URTEAN ZEHAR IV IGANDEA

B zikloa

Deuteronomio liburutik 18,15-20


Moisesek honela hitz egin zion herriari: ‘Jaunak, zure Jaungoikoak, ni bezalako profeta bat aterako dizu zure erditik, zure senideen artetik; hari entzun behar diozue. Hori da, batzar-egunean zuk Jaunari, zure Jaungoikoari, Horeb-mendian eskatu zeniona, esanez: ‘Ez dut berriz Jaunaren, zure Jaungoikoaren mintzorik entzun nahi; ez dut berriz su haundi hau ikusi nahi, ez dut hil nahi’. Eta Jaunak esan zidan: “Ondo dago esan dutena. Zu bezalako profeta bat aterako diet Nik beren senideen artetik; nere hitzak ezarriko dizkiot ahoan, eta Nik aginduko diodana esango die. Baina Nik agindu ez diodan zerbait, nere izenean esatera ausartuko balitz, edo jainko arrotzen izenean hitz egingo balu, hil egingo da profeta hura”’.

ERANTZUN-SALMOA 94


ENTZUNGO AL DUZUE GAUR JAUNAREN MINTZOA:
EZ GOGORTU ZUEN BIHOTZA.
Zatozte, pozez oihu dagiogun Jaunari,
txalo dagiogun salbamen dugun Harkaitzari.
Hurbil gakizkion aurrera esker-kantuekin,
jai dagiogun txalo eta eresiekin.
Entzungo al duzue gaur Haren mintzoa:
‘Ez gogortu zuen bihotza Meriban bezala,
Masa-egunean basamortuan bezala.
Zuen gurasoek han zirikatu ninduten,
Nik eginak ikusi arren, tentatu ninduten”.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei. 1 Kor 7,32-35


Senideok: Zuek kezkarik gabe bizitzea nahiko nuke nik. Ezkongabeak Jaunaren gauzetan du ardura, nondik Jaunari atsegin emango; emaztedunak, berriz, munduko gauzetan du ardura, nondik emazteari atsegin emango, eta bitara dago. Emakume senargabeak eta neskatxak Jaunaren gauzetan du ardura, gorputz eta arima Berarentzat izateko. Senardunak, berriz, munduko gauzetan du ardura, nondik senarrari atsegin emango.
Hau zuen onerako diot, ez zuei sare bat jartzeko; gauza on batetara bultza nahiz esaten dizuet, horrela eragozpenik gabe Jaunari lotu zakizkioten.

ALELUIA Ilunpetan zebilen herriak argi haundia ikusi zuen;


herio itzalpeko lurraldean zeudenei
argia agertu zitzaien. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,21-28


Aldi hartan, iritsi zen Jesus Kafarnauna, eta hurrengo larunbatean sinagogan sartu eta erakusten hasi zen. Harriturik zeuzkan denak bere erakutsiekin; itzal haundiz erakusten bait zuen, eta ez idazlariek bezala. Sinagoga hartan gertatu zen, hain zuzen, deabru lohiak harturik zeukan gizon bat, eta deiadarka esan zuen:
- ‘Jesus Nazaretarra! Zer dugu ikustekorik Zurekin? Gu galtzeko etorri al zara? Ba dakit nor zaren: Jaungoikoaren Santua’.
Jesusek zorrotz agindu zion:
- “Zaude isilik eta atera zaitez gizon horrengatik!”
Eta gizona astinduz eta orroaka atera zen deabru likitsa. Denak harriturik gelditu ziren, eta honela zioten elkarri galdezka:
- ‘Zer dugu hau? Hau bai dela erakutsi berria eta itzal haundiz emana! Deabru likitsei ere agintzen die, eta horiek obeditu egiten diote!’
Eta laster zabaldu zen Haren izena bazter guztietara, Galilea osoan.


Homiliak

Senideok: Joan zen igandean ordua adierazten ikusi genuen Jesus huraxe da, gaur gaitza garaitzen ikusten duguna. Bera da nobedadearen profeta. Zaharrarenak egin du. Eta aro berrien atarian jarri gaitu gure Jainkoak.

Harriturik zeuzkan denak. Alferrik da. Inork ez bezalako hitzak dauzka. Inork ez bezalako agintez hitz egiten du, hitz egiten duena egintza bihurtzen baitu. Eta, jakina!, harridura sortzen du. Faszinatu egiten du, txunditu. Gaurko hizkeran esango litzatekeen bezala, aluzinatuta uzten gaitu. Ez du parekorik. Bakarra da. Inor ez bezalakoa.

Hala ere, eta hau ere harritzekoa, hain txundigarria izanik ere, ez dago urruti, ez dago aparte. Zeure sakonena ukitzen dizu, barrukoena. Zeure intimitate gordeenera eramaten zaitu bere agintez. Eta hortxe dago koska: hainbeste konprometituko ez balu!, hain barrura sartuko ez balitz!, hain gertukoa egingo ez balitzaizu!

