ABENDUKO III IGANDEA

B zikloa

Isaias profetaren liburutik 61,1-2a.10-11


Jaunaren Espiritua neregan dago,
Jaunak gantzutu bait nau.
Behartsuei berri ona ematera bidali nau,
bihotz-urratuak sendatzera;
katiguei barkamena hotsegitera
eta giltzapetuei askatasuna;
Jaunaren grazi-urtea hotsegitera.
Pozez beterik nauka Jaunak,
nere arima Jainkoarekin alai daukat;
osasun-soinekoz jantzi nau,
garaipen-estalkiz apaindu;
koroa jazten duen senargaia bezala,
edergailuz apaintzen den andregaia bezala.
Lurrak landareak ematen dituen bezala,
eta baratzak hazia ernetzen duen bezala,
hala ernaraziko du Jaunak zuzenbidea
eta gorespena, atzerri guztien aurrean.

ERANTZUN SALMOA Lk 1,46-48.49-50.53-54


BEDEINKATUA JAUNA,
GURE JAINKOA.
Haundiesten du nere arimak Jauna
pozaren pozez daukat nere barruna;
Jainkoa bait da nere salbamena,
ikusi bait du mirabe honen ezereztasuna.
Ondasunez bete ditu gose zeudenak,
eta esku-hutsik bidali asko zutenak.
Bere gain hartu du Israel, bere morroia,
errukia gogora zaiola.

San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei 1 Ts 5,16-24


Senideok: Zaudete beti pozik. Egin otoitz aspertu gabe; eman eskerrak beti; hau da zuentzako Jaungoikoaren nahia Kristo Jesusengan. Ez itzali Espiritua. Ez gutxietsi profeta-dohainik. Aztertu guztia; hartu on dena. Zaindu zuen buruak nolanahiko gaiztakeriatik.
Bakearen Jaungoikoak berak oso-osorik santu egin zaitzatela, eta zareten guztiak –gorputz eta arima- errugabe iraun dezala, Jesukristo gure Jaunaren etorrera arte. Leiala da dei egin dizuena, eta beteko du emandako hitza.

ALELUIA Jaunaren Espiritua neregan dago,


behartsuei berri ona ematera bidali nau. ALELUIA.

Jesu Kristoren Eb san Joanen liburutik 1,6-8.19-28


Agertu zen gizon bat, Jaungoikoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen: argiaren aitormen egitera, haren bidez guztiek sinets zezaten. Bera ez da argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik.
Hau da Joanek egin zuen aitormena, judutarrek Jerusalendik apaizak eta eliz gizonak ‘Nor zara zu?’ galdetzera bidali zizkiotenean. Joanek garbi aitortu zuen:
- ‘Ni ez naiz Mesias’.
Haiek orduan:
- ‘Zer bada? Elias al zara?’
Eta hark: ‘Ez naiz’.
- ‘Profeta al zara?’
Eta hark: ‘Ez’.
Haiek esan zioten:
- ‘Nor zara, orduan. Bidali gaituztenei erantzuna eman diezaiegun? Zer diozu zeure buruaz?’
Hark orduan:
- ‘Ni, basamortuan oihuka ari denaren mintzoa naiz: “Zuzendu Jaunaren bidea”, Isaias profetak esan zuen bezala’.
Bidalitako haietan batzuk farisearrak ziren; eta honela galdetu zioten:
- Zergatik bataiatzen duzu, bada, ez bazara, ez Mesias, ez Elias, ez Profeta?’
Joanek orduan:
- ‘Nik urez bataiatzen dut. Zuen artean ba da norbait, zuek ezagutzen ez duzuena; nere ondoren dator, ni baino lehenagotik da, eta ni ez naiz inor Honen oinetakoen lokarriak askatzeko ere’.
Guzti hori Betanian gertatu zen, Jordan-ibaiaz beste aldean; han ari bait zen Joan bataiatzen.


Homiliak

«Zaudete pozik, zaudete beti pozik». Horixe da hirugarren igande honetan egiten zaigun gonbidapena, alaitasunerako gonbidapena. Eta ez da, egia esate aldera, batere harritzekoa Abenduak alaitasun hori sortaraztea, itxaropena alaia baita, sakon-sakonetik alaia. Baina ez pentsa, alaitasun hori berezkoa denik, berez sortzen denik. Abenduko ariketa berritzailetik sortzen da. Alaitasun hau ez da etxafuegoen momentuko sua, axaleko sentimendu arina. Ez. Etorreraren esperantzan indartzen ditu alaitasun honek bere sustraiak, esperantzaren lur aberatsean. Bihotza ez ezik, gure bizitza osoa eta gure langintza osoa edertzen duen alaitasun sakona da. Bizi-indar bihurtzen zaigun alaitasuna da. «Zaudete pozik, zaudete beti pozik».

