GARIZUMAKO II IGANDEA
B zikloaGenesis liburutik 22,1-2.9a.10-12.15-18
Egun haietan, Jaungoikoak Abrahan aztertu nahi izan zuen eta honela esan zion: “Abrahan!” Abrahanek: ‘Hemen nauzu’. Eta Jaungoikoak berari: “Har ezazu Isaak, hain maite duzun seme bakarra, eta zoaz Moria-lurraldera, eta eskain iezaidazu erre-opari, Nik esango dizudan mendi-gainean”.
Iritsi ziren Jaungoikoak esandako lekura; Abrahanek eraiki zuen aldarea eta pilatu egurra. Hartu zuen Abrahanek ezpata bere semea hiltzeko; baina Jaungoikoaren aingeruak hotsegin zion zerutik “Abrahan, Abrahan!’ Eta Abrahanek erantzun: ‘Hemen nauzu’. Eta Aingeruak: “Ez luza eskurik zure semearen gainera; ez egin ezer. Ikusi dut Jaungoikoaren beldur zarela, ez bait didazu zure seme bakarra ere ukatu.
Abrahanek begiak jaso, eta ahari bat ikusi zuen han atzean, adarretatik sastraka-artean lotua; joan zen, bada, Abrahan, eta aharia hartu eta huraxe eskaini zuen erre-opari semearen ordez.
Berriz ere dei egin zion Jaunaren aingeruak zerutik Abrahani, esanez: “Hala Ni Jainkoa! –dio Jaunak-, horrela egin duzulako, zure seme bakarra ukatu ez didazulako, bedeinkatuko zaitut; eta zure ondorengoak, zeruko izarrak eta itsas-bazterrean dagoen hondarra bezain ugari egingo ditut; eta zure ondorengoak, beren etsaien hiri-ateen jabe egingo dira; eta lurreko herri guztiak bedeinkatuak izango dira zure ondorengoetan, nire esana egin duzulako”.
ERANTZUN–SALMOA 115
IBILIKO NAIZ ZURE AURREAN,
BIZI DIRENEN LUR ZABALEAN.
‘Ni bai dohakabe’ nion arren,
baneukan itxaropen.
Jaunaren begietan balio haundikoa
Haren zintzoen herioa.
Zeure morroi nauzu ni, Jauna,
zeure morroi eta zeure neskamearen semea;
askatu dituzu nere kateak.
Eskainiko dizut gores-oparia,
deituko dut, Jauna, zure izena.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 8,31b-34
Senideok: Jaungoikoa gure alde badugu, nor gure aurka? Bere Semeari berari barkatu ez zionak, baizik-eta gu guztiontzat eman zuenak, nola ez digu Harekin batera dena guri emango?
Nork salatuko ditu Jaungoikoak aukeratutakoak? Jaungoikoa da zintzotzen duena. Nork gaiztotzat eman? Jesu Kristok? Hil zenak? Oraindik gehiago, piztu ere zenak, Jaungoikoaren eskuin-aldean dagoenak eta gure alde otoitzean ari denak?
EBANJELIOA
Hodei dizdiratsutik Aitaren ahotsa entzun zen:
“Hau da nere Semea, nere Aukeratua.
Entzun iezaiozue”.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 9, 2-10
Aldi hartan, hartu zituen Jesusek Berekin Pedro, Santiago eta Joan, eta mendi goi batera igo zen haiekin bakarrik; eta hiruren aurrean antzaldatu egin zen.
Haren jantziak dizdiratsu, zuri-zuri bihurtu ziren, inongo zuritzailek zuritu ez ditzakeen bezala. Eta Elias eta Moises agertu zitzaizkien, Jesusekin hizketan. Pedro mintzatu zen orduan, eta honela esan zion Jesusi:
- ‘Maisu, bai ederki gaudela hemen! Hiru txabola egin ditzagun: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat, eta bestea Eliasentzat’.
Ez zekien zer esaten zuen ere; zeharo beldurrak harturik bait zeuden. Orduan hodei bat sortu zen eta estali egin zituen, eta hodeitik ahots bat entzun zen:
- “Hau da nere Semea, nere Maitea. Entzun iezaiozue”.