Kontraesana ematen du: hain inor ez bezalakoa izanik, nolatan ukitzen ditu hain gureak diren barru gordeak!? Barru gordeak... izan ere, barru gordeenean ez al dugu askatasuna, libre izatea, amesten? Ez al genuke gaitzaren gainetik bizi nahi? Ez al genuke gu geu izan nahi? Amets sakonen horretan aurkitzen gaitu, hortxe sintonizatzen du berak gurekin, hortxe harrapatzen gaitu.

Ez al dugu geure burua gaitzak hartua sentitzen askotan? Geure burua, eta gizarteko norabideak. Nahi ez genukeen zerbait nagusitzen zaigu. Bada zerbait guregan Jesus horri aurre egiten diona: «Zer nahi duzu gurekin?». Jakin, badakigu nor den. Jakin, badakigu gure barruak beraren beharra daukala. Askotan ustekabean bezala harrapatzen gaitu gure barruak askatasunaren aldeko garrasia jotzen! Baina, libre izan nahiaren garrasia jotzen dugunean, badakigu alferrikako garrasia dela. Ez daukagu zer eginik!

Horregatik, gaurko Ebanjelio zati honek zerbait berezia sumaratzen digu. Aurrean daukagun hau nor da? Gure barruak garrasika eskatzen diguna hori ote? Herriek egarri dutena, mundu berria egarri dutenean, hori ote? Geure burua kateatua sentitzen dugunean eta norbaitek aska gaitzala amets dugunean, hori ote? Berak ez ditu besteen hitz hutsak! Zerbait berezia badauka. Barruraino sartzen zaizun zerbait berezia. Bera da!

«Atera hortik!». Orain badakizu noren aurrean zauden! Orain badakizu zure bihotzak amets duen askatasun sakon eta harutzagokoa posible dela. Orain badakizu, beharbada betiko garrasiak joko dizula barrutik, baina badakizu badela norbait garrasi hori entzungo dizuna. Orain badakizu, askatasunezko hitza eta ordua esnatu zaiola mundu honi. Eta orain poztu zaitezke! Bai, poztu zaitez!

Baina... eta beldur bat adierazi nahi dizut, hitz hauek guztiek gure barruko egoerari erantzuten ote diote? Askotan hitzak ajatu egiten baitzaizkigu eskuartean, moteldu. Hainbestetan entzun ditugu hauek denak. Eta arrazoi duzu! Baina, ez al duzu ospaketa honetan zeure burua norbait bereziaren aurrean ikusten! Ba al daukazu egarririk? Erabat lehortu al zaizu ba barru hori? Begira iezaiozu, begira! Hau ez baita Testamentu Zaharrekoa bezalakoa: haiek ezin begiratu zioten Jainkoari aurpegira, hain urrutiko, hain bestelako, hain beldurgarri sumatzen nonbait! Baina, Jesusengan bestelako aurpegia hartu du gure Jainkoak: gerturatu egiten zaizu, hitz apartekoa esaten dizu, zuri zeuri hitzegiten dizu. Ez ezazu beldurrik izan, mesedez!

Nik ez daukat, ordea, horrelako lotura negargarri eta beltzik! Hori pentsatzen al duzu? Hori beste kontua da! Daukazunarekin konforme egote aldera, nik zer nahi duzu esatea? Ba, bale, adizu! Lotura askori askatasun deitzen hasi ote gara? Ezin askotara jarri egin ote gara, gehiagoren egarria itotzeraino? Geure bihotz gehiago-zaleari aski duela esan ote diogu menturaz? Txoriari hegoak ebaki ote dizkiogu? Ba, bale, adizu!

Baina, mesedez, hori ez da posible! Gure gizatasunak bale esaten duenean, gizatasun-giharra biguntzen zaio. Askatasunaren tirabirazko tentsio hori lasatzen uzten duenean, bere barrua hustu egiten zaio! Jesusek bestelako hitzak ditu, bestelakoak, ezberdinak, inork ez bezalakoak! Barru-barrura hitz egiten dizuten hitzak! Inork sekula ukitu ez dizun barruko barruena kilimatzen dizkizun hitzak ditu. Eta, beharbada, beldurra sentitzen duzu. Hori ote?

Beldurra... askatasunaren beldurra, gehiegiaren zorabioa, auskalo zer izango ote denaren kezka? Arrazoi duzu! Jesus honekin badakizu non hasten zaren, baina zenbateraino libratuko zaituen, zenbateraino zeu izanaraziko dizun, zenbateraino aurrera tiratuko dizun... hori auskalo! Horixe auskalo!

Baina ez duzu beldurrik izan behar! San Paulok ederki asko ulertu zuen dena erlatibizatu behar dela. Beste kezka guztiak ez direla baliozkoak, lotu egiten dutelako. Bihotza Jaunarentzat gordetzeak, askatasun handia daramala bere barnean. Hori ez ezazu, mesedez, ulertu ez ezkontzea ezkontzea baino hobea izango balitz bezala, edo munduan lan egitea otoitz egitea baino txarragoa izango balitz bezala... Ezta gutxiagorik ere! Hemen kontua badakizu zer den? Hainbestetan erabiltzen dudan hitza beste behin erabiltzen uzten badidazu, hemen pertenentziaren kontua da; alegia, zu norena zara? Nor duzu zure askatasun? Nork edo zerk lotzen eta askatzen zaitu?

