URTEAN ZEHAR XVII IGANDEA

B zikloa

Erregeen liburutik 2 Erg 4,42-44


Egun haietan, gizon bat etorri zen Baal-Salisatik; lehen-fruituekin hogei garagar-opil ekarri zizkion Jaungoikoaren gizonari, eta gari berria. Eliseok honela esan zion: ‘Eman jendeari, jan dezaten’.
Baina morroiak erantzun: ‘Zer da hau, ordea, ehun gizonentzat?’
Baina hark berriro: ‘Eman jendeari, jan dezaten; Jaunak honela baitio: “Jango dute, eta hondarrak geldituko dira oraindik’”.
Eman zien eta jan zuten, eta hondarrak gelditu ziren, Jaunak esan bezala.

ERANTZUN-SALMOA 144


ZU ZAITUT, JAUNA, ONDASUNA.
Guztien begiak daude Zuri begira,
Zuk ematen diezu beren garaian janaria.
Zabaltzen duzu zure esku hori,
pozik ematen asea bizidun deneri.
Zuzena da Jauna bere bide guztietan,
zintzoa bere lan guztietan.
Bertan dago Jauna deitzen dutenengandik,
zintzoki deitzen duten guztiengandik.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei 4,1-6


Senideok: Nik, Jaunarengatik bahitua nagoen honek, eskatzen dizuet, zabiltzatela egin zaizuen deiari dagokionez. Izan beti apal, maitagarri, bihotz handiko; eraman elkar maitekiro; saia zaitezte Espirituaren batasunari eusten, bakearen lokarriz. Bat bakarra da gorputza, bat bakarra Espiritua; bat bakarra den bezala zuek izan duzuen deiaren itxaropena ere. Bat bakarra da Jauna, bat sinesmena, bat Bataioa; bat bakarra Jaungoikoa, guztion Aita, gauza guztien gainetik dagoena, guztien barruan eta guztiengan.

ALELUIA Profeta handia agertu da gure artean,


Jaungoikoak ikustaldi egin dio bere herriari. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 6,1-15


Aldi hartan, Galileako edo Tiberiadesko itsasoaz beste aldera joan zen Jesus. Jendetza handia zuen ondotik; ikusten bait zuten nolako mirariak egiten zituen gaisoetan. Jesus, orduan, mendira igo zen, eta han zegoen eserita bere ikasleekin. Handik laster zen Bazkoa, judutarren jaia. Jesusek, orduan, begiak jaso eta, ondoren zetorkion hainbesteko jendetza ikusi zuenean, honela esan zion Feliperi.
- “Nondik erosiko dugu, guzti horiek jateko hainbat ogi?”
(Zirikatzearren ari zen, Berak bai bait zekien zer egin).
Felipek erantzun zion:
- ‘Berrehun denarioren ogiak ez lirateke nahiko, bakoitzak apur bat izan dezan’.
Ikasleetako bat, Andres, Simon Pedroren anaia, honela mintzatu zen orduan:
- ‘Ba da hemen bost garagar-opil eta bi arrain dituen mutiko bat; baina zer da hori horrenbesterentzat?’
Jesusek orduan:
- “Esaiozue jendeari, eser daitezela lurrean”.
Belar ederra zen leku hartan. Eseri ziren: gizonezko hutsak bost milaren bat ziren.
Jesusek hartu zituen ogiak, egin zuen esker onezko otoitza, eta eseritakoen artean banatu zituen; eta berdin arraiak ere, bakoitzak nahi zuen guztia. Ase zirenean, honela esan zien bere ikasleei:
- “Bil itzazue gelditu diren hondarrak, ezer gal ez dadin”.
Eta hamabi saski bete bildu zituzten, bost garagar-opil haiek jan ondoren gelditutako hondarrekin. Jendeak, orduan halako ezaugarria egin zuela ikusitakoan, honela zioen:
- ‘Hau da, benetan, mundura etortzekoa zen profeta’.
Jesusek, orduan, errege egiteko etorriko zitzaizkiola oharturik, ihes egin zuen berriro mendira, Berak bakarrik.


