JAUNAREN BATAIOA

B zikloa

(urtarrilaren 6 ondorengo igandea)


Isaias Profetaren liburutik 42,1-4.6-7
Honela mintzo da Jauna:
“Hona Nik eusten diodan nire serbitzaria,
atsegin zaidan nire aukeratua.
Honengan ipini dut neure espiritua:
berak ekarriko die zuzenbidea atzerriei.
Ez da deiadarka ariko, ez du oihuka hitz egingo,
ez du kaleetan entzunaraziko bere mintzoa.
Kainabera pitzatua ez du hautsiko.
doi-doi piztua dagoen metxa ez du itzaliko.
Zuzenbidea ekarriko du;
ez du etsiko, ez da hautsiko,
zuzenbidea lurrean ezarri arte,
uharteek itxaron duten Haren legea jarri arte.
Nik, Jaunak, zuzentasunez dei egin dizut,
eskutik hartu zaitut;
herri baten elkargo izateko;
atzerrien argi izateko aukeratu zaitut,
itsuen begiak zabal ditzazun,
giltzapetuak espetxetik atera,
eta kartzelako ilunpetan daudenak aska ditzazun.

ERANTZUN-SALMOA 28


JAUNA DA GURE SALBATZAILEA.
GURE INDARRA ETA BAKEA.
Eman, Jainkoaren seme-alabok, Jaunari,
eman ospe eta indar Jaunari.
Eman ospe Jaunari bere izenaren ederrez,
jauretsi Jauna apainduria deunez.
Horra Jaunaren mintzoa ur gainean:
Jauna ur ugarien gainean.
Jaunaren mintzoa indartsu,
Jaunaren mintzoa ospetsu.

Apostoluen Eginetatik 10,34-38


Egun haietan, Pedrok honela esan zuen: “Garbi ikusten ari naiz, Jaungoikoak ez duela bereizkeriarik egiten; baizik eta onartzen duela, Haren beldur dena eta zuzen dabilena, edozein herritakoa dela ere. Berak bidali zien Israelgo semeei bere hitza, eta guztien Jauna den Jesu Kristok ekarriko zuen bakearen berri ona eman zien.
Badakizue zer gertatu zen, Galileatik hasi eta Judea osoan. Joanek erakutsitako bataio ondoren: Nazareteko Jesusena, alegia, Jaungoikoak Espiritu Santuaren indarrez gantzutua, eta on egiten eta deabruak hartutako guztiak sendatzen igaro zena: Jaungoikoa Harekin baitzegoen.
(Ziklo B-n, ondorengo irakurgai hauek egin daitezke)
Isaias profetaren liburutik 55,1-11
Honela mintzo da Jauna:
“Egarri zareten guztiok, zatozte uretara;
dirurik ez duzuenok ere bai;
zatozte, erosi garia eta jan ordaindu gabe,
ardoa eta esnea hutsean.
Zergatik eralgi dirua, janari ez den gauzetan?
Eta zuen lan-saria, asetzen ez duten gauzetan?
Entzun Neri, entzun eta ondo jango duzue;
janari gozoen atsegina izango duzue.
Erne belarriak, etorri Nigana;
entzun, eta bizkortuko zarete.
Betiko elkargoa egingo dut zurekin,
Dabidi agindu nion agintzaria.
Berau egin nuen neure testigu herrien aurrean,
jabe eta nagusi herridientzat.
Ezagutzen ez duzuen herriari dei egingo diozu,
eta ezagutzen ez zintuen herria
laisterka etorriko zaizu:
Jaunagatik, zure Jaungoikoagatik,
zu goratzen zaituen Israelgo Santuagatik.
Bila ezazue Jauna, aurki daitekeen artean;
hots egiozue, hurbil dagoen artean.
Gizon bihurriak utzi beza bere bidea,
eta gaiztoak bere asmoak:
Itzul bedi Jaunarengana,
eta errukituko zaio;
gure Jaungoikoarengana,
guztiz errukior bait da.
Nere asmoak ez dira zuen asmo;
zuen bideak ez dira nere bide –dio Jaunak-.
Lurretik zerua bezain urruti daude
nere bideak zuen bideetatik,
nere asmoak zuen asmoetatik.
Euria eta elurra zerutik jaisten dira,
eta ez dira berriro hara itzultzen,
lurra ase, ernaldu eta lehertarazi gabe,
ereileari hazia eman diezaion,
eta jaleari ogia;
hala izango da nere ahotik ateratako hitza:
ez da Nigana hutsik itzuliko;
baizik egingo du Nik nahi nuena,
eta beteko Nik agindutakoa”.
ERANTZUN SALMOA Is 12,2-6
HARTUKO DUGU URA POZIK
OSASUNAREN ITURRITIK.
San Joan Apostoluaren epistolatik 1 Jn 5,1-9
Senide maiteok: Jesus Mesias dela sinesten duen guztia Jaungoikoagandik jaio da, eta bizi-emailea maite duenak bizi-emaileagandik jaioa ere maite du. Honetan ezagutzen dugu, Jaungoikoaren semeak maite ditugula: Jaungoikoa maite badugu eta Haren aginduak betetzen baditugu; hau da, izan ere, Jaungoikoa maitatzea: Haren aginduak betetzea. Eta Haren aginduak ez dira astunak. Jaungoikoagandik jaio den guztiak garaitzen baitu mundua; eta mundua garaitu duen garaipena hau da: gure sinesmena.
Izan ere, nor da mundua garaitzen duena, Jesus Jaungoikoaren Semea dela sinesten duena baizik?
Jesu Kristo bataioko uraz eta heriotzako odolaz etorri zen; ez zen uraz bakarrik etorri, uraz eta odolaz baizik. Eta Espiritua da horren testigantza egiten duena, Espiritua egia baita. Hiru dira, bada, testigantza egiten dutenak; Espiritua, ura eta odola: eta hirurok bat datoz. Gizakien testigantza onartzen baldin badugu, are indartsuagoa da Jainkoaren testigantza, eta Jainkoak bere Semearen alde egin du testigantza.

