HIRUTASUN SANTUA
B zikloaDeuteronomio liburutik 4,32-34.39
Moisesek honela hitzegin zion herriari:
- ‘Galde iezaiezu aintzinako egunei, zu baino lehenagokoei; galde, Jaunak gizona lur-gainean sartu zuenetik oraindainokoei: bai al da zeru-muga batetik besteraino hitz hau bezain haundirik? Entzun al da holakorik? Bai ote da herririk, zuk bezala Jainkoaren mintzoa sugarren erditik hitz egiten entzun ondoren, bizirik gelditu denik? Bai al da jainkorik, herrien artean Beretzat herri bat hartu nahi izan duenik, Jaunak, zuen Jainkoak, Ejipton zuekin egin zuen bezala; ahaleginez, ezaugarriz eta mirariz, gudu eta esku azkarrez, beso indartsuz eta izu gorria dariola?
Jakin ezazu, beraz, gaur, eta sinestu bihotzez, Jauna dela Jainko bakarra, goiko zeru hartan eta beheko lur hontan; ez da besterik. Eta bete itzazu, gaur ematen dizkizudan lege eta aginduak, zu eta zure ondorengo semeak zoriontsu izan zaitezten, eta bizitza luzea izan dezazuen, Jaunak, zure Jaungoikoak, betiko ematen dizun lurraldean’.
ERANTZUN-SALMOA 32
BAI DOHATSU,
JAUNAK BERE OINORDE
HAUTATU DUEN HERRIA!
Jaunaren hitzak egin ditu zeruak,
haren aho-arnasak izar-mordoak.
Hark esanik eginak bait dira,
Hark agindurik izan ere dira.
Gure bihotza Jaunaren zain dugu,
lagun eta babes Bera bait dugu.
Betor gugana, Jauna, zure maitasuna,
Zugan bait dugu geure uste ona.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 8,14-17
Senideok: Jaungoikoaren Espirituak darabilzkienak, haietxek dira Jaungoikoaren seme. Ez duzue hartu morrontzarako espiritua, berriz ere beldurrean erortzeko; semetzarako Espiritua hartu duzue, eta Horrek hots eginarazten digu: ‘Abba! Aita!’.
Espiritu horrek gure espirituarekin batera aitortzen du, Jaungoikoaren seme garela. Eta seme bagara, baita oinordeko ere; Jaungoikoaren oinordeko, eta Kristoren oinordekide; nekeetan Haren kideko baldin bagara, aintzan ere Haren kideko izan gaitezen.
ALELUIA Aintza Aitari eta Semeari, eta Espiritu Santuari;
Baden, bazen eta badatorren Jaungoikoari. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 28,16-20
Aldi hartan, hamaika ikasleak Galileara joan ziren, Jesusek aurrez agindu zien mendira. Hura ikusi zutenean, ahuspez agur egin zioten; batzuk, ordea, zalantzan zeuden.
Eta Jesusek, hurbildurik, honela hitzegin zien:
- “Aginpide oso-osoa eman zait Neri zeru-lurretan. Zoazte eta egin ikasleak herrialde guztietatik; bataia itzazue Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean, eta erakutsi haiei, Nik agindu dizuedan guztia betezen.
Begira, Ni zuekin nauzue egunero, munduaren azken egunera arte”
Homiliak
Pazko-festak buruturik eta Urtean zeharreko igandeen martxa hasterakoan, Hirutasun guztiz Santuaren festaburua ematen digu Elizak. Eta pozarren ari gara festaburu hau ospatzen elkarturik. Esan dezakegu, Pazko-jaiak ospatzerakoan, Jesu Kristoren misterio guztia ospatua gelditu zaigula: mundura etorri zitzaigun, Salbatzaile agertuz, Aitaren maitasuna erakutsi zigun, hitzez bai, baina batez ere bere burua gure alde emanez. Eta Aitaren maitasunaren garaipena ikusi eta gozatu dugu Piztuera eta Aitaren eskuinaldera igotzea ospatu dugunean. Aitaren maitasunaren agerpena izan da Jesusen misterioa.
