URTEAN ZEHAR III IGANDEA

B zikloa

Jonas profetaren liburutik 3,1-5.10


Jaunaren hitza etorri zitzaion berriro Jonasi, eta esan zion:
- “Jaiki zaitez, eta zoaz Ninibe-iri haundira, eta hotsegin ezazu han, Nik esango dizudana”.
Eta Jaunak agindu bezala, jaiki eta Ninibera joan zen Jonas. Ninibe, hiri haundia zen (hiru eguneko bidea zuen alderik alde). Jonas sartu zen hirian, eta egun bateko bidea eginik, honela oihu egin zuen:
- ‘Berrogei egunen buruan, Ninibe txeatua izango da!’
Sinestu zioten ninibetarrek Jaungoikoari, eta barau-deia zabaldu zuten; eta denak, haundi eta txiki, zakukiz jantzi ziren.
Ikusi zuen Jaungoikoak, ninibetarrek egin zutena, eta beren bide okerretik itzultzen zirela; erruki zitzaion, eta ez zien egin haientzat erabakia zeukan hondamendia.

ERANTZUN – SALMOA 24


ZU ZAITUT, JAUNA NIRE ARGI;
ZURE BIDEAK ERAKUTSI.
Erakus niri, Jauna, zeure bideak,
adierazi zeure bidexkak.
Eraman nazazu zeure argi-bidetik, eta argitu,
Zu bait zara nere Jainko salbatzaile,
Zu zaitut egun osoan neure itxaropide.
On eta zuzen da Jauna,
horregatik erakusten die hobendunei bidea.
Apalak zuzenbidez daramatza,
erakusten die apalei bere bidea.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Kor 7,29-31


Senideok: Hara zer esaten dizuedan: ‘Bizitza laburra da. Beraz, emaztedunak, emazterik ez balute bezala bizi bitez; negarrez daudenak, negarrez ez baleude bezala; pozik daudenak, pozik ez baleude bezala; erostunak, jabe ez balira bezala; eta mundu honetaz baliatzen direnak, baliatuko ez balira bezala. Iheskorra bait da mundu honetako irudia’.

ALELUIA Hurbil da Jaungoikoaren erreinua;


sinestu berri ona. ALELUIA

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,14-20


Aldi hartan, Joan bahitu zutenean, Jesus Galileara joan zen, Jaungoikoaren berri ona hotsegitera; honela esaten zuen:
- “Ordua bete da, hurbil da Jaungoikoaren erreinua.
Bihotz-berri zaitezte eta sinets berri ona”.
Galileako itsas bazterretik igarotzean, Simon eta Andres, Simonen anaia, ikusi zituen itsasoan sareak botatzen, arrantzaleak bait ziren. Jesusek esan zien:
- “Zatozte Nirekin, eta giza arrantzale egingo zaituztet”.
Haiek, berehala sareak utzi eta jarraitu egin zioten.
Aurreraxeago joanda, Zebedeoren seme Santiago eta honen anaia Joan ikusi zituen, beren itsas ontzian sare-konpontzen ari zirela; eta dei egin zien. Haiek, Zebedeo aita ontzian mutilekin utzi, eta Harekin joan ziren.


Homiliak

Adiskideok: San Markosen Ebanjelioan, Jesus, bataiatua izan ondoren, jende-aurrera agertzen da, Jainkoaren Berri Ona hots eginez. Jainkoaren berri ematen du Jesusek. Eta Jesusek ezagutzera ematen digun Jainkoa da gizon-emakumeon Berri On. Jesusek egiten duen deiak sakontasun handia du. Eta honako hausnar-puntu hauek azpimarratu behar ditugu.

Alde batetik, Jesusek munduari dakarkion notiziak, amets guztiak betetzen ditu. «Ordua bete da». Jainkoaren ordua, lehenik: Jainkoaren asmoak betetzera baitoaz. Jainkoak gizon-emakumearen salbazioaz duen asmoa gertatzera doa. Jainkoa jokatzen hastera doa. «Ordua bete da»: gizakiaren ordua ere betetzera doa. Itun Zaharreko ametsak, gizakiaren bihotzak bere barnean dituen izan-ametsak, betetzera doaz. Jesusek egiten duen erreinuaren deia, munduaren betetasuna da. «Ordua bete da».

Jesusek dakarren notiziak zer eskaintzen digu? «Hurbil da Jainkoaren Erreinua». Hauxe da eskaintza. Jainkoa errege izaten hastera doa. Orain artean gizakiaz beste zenbait indar eta ahalmen ilun jabetu baldin badira, hemendik aurrera, ordua bete denetik aurrera, Jainkoa jabetuko zaio gizakiari. Eta Jainkoa errege izateak esanahi pozgarria du: gure askatasuna esan nahi du, indar ilunetatik libre izatea, salbatuak izatea. Gu maite gaituen Jainkoa jabetzen da munduaz. Jainkoak dena, maite dituen gizon-emakumeon onerako erabiliko du. Jainkoak ez du giure bizitza galtzen utziko. Jainkoak bere salbazio-indarra piztu du eta mundu osoan nabarmenduko da.

