URTEAN ZEHAR II IGANDEA

B zikloa

Samuelen liburutik 1 Sm 3,3b.-10.19


Egun haietan, Samuel ohera joana zen, Jaunaren kutxa zegoen jauretxean. Jaunak dei egin zion: “Samuel!”. Harek erantzun: ‘Hona hemen ni’. Laisterka Elirengana joan zen, eta esan zion: ‘Hona hemen ni; deitu nauzulako etorri naiz’. Harek erantzun: ‘Ez dizut dei egin; zoaz berriz ohera’. Eta ohera itzuli zen, lo egitera.
Jaunak berriro dei egin zion: “Samuel!”. Eta Samuel jeiki zen, eta Elirengana joan eta esan zion: ‘Hona hemen ni, deitu nauzulako etorri naiz’. Eta Elik erantzun: ‘Ez dizut dei egin, seme; zoaz berriz ere ohera’. Samuelek ez zuen ordurarte Jauna ezagutzen; eta Jaunaren mintzoa ez zitzaion oraindik ezaguna.
Hirugarren aldiz Jaunak dei egin zion Samueli. Eta Samuelek jeikita, Elirengana joan eta esan zion: ‘Hona hemen ni, deitu nauzulako etorri naiz’. Ezagutu zuen Elik Jauna zela, haurrari dei egin ziona; eta Elik honela esan zion Samueli: ‘Zoaz lo egitera; eta norbaitek dei egiten badizu, esan: ‘Mintza, Jauna, zure morroi hau entzuten dago’. Joan zen Samuel bere tokira, eta etzan zen.
Etorri zen Jauna eta dei egin zion, besteetan bezala: “Samuel, Samuel!”. Eta Samuelek erantzun: ‘Mintza, Jauna; zure morroi hau entzuten dago’.
Samuel hazitzen ari zen; eta harekin zegoen Jauna; eta Jaunaren hitz bakar bat ere ez zuen utzi bete gabe.

ERANTZUN-SALMOA 39


HEMEN NATOR NI, HEMEN, JAUNA,
EGIN DEZADAN ZUK ESANA.
Opari eta eskaintzarik ez duzu nahi izan,
baina belarriak ireki dizkidazu;
erre-opari eta hoben-oparirik ez duzu eskatu,
eta orduan esan dut nik: ‘Hemen nauzu’.
Liburuan nitaz hau dago idatzia:
egin dezadala zure nahia.
Ene Jainko, gogozko zait hori,
eta bihotz-mamian daukat zure legea.

San Paulo Apostoluak Korintotarrei 1 Ko 6,13c-15a.17-20


Senideok: Gorputza ez da haragikeriarentzat, Jaunarentzat baizik, eta Jauna gorputzarentzat. Jauna piztu zuen Jaungoikoak piztuko gaitu gu ere bere indarrez.
Ez al dakizue, zuen gorputzak Kristoren gorputz-atal direla? Jaunarekin elkartzen dena, espiritu bat da Harekin.
Ihes egizue haragikeriatik. Gizonak egin dezakeen beste edozein bekatu, gorputzetik landa gelditzen da; baina haragikeria egiten duenak, bere gorputzean egiten du bekatu.
Edo-ta ez al dakizue zuen gorputza Espiritu Santuaren jauretxe dela? Zuengan bizi da Bera, Jaungoikoak emanda. Ez zarete zeuron buruaren jabe, garesti erosiak baizik. Goretsazue, beraz, Jaungoikoa zuen gorputzarekin.

ALELUIA Mesias aurkitu dugu -hau da: Kristo-.


Grazia eta egia Honen bidez etorri dira. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 1,35-42


Aldi hartan, han zegoen Joan, bere ikasleetako birekin. Eta Jesus han zebilela ikusirik, esan zien:
- ‘Horra hor Jaungoikoaren Bildotsa’.
Bi ikasleek, hori entzunik, Jesusi jarraitu zioten. Itzuli zen Jesus haiengana eta jarraitzen ziotela ikusirik, esan zien:
- “Zer zabiltzate?”
Eta haiek erantzun:
- ‘Rabbi –hau da: Maisu-, non bizi zara?’
Jesusek erantzun:
- “Zatozte eta ikusiko duzue”.
Etorri ziren, beraz, eta ikusi zuten non bizi zen; eta egun hartan Harekin gelditu ziren. Arratsaldeko lauak inguru ziren.
Joani entzunda, Jesusi jarraitu zion bi haietako bat Andres zen, Simon Pedroren anaia. Honek Simon, bere anaia aurkitu zuen lehenengo, eta hala esan zion:
- ‘Mesias aurkitu dugu’ – hau da: Kristo-.
Eta Jesusengana eraman zuen. Jesusek, begiratuz, esan zion:
- “Simon zara zu, Jonasen semea. Kefas izango da zure izena” –hau da: Harria.


