URTEAN ZEHAR XVIII IGANDEA
B zikloaIrteera liburutik 16,2-4.12-15
Basamortuan, israeldarren elkarte osoa marmarrean hasi zen Moisesen eta Aaronen aurka, esanez: ‘Hobe genukeen Jaunak Ejipton hilarazi bagintu, haragi-eltze aurrean eseri eta ogia asetzeraino jaten genuenean! Zuek, ordea, elkarte osoa goseak hiltzeko ekarri gaituzue basamortu honetara!’
Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: “Janaria euria bezala erorraraziko dizuet zerutik. Herria egunean egunekoa biltzera aterako da. Probatu egingo dut, ea nire legearen arabera dabilen ala ez. Entzun ditut israeldarren marmarrak. Esaiezue: Arratsaldean haragia jango duzue, eta bihar goizean ogiz aseko zarete, eta jakingo duzue Neu naizela Jauna, zuen Jainkoa”.
Arratsaldean, galeperrak etorri ziren eta kanpaleku osoa estali zuten, eta biharamun-goizean ihintz-geruza azaldu zen kanpaleku inguruan. Ihintza desagertu zenean, antzigarraren itxurako zerbait, xehea eta garautsua, azaldu zen lur gainean. Hura ikustean, elkarri galdezka hasi ziren israledarrak: ‘Zer da hau?’ Moisesek esan zien: ‘Jaunak janaritzat ematen dizuen ogia da hau’.
ERANTZUN-SALMOA 77
ERRUKI HUTSA DUGU JAUNA,
ERRUKIA TA MAITASUNA.
Goiko hodeiei eragin zien,
eta ortzi-ateak zabaldu zizkien.
Jateko mana eman zien euri,
eta zeruko ogia haiei.
Jan zuen gizakiak indartsuen ogia,
asetzeko adina zuten janaria.
Lur santura zituen eraman,
bere eskuinez irabazitako mendira.
San Paulo Apostoluak Efesoarrei 4,17.20-24
Senideok: Hona zer esaten eta zinez eskatzen dizuedan Jaunaren izenean: Ez zaiteztela jadanik bizi sinesgabeak bizi diren bezala, burua hutsalkerietan baitute.
Ez da hori Kristo ezagutzean zuek ikasi duzuena, baldin eta egia bada Hartaz hitz egiten entzun duzuela. Jesusi dagokion egiazko irakaspenaren arabera, honako hau ikasi duzue: batetik, zuen lehengo bizierari uko egin eta giza izaera zaharra, grina engainagarrien eraginez hondatua, erantzi egin behar duzuela; bestetik, berriz, zeuen gogo-bihotzak berritu eta giza izaera berria, Jainkoaren irudira sortua, jantzi behar duzuela, Jesusen egiaren arabera, biziera zuzena eta santua eramateko.
ALELUIA Gizona ez da ogiz bakarrik bizi, Jaungoikoaren ahotik
ateratzen den hitz guztitik baizik. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 6,24-35
Aldi hartan, jendeak Jesus eta Haren ikasleak han ez zeudela ikusi zuenean, ontzietara igo eta Kafarnauna joan ziren, Jesusen bila. Itsasoaz beste aldean aurkitu zutenean, honela esan zioten:
- ‘Maisu, noiz etorri zara hona?’
Jesusek erantzun zien: “Egi-egiaz diotsuet: Nire bila zabiltzate, ez noski ezaugarriak ikusi dituzuelako, baizik ogia jan duzuelako eta ase zaretelako.
Egizue lan, ez hondatzen den janariagatik; baizik betiko bizitzaraino irauten duenarengatik, Gizonaren Semeak emango dizuenarengatik. Honi egin bait dio Jainko Aitak aitormena”.
Haiek orduan esan zioten: ‘Zertan ari behar dugu, Jaungoikoak nahi duena egiteko?’
Jesusek erantzun: “Hau da Jaungoikoak nahi duen egintza: Sinets diezaiozuela Berak bidali duenari”.
Haiek orduan: ‘Zer ezaugarri egiten duzu Zuk, hura ikusita guk Zuregan sinets dezagun? Zer egiten duzu? Gure gurasoek basamortuan mana jan zuten; zeruko ogia eman zien jateko –idatzirik dagoen bezala-‘.
Jesusek erantzun zien: “Egi-egiaz diotsuet: Ez zizuten Moisesek eman zeruko ogia; nire Aitak ematen dizue zeruko egiazko ogia; Jaungoikoaren ogia bait da zerutik jaisten dena eta munduari bizia ematen diona”.