Gaurko festaburuak, berriz, badirudi Jesu Kristorengan agertu zaigun maitasunezko gertaera hori bildu eta eskaini nahi digula. Jesu Kristoren gizon egitean, heriotzean eta Piztueran ezagutu dugun Jainkoa nolakoa izan da? Zer jainko-mota sinesten dugu guk? Nolakoa da gure bizitzaren iturburu eta helburu aitortzen dugun Jainkoa? Zer Jainko eman digu Jesusek ezagutzera? Eta esaldi batean bildu behar banu, hauxe esango nuke: Jainkoaren edertasuna ospatzen dugula gaur. Eder eta maitagarri agertu zaigun Jainkoaren festa dugula gaurkoa.
Nor da Jainko Aita? Dena eder eta dena gure onerako egin duen Jainkoa! Lehenengo irakurgaia ez dugu berriz irakurriko, baina Jainkoa guregana hurbildu zaigu, pentsa ezin zitekeen moduan. Eta Jainko horrek bere jauntasuna erakutsi digu dizdiz. Jainko Aita guregana etorri da Jesusengan. Gertuko egin zaigu. Hobeto: Aita egin zaigu. Jainkoak gaitza eta heriotza desegin ditu Jesusengan, guri salbaziozko mundu berria eskaini nahiz. Jainko Aitak, Jesusen bidez, berekin baketu gaitu. Eta betiko biziaren itxaropen zoriontsua eman digu.
Nor da Jainko Semea? Aitak bidalia, guregana etorri eta Aitaren maitasunaren neurririk eza erakutsi diguna. Gure gaitza beregan hartu eta gure ordez heriotzaren ur kaltegarriak hondoraino edan dituena. Beregan Aitaren eskuinaldeko salbaziozko aintzatara jaso gaituena. Jainkoa Aita dugula erakutsiz bere anai-arreba egin gaituen Jainko Seme gertukoa. Munduaren azkeneraino gurekin, Elizarekin biziko dela agindu ziguna. Jesus Jainkoa, Elizaren maitea!
Nor da Jainko Espiritua? Jesusek azaldu digun Aitaren maitasunaren edertasuna atergabe gure bihotzetan aletzen duen indar biziemailea. Egunero eta unero, Jainkoaren erreinuko arnasa berrira altxatzen eta esnatzen gaituen barneko argia. Eliza, mundu behetik Erreinuko gainera jasotzen duen ahalmen erakargarria. Elizaren goi-biziera eragiten duen jainkozko indarra. Espiritua, Elizaren bihotza, gure fedearen eragilea, gure maitasunaren sua.
Eta, adiskideok, Jainko Aita, Jainko Semea eta Jainko Espiritua horrelakoak izanik, zer edo nor gara gu, Jainko horrengan sinesten dugunok? Zer-nolako duintasuna eta goitasuna eman zaigu guri, Jainko hori ezagutzera eman zaigunean? «Ez dugu morrontza-espiritua hartu beldurrean erortzeko, seme-alabatzaren espiritua baizik, Jainkoari ‘Aita’ esanarazten diguna». «Jaikoaren seme-alaba gara». Hauxe dugu gure edertasun, hauxe gure nagusitasun!
Honetatik galdera larri bat behintzat sortzen zait niri. Zer gertatzen zaio gaurko gizon-emakumeari Jainkoa gorrotatzeko edo, gutxienik, Jainkoa zapuzteko? Edo, onenean, beste hau galdetu beharko genuke: Zer-nolako Jainkoa azaldu dugu fededunok, gaurko gizakiak Jainko hori arbuiagarri ikus dezan? Galdera larria! Zenbaitek Jainkoarengan gizon-emakumeon etsaia sumatzen du. Zenbaitek Jainkoagan sinesteari ez dio inolako etekinik ikusten. Zenbaitentzat igual-igual bizitzen da sinestu edo ez sinestu. Eta, horretatik, galdetzen dut: ez al dugu askotan Jainko gogorra, epailea, azaldu? Ez al dugu askotan Jainkoa, lege eta betebehar huts bihurtu? Ez al dugu askotan Jainkoa, gizon-emakumeon askatzaile azaldu ordez, gizon-emakumea lotzen duen soka lodi bezala azaldu? Hortxe legoke, nik uste, gakoa!