Hirugarrenik, dei honek eskakizun larri bat ere badu: «Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi Berri Ona». Bihotz-berritzeak zera esan nahi du: okerreko bidetik ibili gara eta, beraz, bide zuzenera itzuli beharra daukagu. Bekatuak okerbideratu baldin bagaitu, Jesusen deiak beste izan-maila batetara esnatu nahi gaitu. Izan-maila aldatu, ez soilik portaera. Begirada aldatu. Jainkoaren mailara jasoak ikusi nahi gaitu Jesusek.

Eta bihotz-berritze horren lehen egitekoa, sinestea da. Sinetsi zertan? Jainkoa errege dela sinetsi. Jainkoak dena gure onerako antolatu duela sinetsi. Jainkoak ematen digun askatasun horretan bizitzen hasi. Geure lotura eta morrontza guztiak alde batera utzi. Lehenengo irakurgaitik ikus genezake zein larria den bihotz-berritu beharra. Jesus dugu Jonas berria. Eta ninibetarrak bezala, guk ere Jainkoaren deia jaso behar dugu.

Aldaketa honek munduko baliabide guztiak aldatzen ditu. Esaldi hau erabiltzen uzten badidazu, entzule, Jeusen adierazpenak, dena hankaz-gora jartzen du. Jainkoaren erreinua da balio nagusia. Beste gauza eta balio guztiak haren zerbitzuan jarri behar ditu fededunak. San Paulok bigarren irakurgaian esan duen bezala, «Bizitza laburra da, iheskorra mundu honetako iduria». Beraz, ezin gaitezke bizi gauza labur horiek zerbitzatzen. Gauzak erabili behar dira, eta hori ez da txarra. Ezkondu bai, hori ez da susno txarra sortzekoa. Baina ezin daiteke ezer eragozpen gerta Jainkoaren erreinua zerbitzatzeko. Bestela, mundu honetako gauzen fruitu kaskarrean geldituko ginateke. Begira zer-nolako indarra izan duen Jesusen deiak, Galileako itsas-ertzean arrantzuan ari ziren haiengan. Jesusek dei egin orduko, haiek dena utzi eta jarraitu egiten diote. Hain erakartzailea da Jesusen deia! Hain eragin handikoa! Eta, bestalde, gizakiak zer egin dezake hoberik, Jesusen deia entzun eta Jainkoa zerbitzatzea izan ezik! Jainkoaren Erregetza indartsua da gaur ere.

Gaurko Jainkoaren Hitzak egin digun dei honen aurrean, gure bizitzari begiratu behar diogu, geureari eta herriarenari.

Jainkoaren erreinuaren deiak ba al du gure bizitzan indarrik? Inolako eskakizunik ba al du Jainkoaren erreinuak gure eguneroko bizitzan? Edo, Jainkoaren erregetzarik ez balitz bezala bizi gara?

Jainkoaren erreinuak, benetako bihotz-berritze batera al garamatza? Eta etengabeko bihotz-berritze batera?

Mundu honetako gauzak eta ondasunak nola darabiltzagu: Erreinuko zerbitzuan edo-ta geure egoismoen zerbitzuan? Jainkoaren zerbitzuan edo-ta geure zerbitzuan?

Galileako arrantzaleentzat bezala, guretzat ere Jainkoaren deia konpromiso-sortzailea al da: geuretik ateratzen al gaitu eta besteen zerbitzuan jartzen?

Esate baterako, eta adibide bat jartzeko da, ez bestetarako, honek badu zerikusia, aste honetan amets eta otoitz dugun Elizen batasunarekin. Jainkoaren erreinuak batasuna eskatzen digu. Eta batasunerako, egoismoak baztertu beharra dago. Eta, gainera, guztion konpromiso serio izan behar du batasunaren ametsak. Geuretik atera eta besteei begira jarri behar gaitu. Bestela, alferrik edo izango da Jainkoaren erreinuan sinesten dugula esatea.

Gure galdera, gure kezka, gure bekatu eta guzti, goazen Eukaristia ospatzera. Eukaristia deia da eta deiari erantzuteko Espiritua ematen digu. Jainkoaren erreinua Jesusen Pazkoan gertatzen da, eta Eukaristia da Pazkoa. Bizitza labur honetan bizi garen bitartean, amaitzen ez den bizia ematen digu Eukaristiak.

Fede eder honen aitorpena egin dezagun lehenik.


