URTEAN ZEHAR XXI IGANDEA
B zikloaJosueren liburutik 24,1-2a.15-17.18b
Egun haietan, bildu zituen Josuek Israelgo leinu guztiak Sikenen, deitu zituen Israelgo zahar, nagusi, epaile eta arduradun guztiak, Jaunaren aurrean aurkeztu zitezen, eta Josue honela mintzatu zitzaion herri osoari:
- ‘Jauna serbitzea gaizki iruditzen bazaizue, aukeratu gaur zuek nor serbitu: zuen arbasoek ibaiaz beste aldean serbitutako jainkoak, ala, amortarren lurrean zaudetenez gero, amortarren jainkoak; nik eta neure semeek Jauna serbituko dugu’.
Herriak erantzun zuen: ‘Urrun gugandik Jauna uztea, beste jainkoak serbitzatzeko! Jauna, gure Jaungoikoa, baita Ejiptoko morrontzatik gu eta gure arbasoak atera gaituena, gure begietan halako mirari handiak egin zituena, eta ibili garen bide guztietan eta igaro ditugun herri guztietan zaindu gaituena. Guk, beraz, Jauna zerbitzatuko dugu, Hura da eta gure Jaungoikoa’.
ERANTZUN-SALMOA 33
TXASTA EZAZUE TA IKUS
ZEIN SAMUR DEN JAUNA.
Zintzoek dei egin zioten eta Jaunak entzun,
estualdi guztitik atera zituen bere eskuz.
Hurbil dute Jauna bihotz hurratuek,
salbatzen ditu barrenez atsekabetuak.
Gaitzak heriotzara darama gaiztoa,
zintzoa begitan duenak hartuko du zigorra.
Jaunak salbatzen ditu bere morroiak,
ez du izango zigorrik Harengana ihes doanak.
San Paulo Apostoluak Efesoarrei 5,21-32
Senideok: Izan zaitezte elkarren menpeko, Kristoren beldurrean. Emazteak egon bitez beren senarren mende, Jaunaren mende bezala; senarra baita emaztearen buru, Kristo Elizaren buru den bezala, eta Bera gorputzaren Salbatzaile. Beraz, Eliza Kristori menperaturik dagokion bezala, horrela emazteak ere beren senarrei, gauza guztietan.
Senarrok, maita itzazue zuen emazteak, Kristok Eliza maitatzen duen bezala; Hark bere burua Elizarengatik eman zuen, horrela santu egiteko, urezko Bataioz eta hitzez garbiturik, diztiratsu aurkezteko Eliza bere aurrean, zikin eta zimurrik edo ezer horrelakorik gabe, santu eta errugabe baizik. Senarrek ere hala maitatu behar dituzte beren emazteak, beren gorputz dituztenez. Emaztea maitatzen duenak, bere burua maitatzen du. Inork ez dio inoiz bere gorputzari gorrotorik izan; baizik jana eman eta zaindu egiten du, Kristok bere Eliza bezala; bere gorputzaren atal baikaitu.
“Horregatik gizonak aitamak utziko ditu, eta bere emaztearekin elkartuko da; eta biak haragi bat izango dira”. Misterio handia da hau: Kristori eta Elizari buruz esaten dut.
ALELUIA Zure hitzak, Jauna, espiritu eta bizi dira;
Zuk dauzkazu betiko biziaren hitzak. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 6,60-69
Aldi hartan, Jesusen ikasleetako askok honela zioen:
- ‘Gogorra da mintzaera hau. Nork adi dezake?’
Jesusek, bere baitan ezaguturik, ikasleak Berarengatik marmarrean ari zirela, esan zien:
- “Erorbide al zaizue hori? Eta Gizonaren Semea, lehen zegoen tokira igotzen ikusiko bazenute, orduan zer? Espiritua da biziemailea, haragia ez da ezertarako. Nik esan dizkizuedan hitzak, espiritu eta bizi dira. Hala ere, ba dira zuen artean, sinesten ez duten batzuk”.
Izan ere, ba zekien Jesusek hasieratik, nortzuk ziren sinesten ez zutenak, eta nor zen Bera salduko zuena. Eta esan zien:
- “Horregatik esan dizuet, inor ez datorkeela Niregana, Aitak hori ematen ez badio”.