Gaur, hala ere, aitorpen pozgarria egin nahi dugu fededunok: sinesten dugu Jainkoarengan! Sinesten dugu haren maitasunean! Maite dugu Jainkoa! Sinesten dugu gure gizatasunari zabalero eta buelo berria ematen diola Jesusen Jainkoak! Maite dugu, nonahi eta noiznahi gaitzaren eta heriotzaren tristuratik askatu eta askatzen gaituen Jainkoa! Ez gaude, Jainko hau merke-merke saltzeko! Maitatu gaituen Jainkoa maite dugu. Baina, aitorpen hau egitearekin ez litzateke nahikoa izango: eguneroko bizieraz erakutsi beharko dugu Jainkoagan sinesten dugula eta hura maite dugula. Libreak izanez, lagun hurkoak libre eginez, pobre azalduz eta pobreak askatuz, baldintza gabeko zerbitzu pozgarriaz, gizarte zuzenago baten oinarriak bilatuz, gure gizarteko ahulenen alde jokatuz... erakutsiko dugu Jainko askatzailea dela guk sinesten eta maite duguna.
Kristau senideok: Ederra da gure Jainkoa! Ederra da Jesusengan, merezi gabe, ezagutzera eman zaigun Jainkoa! Esan dezakegu, onenaren eskuetan bizi garela! Eta, hori horrela izanik, sinesmen hori eta maitasun hori sakontzen, gaurkotzen eta ederragotzen, inolaz ahal dugun saiorik saiatuena egin behar dugu! Gaur kontenplazioari emanak bizi diren gizon eta emakumeei laguntzeko eguna dugu. Eta ez ditugu ahaztuta utziko ofiziorik ederrena bizi duten hauek. Ederki egiten dute Jainkoa atergabe adoratzea! Ederki egiten dute Jainkoaren maitasunagatik beste guztia uztea. Ederki egiten dute egun osoa otoitz-giroan bizitzea! Ez diote gizarteari zerbitzu makala egiten!
Goazen Eukaristia ospatzera. Hauxe da, seguru asko, Jainkoa ezagutzeko biderik egokienetakoa! Jesus jateko eman digun Jainkoarekin topo egin dezagun ospaketa festatsu eta fedezko honetan. Eta, aurrena, Jainko honengan sinesten dugula aitor dezagun "sinesten dut" kantatuz!
Iñaki Beristain (2015-5-26)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 14, 12-16. 22-26)
Odola gauza serioa da. Odola bizia da. Odola pertsona bera da bere betetasunean. Odolarekin, beraz, ez dago jolas egiterik. Odola galtzea, bizia galtzea da. Odola kentzea, bizia kentzea. Edozer gauzarengatik ez da odolaren prezioa ordaintzen. Odola balio izateko, norbait oso maitatua behar du izan. Ez dago gauzarik, odola merezi duenik. Izatekotan ere, pertsona behar du izan eta ez edonor; zeure maiteena.
Kristoren gorputz-odolak ospatzen ditugun festaburu honetan, Jesus bere gorputz entregatuaz eta bere odol isuriaz ari zaigu. Azken Afariko une nagusian, biharamunean gurutzean gertatuko dena aditzera eman nahi digunean, Jesusek, dena eman nahirik, bere gorputza entregatzen du eta bere odola isurtzen. Eta horretan erakusten duen maitasuna behin betiko bermatua eta sinatua geratzen da. Odolaren sinadura gorriz betiko bermatua. Ez dago maitasun-ezaugarri handiagorik erakusterik.