ALELUIA Joanek, ikustean Jesus beregana zetorrela, esan


zuen: ‘Hona hemen Jaungoikoaren Bildotsa,
hona munduko bekatua kentzen duena’. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,6b-11


Aldi hartan honela hotsegiten zuen Joanek:
- ‘Nire ondoren dator, ni baino ahaltsuagoa dena, ni ez bait naiz inor, makurtuta, Haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere. Nik urez bataiatu zaituztet; Hark, ordea, Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte’.
Egun haietan, Galileako Nazaretetik etorri zen Jesus, eta Joanek Jordanen bataiatu zuen. Eta berehala, uretatik ateratzerakoan, zerua urratzen ikusi zuen, eta Espiritua uso-idurian bere gainera jaisten. Eta zeruko mintzo batek honela esaten zuen:
- “Zu zara nire Semea, nire Maitea; Zuregan dut nire atsegina”.


Homiliak

Senide maiteok, bere xumean, benetan txokagarria da gaurko koadroa: Jesus bataiatua. Gizakion bekatuen ur zikinetan sartu eta Jesusek ur garbien garrasia jotzen du: askatasunezko uren eskaintza jarri digu eskuerara. Eta uretan fedea jaso duenak eskerrak eman diezazkioke zeruko Aitari, horrek garaipena ere jaso baitu.

Bai, adiskidea, harrigarria da koadroa. Ez da normala Markos ebanjelariak kontatu diguna: «Egun haietan, Galileako Nazaretetik etorri zen Jesus, eta Joanek Jordanen bataiatu zuen». Zergatik ez den normala? Zeruko ahotsak esan ez du ba, bataiatzen den hori Jainko Aitaren Semea dela, haren maitea dela? Eta nola daiteke Aitaren Seme garbia, bekaturik gabea aitortzen duguna, beste edozein bezala bekatuzko uretan bataiatzea? Zer gertatzen da, orduan? Gertatzen dena da, Jainkoak gure giza zorian parte hartu nahi izan duela, ez azaleko partehartzez, bekatuzko partehartzez baizik. Berak ez du egin bekaturik, baina gure bekatuak bere gain hartu ditu, eta gu bezalaxe bekatuzko zoriaren bideetan sartzen da. Belenen Jainko eta gizon aitortu dugunak, hain gizaki eginez erakusten du zenbateraino den Jainko. Ikusgarria ez ezik ikaragarria!