Ordutik, Haren ikasle askok atzera egin zuen, eta ez zuen Harekin ibili nahi. Jesusek orduan honela esan zien Hamabiei:
- “Zuek ere aldegin nahi al duzue?”
Simon Pedrok erantzun zion:
- ‘Jauna, norengana joango gara? Zuk dauzkazu betiko biziaren hitzak. Guk sinesten dugu eta ba dakigu, Zu zarela Jaungoikoaren Santua’.
Homiliak
Igandez igande, azkeneko denboraldian zer gauza eder eta berriak entzun dizkiogun Jesusi. A zer nolako mamia atera diogun, ogi biziaz ari zaigun Joanen Ebanjelioko 6. atalari. 6. kapitulu honek, halako pedagogia zorrotzez, azken erabakira ekarri gaitu. «Zuek ere alde egin nahi al duzue?». Pixkanaka, ogitik abiatuz, Jesusen pertsonaren misterioa agertu digu. Berekin bat egiteko deia egin digu: haragia janez egiten den zinezko bat egitea da. Pixkanaka-pixkanaka, gure barruari galdera sakona bota dio: eskandalu handiegia ote da? Ihes egin behar ote diot? Eta aukera honetan, Elkargoaren, Aliantzaren bihotzean gaude. Jainkoak maitatu gaitu. Eta ez denok orokorrean bakarrik. Ni maitatu nau. Bai, ni... Nirea egin zait Jauna. Pertenentziaren barne-lotura paregabea. Eta egia honen aurrean, maitasunezko elkartze honen aurrean, sentimendu kontrajarriak sortzen zaizkit: sinestu ezina, zorabioa, dardara, nahia... Beharbada, Jainkoarekin bizi dugun harremana oso afektiboa ez izanik, Elkargoaren gai hau oso ulerkaitza gertatzen zaigu. Hori ote?
Lehenengo irakurgaia argigarria da oso. Israelgo hamabi leinuak lur berrira iritsi dira. Josuek hamabiak biltzen ditu, Jaunarekiko leialtasun-ituna egiteko. Basamortuan egindako bide luzea ez dute ahaztu behar. Burura iritsi direnean, une erabakiorra dute: aukeratu egin behar! Honantza ekarri dituen Jainkoa (Jainko askatzailea) ala antzina gurtu zituzten jainkoak edota inguruko herrien jainko berriak. Aukera pertsonala ez digu inork aurrezten.
Behin honetara ezkero, ikusia ikusita, azken igandeetan entzundakoak entzunda, hona etorri gara gu ere:
– Erabakia hartu behar aurrena. Ezin gaitezke fededun izan beti hala izan omen garelako. Erabakia ez da erraza, baina bai beharrezkoa. Jesusi jarraitzea egunero berritzen den bizi-erabakia da. Beti fededun izan, sekula planteatu gabe eta inolako inplikaziorik gabe, ez da bidezkoa! Erabaki pertsonala eskatzen zaigu. «Nahi al duzue?».
– Bigarrenik, erabaki horrek barne-esperientzia sakona eskatzen du. Hemen teoriak ez du balio. Jaunaren elkartasunean bizi izandako esperientziak balio du. Harekin bizi izandako askatasunak. Israeldarrek esan dutena esan ahal izatea: «Guk ere Jauna zerbituko dugu... Bera da Egiptoko morrontzatik atera gintuena». Edo Pedrorena: «Zuk dauzkazu betiko biziaren hitzak». Gure fededun izatea, benetako esperientzia askatzailean oinarritzen ote da!?
– Eta hirugarrenik, elkarteak ere badu zerikusirik erabaki honetan. Israel herri osoak hartzen du erabakia. Norberaren erabakia ezin daiteke indibidualismo huts bihurtu. Erabaki honetan elkarte osoa dago jokoan. Ez gara kristau bakarka, elkartean baizik. Eukaristiak elkartearen sentidua bera jartzen du jokoan.
Zergatik egiten dugu zalantza era horretako erabaki baten aurrean? Jainkoaren maitasun gertuko eta «eroak» beldurtzen gaitu eta horrexek sortzen digu izu-dardara. Heriotzaraino emana izan denaren maitasuna da. Neurririk ez duen ezaugarri onartezina! Horregatik, zaila ez da, ikusi ezin ditugun errealitate batzuk onartzea. Onartzen zaila da Jainkoa hain gertuan sentitzea. Hain gorpuzdun ikustea. Hain bertako ikustea. Hainbesteko maitasun neurrigabea sinestu eta onartzea da zaila. Eukaristian eman zaigun Jainkoa gertuegikoa ez ote, gureegia ez ote!?