Eta halako batean, beren ingurura begiratu, eta ez zuten Jesus besterik ikusi berekin.
Menditik behera jaisterakoan, ikusi zutenaren berri inori ez emateko agindu zien Jesusek, harik-eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte. Agindu hori gorde zuten, eta elkarri galdetzen zioten, zer izan ote zitekeen ‘hilen artetik bizte’ hori.
Homiliak
Senideok, Garizumako gure fede- eta otoitz-esperientziak argitasun ederra jasotzen du gaurko ebanjelio-zatian. Jesusen antzaldatzea Pazkoaren aurre-dastapena baita, aurre-gustua. Eta horretan argitzen zaigu gure gurutzearen sentidua, gure sufrimenduaren edukia eta gure berritzearen helmuga. Gaurko pasarteak argi eta garbi erakusten digu, Garizumak Pazkora eramaten duela.
Markosen Ebanjelioa irakurtzen dugunean, aldaketa handi batekin egiten dugu topo. Erdira arte Jesus onartua ikusten dugu. Galileako misioan oniritzia jaso du, Erreinuaren aldarrikapena egin duenean. Bigarren atalean, ordea, Jesus Galileatik Jesuralemera pasatzen da, onartua izatetik ukatua izatera, Erreinua adieraztetik nekaldia adieraztera. Ikasleek ere gauzak oso garbi eta ilusioz ikusten zituzten, Jesusek sendaketak egiten zituen bitartean. Jende guztia harriturik eta Jesusi goraka ari zen bitartean, ikasleak oso pozik eta ideal handiz beteak ikusten genituen. Orain, ordea, Jesusek nekaldiaz hitz egiten duenean, ukapenaz eta sufrimenduaz mintzo denean, ikasleak ere deseroso sentitzen dira.
Sinesmenaren esperientziak nekaldiko bidea darama bere barnean, dudarik gabe. Abrahamen bidea ere halakoxea izan zen. Bere semea Jainkoari opaldu beharrak ederki erakusten du Jesusi jarraitu nahi dionak bere loturak askatu beharra daukala. Jainkoarekiko obedientziak bihotz osoa eskatzen du. Eta beste gauza guztiak, bihotzeko Jaun bakar egiten zaizunaren inguruan eta zerbitzuan tolestatu behar dira. Eta fede horrek, dena Jainkoari ematen dion fede horrek, Pazko-oinarri sendoa behar du, bestela ez da posible. Nekaldiko bide hori ilunegia gertatzen zaigu, besterik gabe onartzeko. Jesusi ere halaxe gertatu zitzaion. Ikasleei zer esanik ez!
Eta hor Tabor mendiko esperientzia behar da. Jesus Pazkoko gailurrerantz abiatzen denean, Antzaldatzearen esperientziatik abiatzen da. Jesusek beretzat behar du Taborreko bizikizuna eta ikasleentzat ere behar du. Bizitzera doan gurutze-bideko pasarte hori guztia argiz poztu nahi du. Aurrena Jesusek berak behar du Taborreko argia. Izan ere, zaila gertatzen zaio Mesias-bidea gurutzearen bidetik ulertzea. Zaila egiten zaio, sufrimenduaren eta heriotzaren bidea onartu eta dena frakasoan uztea. Zaila egiten zaio bere bidea ulertzea, hitz batean. Eta ikasleei areago! Nola onar zezaketen gurutze-bideko hura Mesias zela? Nola uler zezaketen heriotzaren frakasoan ezkutatutako hura, mundua askatu beharrekoa zena?
Tabor mendiko antzaldatzea argiaren esperientzia da. Jesusek bere Aitarekin hitz egiten du. Jesusek Itun Zaharreko historia eta profetak, Moises eta Elias, irakurtzen ditu bere bidea argitu nahirik. Eta, kolpetik bezala, dena argi ikusten hasten da. Gurutze-bideak eramango du Erreinua eskaintzera. Heriotzaren ezerezetik sortuko da biziaren betea. Azkenerainoko zerbitzuak azalduko du egiazko mesiastasuna. Bere Aitaren testigantza argitzailea jasotzen du: «Hau da nire Seme maitea; entzun iezaiozue». Esango balu bezala: «Hau da bidea, jarrai iezaiozue».