Eta zer gertatu da? Jesusek ukitu dituen gure urak askatasunezko ur bihurtu direla. Ordurarte bekatuzko ur kutsatu zirenak askatasunezko ur bihurtu dira. Gure ur zikinen barnean honako oihu hau entzun da: «Egarri zareten guztiok, zatozte uretara; dirurik ez duzuenok ere bai; zatozte, erori garia eta jan ordaindu gabe, ardoa eta esnea hutsean». Horra zer gertatu den: uretan Jainkoaren eta gizakiaren batasuna gertatu da, eta Jainkoak gure urak garbitu eta salbamen-ur, askatasun-ur bihurtu dizkigula. Eta orain arte zorigaitzaren urak zirenak, orain zorionaren ur bihurtu zaizkigu. Eta orain geure zoria edan dezakegu, pozik edan ere. Orain arte lotura zitzaiguna, orain askatasun baitzaigu. Ez al da ederra? Bai, alajaina! Ederra!

Eta ezkon uretan, maitasunaren topaketa gertatu da. Doan eman zaigu maitasuna. Jainkoak maite gaitu, Jainkoa maite dugu. Eta beldurra kendu zaigu bihotzetik. Ez gara biziezinaren zordun, ez gara beldurraren zordun, ez gara morrontzarako ezeren zordun. Garaileak gara, libreak gara. Askatasunerako zordun gara, uretan askatu gaituenaren zordun. Eta dena merezi gabe eta debalde. Merezi gabe eta debalde!

Honek guztiak zer esaten dizu, adiskidea? Aurrena, dei bat entzun behar zenukeela iruditzen zait niri: zure uretan sartu nahi duenari sartzen uzteko deia entzun behar zenioke. Zure uretan sartu nahi du. Zure uretan izan nahi du bataiatua. Zure zoria bere gain hartu nahi du. Urak zikinak dauzkazula? Garbiak edukiko bazenitu ez zeukan sartu beharrik! Zoria zikina eta kutsatua daukazulako sartu nahi du zurean. Sinets iezadazu: zure ur galdu horietan ere entzun daiteke, entzun dezakezu, askatasunaren oihua: «Egarri dena, zatoz». Zure ur horiek edateko ur bihur daitezke. Zeure historiarekin adiskidetu zaitezke. Zeure barruarekin baketu zaitezke. Zeure uretan maitasuna aurki dezakezu.

Esaten ari naizen honek ez al dizu zure bataioa gogorarazten? Egun batean, txiki-txikitan, bataioko uren ukitu askatzailea jaso zenuen. Eta horrek ez zuen esan nahi eliztar egin zinena bakarrik. Baizik, aurren-aurrena, askatasunaren seme edo alaba egin zinela esan nahi zuen! Eta hemen galdera bat egiten utzi behar didazu, atrebentzia ez bada: Bataio hura zeuretu al duzu? Bataioa maite al duzu? Jainkoak zure zoria bere zori bihurtzea estimatzen al duzu? Edota zeuk eraman nahi al duzu, bere horretan, zeure zori zauritua? Zeure eguneroko bizitzaren ur azpitik etortzen al zaizu bihotzeko belarrietaraino, honako dei hau: «Zatoz uretara»? Edota, Isaiasek esan digun bezala, asetzen ez dutenetan gastatzen ote dituzu zeure poza eta zeure esperantza eta zeure bizia? Asetzen ez dutenetan? Ez zaidazu baietzik esan!

Ba, adizu!, Jesus bataiatu zenetik bestela dira gauzak. Maitasunaren bila ez daukazu urrutira joan beharrik. Zeure barneko uretan, zeure zorian, zeure historian, daukazu maitasuna. Hortxe elkartu baitira gizakia eta Jainkoa. Hortxe gertatu da Elkargoa, Elkartasuna!

Eguberriko misterioa burutzen duen Eukaristia ospatzera goaz, Gaur bukatzen da Eguberri! Eta eman zaigun notizia ez da edonolakoa! Jainkoak maite zaitu, maite nau! Nire bizitza sendatu dit barru-barrutik. Ez daukazu urruti edertasuna! Oraintxe ospatzera goazen Eukaristiak ere gure Bataioaren sustraietara garamatza. Maitasunaren uretara! Jan dezagun eta edan maitasuna debalde! Eman ere, debalde eman zaigu eta!