Hala ere, gure fede-bizitzak beti erabakia hartzen bizi behar du. Egunero aurkitzen baita probatua gure fedea. Egunero eskaintzen zaigu beste jainko asko, gurtzeko. Eta, horrexegatik, egunero itzuli behar izaten du gure fedeak bere oinarrizko aitorpenetara, bere oinarrizko maitasunetara. Hain okerrerraza daukagu bihotza. Hain ahula da gajoa. Jakin badakigu, Jaunaren aukera egiteak ematen digula, sakonetik oinarritzen gaituen zoriona eta esperantza. Jakin badakigu, dagoeneko beste ezerk ez gaituela behar bezala asetzen. Eta, hala ere, erabakiak izutu egiten gaitu!
Gaur zuri, Jainkoaren aldeko erabakia hartzeak, zer eskatzen dizu? Zertara behartzen zaitu? Jauna zerbitzatuko duzula esateak, zer esan nahi du gaurko zure bizitzan? Zure biziaren hitzak, Jesusenak ote dira? Norengana joan nahi duzu? Inolako inplikaziorik sortzen al dizu, gaur Jesusen hitza onartzen duzula aitortzeak?
Beharbada askotan gauzak konplikatu egin ditugu, ezta? Jesusen irudia gauza askorekin nahastu dugu. Eta sinestea, esanak esan, norbait biziarekin topo egitea da. Ez da asko jakitea, ez da katekesia luzeen kontua, ez da programazio nahasien emaitza. Fedea, sakonean, ezuste baten sorpresa da. Eta Jesus, bizirik eta dei egile, jartzen zaizu aurrean, sinple, garbi, maitale... eta zure erabakia pizten dizu bihotzean. Eta gauza sinpleen indarra erakutsiz, bihotza erakarri egiten dizu. Horixe da kontua! Bihotza liluratu egiten dizu horrenbesteko edertasunak. Fededuna lilura baten emaitza da. Ez ote zaigu sarri gertatzen, gauza asko dakigula buruaz, baina esperientzia liluragarria falta zaigula!?
Azkenean badakizu zer? Kristauak ez daki zergatik sinesten duen! Pedro bezala, konfiantza handitan errenditzen da, horixe. «Norengana joango gara?». Sinestearen arrazoiak ez baitira teoriazkoak. Eta esperientziak ez du arrazoi argi eta zehatzik. Hala ere, esperientzia eder honek badu bere prozesua eta badu bere pedagogia. Joanen 6. atalean agertu zaiguna bera.
Guk ere, gaurko Eukaristian, fedezko aitorpena egin dezagun: ez dakit zergatik sinesten dudan! Ez dut ulertzen, baina fio naiz! Maite zaitut! Bakar-bakarrik hauxe dakit: Zu zarela nire bizi-iturri. Zu gabe, ezerk ez daukala sentidurik! «Norengana joango gara ba?».
Zein beharrezkoa den igandero Ituna berritzea! Maitasunezko ekintza pertsonal hori burutzea! Eukaristia aukera paregabea eta propioa horretarako!
Iñaki Beristain (2015-8-17)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Jn 6, 61-70)
Azken igande hauetan irakurri dugun ogi biziaren inguruko diskurtsoak, erabaki pertsonal baten aurrean jarri ditu ikasleak. Jesus ez dabil ideiekin, ez dabil sineskeriekin, ez dabil teoriekin, ez dabil pentsamoldearekin... Jesusek bere dohaina bete-betean eta gordin begien aurrean jarri die, eta orain erabaki egin behar. Entzun dutena hain gorpuzduna da, hain benetakoa, hain gordina, ezen ez baitu beste ezerk balio, pertenentzia afektibo aitorleak baino.
