URTEAN ZEHAR XXV IGANDEA
B zikloaJakinduriaren liburutik 2,12a.17-20
Honela esan zuten gaiztoek:
‘Sareak jar diezaizkiogun zintzoari.
ikus dezagun egiazkoak diren haren hitzak;
azter dezagun haren biziaren azkena.
Zintzoa bada eta Jainkoaren seme, zainduko du,
eta aterako, etsaien eskuetatik.
Sar dezagun irainetan eta oinazetan,
haren ona ezagutzeko eta egonarria neurtzeko.
Eman diezaiogun heriotza lotsagarria,
zaintzailea baduela esan bait du’.
ERANTZUN – SALMOA 53
EZ EGON, JAUNA, NIGANDIK URRUN;
ZUREA NAUZU, ZATOZKIT LAGUN.
Ene Jainko, zure izenagatik salba nazazu,
ahaltsua zarenez, auzi egidazu.
Entzun, ene Jainko, nere otoitza,
adi nere ahoko hitzak.
Harroak nere aurka jaiki bait dira,
eta zakarrak ni hil nahian dabiltza.
Ez dute Jainkoa begien aurrean.
Nik, ordea, Jainkoa dut laguntzaile.
Santiago Apostoluaren epistolatik 3,16-4,3
Senide maiteok: Elkar ikusezina eta etsaikeria dauden tokian, han daude nahaspila eta era guztietako egite okerrak. Goitik datorren jakinduria, berriz, lehenik garbia da, eta gainera baketsua, eratsua, apala, errukiz eta egintza onez betea, alderdikeria eta zurikeriarik gabea. Bakezaleek bakea ereiten dute, eta bakeak zuzentasuna dakar ondorio.
Nondik datoz zuen arteko haserreak eta borrokak? Ez ote datoz, zuen barruan borrokan ari diren grina txarretatik? Irrikatzen duzue eta iristen ez; hil egiten duzue; bekaitzez beteak zaudete, eta ez duzue ezer iristen; borroka eta gudu egiten diozue elkarri. Ez daukazue, eskatzen ez duzuelako; eskatzen duzue eta ez duzue ezer hartzen, gaizki eskatzen duzuelako, zuen grinak asetzeagatik.
ALELUIA Jainkoak dei egin dizue gure berri onaren bidez,
Jesu Kristo gure Jaunaren aintza iritsi dezazuen. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Markosen liburutik 9,30-36
Aldi hartan, Jesus eta bere ikasleak menditik aldegin eta Galilean barrena zihoazen; ez zuen nahi hori inork jakiterik, ikasleei erakusten ari bait zitzaien. Honela esaten zien:
- “Gizonaren Semea gizonen esku utzia izango da; hil egingo dute; baina hil eta hirugarren egunean biztuko da.”
Haiek, ordea, ez zuten ulertzen esaten zienik; eta beldur ematen zien galdetzeak.
Iritsi ziren Kafarnauna; eta etxean zeudela, Jesusek galdetu zien:
- “Zer eztabaida zenuten bidean?”
Haiek, ordea, isilik; haundiena nor zen, hori izan bait zuten beren arteko eztabaida. Eseri zen Jesus, deitu zien Hamabiei, eta esan zien:
- “Inork lehenengo izan nahi badu, izan bedi denetan azken eta guztien serbitzari”.
Eta haurtxo bat hartu eta haien erdian jarri zuen, eta hura besarkaturik, esan zien:
- “Honelako haurtxo bat nere izenean hartzen duenak, Ni hartzen nau; eta Ni hartzen nauenak, ez nau Ni hartzen, Ni bidali nauena baizik”.
Homiliak
Joan zen igandean, Pedro eta beste ikasleekin gogo betez aitortu genuen ‘Jesus dela Mesias’, Jesus dela gure bihotzen betetasun eta herrien argia. Eta hori guztia, gurutze-bidetik, segiziotik, zerbitzuz. Pentsatzen jarrita ikusgarria da esaten dugun hori: besteak zerbitzatzeak egiten gaituela egiaz libre. Ez dagoela Ebanjelioko poza bizitzeko beste biderik. Gaurko Hitzak ere bide beretsura ekarri gaitu.
Gaizkileak ezin du pertsona ona ondoan sufritu. Hori beti horrela izan da. Gaizkileak jende gaizkilea nahi du bere ondoan. Lapurrak lapurrak nahi ditu ondoan. Pertsona zintzoak min ematen dio gaizkileari. Jatorrak nolabait ere salatu egiten baitu maltzurra. Eta horretatik sortzen da gaurko lehenengo irakurgaiko borroka: gaiztoek ezkutarazi egin nahi dute zintzoa, iraindu egingo dute, gezurrezko salaketak egingo dizkiote. Ezin dute sufritu.