Eguneroko bizitzak sufrimendu asko dakar berekin. Berri txarrez inguraturik bizi gara, eguneroko bizitzaren samin eta ahogustu mikatzez nahigabeturik bizi gara. Gure harremanetan ere ez dugu asmatzen bizipoza aurkitzen, bizitza alaitzeko. Alderantziz, askotan gure harremanetan ez dugu eguneroko samina sakondu eta areagotu besterik egiten.

Eta, hala ere, gure alaitasun-nahia hain sakona da! Oraintxe bertan gure kaleak eta eskaparateak Eguberriren poza adierazi nahiaren borroka argitsuan ari dira dir-dir. Poza sortu nahi dugu handik edo hemendik, honela edo hala. Baina guk ongi dakigu poza ez dela kanpotik barrura sortzen. Poza barruan sortzen da. Eskaparateek ez digute pozik sortuko, aurretik barruan ez badaukagu. Kanpoko argiek, deskuidatzen bagara, gure barruko tristura nabarmendu besterik ez digute egingo. Barruan poza behar dugu, bihotzean alaitasuna.

«Jaunak bidali nau sufritzen dutenei Berri Ona ematera». Bihotza Berri Onez sendatzen duenaren etorrera gertuan dago. Gertuan da «bihotz-urratuak sendatzen dituena». Oso hurbilean da «katiguentzako barkamena eta giltzapetuentzako askatasuna». Sufrimenduz bizitza zauritua sentitzen dugun guztiok, ezinean samindua, tristuran kateatua, «Jaunaren pozez gainezka» jarri behar dugu. «Gure Jainkoarekin poztu behar dugu». Abendua eta Eguberri askatasun-notizia baititugu, berrialdi eder, sendabide sakon. Abendua eta Eguberri itxaropen-iturri ditugu. Jainkoak sakon-sakonetik berritu nahi gaitu.

Lehen aipatu dugun eta hainbesteraino behar dugun alaitasun hori lortzeko bidea erakusten digu Abenduak. Joan Bataitzaileak erakusten digu alaitasunerako jarrera: Jesusi sartzen utzi behar zaio, haren molde eta jokaera ikasi behar dugu. Joanek seinalatzen digu bere profeta-behatzez «datorren Jauna». Elizak ere, Abendu honetan, bihotza sendatzen duena nor den erakusten digu, sufritzen dutenentzako Berri Ona nor den erakusten digu. Elizak harutzago begirarazi nahi digu, barrurago, sakonerago.

«Zuen artean bada norbait, zuek ezagutzen ez duzuena». Zergatik maite ote dugu horrenbeste, kanpora begiratzea, gora begiratzea, azalera begiratzea, zergatik? Barrura ez begiratzeagatik, gure artean ez begiratzeagatik, edozer gauza!, baita zailagoa baldin bada ere. Mesias Jauna, berriz, gure artean dago, barruan dago. Eta ez dugu aurkitzen, ez baitago kanpoan. Eta ezagutzen ez dugunez, argiak behar ditugu, koloreak, publizitatea, kontsumokeria, buila... Barruan ez daukaguna kanpoan bilatzen dugu. Eta Joan Bataitzaileak, Elizak, barrura begirarazten digute.

Eta galdetzen dut: Abendu hau ez ote da izango barrura begiratzeko ariketa serioa? Gure barruan dagoena ezagutzen ari al gara, gure artean dagoena ezagutzen? Ala oraindik ere kanpora begira al gabiltza, gure barruko tristuta kanpoko nir-nir eta distira builosoekin estali nahirik?

Baina Abenduak badu gehiago ere. Barruko eta sakoneko alderdi horrez gain, Abenduak pobreen bizigirora eragiten digu, injustiziaz zokoratuengana. Erantzun-salmoan Mariaren kantika entzun dugu. Eta Maria maistra jator askoa dugu Abendurako. Mariak bere bihotzeko poza behartsuenganako ardura bihurtzen du. Mariak badaki egiazko alaitasun sakona ez dela gauzetatik sortzen, behartsuen zoria banatzetik baizik, mundu hau zuzenagoa bihurtzetik. Barruko pozak behartsuen mudua gozatzera eragiten digu. Eta pobreen aldeko borrokak areagotu, bidertu, egiten du gure barne-poza.