Iñaki Beristain (2015-1-21)



Beti bidean, beti bila

 (Igandeko ebanjelioa: Mk 1, 14-20)

Jesus abiatu da. Joan bahitu dutenean, Jesusek hartzen dio txanda. Baina ez hark bezala etortzekoa zena adierazteko, etorri dena estreinatzeko baizik. Ikasleak aukeratzen ditu. Ez dute ikasleek aukeratzen Jesus, beste maisuekin gertatu ohi zenaren kontra; Jesusek aukeratzen ditu, gutxien uste zitekeen zokoetatik. Dei egiten die eta bizitza osoa aldatzen die. Jesusi jarraitzeko egin behar dutena ez da gauzak uztea edo doktrina baten bidea hartzea. Benetan erabakitzailea Jesusen nagusitasuna sumatzea da, eta hari jarraitzeko dei atzeratu ezina aditzea. Jesus ez da besteak bezalako maisua.

Jesusek ez du doktrina bat adierazten. Erreinua jartzen du martxan. Nolako indarra erakusten duen Jesusen esaldiak: «Ordua bete da, hurbil da Jainkoaren erreinua!». Zer ulertu ote zuten orduan entzun ziotenek eta zer ulertzen ote dugu guk, gaur entzuten diogunok? Zein da bete den ordua? Jesus da, zalantzarik gabe, Jainkoaren ordua, Jesus da hurbildu zaigun Jainkoaren erreinua. Ordu (Jesus) horrek estreinatzen du Jainkoaren erreinua gure munduan.

Eta erreinu horren soinura dena abian jartzen da. Aski da Jesusen presentzia erreinuzkoa gizakion bihotza barrutik harrapatzeko. Hitz bat aski, Pedro eta Andresek esku artean daukatena uzteko. Dei bat aski Andres eta Joanek familia eta bizibidea alde batera uzteko. Zer ikusi zioten Jesusi? Zer sumatu zuten Nazareteko gazte haren eskaintzan eta deian? Jesus agertu denean, dena berria izaten hasi da.

Gaur bertan nor da Jesus niretzat?, hori da galdera erabakigarria. Jesusen begiradak «liluratu» al dit bihotza sakonenetik? Jesusen hitzak eta deia gehiegizkoak iruditzen al zaizkit? Pisu astun gertatzen zaizkit ala askatasunerako leiho? Edo hizkera hau guztia arrotza, arraroa, gertatzen al zait, biguna, indarrik gabea? Hemen jokatzen dugu kristau (Jesusen jarraitzaile) izatearen auzia. Kontua ez da Ebanjelioak interpretatzea edo haietan esandakoa neure teologi eskemetara egokitzea edo gaurko pentsalarien azken ikuspuntuak ezagutzea. Benetako auzia Jesusen aurrean jokatzen da: «Ni nor naiz, Ni zer naiz, zuretzat?

Jakina!, badakit, hau normalean ez dela gauetik goizera gertatzen. Jesusekiko harremanak ere bere denbora eta bere ariketa behar du. Kosta egiten zaigu ideologian ez erortzea.

Lehen ikasle haiek ere, Jesusekin urte gutxi batzutan bizi arren, Pazkoa eta gero argitu zuten barruko sinesmen-bidea. Pazkoan ulertu zuten nondik zetorkion Jesusi bere agintea eta nagusitasuna. Orduan ulertu zuten zer zen Jainkoaren erreinua. Gutako bakoitzak ere bide bat daukagu egiteko, eta bide hori errespetatu egin behar dugu. Hasieran Jesus maisu batekin parekatzea, normala da. Hortik, gero, Jesus Mesiasenganako bidea egin behar da. Jesus Mesias horrengandik «Jesus, nire Jauna» aitortzera pasatzea beste pauso bat da. Baina hori bera ez da linealki gertatzen; harat-honat, gorabehera eta joan-etorri asko izan ohi ditu sinesmenaren bideak.

Gure Elizak gaur bertan bestelako kezkak bizi ditu, maila batzuetan behintzat. Baina, benetan erabakigarria dena ez da jokatzen estatuaren legeetan, edo gizartearen borroka zaratatsuetan. Benetan erabakigarria ez da jokatuko eskoletan gurutzeak kenduz edo jarriz, edo erlijioa irakatsiz edo ez irakatsiz. Benetan erabakigarria beste maila horretan jokatzen da: Jesus ondora etorri zaizu, zure itsas ertzera; zeure izenez dei egin dizu; eta bizia askatu dizu jarrai diezaiozun. Gero etorriko da gauza guztiak uztea (sareak...).

Gero etorriko da bizitzeko eredu bat edo bestea hartzea. Gero etorriko da doktrina bat edo portaera bat zeureganatzea. Baina, hasierako eta sakoneko jarrera entzule eta jarraitzailea ez badaukazu, beste guztia ideologia bihurtuko zaizu, ia beti kalterako! Jesusekin aurpegiz aurpegiko harremana izatea ez dago ezerekin ordaintzerik. «Etorri da ordua», gure ordua.


Iñaki Beristain (2015-1-21)