URTEAN ZEHAR XXVI IGANDEA
B zikloaZenbakien liburutik 11,25-29
Egun haietan, jaitsi zen Jauna hodeian, eta Moisesi hitz egin zion. Eta harengan zegoen espiritutik hartu, eta hirurogei ta hamar zaharrengan isuri zuen. Eta espiritua haiengan kokatu orduko, profeta-hitza hots egiten hasi ziren. Gizon haietako bi, Eldad eta Medad, txabolategian gelditu ziren. Aukeratuak izanagatik, ez ziren batzar-txabolara joan; baina hauengan ere kokatu zen espiritua eta profeta-hitza hotsegiten hasi ziren txabolategian.
Mutil batek, Moisesengana laisterka jo, eta hala esan zion:
- ‘Eldad eta Medad profeta-hitza hots egiten ari dira txabolategian’.
Josuek, Nun-en semeak, gaztedandik Moisesen morroi zenak, honela esan zuen:
- ‘Moises, ene Jauna, debeka iezaiezu’.
Baina Moisesek erantzun.
- ‘Zergatik zure espa horiek nerekiko? Hobe litzateke Jaunaren herri osoa profeta balitz eta Jaunaren espiritua izango balu’.
ERANTZUN – SALMOA 18
ZURE HITZAK, JAUNA,
ESPIRITU ETA BIZI DIRA.
Jaunaren legea bikain, barrena berpizteko,
Jaunak hotsegina sendo, ezikasiak eskolatzeko.
Jaunaren beldurra garbi, iraungarri betiko,
Jaunaren erabakiak egiazko, guztiak orobat bidezko.
Zure morroi honek haietan du argi bizia,
haiek gordetzean sari haundia.
Nork ezagutu ditzake bere hutsak?
Garbi itzazu neri ezkutu geldituak.
Santiago Apostoluaren epistolatik 5,1-6
Zuek, aberatsok, egizue negar garrasi batean, gainera datozkizuen zoritxarrak direla-eta. Zuen ondasunak ustelduta daude, eta zuen jantziak sitsak janda; zuen urre-zilarrak, herdoilak jota; eta horien herdoilak zuen kontrako testigantza egingo du eta suak bezala jango, zuen haragia. Azkenak diren egunotan pilatu duzue aberastasuna. Zuen soroetan igitaian egin duten langileei eman ez diezuen lan-saria deiadarka ari da; eta horien deiadarra iritsi da diren guztien Jaunaren belarrietaraino. Lurrean beti asean bizi izan zarete, eta atseginkerian; harakintz egunerako gizendu zarete. Gizon zuzena gaitzetsi duzue eta hil; Hark ez dizue gogor egiten.
ALELUIA Zure hitza, Jauna, egia da;
santu egin gaitzazu egian. ALELUIA.
Jesu Kristoren Eb S. Markosen liburutik 9,38-43.45.47-48
Aldi hartan, Joan honela mintzatu zitzaion Jesusi:
- ‘Maisu, zure izenean deabruak botatzen ikusi dugu, gurekin ez dabilen bat; eta guk galerazi egin nahi izan diogu, ez bait dabil gurekin’.
Baina Jesusek esan zion:
- “Ez galerazi, ez da inor, nere izenean mirari bat egin ondoren, Niretzat gaizki-esaka ari daitekeenik. Gure aurka ez dagoena, gure alde dago. Zuek Kristorenak zaretelako, baso bat ur edateko ematen dizuenak, benetan diotsuet, ez du galduko bere saria.
Niregan sinesten duen txiki horietako bat okerbideratzen duenak, hobe luke, errotarri bat lepotik lotuko baliote, eta itsasora botako balute. Zure eskuak arriskuan jartzen bazaitu, moztu ezazu. Hobe duzu bizitzan besamotz sartu, bi eskuak dituzula itzali-ezinezko su-leizera joan baino. Eta zure oinak arriskuan jartzen bazaitu, moztu ezazu. Hobe duzu bizitzan herren sartu, bi oinak dituzula su-leizean bukatu baino. Eta zure begiak arriskuan jartzen bazaitu, atera ezazu. Hobe duzu Jaungoikoaren erreinuan begibakar sartu, bi begiak dituzula su-leizean bukatu baino; hango harra ez da hiltzen, ez sua itzaltzen”.