Badakit, Eukaristia ospatzean, ezaugarri ikusgarri honi ez diogula halako betikotasun eta sakontasun handia ikusten. Ospatzearen ospatzeaz, azkenean dena balio gabetu egiten zaigu. Eta gaur lasaitasun ederrean entzuten ditugu era honetako gauzak. «Hau da nire gorputza, zuentzat emana», «hau da nire odola, zuentzat isuria», eta gu lasai. Ohiturakeria besterik erakutsiko ez balu gure lasaitasun horrek, tira! Baina uste dut sinesmenik eza erakusten duela, eta hori larriagoa da.
Kristoren gorputz-odolen festaburua ospatzeak Eukaristiaren sakoneko egia eta gertaera azpimarratzera gakartza. Jaunaren maitasunaren bermea ematen zaigu Eukaristian eta elkarteari funtsa ematen dio, maitasunaren funtsa. Eukaristiarik gabe, nola sinetsi Jauna gurekin datorrela eguneroko borrokan? Eukaristiarik gabe, zer sentidu eduki lezake igandero elkarrekin biltzeak? Eukaristiarik gabe eguneroko bizitzaren errealitate latzak irentsi egingo liguke barruko bizipoza.
Azken batean, Jaunaren maitasunaren egia ziurtatuta eduki dezagun, odoletan sinatu du Jainkoak bere maitasun-konpromisoa. Eta odola gauza serioa da, serioegia. Odola nekez bihur daiteke ohiturakeria. Odola nekez utzi daiteke galtzen. Eta Jainkoak bere odola jarri du konpromiso honetan. Jainkoaren presentzia ziurra da gure bizitzan, odoletan sinatu duelako. Jainkoaren uneoroko maitasuna ziurra da, odoletan sinatu duelako. Jainkoaren erabateko barkazioa ziurra da, odoletan sinatua delako.
Hori horrela izanik, nola galdu dugu, nola ari gara galtzen, iganderoko ospakizunaren sena? Zeri heltzen diote kristauek, iganderoko konpromiso-berritzeari heltzen ez badiote? Nola eusten diote aste osoko kristau-konpromisoari, konpromiso hori berritzen duen Eukaristia zokoratuta baldin badaukate? Zer ari zaigu gertatzen? Gauzei bere erorbidean aldats-behera joaten utzi behar al diegu? Ez al dugu zerbait egin behar, berriro ere iganderoko Eukaristiak bere garrantzia irabazi dezan?
Gauzak gaizki egiten ditugunean, ez dago zer esanik. Baina, gauzak ongi egin arren, iganderoko batzarra beheraka doala ikusten badugu, ez ote dugu zerbait berritu beharko gure ospakizunetan? Ez ote zaigu zerbait balio gebetu eta hustu gure moldeetan? Ez ote gabiltza garai bateko eskemekin eta ez ote ditugu bestelako eskema batzuk bilatu behar? Zer izan beharko lukeen? Ez dakit! Baina, gutxienez, zerbait pentsatu beharko genuke, sormen pixka bat jarriz oinarriko arazo honetan.
Izan ere, gaurko festaburuak, Jaunaren gorputz-odolen jai nagusiak, garbi erakusten digu Eukaristiaren funtsa: Erreinuko ardo berria eman zaigu, ardo horren gozotan Jaunaren presentzia gertuan suma dezagun.
Eta gauzak okertzen zaizkigunean, guk espero ez genituen ezbeharrak datozkigunean, bizigiro zailean bizitzea tokatzen zaigunean, jakin dezagun Jaunak ez gaituela sekula bakarrik uzten. Jaunak ez gaituela sekula eskutik uzten. Konpromiso hori hartu zuen eta konpromiso hori odoletan sinatua utzi zuen.
Iñaki Beristain (2015-6-1)