Orduan haiek: ‘Jauna, emaiguzu beti ogi horretatik!’
Jesusek erantzun: “Ni naiz biziaren ogia; Niregana datorrena, ez da gosetuko; eta Niregan sinesten duena, ez da behinere egarrituko”.
Homiliak
Adiskide, Jesusek ogia ugaldu zionean (joan zen igandean irakurri genuen hori), sekulako ezustea hartu zuen jendeak. Une hartan ohartu ziren, Jesusengan berek behar zuten erregea zeukatela. Ez zeukatela aurrerantzean beste inoren bila ibili beharrik beren beharrak konpontzeko, beren gose-egarriak asetzeko. Betidanik espero izan zuten mesias handia, seguru asko beren aurrean zeukaten. Huraxe egin behar zuten errege. Baina Jesusek, «errege etorriko zitzaizkiola oharturik, ihes egin zuen berriro mendira, berak bakarrik». Jendea bila dabilkio. Estu eta larri bila, aurkitu arte. Eta une horretan hasten da Jesusen katekesia.
Zer katekesia? Jesusek nahi duena ez da azaleko beharra konpontzea: gose zegoen talde hari gosea kentzea, alegia. Ez, Jesusek harutzago joan nahi du. Ogi-ugalketa honek Jesusen egiazko ezaguera ekarri behar luke. Baina gu beti azalekora erortzen gara, errazera, gainekora. «Nire bila zabiltzate, ez noski ezaugarriak ikusi dituztelako, baizik ogia jan duzuelako eta ase zaretelako». Gaur balio duen baina biharko desegiten den janariaren bila dabil jendea. Jesusek mirari baten bidez gosea kendu diela ikusten dute. Behar guztiak konponduak ikusten dituzte.
Eta jarrera hori ere ez da harritzekoa! Izan ere, beharra eta konponbidea elkartzen direnean, ez dugu asmatzen aurrerago begiratzen. Zer gertatu zitzaion Israel herriari? Jainkoak Egiptotik atera zituen. Badoaz basamortuan zehar, baina zer janik ez. Eta beren beharra konponduko dien Jainkoa behar dute. Beren beharretik neurtzen dute Jainkoa. Eta marmarra sortzen da. Ez dute Jainkoaren jokabida ulertzen. Ahaztu dute dagoeneko Egiptotik atera dituela. Ahaztu dute itsasoa erraz asko igari zutena.Une honetako beren beharretik neurtzen dute Jainkoa. Eta ez da harritzekoa! Basamortuko zailtasunak eta ezinak gogorrak dira. Eta giza-bihotza ahula da.
Guk ere baditugu gure basamortua eta gure beharrak. Eguneroko bizitzaren ibilbidea gogorra gertatzen zaigu, oso gogorra. Eta han sentitzen den gose-egarriak izen asko ditu: zorionaren gosea, maitasunaren gosea, egiaren eta bizipozaren gosea... Eta zorionaren edertasuna behatz-puntaz ukitzen dugunean, badirudi dena konpondu zaigula, eta hortxe gelditu nahi genuke beste sakontasunik gabe. Gure beharretik neurtzen dugu Jainkoa, gure beharrak Jainkoagandik neurtu ordez.
Eta begira: Jainkoak, bai guri bai Israel herriari, dohain handiagoa erregalatuz erantzuten digu. Hasierako ogia, hasierako konponbidea, handia baldin bazen, orain ematen diguna handiagoa. «Ni naiz biziaren ogia. Niregana datorrena ez da gosetuko». Eta eskaintza horren aurrean, denok geure barrura sartu beharra daukagu. Ez du merezi beharren azalean ibiltzea. Ez du merezi benetan asetzen ez duten janarien bila ibiltzea. Bada betiko eta sakonetik asetzen duen ogia, eta hori bilatu behar dugu. Uneko goseak azaletik asez, ez dugu lortuko gure giza-izatearen sakonera sartzerik. Eta beti ogi-bila bizi beharko dugu. Asko gabiltza askotan erabat engainaturik.