Pedrok ez du ezertxo ere ulertzen. Hori bai, mendiko argi eder hau askoz aproposagoa iruditzen zaio Mesias batentzat, nekaldiko bide ilunak baino. Berak argia nahi du, gauzak erraz gertatzea, sufritu beharrik ez izatea. Argi honetan gelditu nahi du betiko. Txabolak egin eta bertan gelditu, argitan dena gabi ikusiz. Zertarako sartu bestelako arazoetan? Gizajoak ez zekien zer esaten zuen ere. Lainoa etorri zen. Argia ezkutatu zen. Eta han ez zegoen Jesus beste inor. Lehengo Jesus hura bera. Baina, hori bai: bizi izan zuten esperientzia hark bidea erakutsi zien. Esperientzia hura ez zuten ahaztuko. Bazekiten gurutzean hiltzen ikusiko zuten Jesus hura zela Jainkoaren Seme maitea.
Gu ere Jesusen jarraitzaile gara. Jesusen segizioan goaz, beraren bide berean. Gure fedearen muina segizioak ematen du. Guri ere oso zaila egiten zaigu sufrimendua eta eraman-beharra ulertzea. Zaila egiten zaigu fedearen bidea nekalditik ulertzea. Askotan zailegia egiten zaigu zerbitzua. Zaila, bizitza bere gune inportantera biltzea. Erosotasun eta erraztasunak hain ozen hots egiten diren gizarte honetan, zer sentidu eduki dezake behartsuen bizilegera etortzeak eta haien bidelagun egiteak eta sufritzeak eta besteen mesedeari begira bizitzeak eta? Segiziorik gabeko kristautasuna nahi dugu, bizitza horrenbeste aldatu beharrik ez duen biziera eta jarduera. Aste Santurik gabeko Pazkoa nahi genuke guk.
Egia da: Jesusi jarraitzeak sufrimendua ekarriko digu. Azken batean, Abrahamen esperientzia bera baita: dena uztea, Jainkoaren aurrean. Bizia heriotzatik datorrela sinestea da. Jainkotasuna zerbitzuan gertatzen dela sinestea. Maitasuna geuretzea. Eta hori guztia sinesteko, argia behar dugu, Pazko-argia, Eukaristia honen argia. Sinesmenaren argi ederrak erakusten digu Jesusen heriotza ez dela azkena, hasiera dela. Gure sufrimenduak ere baduela sentidua. Gure zerbitzuak baduela etorkizuna. Ez gabiltzala inolako irtenbiderik ez duen bide itsuan. Garizumak Pazkoa duela helmuga.
Asko sufritzen dugu, ez da hala? Gaurko fede-esperientziak argitzen digu sufrimendu hori. Ez du merezi sufritzeagatik sufritzea. Baina lagun hurkoarengatik baldin bada, pobreen zoria ontzeko zerbitzuan baldin bada, baztertuen konpainian baldin bada, ingurukoei bizia amateko baldin bada, sufrimendu hori Pazkorakoa da. Hortik dator bizia, hortik bizipoza, hortik betiko bizia.
Ez daukagu gozokerian geure bizileku erosoak egiterik. Bidez bide ibiltariak gara. Garizumaren buruan, martxoaren 28an, Arantzazura egingo dugun oinezko ibilaldi ederrak ere Jesusen segizioan goazela erakutsiko du. Gizartearen hautsak harrotu behar ditugu. Han eta hemen sufritzen ari diren guztiei garbi esan behar diegu, gure elkartasunak pobreen zerbitzura bildu nahi dituela bere karisma, eginkizun eta indar guztiak. Jesusen bideak dakarrela benetako bakea eta bide hori zerbitzatu nahi dugula. Bai, adiskidea, Pazkoko argitara goaz denok bat eginik!
Iñaki Beristain (2015-2-25)
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.