Homiliak
Senideok, ez da erraza beharbada, baina Ebanjelioan sinesten duenak, begirada zabalekoa izan behar du, ez du Ebanjelioa esparru estuetara behartu behar, Ebanjelioaren indar kontrolaezina errespetatu egin behar du. Eta jarrera horren barruan, bere indar guztiak Ebanjelio horren zerbitzura jarri behar ditu. Horrela joka dezanak, Ebanjelioaren indar ikusgarria sumatuko du han-hemenka, sorpresaz, harriturik!
Zergatik ote da, baina kontrolatzea gustatzen zaigu. Dena geure usteen eta eskemen barruan ongi ordenatua edukitzea. Kontrolatzea. Ezusteek asaldatu egiten gaituzte. Oraintxe bertan, ikasturte berriari ekin diogu, gure parrokietan pastoral urte berria hasi dugu, dena martxan jarri da. Bilera asko egiten ari gara, dena ongi bideratu nahi dugu. Eta hori ongi dago. Baina uzten al dugu zokoren bat sorpresarentzat? Uzten al dugu tokirik Espirituak berekasa sortu nahi izan dezakeen ezustekoarentzat? Edota, horrela esaten ez badugu ere, Espirituari ere gure eskemetatik ateratzea debekatu egin behar ote diogu?
Lehen irakurgaiko Eldad eta Medad ez zebiltzan eskemen barruan. Ez ziren batzarrera joan eta, hala ere, Espiritua haiengana jaitsi egin zen. «Debeka iezaiezu», horra gure protesta. Ebanjelioko pasadizoan ere, Joan ez dabil trankil. Deabruak botatzen ikusi dute baten bat, eta beraien taldean ez dabilena. Eta ez dago, ez, trankil. Moisesek lehenengo irakurgaian eta Jesusek Ebanjeliokoan, biek espiritu zabala dute, espiritu irekia, eta badakite Jainkoak nahi duenean eta nahi duen bezala eta nahi duen tokian joka dezakeela. Eta badakite Jainkoaren aztarrenak sumatzen edozein girotan eta tokitan. «Ez galarazi, gure aurka ez dagoena gure alde dago». Egia da, fededunaren barruak, Espirituaren ekintza ikusteko eta onartzeko espazio irekia izan behar luke. Espirituaren askatasuna errespetatu behar luke. Eta, jakina!, besteengan ikusten duen onarengatik, pozten jakin behar luke. Gure eskemetatik kanpo ikusten dugun onak zinez poztu behar gintuzke! Bestela, bada zerbait guregan bere onean ez dagoena, bada zerbait.
Gure planteamentuetara etorriz, bi jarrera aipatu nahi nizkizuke, adiskidea. Alegia, fededun bezala edozein ekintza bideratu nahi dugunean, bi puntu hauek hartu behar ditugula kontuan:
- Lehenengoa da, gure ekintza guztiei ebanjelizazio-kolorea ematea. Gure ekintza eta egintza guztiak Berri On, notizia bihurtu behar ditugu gure inguruan azalduko diren guztientzat. Eta horrek esan nahi du, inor ez eskandalizatzea; batez ere, txikienak ez eskandalizatzea. «Inor ez okerbideratzea» esan digu Jesusek. Ebanjelio-sen honen kontra dihoana kendu egin behar dugu gure ekintzetatik. «Zure eskuak arriskuan jartzen bazaitu...». Guzti-guztia «baso bat ur fresko» bihurtu behar dugu ikusten eta tratatzen gaituztenentzat. Den-dena Ebanjelioaren eskaintza egin. Eta puntu hau oso eskura datorkigu gure parrokietako pastoralgintza bideratzen ari garen egunotan. Ez genuke ahaztuta utzi behar. Nola egin ebanjelizatzaile gure katekesiak, gure liturgiak, gure batzarrak, gure laguntzak, gure... guzti-guztia.