Izan ere, inoiz ez bezalako eskaintzak eta ahalbideak dauzkagu zoriontsu izateko eta zoriontsu bizitzeko. Eta hainbeste aukera eskura edukita, Jainkoa baztertu egin dugu askotan. Jende askok ez du gaur bertan erlijioaren beharrik sumatzen bere beharrak konpontzeko. Eta baztertu egin du Jainkoari dagokion guztia. Zertarako Jainkoa, guk geurea konpon badezakegu? Erlijioa beste garai bateko kontua ikusten dute; zientziak eta madikutzak eta ekonomiak eta, gaur adinako indarrik ez zeukaten garaikoa. Gaur asko dezakegu, ia dena. Eta erlijioari dagokion ia guztia ezkutatu dugu gizartetik. Komunikabideetan ez da Jainkoaz eta erlijioaz hitz egiten. Horiek ez daude jendearen beharren artean.
Baina, zer lortu dugu? Espero genuen poza eta zoriona eta lasaitasuna eta etorri al zaizkigu produkzio-mundu ahaltsu horretatik? Gaurko munduan hainbeste indar edukita, zergatik jende askok bizi duen ezina eta hutsunea? Ezertarako betarik gabe, ito-larrian gabiltza lan eta jan. Baina gero, gure denbora librean, gure harremanetan, senideartean, zergatik barrua ase-ezinik, zergatik bizitzari behar duen barne-poza eman ezinik? Gaurko gizartearen adierazgarririk nabarmenena bezala «hutsunea» jartzen du aditu askok. Jende asko hutsik dabil, hutsak hartuta. Goserik. «Zerbaiten» beharrean, «zerbait» hori zer den zehaztea askotxo kostatzen bazaie ere. Eta hutsune horrek antsietatea sortzen die. Judutarrek gaurko ebanjelioan bezala, «zer egin behar dugu?» galdetzen dute barru-minez. Dena egitea balitz bezala! Zerbait egin nahi, eta bidai bikainak, beste erlijio-esperientziak, erosotasunak, bizikizun atseginak... Erlijio bat alferrikakotzat baztertu, eta beste erlijioak sortu! Paradoxa zelebrak!
Ez ote zaigu gauzak sakon planteatzeko garaia etorri? Jainkoaren presentzia, gailendu dugun garai bateko «asmakizuna» ote da ala gizakiaren sakoneko egarriaren behar nagusiena? Gure izanahiak ez ote dauka, diruz eta produkzioz ase ezin daitekeen egarri sakona? Gure barruko maitasun-beharrari eta askatasun-nahiari benetan erantzungo dion «ogi» berezia ez ote dugu behar? Gizarteak begibistan jartzen digun arinkeria hutsaren ordez, ez ote dugu egiazko asetasunaren galdera egitera iritsi beharko? Ala, ez zaigu ba gertatuko geure barruak egiten digun eskabide sakonak beldurra ematen digula?
«Ni naiz biziaren ogia» esaten digu Jesusek. Hori entzutean, bi aukera dauzkagu nire ustez: «funtzionatzen» segi, tira aurrera oraintxe arte bezala; ala gure bizinahiaren eskakizunak serio hartu, barruko egarri sakonei kaso egin. Sakonetik bizi al gara? Bizi al naiz? Beharbada urteak ditut zertan nabilen galdetzera jarri ez naizela. Urteak, nire barruari axolarik eskaini gabe. Urteak nolahala aurrera eginez. Urteak Jainkoa badenik ere pentsatu gabe. «Ni naiz biziaren ogia». Jainkorik gabe bizi daitekeela? Asko bizi dira! Eta ez dela Jainkorik gabe hain gaizki bizitzen? Batzuk ondo ere bai! Gizarte aurreratu batek ez daukala Jainkoaren beharrik arazoak konpontzeko? Badakit ezetz! Baina... gizakiaren barruko ase-ezinak nola ase?!
«Hau da Jainkoak nahi duen egintza: sinets diezaiozuela Berak bidali duenari». «Niregan sinesten duena ez da behinere egarrituko». Egiazko ogia, betirakoa eta sakona, esku-eskura jartzen zaio gure fedeari. Berritu dezagun fedea, eta jasoko dugu gure basamortuan sakon-sakonetik aseko gaituen dohaina. Jasoko dugu bizia ematen duen «ogia».
Iñaki Beristain (2015-7-27)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Jn 6, 24-35)
Aurreko igandean ikusi genuenez, Jesusek ogiak ugaldu ditu, jendetza handiari jaten emateko. Jesusek beharra ase du, jendearen nahiari gratifikazioa emanez. Beharra konpondua gelditu da; ez, ordea, jendearen desioa. Jesusek bazekien ongi zer nahi zuten eta ez die bera errege egiten uzten, ihes egiten die. Hau da lehenengo frustrazioa. Jesus ezin dezakegu patrikan eraman, geure beharrak konpon diezazkigun eta beharraren arabera erabil dezagun.