Homiliak

Senideok: San Markosen Ebanjelioa alde batera utzi eta, sei igandez, San Joanenaren seigarren kapitulua irakurriko dugu. Gaur entzun dugun gertaera hauxe du kapitulu horrek abiapuntu. Jendetaldea beharrean ikusten dugu. Eta Jesusek ogia eta arrainak ugaltzen ditu, beharraren arabera eta gainezka, sobratzeraino.

Gertaera honen eskutik, Jesusek bere nortasuna eta bere asmoak agertuko dizkigu datozen sei igandeetan. Jesusekiko gure harremanak nolakoa izan behar duen ikusiko dugu patxadan. Baina gaur, abiatzeko, Jesusek ogia banatzean zer gertatzen den begiratu behar dugu batik bat. Zer gertatzen den? Eliseok lehen irakurgaian esandakoa gertatzen da: «Jango dute, eta hondarrak geldituko dira oraindik». Ematearen emankortasuna. Emandako gutxiak sortzen duen ugaria. Bihotz handiak gauza hutsarekin egin dezakeen mirari handia. Horixe gertatzen da Jesusekin ere Ebanjelioan.

Jesusen jauntasunari antzeman al diozu? Hori da Jaun izatea. Hori da edertasuna. Hori da Pazkoko Jaun berpiztuaren ahalmena. «Handik laster Pazkoa baitzen», Joanek esan digunez. Pazkoko Jaunak bere maitasunaren ogiz asetzen gaitu eta behartsuak asetzera bidaltzen gaitu.

Eta, entzule horrek barkatuko didazu nire atrebentzia, baina gaurko ebanjelio-zati honen ondorioak ateratzera gonbidatzen zaitut. Izan ere, telebista medio, hilero eta egunero eta orduero jasotzen ditugu herri pobreetatik datozen irudi ikusgarri eta izugarriak. Gosea, gorrotoa, beharra... duintasunaren arrastorik ez da. Pobreek egin behar izaten dituztenak, bizitzeko! Hainbestetan ikusten dugu pertsona zakurren parera eraitsia! Gure bizigirora etorrita ere, konparazioak berak min ematen du baina, bertara etorrita, bada beharrik. Langabezian aurkitzen diren gazteak edo gurasoak ezin ahaz daitezke erraz.

Gaur ere Jesusek bere ikasleei esandakoa esaten digu: «Nondik erosiko dugu, guzti horiek jateko adina ogi?». Bai, guk daukagu behartsuen gosea eta beharra konpontzeko enkargua. Jendetalde ikusgarria da. Gure zibilizazioaren zutabeak kolokan jartzen dituen egoera lotsagarria da gure munduak erakusten duena. «Emaiezue jaten». Ez al du San Paulok esan Aita bera dugula eta Jaun bera eta Espiritu bera? Ez gara ba ipuiak esaten ibiliko, ala?

Gaurko ebanjelio-zatiak azaldu digun ogi-ugalketa benetan adirerazgarria da: alde batetik, Jainkoaren maitasuna adierazten baitu eta, bestetik eta horri loturik, giza solidaritatea. Eukaristia ez da kulto hutsa edo otoitz hutsa edo festa hutsa. Banatzea ahazten zaionean, Eukaristia hustu egiten da, sentidu gabeko hitz-jario hutsa gertatzen da.

Nola egiten dut nik ogi-ugalketa? Nola ematen dut nik jaten? Dudarik gabe, hitz erabakiorra, banatzea da, konpartitzea, elkarbanatzea. Ez al da beste asko bezala hitz huts eta erabilgarria gertatuko! Ez al da gure asmo onen adierazgarri ondorio-gabekoa gertatuko! Nola ugaldu dezaket dohaina behartsuentzat nire bizitzan?