- Eta bigarren puntua honako beste hau da: gure planteaketek ez dutela sektarismoan erori behar. Ez dizkiogu Espirituari hesiak eta mugak jarri behar. Gure ekintza Espirituari eskaintzen diogun ahalegina da, eta hortik aurrerakoa Espirituak berak nahi duen bezala egiten du. Eta fededunak hori pozez ikusten du gainera. Espiritua ez da gurea. Espiritua ez da alor batean bakarrik ari. Espiritua ez da Elizarena. Espirituak ez du fededunengan bakarrik jokatzen. Espiritua askatu egin behar genuke guk ezarri dizkiogun lotura zelebreetatik. Halako espaziori lotua, halako portaerari lotua, halako planteaketei lotua... Eta poztu egin behar genuke, parroki egituretatik kanpo ere Espirituak oparo jokatzen duelako, poztu egin behar genuke. Fedeak barru zabalekoak egin behar gaitu. Honek zer esan nahi duen praktikan? Begiak zabalik eraman behar ditugula Espirituaren aztarrenik txikienei usaina hartzeko. Beti zabalik joan behar dugula, on egiten duen edonorekin ekintzan elkartzeko. Ez ditugula pertsonak beren txarteletatik neurtu behar. Gure txartelek ez dute erakusten Espiritua non ari den. Espirituak ematen du egiazko nortasuna.
Gaur bertan, Caritasen eguna ospatzen dugu gure Elizbarrutietan. Solidaritaterako deia beste behin. Hainbeste behar dago: langabetuak, sidadunak, drogamenpetuak, inmigranteak... Enpleguaren aldeko ekitaldia da gaurkoa. Benetako drama da langabezia, gazteena bereziki. Santiagori entzun al diozu bigarren irakurgaian? «Zuen ondasunak ustelduta daude». Diruarekiko gure adorazioek ez ote diote «baso bat ur» ukatzen pobreari? Nik badakit hitz ikaragarriak direla horiek, baina ezin gaitezke erdipurdikerian ibili. Ebanjeliozko planteaketak egin nahi baditugu, pobreentzako «baso bat ur» izan behar dute gure ekintza eta gauza guztiek. Bestela, Ebanjelioaren esparrutik kanpo gabiltza, Jaunaren «belarrietaraino iristen baita pobreen deadarra».
Eukaristia ospatzera goaz. Ea ospaketa honek bihotz handiko egiten gaituen. Ea gure barruko jarrera eta eskemak irekitzen dizkigun. Izan bedi halaxe!
Iñaki Beristain (2015-9-21)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 9, 37-42.46-47)
Gaurko ebanjelioaren bertsoskak gordinak eta gogorregiak gertatuko zaizkio bati baino gehiagori. Hizkera gordina da, ez dago ukatzerik. Baina Jesusek, txikien auzia tartean denean, ahulen zoriaz ari denean, sakon eta gogor hartzen ditu gauzak. Txikien zoria ezin dezake inork zapaldu. Egia da, bere garaiko hizkerak ere baduela esamolde hauetan zerikusia, baina errealitateari ezin diogu inolako garrantziarik kendu. Jesusek oso gaizki darama bere txikien zoria kolokan jartzea.
Jesusen garaian baziren erlijio-munduan, eta Jainkoa aitzakiatzat hartuta, txikiak eta behartsuak zukutzen zituzten jauntxoak. Jainkoarentzat eskatzen zutena berentzat aprobetxatzen zuten. Eta jokamolde gaizto hori legeztatua edukitzera iritsi ziren. Jesusek beti egin zuen jokalege horren kontra. Eta, hau esanda, ez da hain zaila Jesusen gaurko hitz hauek bere gordinean ulertzea. Jesusentzat pertsona sakratua da, eta ezindua denean, are gehiago.