Iñaki Beristain (2015-1-6)



Beti bidean, beti bila

 (Igandeko ebanjelioa: Mk 1, 6-11) J

Jesusen bataioa ospatuz burutuko dugu Eguberri aldia. Egu­berriko misterioa geure bizitzari txertatzeko egun egokia da Jesusen bataioarena. Izan ere, haren bataioa ospatzeak geurera eramaten baikaitu eta geureaz jabetzera behartzen. Jesusen bataioa ere era xumean gertatu zen, inolako zarata eta handikeriarik gabe, gure bataioa parrokiko elizkizun apal batean gertatu zen bezalaxe. Ingurua ez zen ohartu, baina Jesusen barruan gertatu zena handia izan zen eta gurean gertatu zena ere bai. Espirituaren festa izan zen bietan.

Jesusen bataioak Jainkoaren salbazio-asmoa erakusten du eta Jesusen bokazioa. Espirituak hartzen du Jesus eta Erreinuaren zerbitzurako igurtzitzen du. Bataio honek azkenerainoko leialtasunean sagaratzen du Nazareteko gaztea, bizitza entregatzerainoko zerbitzuan. Jesusek bere bidea argitu beharko du askotan, Espirituari utzi beharko dio bere hitza esaten; baina bere leialtasunean ez du atzera egingo. Badaki, eta gero eta argiago ikasiko du, Aitaren borondatea egitera etorri dela, eta borondate hori gizakien salbazioa eta askatasun betea dela. Eta «menpetasun» bete horretan iraungo du azkeneraino.

Esan dugu Jesusen bataioak geurea hausnartzera garamatzala. Eta galde genezake gure bataioak zer eskatzen digun gaur eguneko gure bizitzan. Pertsona bezala zer eskatzen dit; eliz kide bezala zer eta gizarteko kide bezala zer? Bataioa ezin dezakegu, noski, elkarte baten zerrendan azaltzeko nortasun-agiri bezala hartu. Bataioak ez gaitu talde baten kide egiten, beste gabe. Bataioa ez da katolikoak garela esateko. Bataioa ez da moral baten iturria soilik.

Gure bataioa, Jesusena bezala, konpromisoa da. Erreinuarekin konpromisoa. Lagun hurkoekin konpromisoa. Giza bideekin konpromisoa. Gizarte berri baten borrokan lotzen gaituen konpromisoa. Pobreen zapalketa salatzera eragiten digun konpromisoa. Baina, batez ere, pertenentzia baten konpromisoa da, Jainkoarekin lotzen gaituen konpromisoa.

Hala ere, aipatu ditugun horiek denak zertan zehazten dira gero eguneroko bizitzan? Ez dago errezeta finkorik. Batentzat bat esan nahiko du eta bestearentzat bestea. Bati konpromiso hau eskatuko dio bataioak eta besteari beste bat. Konpromiso horren aurrean bakoitzaren kontzientziak argitu behar du zer ari zaion Jainkoa eskatzen. Jesusek bezala, bakardadeko otoitzean, Espirituari galdetu beharko dio askotan zer nahi duen Jainkoak. Kristau izatea ez da gauza onak egitea (hori noski!), baizik Jainkoak nahi duena egitea. Jainkoaren nahia dugu konpromiso!

Baina, ezertan laburbildu baliteke aipatzen ari garen konpromisoa, honetan laburbilduko nuke, leialtasunean. Konpromisoak zer eskatzen dion bakoitzari, ez dakit; baina, bakoitzari geurean leialtasuna eskatzen zaigula, bai. Leialtasun handien garaia da. Eta bakoitzak ikusi eta aztertu beharko dugu zer ari zaigun gure Jauna eskatzen eta zertara bidaltzen gaituen. Bakoitzak begiratu beharko du zertan eta nola eraikitzen dugun eskuetan jarri zaigun Erreinua.

Garai zailak bizi ditugu alor askotan. Ekonomiarena bat da, eta ez beharbada garrantzizkoena. Baina giza alorrean ere oso ilun dauzkagu gauzak. Gazako sarraskia, Afrikako ezinak eta miseriak, geure etxeko iluntasunak... Kontua ez da han eta hemen adabakiak jartzen jardutea.

Bataiatuak gara eta bataio horri darion konpromisoak leialtasun sakon baten ildoan jarri gaitu. Garaiak zenbat eta zailagoak izan, orduan eta leialtasun handiagoa eskatzen zaigu. Beharbada, ekonomi arloan ere, leialago jokatu izan bagenu edo leialago jokatuko bagenu, ez zen egungo krisia gertatuko eta, batez ere, ez zen Afrikako miseria gertatuko.

Benetan, leialtasun sendoen garaia da!


Iñaki Beristain (2015-1-10)