Abendu honek emango al digu Etorreraren poza! Eta jakingo al dugu poz hori pobreei eramaten! Bila dezagun poza geure bihotz-barruan, ez baitugu ahaztu behar poza barrutik datorrela kanpora, eta ez kanpotik barrura. Mesias Jaunak bedeinka gaitzala pozaz, pobreentzako mundu berria egiten lehia gaitezen eta «sufritzen dutenei Berri Ona» eraman diezaiegun. a


Iñaki Beristain (2014-12-10)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 1, 6-8.19-28)

Hor daukazu gaurko ebanjelioaren koadroa: Joan bataiatzen ari da Jordan ibaian eta Jesus inguru hartan dabil, baina ez du inork ezagutzen, ez baitu bere burua agertu eta ezagutzera eman. Joanek darabilan ahalegina horretara zuzentzen da, Jesusi bidea zelaitzera.

Abenduak, bere osoan, esperantzarako eskaintza ederra egiteaz gain, galdera handiak uzten dizkigu gaurko fededunoi: Jesus gure artean dabil, uneoro ari gara Jesus ahoan dugula hizketan, baina ezagutzen al dugu?, ba al dakigu nor den? “Zuen artean bada bat, ezagutzen ez duzuena».

Norbaiti gogorrak gerta dakizkioke hitz salatzaile hauek. Ez dugula Jesus ezagutzen? Izan ere, egia da, hari buruz jakin daitekeen gehiena badakigula, dena ez bada ere. Geure bizitzan ezaguntzat jo dezakegu, ezagutzea jakitea izango balitz. Baina, fedearen auzia ez da jakitean eta buruan jokatzen, bihotzean baino. Barruko begiek antzematen al diote Jesusi? Gure maitasunak ba al daki nor den?

Beharbada, Joan Bataiatzaileak falta ditugu gaur egun. Jesus ezagutzera emango digutenak. Harenganako bidea zelaituko digutenak. Testiguak. Geureaz ari gara gehiegi. Eliza eta Elizarenak ditugu arazo eta kezka. Eta Jesus geure jardueraren arrazoi edo aitzakia bihurtuta daukagu. Jesusi ikasi diot maitatu behar dudala eta harengatik maite dut. Jesusi ikasi diot pobreak zaindu behar ditudala eta harengatik hurbiltzen natzaie. Baina, Jesus bera nor da?, zer da?

Gaur Elizaz eta bertan bizi ditugun arazoez asko hitz egiten da, baina Jesusez gutxi. Jesus ezagutzera emango diguten testiguak behar ditugu. Gure Elizak bizi duen arazo larriena, testiguen eskasia da. Jendeak, gizartean, badaki eliztarren pederastiaz, badaki elizaren ondasunez, badaki teologo askoren pentsamoldeaz... Baina, ez daki Jesus nor den. Ez dute Jesusen berri zuzenik. Eta hori ez da egokia.

Gaur ere gordinki entzuten da salaketa: «Zuen artean bada norbait, ezagutzen ez duzuena». Eta ez da kanpokoei egiten zaien salaketa, guri, Jesus ezagutu behar genukeenoi, egiten zaiguna baizik. Jesusez ari gara askotan, Jesusen hitza darabilgu ahotan sarri; baina Jesus ez dugu maite eta, beraz, ez dugu ezagutzen. Eta gure fedeak ez digu ideologia puzteko bestetarako balio. Ez digu harremana sortzeko eta indartzeko balio. Eta, ondorioz, ez digu gizatasuna garatu eta edertzeko balio.

Hau dena gogoan, errepika dezagun, tetiguak behar ditugu gure Elizan eta gure gizartean. Ez asko hitz egingo dutenak, baizik esperientziaren berri emango dutenak, Jesus ezagutzen dutenak, Jesus maitatzeak ematen duen bizi berriaz zerbait adieraz dezaketenak. Aski da hitzez, aski ametsez, aski sasi ilusioz. Jesus erakutsiko duen jendea behar da, eta guri eman zaigu Jesus erakusteko eginkizuna. Baina ahaztu gabe erakusteko aurrena ezagutu egin behar dugula. Harremana bizi behar dugu abiapuntutzat.


Iñaki Beristain (2014-12-11)