– Nire dirua ugaltzen dut, gordetzen ez dudanean. Bankuetan edo akziotan arduraz gorde beharrik sentitu gabe ematen dakidanean, orduan ugaltzen dut nire dirua.

– Nire etxea ugaltzen da, etxekoak ez diren pertsonak hartzeko ateak irekitzen ditudanean, eta ez adiskide eta ezagunentzat bakarrik. Pobreez beteriko etxea asko ugaltzen da.

– Nire denbora ere ugaldu egiten da, entzutea besterik eskatzen ez dutenekin maitasunez alferrik galtzen dudanean.

– Nire maitasuna ugaldu egiten da, eta zenbat ugaldu gainera!, guztiengana zabaltzen dudanean, nire kutunentzat bakarrik gorde ordez.

Eta era honetako adibideak zehazten egun osoan jarrai genezake, baina zertarako! Zerbait esku artean edo zeure inguruan ikusten duzunean, egiozu zeure buruari galdera hau: nola ugaldu dezaket hau? Eta zure inguruan beharrean daudenei begiratzen asmatzen baldin baduzu, zuk ere behartsuentzako ogia ugaldu ez ezik, zeure dohaina ugalduko duzu.

Kontua ez da geure kontzientzia lasaitzea. Zerbait eman eta geurea behintzat ondo bete dugula pentsatu ahal izatea. Ez, ez da hori. Hirugarren Mundua, langabezia, drogomenpetasuna, sida... Eukaristiari bihotzean sartutako arantza zorrotzak dira. Eta fededunaren haragi-haragian sartutako ziri pentsarazleak.

«Bat bakarra da gorputza, bat bakarra Espiritua; bat bakarra itxaropena ere. Bat bakarra, elkartzen gaituen Jauna, bat bakarra guztion Aita». Egia ote? Herri pobreetan hilzorian dauden horiek eta guk Aita bera? Gehiegi daukagukok eta beharrezkoena ez daukatenek, Aita bera?

A!, eta gauza bat: ez zaitez hasi, guk ezer gutxi egin dezakegula eta horrelako pailazokeriak esaten, aditu? «Nondik erosiko dugu, guzti horiek jateko adina ogi?». Jesusek aski izan zituen bost ogi eta bi arrain. Ez da asko behar. Ez zaitez ibili egitura handiak aldatzeko amets mesianikoetan. Solidaritatezko detaile txikiak asko ugaltzen dira, neurrigabe. Jesusek gaur ez dizu asko eskatzen. Dena eskatzen dizu. Eman ere dena eman baitizu.

Zure inguruko pobreei, munduko pobreei, solidaritatez esan diezaiegun esertzeko eta banatu dezagun biziaren ogia. Banatu dezagun Jainkoaren maitasuna geure maitasunez. Bana dezagun Eukaristiako ogia, eguneroko ogiz. Bana dezagun Jainkoaren askatasuna, eguneroko osasuna bideratuz. Ez dezagun, solidaritate faltaz, Eukaristia baliogabetu!


Iñaki Beristain (2015-7-20)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 6, 1-15)

Asko gara, gaurko munduaren injustiziak kezkatzen omen gaituenak. Munduko ondasunak, alegia, gaizki banatuta daudela, eta ezin omen dugu injustizia hori onartu. Milioika asko goseak eta milioika gutxi gehiegikerian. Jakin badakigu munduko ondasunak aski izango liratekeela denok behar adina izateko, ondasun horiek egoki banatuko balira. Baina, gaizki banatzen ditugu eta emaitza hor dago zital, zuzenkontrako, zapaltzaile eta gizatasun gutxieneko baten desegile. Aita Santu Frantziskok salaketa inportanteak egin ditu Evangelii Gaudium aholku-idazkian, baita Lausato si azken entziklikan ere, ondasunen banaketa zuzenkontrakoari buruz. Teoria mailan ez dut uste eztabaida handirik daukagukeenik.