Badakigu igandero elizara datozen kristau gehienak ez direla erabaki-behar baten aurrean aurkitzen. Igandetakoa domestikatuta daukate, errito-kontu bihurtua, eta betebehar baten pisuak sortzen duen konpromisoa besterik ez da. Baina, pertenentzia sakona erabaki beharra ez dute ez asko ez gutxi sentitzen. Igandeko zorra ordaindu diote Jainkoari, eta kitto! Hor bukatzen da konpromisoa. Eta ez dute, gainera, inolako ondoezik sentitzen portaera azaleko horretan.
Gauzak ez dira, gainera, bere onetik atera behar. Jainkoak guztiok maite gaituela, badakigu. Jainkoak guztioi bere adiskidetasuna eskaintzen digula ere bai. Baina, Jainkoak «ni» aukeratu nauela bere maitasun pertsonala bizitzeko; Jainkoak «nirekin» maitasunezko historia bat bizi nahi duela; Jainkoa bere gorpuztasun guztian eman zaidala «niri»; eta Jainkoaren maitasunezko historia horrek barru-barrutik «harrapatu» nahi nauela; hori guztia gehiegikeria dela ere esango genuke, gauzak bere onetik ateratzea!
Baina, norbaitek, irakurleren batek, ogi biziaren atal guztian harreman pertsonal afektibo inportante bat dagoela baldin badaki, horrek badaki Jainkoa benetan ari dela. Jainkoarena ez dela apar hutsa. Jainkoak emateko guztia eman duela Jesusengan, ogi txikian. Jainkoa «bere haragi» betean eman zaigula. Eta hori dakienak badaki, gerta dakigukeen onena erabateko pertenentzia betean entregatzea dela. Hori baino ederragorik ez zaiola ezer gertatuko.
Eta eskaintza benetako horren aurrean hasten dira aukerak. Jesusengandik ere agidanean jendeak ihes egin zuen. «Jesusek bazekien nortzuk ez zuten sinesten». Eta Jesusek ez du inolako haserrerik eta saminik erakusten. Baina, zenbaitek ihes egitea aukeratu duenean, ikasleek, jarraitzaileek, zer egin behar dute? «Zuek ere alde egin nahi al duzue?». Eta jarraitzailea bera da kinka honetan jarria: pertenentziaren aukera egin beharra ez baita txantxetakoa, bizi osoko aukera sakonena eta behinena da.
Pedrok laburbiltzen du benetako jarrera: «Zuk dauzkazu betiko biziaren hitzak». Jesusekin ibiltzeak eman dien eskarmentua hori da, Jesusek zerbait berezia daukala, beste edonor baino maitagarriago egiten duena. Pedrok eta ikasleek hori ikusi dute, bizi dute. Eta badakite Jesusek merezi duela dena beraren esku uztea. «Guk sinesten dugu». «Sinesten dugu» horretan, pertenentzia sakonaren aitorpena egiten du Pedrok: «Nora joan gaitezke, zuregana izan ezik?».
Eukaristiako dohainak gu ere barrutik ukitzen gaitu. Eukaristia ez da elizkizun bat. Maitasunaren erotasun neurrigabea da eta horrek dardarka jartzen digu bihotza. Gure fedeari gehien kostatzen zaiona ez da nolabaiteko sinesgaiak onartzea, zailak eta bereziak izanik ere; benetan kostatzen zaiguna da Jainkoak horrela gizatasun ikusgarriz maitatu gaituela sinestea; Jainkoa hain gertutik, hain haragitan, onartzea; Jainkoaren maitasun-grina neurrigabe hori bere horretan onartzea. Hor jokatzen dugu gure sinesmenaren konpromiso handia.
Gauzak horrela izanik, bakoitzak ikusi beharko dugu nola kokatu Jesusen aurrean, Eukaristiaren misterio handiaren aurrean. Maitasun ikaratzeko hau onartzen duzunean, konturatzen zara ez dakizula zer den sinestea, ez dakizula sinesten duzun ala ez; baina badakizu maitatu zaituena maite duzula.
Eta era baldarren bada ere, horixe esan nahi diozu Jesus honi: «Maite zaitut; zu zaitut nire bizi-iturri; zu gabe, ezerk ez du nire bizitzan sentidurik». Eta igandero-igandero maitasun kabitu ezineko hori ospatu ahal izatea, gehiegizko edertasuna gertatzen da gure bizitzan. Non emago diogu bizitzari atseden, zuregan izan ezik! Non, zuregan ez bada?
Iñaki Beristain (2015-8-17)