekez ulertuko du Jainkoarenik; aberatsak ez du Jainkoaren logikan eta dinamikan sartzen asmatuko. Beraz, giza ikuspegi azalekotik ongi bizi dela eman arren, barrutik ez da pozik biziko; ez du Jesusek ekarri duen Berri Ona ulertuko.
Ondasunekiko ikuspegi hau beldurgarria dela?, oso murriztailea?, oso ezkorra? Jesusek bateko ehun agintzen du mundu honetan, erasoaldiekin; eta etorkizunean, amaitzen ez den bizia. Hori guztia, Jesusek eskaintzen duena alegia, ez da diruz eta era horretako ondasunez neurtzen. Sinesmenaren esperientzia sakonean zer sentiarazten duen, hori da ikusi eta bizi beharrekoa. Nolako bizipoza ematen du ondasunak pobreekin erdibanatzeak? Hitzak alferrik dira; esperientzia egitea da kontua.
Argi dauzkagu arriskuak, argi emaitzak, argi ibilbideak. Orain badakigu, diruaren onena eta ondasunen bizigarriena, pobreei laguntzea dela. Badakigu, kontrara, diruak egin diezagukeen kaltea, bihotza ixtea dela. Eta bihotza ixten digunik ezer ezin dezakegu onartu. Horrek dena usteltzen du, dena gezur bihurtzen. Horregatik, esaten nuen gure ondasunak ustelak direla.
Iñaki Beristain (2015-10-6)