Homiliak

Senideok: Jesus bataiatua izan da, joan zen igandean ikusi eta ospatu genuenez. Eta orain ageriko ekintzari hasiera ematera dihoa. Mesianitar asmoa aurrera ateratzeko behar adina Espiritu eman zaio zerutik. Eta asmo horren arabera, Jainkoaren Erreinua itsatsi behar du gizartean. Jesus hastera dihoanean, Joanek zokoratu egin behar du. Aurretik jarri behar zuena etorri denez, Joanek bere egitekoa amaitutzat ematen du. Bere inguruan bildu zituen ikasle eta jarraitzaileak ere, Jesusen bidera zuzentzen ditu. Bere behatzez erakutsi zuena, gogo onez zerbitzatu behar du azkeneraino.

«Horra hor Jaungoikoaren Bildotsa»: izen horrekin deitzen dio Joanek Jesusi. Izen ez-ohikoa eta txokagarria neurri batean guretzat. Juduentzat, ordea, oso ezaguna zen Pazko-Bildotsa, beren Pazko-askatasuna oroitarazten zien Bildotsa, askatasunaren Bildotsa. Eta Joanek Jesusi ematen dion izen honen atzean ez ote dago aitorpen hau: hor daukazue askatuko zaituzten Mesias? Hor daukazue gaurtik aurrera jarraitzea merezi duen bakarra. Sinetsia izatea merezi duen bakarra. Joanek hots egindako basamortuko hitz hura, itxaropen berri baten iturri izan baldin bazen, hitz hark adierazi zuena aurrean daukate. Joanenak egin du. Itun Zaharra amaitu da. Aurrelariak, atzetik zetorkionari pasoa eman behar dio. Eta nolako dotoretasunez egiten duen hori Joanek. Ongi bete du bere misioa.

Eta, era honetan, Jesusen inguruan elkarte berria sortzen hasten da. Bokazio-kontakizun eder baten aurrean gaude gaurko Ebanjelio-pasartean. Jesusekin topo egitearen esperientzia, elkartasun berri baten esperientzia da, bizi-esperientzia. Ikasleak «bila» ikusten ditugu, jakin-minez edo jarrai-minez. «Zer zabiltzate?». Zer da barruan darabilzuen grina hori? Bilaketa beti barne-borroka baita, tirabira, tentsioa. «Non bizi zara?». Ez dabiltza jakin-min hutsez, kurioso zelatari txepetxak bezala. Bizitzarako zerbaiten bila dabiltza, bizitzeari dagokionaren bila. Baina hori, bizi-esperientzia hori, ezin ba hitzez adierazi. Hori ikusi egiten da, bizi. «Etorri eta ikusi». Benetan elkarrizketa ederra, adierazgarria, barru-barrukoa.

«Ikusi zuten... eta harekin gelditu ziren». Gauza ederrak sinpleak izan ohi dira. Hau ere horrelakoxea da, xumea. A zer nolako karga ederra daukan zera horrek, «harekin gelditu ziren» horrek. Harekin gelditu, harekin izan, harekin gozatu bizitzearen esperientzia. Esperientzia berria, bizi-hariak berritzen dituen bizikizun betea. «Mesias aurkitu dugu». Esperientzia horrek markatu zituen ikasle hauek. Okerrik gabe esan dezakegu: bokazio guztien oinarrian esperientzia dago, bizi-esperientzia. Beste guztia azalekoa da. Jesusek begiratzen duenean, markatzen duen begirada distiratsuz begiratzen du. Eta hor, apenas zeregin handirik gelditzen den! Jarraitu eta kitto!

Bokazio-kontakizun honen aurrean, eta Samuelen bokazio-kontakizuna ere gogoan izanik, honako puntuok azpimarratu nahi nituzke:

- Jesus da jarraitzea merezi duen bakarra. Eta laguntza guztiek, jatorrak izan nahi duten neurrian, Jesusengana eraman behar dute.

- Jarraitzen ere ikasi egin behar da edo, hobeto esanda, Jainkoaren deiari antzematen ere ikasi egin behar da. Samuelek ez du lehenengoetan Jainkoaren deia ezagutzen. Dei arrotza gertatzen zaio. Baina, bihotza zabalik edukiz, azkenean Jainkoaren deia sumatzen du entzuten duen hartan.

- Samuelen kasuan Elik eta Ebanjelioko ikasleen kasuan Joanek, ezinbesteko laguntza eskaintzen dute: Jesusen jarraipidean laguntza estimagarria batak besteari eman diezaiokeguna. Azken batean ez gara ari geuretzat ikasleak egiten. Eliza ez da ari eliztarrak Elizarako egiten. Jaunaren jarraipidean elkarren laguntzaile izatea da kontua, Jaunaren jarraipidean.

- Jaunaren deiak bihotz-zabaltasuna eskatzen du, bihotz irekia, entzulea. Jaunaren deiari ez dago paso ematerik. Ez dago entzungor egiterik. Jaunak deitzen duenean, ez dago jolasik. Azken batean, Jaunaren deia entzute horretan, gure kristau-bizitza osoa, eta gure giza bizitza osoa ari gara jokatzen. Dei hori estali daiteke han-hemengo builaz eta eginbeharrez, baina Jaunaren deia ez entzuteak ez du atarramentu onik.