Jesusi ere gauza bera datorkio gainera. Gizakiek hil egingo dute, haren bakezko eskaintzak min egiten dielako. Judu handizkiek ezin izango dute Jesusen jarrera ez ulertu eta ez onartu. Beren jarrera harro eta handizaleentzako ez zetorkien batere ondo Jesus beren ondoan. Paretik kendu beharra daukate. Eta halaxe kenduko dute. Gurutze-bidea ezarriko diote Jesusi.
Gizakion zapuzketa hori, ordea, Jainkoak salbazio-bide egingo du. Juduek Jesusi ezartzen dioten gurutze-bidea, gerora fededun guztientzako jarraibide gertatuko da. Jesusek gurutze gainean erakusten duen bihotz handia, zerbitzu jatorraren eredu eta jarrera gertatuko da. Heriotz-bide gertatu nahi zena, zerbitzu-bide gertatuko da. Eta harrezkero Ebanjelioko bideak argi daude: azkenerainoko zerbitzua bizitzeko prest dagoenak emango du fedearen neurririk onena. Ikasleek ez zuten izpirik ere ulertzen. Haiek bestelako kalkuloetan zebiltzan: zein ote zen handiena beraien artean eta horrelakoetan zebiltzan.
Hemendik begiratu beharko genituzke, entzule adiskide, gure gizarteko bideak. Hor dago Jesusen apaldu beharra, hor, gizon-emakumeon gora-nahia. Jesusen zerbitzu-bideak salbamena dakar; gureak, berriz, zatiketa, etena, haserrea. Eta fededunak ezin onar ditzake etena eta zatiketa sortzen duten bideak. Fededunaren bidea, gurutzea jokalege duen bidea da. Gurutzeko bideak eta gizakiok darabiltzagun handi-nahiak ez datoz bat. Santiagok esan digunez, Jesusen bidea «garbia da, baketsua, eratsua, apala, errukiz eta egintza onez betea». Gure bideek, ordea, «haserrea eta borrokak» sortzen dituzte, «grina txarrak». «Hil egiten duzue, bekaitzez beteak zaudete, borroka eta gudu egiten diozue elkarri».
Gizartetik gure Elizara pasa eta zer ikusten da? Gure Elizak ulertu al du Jesusen Ebanjelioko gurutze-bidea? Gizarteko zerbitzu apalera makurtua bizi al da? Gurutze-bideak duen eragin sakonari antzematen al diogu? Edo-eta gure gizarteko joerak aldatzeko beste eragin-indar batzuetan jarri ote dugu ustea? Zerbitzu-bideak pobreekiko bihotz zabala esan nahi duela jabetu al gara? Zer erantzun ematen ari gara gure euskal gizarteak ageri dituen behartsu zahar eta berrien aurrean? Elizak Euskal Herrian ematen ote du, ez batzuek eskatzen diotena, baizik bere izaerak eskatzen diona, Ebanjelioak eskatzen diona? Egiazko erantzuna ematen ari ote gara kristauok?
Jesusek ume bat jarri digu begi aurrean. Ume baten xumetasuna eta apaltasuna jarri dizkigu eredu. Guk, berriz, ikasleek bezala, prestijioaren neurriak erabiltzen ditugu. Jesusek zerbitzua, guk prestijioa. Eta hortik datoz gero beste guztiak. Prest egotea eta prestijioa hizki berekin hasten dira biak, baina bi jarrera oso desberdinak erakusten dituzte. Prest egoteak zerbitzura garamatza. Prestijioak, berriz, dena gure zerbitzura jartzera. Eta elkarrekin zer ikusirik ez duten bi izaera sortzen dira horretatik: umearen xumetasuna, dena zabalik bizi da, emana, uste onez, ingurukoen mesedea bilatzen beti. Prestijioak, berriz, azpijokoak eta zurikeriak behar ditu. Interesa du iturri. Txaloak eta besteen aitortzak bilatzen ditu. Biek albora begiratzen dute: batek emateko, besteak jasotzeko. Igoalekoxe!
Zerbitzuaz hitz egitean, gaur etorkinen zori iluna ez genuke ahaztu behar. Ebanjelioa hots egiten dugu eta gero ostikoka botatzen ditugu geure artetik. Gu beraiengana joan gara inoiz Berri Ona ematera eta haiek guregana datozenean, gaizki hartu eta ateak ixten dizkiegu. Kontraesan handiak bizi ditugu. Etorkinen arazoa behar bezala konpontzeko, aurrena geure bihotzak ireki beharko genituzke eta gero behar den presioa egin gobernarien aurrean ere. Etorkinak pertsonak dira, errespetagarriak dira.
Eukaristia ospatzeak Jesusen bideak besarkatzea esan nahi du. Hor ematen da barne-handitasunaren egiazko neurria.
Iñaki Beristain (2015-9-16)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 9, 30-37)
Pedroren aitortza eta gero Jesusek emandako irakaspenak ez zuen ezer askotarako balio izan, dirudienez. Gurutze bidetik gertatzekoa zen mesiastasuna ez zuten ikasleek oso gerora arte ulertu; Pazkoa eta gero ulertu zuten nonbait. Gaurko ebanjelioan ikus daitekeenez, ikasle dorpe haiek espero zuten mesiastasuna beste edozein lidertza bezalakoa zen: gainetik azalduz, besteak azpiratuz, boterearen bidez erakusten den mesiastasun horietakoa. Beste edozein bezalakoa!