Gure gizarteak ere begiratu beharko luke bere jokamoldea. Asko hitz egiten da ezinduez, krisiak biluzik utzi dituenez, baina gero, ekintzarako garaian, irtenbideak bilatu behar direnean, beti berberak dira sufritzen dutenak, krisiaren ondorio negargarriak nozitu behar izaten dituztenak. Gaurko ebanjelioak egiten duen argazkiaren arabera, borrokan larri gabiltza nor gure taldeko, nor arerio, pertsonaren balioari begiratu ordez, neurtzeko bestelako neurriak erabiliz. Eta pertsonari ez zaio bere balioa, berezko balioa, aitortzen. Ideologia, dirua, posizioa... erabiltzen ditugu handiak eta txikiak bereizteko.
Handizale gara eta, handien ohoretan, txikiak zapaldu egiten ditugu. Ez diegu beren duintasuna aitortzen, pertsona bezala zor zaien oinarrizko duintasuna. Jesusek bestelako jokamoldea ekarri eta hots egin zuen. Txikientzat duintasuna aldarrikatu eta esijitu zuen. Txikiak onartzea eta balioan jartzea eskatu zien bere ikasleei. Eta txikiak esatean zer esan nahi zuen adierazteko, umeen eredua erabili zuen behin baino gehiagotan.
Gaurko txikiak nortzuk ote dira? Azken urteotako krisialdiak ezinean dauzkanak ez ote dira txikiak? Ekonomi aparraldian etxe berri baten erosketan sartu eta, lanik gabe gelditu direnean, etxeari ezin eutsi izan diotenak, ez ote dira txikiak? Gaixotasunak erditik harrapatu dituenak ez ote dira txikiak? Agintearen gehiegikeriek kateatu dituztenak ez ote dira txikiak? Zorion bila bidea erratu dutenak eta gainbehera etorri direnak, ez ote dira txikiak? Gaurko publizitate zapaltzaileak sasibeharretan sartu eta ezer gabe utzi dituenak, ez ote dira txikiak? Zeure ingurura begiratzea aski, txiki asko ikusteko!
Eta horiek era askotara eskandaliza daitezke. Pobreen aurrean eta pobreen kaltetan, gastu handi eta distiratsuetan ibiltzea, ez al da eskandalua? Gure hirietako eskaparate argitsu eta jaleak ez al dira eskandaluzkoak? Gure erosotasun asko ez al da pobreak eta txikiak eskandalizatzeko adinakoa? Horiei, geuri alegia, Jesusek egiten digun mehatxua hor dago, gordin eta latz. Txikien zoria salbatzea da gure eginbeharra. Bestela, Jainkoak entzungo du txikien garrasia.
Bizi dugun krisialdiak ez dakit non eta nola utziko gaituen. Baina ez al gaitu lehengora ekarriko! Balioko ote du bestelako mundua eraikitzeko, bestelako bizi-sistemak eratzeko, pobreen zoria salbatuko duen biziera proposatu eta bideratzeko. Bestela, ezin dezakegu onartu.
Munduak, gure munduak, ondasunen banaketa zuzenagoa bideratu beharra dauka. Ezin dezakegu fededunok gauza bat ahaztu: Jainkoak eman dizkigun ondasunak guztientzat direla. Eta batzuek gutxiegi daukatenean, besteok gehiegi edukitzea, lapurreta egitea dela. Eta hori, txikien kalteko da, gutxituen kalteko, pobreen kalteko, zokoratuen kalteko, ezinduen kalteko. Kontua ez da ebanjelioko mehatxuak hitzez hitz errepikatu eta hots egitea. Baina, jakin behar genuke, pobreen eta txikien kontuan ari garenean, onerako eta txarrerako, Jainkoa beti tartean dabilela. Txikien zorigaiztoak ondoeza eta samina sortu behar liguke, gauzak ongi izateko.
Iñaki Beristain (2015-9-21)