Eukaristia ospatzera goaz. «Horra Jainkoaren Bildotsa». Pazko-Bildotsa, askatasunaren Mesias! Horra bere segiziora deitzen gaituen Jauna. «Zer nahi duzu, Jauna?». Postura xume eta xalo honetan aurkituko al gaitu, meza honetan Jaunak egiten digun bisitak.


Iñaki Beristain (2015-1-9)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 1, 35-42)

Eguberri aldia bukatuta, berriro ere, Garizumara bitartean, igande arrunten bidera etorri gara. Eta lehen igande honek ikasleei egindako deiaren argitan jartzen gaitu. Jesus heldua ikusten dugu. Bataioa hartu du eta bere ikasleak erakartzen hasten da. Oraingoan Joan Bataiatzalea ikusten dugu bitarteko. Joanek oharrarazirik, bi ikasle Jesusen atzetik doaz eta «harekin gelditu ziren».

Jesusekin topo egite honetan, aurrena, esan bezala, Joanen aholkua dago: «Hauxe da». Seguru asko, Joanek behin baino gehiagotan hitz egingo zien bere ikasleei Jesusi buruz. Eta «hori dela» entzuten dutenean, ez dute zalantza handirik erakusten. Jesusen atzetik doaz, ezagutu egin nahi dute. «Non bizi zara?» galderak jakinmina baino zerbait gehiago erakusten du. «Non bizi zara?» horrek barruko proiektua eta barruko «misterioa» ezagutzeko gogoa azaltzen du. Jesus ezagutu nahi dute.

«Etorri eta ikusi». Jesus ez dago ideiez ezagutzerik. Jesus ezagutzeko harekin bat egin behar da. Ezagutza afektiboa behar da, barrukoa, bizi-ezagutza. Egun hura Jesusekin igaro zuten. Zer ikusi ote zioten? Zertaz jardun ote zuten? Zer aurkitu ote zuten? Ez zaigu inolako zehaztasunik eta ñabardurarik ematen. Ez da nonbait inportantea. Azken batean, topaketa batean inportantea pertsonen arteko harremana baita, pertsonak berak, eta ez pertsonek eman dezaketena.

«Etorri eta ikusi» izango da gehiagotan errepikatuko den esaldia. Jesusen ikasle egiteko ez da nahikoa gauzak jakitea. Ez dira nahikoa teoriak, ideiak, burutazioak. Aurrena joan egin behar da, geuretik atera, haren bidean jarri. Geurean habi beroak egin eta berorietan geldituz ez dugu Jesus «ezagutuko». Eta, gainera, «ikusi» egin behar da, bizi, esperientziaz bizi, harremana izan. Eta orduan, harremanaren muinean, Jesus ezagutu egiten da.

Nor da Jesus zuretzat gaur? Beharbada zuk ere izan duzu Joan Bataiatzaileren bat Jesusenganako deia egin dizuna. Beharbada zuk ere Jesusi galdetu diozu nor den. Eta horretan iraun duzu luze, otoitzean, Ebanjelioa irakurtzen, Jesus ezagutzen. Gutxien uste duzun egun batean Jesusi entzun diozu zure izena esaten. Eta topaketa gertatu zaizu. Edo gertatuko zaizu. Eta orduan bizitza osoa aldatu egiten zaizu, dena berri egiten da. Bizitza estreinatzen ari zarela konturatzen zara.

Jesus ez da ideia bat. Ez da giza balio handien edo gure nahi handien sinboloa. Jesus norbait bizia da. Zure izenez dei egiten dizun norbait bizia. Oduan ezingo duzu Jesus gabe bizi. Sakonenean jo zaitu eta bihotza irabazi dizu. Eta «harekin gelditzen zara». Zenbaitetan teologian bizi dugun arazo larriena da doktrina bat zuzena ote den, teologo baten idazlana egokia ote den, Jesusez ari derenek gauzak ongi transmititzen ote dituzten. Eliz hierarkiaren arazo larrienatakoa da nonbait!

Baina hemen Jesusez ari gara, bizi den Jesusez, dei egiten digun Jesusez. Eta, doktrinak doktrina, Jesusek bihotza ukitzen duen ala ez, hori da arazo handia. Gaurko Elizak daukan arazo larriena ez doa doktrinaren bidetik, esperientziaren bidetik baino, bizikizunaren bidetik. «Ikusi zuten eta harekin gelditu ziren egun hartan», hori da kontua. Gero, doktrinak eta moralak eta legeak eta Elizak eta, izango dute beren garrantzia. Baina, oinarrian topaketa afektibo hori ez badago, jai daukagu!

Jesusen Erreinua martxan da gaur ere. Eta Jesusek jende entregatua behar du, jende poztua, jende harritua. Bizi izan duten topaketan beren bizitzaren sentidua aurkitu duen jendea behar du. Egunero-egunero topaketa hori berritzeko beharra sentitzen duen jendea. Joan eta ikusi duen jendea eta ingurukoei «etorri eta ikusi» esan diezaiekena. Jesusekin gabiltzanean, ez baikabiltza ideiekin.


Iñaki Beristain (2015-1-9)