URTEAN ZEHAR VIII IGANDEA

B zikloa

Oseas profetaren liburutik 2,14b-15b.19-20


Honela mintzo da Jauna:
“Nire emaztea Niregana bilduko dut,
eta basamortura eramango,
eta bihotzera hitz egingo diot.
Eta han bere gazte-egunetan bezala erantzungo dit,
Ejipto-ko lurraldetik igo zen egunetan bezala.
Nire emazte hartuko zaitut betiko;
nire emazte hartuko zaitut legez eta bidez,
maitez eta errukiz.
Leialtasunez hartuko zaitut nere emazte,
eta zuk ezagutuko duzu Jauna”.

ERANTZUN – SALMOA 102


ERRUKIOR DA JAUNA
TA KUPIBERA.
Ene arima, goretsazu Jauna,
nire barren osoak Haren izen deuna.
Ene arima, goretsazu Jauna,
eta ez ahaztu Hark zuri egina.
Errukior da Jauna eta kupibera,
berant-haserre eta guztiz onbera.
Ez dihardu gurekin gure hobenen neurrira,
ez digu ordaintzen gure erruen harira.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei 2 Kor 3,1b-6


Senideok: Beste norbaitzuk bezala, goralpen-agiriak zuen aurrean azaldu beharrik ote dugu, edo zuei eskatu beharrik?
Zeuek zarete gure agiria, zeuen bihotzetan idatzia, jende guztiak irakurria eta ezagutua. Izan ere, garbi dago, zuek Kristoren agiria zaretela; gure bidez idatzia, eta ez tintaz, Jainko biziaren Espirituaz baizik; ez harlosatan, bihotzeko haragi-losatan baizik.
Jaungoikoagan dugun uste ona Kristori esker dugu; gu geu ez gara gauza ezer asmatzeko eta ezin dezakegu geure bururik goratu; gure gai-izatea Jaungoikoagandik datorkigu, Berak egin baikaitu gai elkargo berri baten serbitzari izateko.

ALELUIA Aitak, bere gogoz, egiaren hitzez sortu gaitu,


bere izaki guztietan lehenengoak izan gaitezen. ALELUIA

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 2,18-22


Joanen ikasleek eta farisearrek barau-eguna zuten batean, etorri ziren batzuk eta esan zioten Jesusi:
- ‘Joanen ikasleek eta farisearren ikasleek barau egiten dute, eta zure ikasleek zergatik ez?’
Jesusek erantzun zien:
- “Barau egin al dezakete eztei-lagunek, senar berria berekin daukaten bitartean? Ez dezakete baraurik egin, senar berria berekin daukaten bitartean. Etorriko da senar berria kenduko dieten eguna; orduan bai, egun hartan egingo dute barau.
Ez dio inork josten jantzi zahar bati oihal gordinezko adabakirik; adabakiak tira egiten bait dio jantziari, oihal berriak zaharrari, eta haundiago egiten da zarrastada. Ez ditu inork ardo berriz betetzen zahagi zaharrak; ardoak lehertu egiten bait ditu zahagiak: ardoa eta zahagiak, denak galtzen dira; horregatik, ardo berria zahagi berritan”.


Homiliak

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.