Eukaristia honetan aurrean daukagun honek askatasun ikusgarria dauka berekin. Zeuk ikusi zer nahi duzun: errenditu inork ez bezalakoak esaten eta egiten dituelako, ala zeure betiko zeurean jarraitu. Hori zeuk aukeratu. Nik libre izan nahi dut!


Iñaki Beristain (2015-1-26)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Mk 1, 21-28)

Jesusek bildu ditu bere lehenengo ikasleak. Eta erreinua eraikitzen hastera doa, horretara etorri baita. Eta, hasteko, juduen leku adierazgarrienera doa, sinagogara. Han irakasten zuten maisuek legea. Han ikasten zuen judu jator batek judu izaten. Larunbatero han egiten zuten topo Legearen Jainkoarekin, beren Jainkoarekin. Iraganeko historiaz mintzo ziren, lehen gertatutakoaz, Israeli Jainkoak egindakoaz.

Han azaltzen da Jesus. Jesus ere irakasten azaltzen da Sinagogan. Baina han dauden judu haiek berehala sumatzen dute zerbait berezia. Ez dira ari maisu arrunt bati entzuten. Honek badu zerbait beste irakasleek ez dutena. «Nagusitasuna» ikusten diote. Jesusena ez da irakaspen arrunta, ez baitzuen beste idazlariek bezala irakasten. Jesusi «nagusitasuna» ikusten zaio, «itzala» dauka.

Eta Markosen betiko ardura da, Jesusen hitza egintzez baiestea. Jesusen hitza ez da hitz hutsa, hitzetan geratzen den aho-jarduna. Jesusek esaten duena egin egiten du. «Espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat» jartzen zaio aurrean. Jesusek esaten duenari egia kendu nahi dion espiritu gaiztoa da, gaizkiaren presentzia suntsitzailea. Eta borroka sortzen da. Espiritu gaiztoak ere antzeman dio Jesusen nagusitasun bereziari. Eta Jesusek dakarren erreinuari aurre egiten dio. «Gu hondatzera al hator?».

Jesusek badaki zertara etorri den eta zein duen bere egitekoa: «Isil hadi eta irten horrengandik». Jesusek isilduko du gaizkia. Jesusek jango dio barrutia espiritu gaizto eta gaizkileari. Aitaren nahia eta gogoa gizakiaren duintasuna eta askatasuna baita. Gaizkia bere amorruan bihurritzen da eta bere ezinean igartuko da. Jesusen lana gaizkiak harrapatutako guztiei Jainkoaren ontasuna erakutsi eta eskaintzea da. Horretara etorri da eta hori egingo du.

«Zer dugu hau? Irakaspen berria, eta nolako nagusitasunez emana gainera! Espiritu gaiztoei ere agintzen die eta hauek esana egiten!». Hau da jende gaixoari bihotzetik ateratzen zaion aitortza eder eta apala. Azkenean, Jainkoaren on-promesa betetzen hasi dela ematen du. Itun Zaharraren amets eta esperantza luzeek azkenean betetasuna lortuko ote dute? Jainkoaren ordua orain hasi ote da? Kafarnaumgo sinagogan eta larunbateko jarduera arruntean, zerbait berezia eta uste ez zena gertatu da!

Gure Eliza Jesusen erreinu askatzaileari segizioa egiteko dago. Orduan Jesusek bezala, gaur gure eginkizuna gaizkiari borroka egitea da. Baina, inoiz gutxitan bezala sentitzen dugu ezina. Gure hitzak indarra galdu du, Gure mezuek ez diote jendeari askatasun-sena transmititzen. Zer ari zaigu gertatzen? Igandeko gure sinagogan zergatik ez zaio Jesusi «nagusitasuna» ikusten? Gaurko gizartean erabat galdu dugu «nagusitasuna», «itzala». Ez dugu ezer adierazten nonbait!

Bien bitartean, gure hierarkia garai bateko aginte eta botereari nola eutsiko itolarrian! Kaleetan Elizak bere «itzala» nola erakutsiko! Alegia, bere adierazgarritasunari nola eutsiko! Agintearen eta boterearen kontua izango balitz bezala! «Nagusitasuna» eta «itzala» errekuperatu behar ditu. Eta hori ez da boterez egiten, gaitzaren kontrako borroka serioki planteatuz baizik. Pertsonak askatuz. Txikiak errespetatuz. Zapalduak duinduz. Baliogabetuei balioa erantsiz.

Daukaguna ondo-gaizki mantenduz; betikoari ahal den neurrian eutsiz; betiko esaldiak errepikatuz; horrela, ez dugu askatasun-senik erakutsiko, eta gure guztia ezerezean bukatuko da. