JAUNAREN IGOKUNDEA
B zikloaApostoluen Eginetatik 1,1-11
Teofilo maite: Nire lehenengo liburuan idatzi nuen, Jesusek hasieratik egin eta erakutsi zuen guztia, Espiritu Santuak eraginda aukeratutako apostoluei aginduak eman ondoren, zeruetara igo zen arte. Jesus, bere nekaldiaren ondoren, agertu zitzaien bere apostoluei, bizirik zegoela argi erakutsiz; eta berrogei egunez azaltzen zitzaiela, Jaungoikoaren erreinuaz hitz egin zien.
Berarekin jaten ari ziren batean, honela esan zien: “Ez zaiteztela atera Jerusalendik. Zaudete han, Aitak hitzeman eta zuek Niri entzundako agintzariaren zain. Joanek urez bataiatu zuen; zuek, ordea, Espiritu Santuaz izango zarete bataiatuak hemendik egun gutxi barru”.
Bildurik zeudenek galdetu zioten: ‘Jauna, orain eraikiko al duzu berritik Israelgo erreinua?’ Eta Jesusek: “Ez dagokizue zuei, Aitak bere esku dauzkan uneak eta garaiak jakitea. Espiritu Santua etorriko zaizuenean, hartuko duzue indar nire aitorle izateko, Jerusalenen, Judea guztian, Samarian eta lurraren azken mugaraino”.
Hori esanik, igo egin zen, haiek begira zeudela; eta hodei batek gorde zuen begien aurretik. Zerura nola zihoan begira-begira zeudela, zuriz jantzitako bi gizon aurkeztu zitzaizkien, eta esan zieten: “Galilearrok, zertan zaudete hor, zerura begira? Zuek utzi eta zerura igo den Jesus hori berriz etorriko da, joaten ikusi duzuen bezala”.
ERANTZUN-SALMOA 46
LUR OSOA,
EGIOZU IRRINTZI JAINKOARI.
Herri guztiok, txalo jo ezazue,
Jainkoari irrintzi egiozue.
Goi-goiko Jauna, izan ere, izugarri,
lurbira osoan errege haundi.
Oihu alaien artean igo da Jainkoa,
turuta-soinuz Jauna.
Eresi Jainkoari, eresi,
eresi gure erregeri, eresi.
San Paulo Apostoluak Efesotarrei 1,17-23
Jesu Kristo gure Jaunaren Jaungoikoak, aintzaren Aitak, eman diezaizuela jakinduriazko eta goi-argizko Espiritua, Bera ezagutzeko. Argi bitza zuen bihotzeko begiak, horrela jakin dezazuen nolakoa den Haren deiaren itxaropena, nolakoak Haren aintzaren aberastasunak, Berak santuei oinordekotzan emanak; nolakoa Haren ahalmenaren haundia, sinesten dugunontzat.
Ahalmen eta indar guzti hori Kristorengan agertu du, Berau hilen artetik biztuaraztean eta zeruan bere eskuin aldean eseraraztean: agintaritza, nagusitza, ahalmen eta jauntasun guztien gainetik, eta nahiz oraingo gizaldian, nahiz gerokoan, aipa daitezkeen izen guztien gainetik eseraraztean. ‘Gauza guztiak oinpean jarri zizkion’ eta Bera, guztien gainetik, buru ezarri dio Elizari. Eliza, berriz, Haren gorputza da, guztietan guztia betetzen duenaren betea.
(Ziklo B-n ondorengo irakurgai hau egin daiteke)
San Paulo Apostoluak Efesotarrei 4,1-13
Senideok: Nik, Jaunarengatik bahitua nagoen honek, eskatzen dizuet, zabiltzatela egin zaizuen deiari dagokionez. Izan beti apal, maitagarri, bihotz haundiko; eraman elkar maitekiro; saia zaitezte Espirituaren batasunari eusten, bakearen lokarriz. Bat bakarra da gorputza, bat bakarra Espiritua; bat bakarra den bezala zuek izan duzuen deiaren itxaropena ere. Bat bakarra Jauna, bat sinesmena, bat Bataioa; bat bakarra Jaungoikoa, guztion Aita, gauza guztien gainetik dagoena, guztien barruan eta guztiengan.
Grazia guretako bakoitzari Kristoren dohainaren neurriz eman zaigu. Horregatik esana da: Gora igotzean, berekin eraman zituen bahituak; gizonei eman dizkie dohainak. Zer esan nahi du ‘gora igotzean’ horrek, lurraren sakonetara ere jaitsi zela baizik? Jaitsi zen Hura bera da, zeru guztien gaineraino igo zena, guztiak bete zitzan. Eta Hark berak egin ditu batzuk apostolu, beste batzuk profeta, beste batzuk ebanjelari, beste batzuk artzain eta irakasle, eliztarrak beren serbitzu-lanetarako eratzeko, eta Kristoren gorputza eraikitzeko, guztiok Jaungoikoaren Semearen sinestez eta ezagueraz bat izatera iritsi arte, gizon heldu izateraino –Kristoren adin beteko izateraino-.
ALELUIA Zoazte eta egin ikasleak herrialde guzietatik
–dio Jaunak-:Ni zuekin nauzue egunero,
munduaren azken-egunerarte. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 16,15-20
Aldi hartan, Jesus hamaikei azaldu zitzaien, eta esan zien:- “Zoazte mundu guztira, eta hotsegin Berri Ona gizaki guztiei. Sinesten duena ta bataiatzen dena, salbatuko da; sinesten ez duena, berriz, galdu egingo da. Sinesten dutenek mirari hauek egingo dituzte: Nere izenean etsaiak bota, hizkuntza berrietan mintzatu, sugeak eskutan hartu; eta hilgarriren bat edanda ere, ez die kalterik egingo. Gaixo daudenen gainean eskuak ipini, eta gaixoak sendaturik geldituko dira”. Jesus Jauna, horrela mintzatu ondoren, zerura igo zen eta Jaungoikoaren eskuin aldean jarririk dago. Haiek, berriz, toki guztietan berri ona hotsegitera joan ziren eta Jaunak laguntzen zien, hitza egiaztatuz haiek egiten zituzten mirariekin.
Homiliak
Hona, fededun alai, Pazkoaren gailurra erakusten duen festaburu mardula. Jesus heriotzetik berpiztu eta Aitarengana igo da. Eta Piztueraren poza sentitu eta ospatu genuenok, poz bera sentitzen eta ospatzen dugu gaur. Gure fedeak, nolabait esateko, bapo egiten du, Pazkoaren mahai oparotik atergabe janda. Ederra izan da Pazkoa, eta ederra Pazkoa bere edertasun betean azaltzen digun gaurko ospaketa. Ederra!
Horrelako festak gozatu eta kantatzeko izan ohi dira, argitasun luzeak emateko baino, eta horregatik utz iezadazu labur-labur bi edo hiru egia azpimarratzen zure poza sustatu eta areagotu asmoz.
San Markosen Ebanjelio-zati honetan gehien nabarmentzen dena, misioa da seguru asko. Ikasleak bidaliak dira. Nagusi eta indartsu entzuten da Jesusen hitza: «Zoazte mundu guztira, eta hots egin berri ona gizaki guztiei». Hori da Elizari eman zaion egitekoa. Mundura joan eta han pazko-poza biziz, Berri Ona hots egin. Ez egia batzuk irakatsi, ez. Berri Ona hots egin, bizitzeko modu eta maila berriaren notizia eman. Bizitzeko beste arrazoia azaldu. Bizitzaren beste alderdi beti ederragoa ezagutzera eman. Hori dugu Berri Onaren enkargu bikain bezain arduratsua.
Horrek, noski, eta bigarren pausoa nahi dizut azpimarratu, kristau bizi-pozaren esperientzia sakona eskatzen du. Pazkoko esperientzia bizi ahala bakarrik hots egin daiteke Pazkoaren poz neurrigabea. San Paulok bigarren irakurgaian hain ikusgarri adierazi digun bokazio horren barne-ezaupidea da bizi behar dena. Jesusen Igokundean zer esperantza eman zaigu, zer mundu berri, zer askatasun, zer goi-maila, zer bizi-poz, zer askatasun, zer nagusitasun, zer eginbide, zer... Ez genuke sekula santan ahaztu behar Kristo zerura igoa, gure, geure, buru dugula. Eta hari egokieraz eman zaiona, guri grazieraz emango zaigula.
Eta orduan zer? Zer nahi duzu esatea! Orduan zer? Bizi, gizona! Bizi, emakumea! Eta bizi nahi baduzu, zeure buruari bizitzea opa badiozu, Pazkoaren esperientziaz jabetu! Nola? «Sinesten duena eta bataiatzen dena, salbatuko da». Sinetsi! Ez dago beste biderik. Eta sinesmenari misio-grina ez ito! Alegia, ez eduki sinesmena hesi estu batzuen mugetan lotua. Sinesmenari irteten utzi. «Zertan zaudete hor, zerura begira?». Sinesmenak barrura ez, kanpora hazi behar du. Baina, noski, barrura hazten ez bada, ez da kanpora ere haziko. Bai, baina, kanpora irteteko mina falta baldin bazaio, ez da barrura ere haziko.
Zinez sinesteak on egiten du. Horregatik gaurko ebanjelioaren azpimarka nabarmena: sinesmena eta sinesmenaren ezaugarriak elkarrekin uztartuak doaz. Sinesmena ez da ideia soila, ez da sentimendu soila. Sinesmenak barrua sendatu egiten du. Pertsona askatu egiten du. Sinesmenak sendatu egiten du. Sinesmena ez da sekula hitz hutsetan gelditzen. Sinesmenaren arrazoibide nagusia, sortzen duen barne-osasuna da. Eta ideietan, sinesmena eztabaidan jar daiteke. Ideologi mailan, sinesmenari eraso dakioke. Baina sinesmenak egiten duen ona eta mesedea, isildu bai, baina ukatu nekez egin daiteke. Sinesmenak ondorio osasungarriak eta onak baititu beti berekin.
Jesus Aitarengana igo da. Orain eliz elkartea geratzen da hemen. Gu geratzen gara. Gizon-emakumeei on egitea dugu enkargu. Sinesmenaren ondorio onak azaltzea. Kontua ez da elizak betetzea. Enkargua ez da kristau-elkartea asko ugaltzea. Kontua ez da apaiz eta erlijiosotarako bokazio asko aurkitzea. Kontua da gizon-emakume bakoitzari on egitea. Hori da fededun guztion misioa eta eginkizuna. Horretarako dira apaiz eta erlijiosoak. Horretarako fededunen elkartea. Horretarako Ebanjelioa. Horretarako Jesus bera. Baina on egin nahi baldin badugu, aurrena geuk, fededunok, bizi beharko dugu sinesmenaren ona eta mesedea. Biziz eta ez bestela, erakutsiko dugu sinesteak on egiten duela. Sinesteak on egiten baitu!
Baina, galdetzen ariko zara agian, gaurko munduan zaila dela hori guztia bizitzea! Nik zer esatea nahi duzu? Behin eta berriz entzun beharko ditugu ebanjelioko hitzak: «Sinesten dutenek mirari hauek egingo dituzte: nire izenean etsaiak bota, hizkuntza berrietan mintzatu, sugeak eskutan hartu; eta hilgarriren bat edanda ere, ez die kalterik egingo». Hori Jesusek esandakoa da. Eta atsedena sortzeko hitzak dira dudarik gabe.
Goazen, fededun, Eukaristia ospatzera. Goazen festa egitera. Igokundea ulertu nahi baduzu, begira iezaiozu Eukaristia honetan Gorputz-Odol eginik ematen zaigunari. Eta begira iezaiezu zure fedelagun dituzun fededun alaiei. Jauna gurekin eta guregan dago. Poztu gaitezen!
Iñaki Beristain (2015-5-11)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 16, 15-20)
Jesus Jainkoaren eskuinera igotzen jartzen digu gaurko festak eta gaurko ebanjelioak. Eta igotzearena benetan hartu dugu, Igokundeak «gora» begira jartzen baikaitu sarri. Eskerrak, gora begira geneuzkan begiak jaitsiarazten dizkigun Jaunaren ahotsak: «Zertan zaudete hor, zerura begira?». Igo-jaitsi dinamika serio hartu behar genuke, Pazkoa eta geure misioa ondo ulertzekotan.
Gure gizartean baditu bere koordenatuak igotzeak eta jaisteak. Lanpostuan igo, gizartean igo, politikan igo... Bestea, berriz, jaitsi egin da: boterea galdu du, izen ona galdu du, dirua galdu du... Familia hori behera etorri da; bestea, berriz, nola igo ote da horrenbeste? Ondo asko bereizia daukagu zein dagoen goian eta zein behean. Gizarteko balorazioak oso argiak eta finkoak dira horretan.
Gure arriskua jakina da: gizarteko balorazio azaleko horiek eliz barrura aldatzea. Eta hala hitz egiten du zenbaitek: Gotzain bat, elizbarrutiz aldatzen dutenean, igo egin dute edo eraitsi egin dute. Halako elizbarrutia bestea baino indartsuagoa da. Parrokian batek edo besteak asko agintzen du. Asko dezakeena, hitz batean esateko, goian dago, eta gutxi dezakeena, berriz, behean. Zenbait eliz hizkera, gizartekoaren berdin-berdina da, tamalez.
Baina, Igokundeko festak bere tokian jartzen du kristau bakoitza; baita kristauaren egitekoa ere. Jesus, Pazko misterioan, maitasunezko heriotzaren azpi-azpiraino jaitsi zen. Eta maitasunaren beheratze neurrigabeko horretatik Aitaren eskuinera igo da. Eta maitasunaren neurrigabeko esperientzia horretan bat egiten dute igotzeak eta jaisteak. Jesusen dinamikan, igotzen dena jaitsi egiten da eta jaisten dena igo egiten da. Beraz, Jesus maitasunaren gailurrera igotzen da, pobreenen oinetara jaitsiz. Horra Igokundea!
Dinamika ebanjeliko horretatik aztertu beharko ditugu gure Elizaren norabideak. Eliza berritu nahi dugula eta, zertan gabiltza? Garai bateko boterea berreskuratu nahi al dugu gizartean? Gobernuaren legeak geuk ezarri eta balioztatu nahi al ditugu? Jendeak, fededun izan edo ez, zer egin behar duen guk erabaki behar al dugu? Kristau-ikuspegiaren moldeak ezarri egin behar al ditugu gizarte honetan? Elizaren ibilbideak nondik joan behar duen «intentzioz» erabaki behar al dugu, horretarako Gotzainen izendapenak eta erabailiz?
Egin ditudan galdera horietako askok erantzuna berekin darama garbi asko. Baina, zer aztertua franko bada hor. Gaurko Elizak zerbitzu dinamika hartzen ez badu, ez du inolako adierazgarritasunik eta sinesgarritasunik izango gizartean. Alfer-alferrik dabil garai bateko ospe eta botereak berreskuratu nahi dituena. Elizak, Jesus Aitarengana igo dela sinesten duelako, beheratzen ikasi behar du. Bizia azkeneraino eman zuen Jesusen bidea ongi markatua geratu zaio. Eta hori du bere bide egokia.
Jesusen beheratze-bidetik bakarrik zabal dezakegu Berri Ona. Berri Ona zabaltzeko eragozpen ditugu ospe eta botere guztiak. Gobernuen legeek ez digute inolako eragozpenik ipintzen Jesusen Berri Ona zabaltzeko. Eragozpena geure botere-gosea da. Boterea beharrezkoa da «derrigorrez ezartzeko». Baina Jesusen Berri Ona ezin dezakegu «ezarri». Eskaintzeko, proposatzeko, ez da botererik behar. Pobreziaren hitz gozoa aski da Berri Ona eskaintzeko.
Jesusen Igokundea, festa polita da Elizari bere tokia erakusteko. Handikerien desioan gora begira, alferrik geundeke. «Behean» daukagu gure «goia». Oinetan dago gure «koroa». Pobreen beharrean dago gure «betetasuna». Apaltasun onartuan daukagu gure «ospea». Geure txiki izatean daukagu benetako «handitasuna».
Hori horrela izanik, zenbat eta lehenago utzi edo galdu garai bateko ospearen ezaugarri guztiak, hobe! Zenbat eta lehenago erantzi ospearen jantzi guztiak, hobe! Jesusek markatu digu bidea. Jesus, beheratuz, igo da. Gu, hari esker, jaitsi gaitezke zerbitzura!
Iñaki Beristain (2015-5-11)