Lehenengo frustrazioak ez du, ordea, jendea etsiarazten, eta bila doakio. Ikasleek ere, zerbait handia izateko aukera eskura edukita, ez dute ulertzen Jesusek ihes egitea; eta urduri dabilzkio bila: «Noiz etorri zara hona?».
Baina Jesusek ongi daki zergatik bilatzen duten, eta bilaketa horri bere maskara kentzen dio. Desioaren interes hutsez bilatzen dute, ogia jaten eman dielako, berehalako beharra ase dielako. Eta beti hala izatea nahi lukete. Apropiazioa, jabetzea, Jesus desiora tolestatzea. Baina Jesusek bestelako ogia eskaintzen die, betiko bizirainokoa.
Horretan zer ari da eskatzen Jesus? Desioaren sabela zabaldu egin behar dutela, zerumugak zabaldu. Jendeak eskatzen dion horretan, Jainkoaren irudi okerra dago azpian: Jainkoa arazo-konpontzaile bezala ikusten dute. Eta Jainkoa ez da arazo-konpontzailea. Jainkoari Jainko izaten utzi behar diote, ume-garaiko irudietara bildu gabe. Beren ikuspuntua ondasun mesianikoetara zabaldu behar dute.
Jendearen desioaren eta Jesusen eskaintzaren artean dagoen eten horretatik abiatuta, Jesusek, pedagogia sakonean, misterioaren bihotzera eraman nahi ditu: desioaren esturatik fedearen zabaldira pasarazi nahi ditu. Baina, zenbat kostatzen zaion jende hari, zenbat kostatzen zaigun guri, desioaren berehalako gratifikazioak baztertzea. Eta Jesusi «zer egin behar duten» galdetzen diote, baina beti ere lortu nahi dutena lortzeko, lortu nahi duguna lortzeko. Desioaren erraiak zabaltzea ez da erraza.
Jesusek garbi uzten die: «Jainkoak nahi duen egintza hauxe da, sinets dezazuela». Eta hemen ere, egintzen eta sinesmenaren arteko borroka pizten zaigu. Jesusen eskabide honek bihotz-berritze sakonaren aurrean jartzen gaitu, bizitzari atzekoz aurrerako aldaketa eman beharra daukagu: bilatu ordez, itxaro; egin ordez, hartu; lan egin ordez, sinetsi. Ez dugu esan nahi ez denik bilatu edo egin edo lan egin behar. Baina bizitza ezin dezakegu oinarritu geure bilaketan edo egintzan edo lanean. Oinarria sinesmenak ematen digu, Jainkoaren egintzan sinesteak.
Eta une honetan erresistentziak sortzen zaizkigu, eta ez txikiak. Geure sinesmenaren fruituak ziurtatu nahi izaten ditugu, kontrolatzeko. Espiritu-bidean ere kontrolatu egin nahi. Geure mugek ezartzen diguten atsekabeari ihes egin nahi diogu nolabait, eta geure desio erlijiosoaren atzaparretan Jainkoa lotuta eduki nahi dugu. Baina Jesusek beste urrats bat emanarazi nahi digu: orain arte desioaren giza erara azaldu zaigun Jainkoak, aurrerantzean bere Semearen bizia bizitzera egiten digu dei.
Ibilbide baten pedagogia dago honetan gordea. Jainkoak hasieran liluragarri azaltzen diguna, gerora zaildu daiteke, zailtzen da; izan ere, desioaren begirada estutik sinesmenaren begirada sakonera egin behar baita bidea. Azken batean, Jainkoari bere lana egiten uztea da eta haren lanari geure sinesmena entregatzea. Geure egozentrismo kaskarretik atera eta bizitza Jainkoaren esku uzten ikastea. Horretarako, noski, esperientzia sakona behar da barruan, Jainkoaren dohainaren esperientzia. Eta guk ez dakigu esperientzia hori gertarazten. Hori Jainkoaren doanezko dohaina da.
Horregatik onena, eskatzea. Gaurko ebanjelioaren esaldiak banan-banan barneratu eta geuretu. Bestela betiko loturan kateatuta geratuko gara: jan egingo dugu, baina sinetsi ez! Eta hori ez da.
Iñaki Beristain (2015-7-27)