Eta ikasleek bizi duten eztabaida eta haserrea horretatik sortzen da, handinahikeriatik. Ez dira aitortzen ere ausartzen zer eztabaidatzen zuten, bai baitakite Jesusen bidea ez doala sintonia horretan. Buruaz badakite ezbaian daramaten sigizio-molde hori ez dela Jesusek nahi duena. Buruaz bai, baina gogoa beste bidetik doakie. Belaunaldi askotako pisua zeraman juduen artean mesiastasun lurtarrak, indartsuak, botere-bidekoak. Eta ikuspegi hori eranztea ez da samurra.
Eta ondo pentsatuta, guk ere zer egiten dugu? Zer eragin izan dezake Jainkoaren erregetzak gure gizartean, gaurko Elizaren pobrezia moldeanitzekoa ikusita? Nork uler lezake Jainkoaren Erreinua gure pobrezia erori honen eskuetan egotea? Guk erakuts dezakegun hau al da Jainkoaren Erreinuaren etorkizuna? Ez da ulertzekoa, eta ezin dugu ulertu. Horregatik, gure Elizan suma daitezke nostalgia eta aurreko garaien min gorde eta agerikoak. Ez pentsa erraza denik Jesusen bidea ulertzea.
Jesusek hankaz gora jarri ditu gure munduko botereen bideak. «Lehenengo izan nahi duena, izan dadila azkeneko eta guztien zerbitzari». Nola izan liteke hau? Bistakoa da, pertsonak oso ongi ekipatua egon behar duela bere barruan, zerbitzu-bide hauek onartzeko. Zerbitzu-bide hauek ulertzen eta onartzen ez dituenari bihotza itxi egiten zaio inguruko behartsuekiko sentiberatasuna bizitzeko. Bihozgabe bihurtzen da, nahiz eta kanpoko itxurak gordetzen saiatu.
Ez da, noski, maite dudan Eliza kritikatzeagatik. Berarekiko maitasunak eraginda esaten dut, ustez behintzat. Zer esan? Askotan legeek eta kanpoko gauzek askoz gehiago kezkatzen gaituztela gurutze-bideetan erorita dauden pobre eta baztertuek baino. Gaurko gure eliz elkartea askoz kezkatuagoa dago, sektore batzuetan behintzat, garai bateko adierazgarritasuna galtzeaz, zokoratuen eta duingabetuen zoria ontzeaz baino. Sarri asko Elizatik sortzen diren salaketak eta proklamak begiratu besterik ez dago!
Kritikak kritika, hemen kontua da, bakoitza Mesias-Zerbitzariaren aurrean zintzo kokatzea. Haren bidearen eta irakaspenaren galbahetik pasatzea bakoitzaren jarrera eta joerak. Besteena kritikatzea erraza da. Erakundeari pasada ematea ez da zaila. Baina, erakunde honen bekatuan nolako zerikusia dugun bakoitzak begiratu beharko dugu. Zer eztabaida daramatzagu gure eguneroko bide txikietan? Zerk kezkatzen gaitu? Zerk mintzen? Zer bilatzen dugu? Zer desio dugu?
Hobe dugu, bai, etxetik hastea. Nola tratatzen ditut inguruko pertsonak? Zenbat aldiz eduki nahi izan ditut neure menpe? Zenbatetan kendu diet edo murriztu diet izateko eta hazteko daukaten eskubidea? Edo nire eguneroko lanean, inor oharrarazten ez duten lanak eta laguntzak egiten al ditut edo egin dudana ikustarazten eta adierazten saiatzen naiz, nire egintza onari aitortza egin diezaioten? Gizarteko bizitzan, norekin ibili nahi izaten dut ukalondoz ukalondo? Pobreenekin, baztertuenekin, edo herrian zerbait direnekin?
Jesusek haurraren hauskortasuna eta ahuldadea jartzen digu eredu. Gaurko diktadore txikiak izan daitezke umeak; baina Jesusek aipatzen duen haur-izatea, hauskortasuna eta indarrik eza da. Jesusen mesiastasunak honela jokatzen baldin badu, ez datorkigu batere gaizki gaur egungo ahulezia eta botererik eza. Pobrezia honek eramaten ahal gaitu Jesusen bide apalera! Ez al gaitu erreko, ez gogortuko, ez etorkizunaren argia itzalaraziko! Ona da beti Jesusen irakaspenera eta gurutze-bidera tolestatzea. Ona da, hari begira, zerbitzu-bide apal eta saiatuak bilatzea. Ona da, bihotz handiz eta begirada zabalez, gure eguneroko bidean txikikerietan ez erortzea!
Iñaki Beristain (2015-9-16)