Baina gero, praktikara gatozenean, hor hasten dira aitzakiak eta burutazio filosofikoak. Gobernuek eta multinazionalek egin beharko omen luteke zerbait, ezer lortzekotan; herri aberatsetako erakunde boteretsuek. Izan ere, zer balio izan lezake, bakoitzak, geure txikian, egin dezakegunak? Guk, daukagun dena emanda ere, zenbat da ba? Gosearen tamainoa ikusita, ur tanta bat besterik ez itsaso handiaren erdian. Gaurko neoliberalismo amorratuaren atzapar ikaragarriak salatu behar omen dira.

Eta burutazio horri ez diot ezetzik esango. Erakunde handi eta boteretsuek badute, noski, zerikusia, eta handia. Baina, zintzoak izan behar genuke auzi honetan. Eta zintzotasun-eskari honen argigarri, gaurko ebanjelioaren adibidea jarri nahi dut, non Jesusek bere ikasgaia garbi uzten digun. «Bada hemen mutiko bat bost ogi eta arrain pare bat dituena; baina zer da hori horrenbesterentzat?». Itxuraz gauza hutsa. Baina, Jesusek badaki gutxi horretatik «behar dena» ateratzen. Eta denek jan zuten ase arte.

Beharrean daudenen aldeko ardura bakoitzarengan hasten da. Jesusek garbi erakusten digu: ez da asko behar, arazoa konpontzeko; bakoitzak dakagun gutxi hori behar da, ez gehiago. «Daukaguntxoa», besteak esan ohi duen bezala. Eta bakoitzak daukaguna guztientzat jarri ahala, mundua beste izaera batera etorriko da. Baina, beti besteek egingo dutenaren esperoan egonda, ez da ezer egiten, ez da ezer aldatzen.

Jesusek «bost ogiak eta arrain gutxi haiek hartu» eta maitasunaren miraria egiten du: gutxia askotu egiten da, ugaldu. Eta emaitza? Denentzat behar adina ez ezik, sobran hasierako bost ogiak baino gehiago! Ebanjelari guztiek garrantzi handia eman zioten pasarte honi, izan ere Jesusen Ebanjelioko mezurik oinarrizkoenetakoa erakusten baitu: maitasunak eta partekatzeak dohaina ugaldu egiten dutela. Eta giza arazo guztien aurrean maitasunaren banaketa dela segitzailearen jokabide jatorra.

Badakit: oso erraza da besteei eskatzea eta besteei jokabide hauek aurpegira botatzea. Kontua da, bakoitzak, neuregandik hasita, barruan maitasunaren ariketa hau egitea. Hala ere, esan behar da hau ez dela boluntarismo estu baten emaitza; hau maitasunaren esperientziak sortzen duen jokabidea da. Eta maitasunaren barne-esperientzia hori ez da dendan erosten. Jainkoak erakusten eta ematen digun dohain eskerga da. Eta mundu berri baten bide berriak horretatik abiatzen dira, txunditzen gaituen maitasun-esperientzia horretatik.

Esperientzia hori lantzen hasten zarenean, Jesusekiko harremana benetakoa egiten hasten zaizunean, barruan harreman berriaren emozioa sortzen zaizunean, orduan mundua aldatzeko behar duzuna ematen zaizu. Ez duzu asko behar. Maitasuna ikasten duzunean, dena ematen ikasten duzu. Daukazun dena, gutxi edo asko. Eta daukazun gutxi hori guztia ematen hasten zarenean, konturatzen zara, mundu berriak behar duena ez dela sistema handien jarduna, bakoitzaren maitasun txikiaren edertasuna baino. Maitasun horren poderio pobrez aldatzen da mundua. Hori bideratu artean, ez dugu aitzakia eta ihesa besterik landuko, eta munduak beti berdin jarraituko du.

«Esaiozue jendeari lurrean esertzeko». Maitasunaren mahaian eseriarazi eta jaten eman: hori da egin behar duguna. Gutxi daukagu. Baina gutxi hori aski izango da denok asetzeko! Mundua aldatzeko ez da asko behar!


Iñaki Beristain (2015-7-20)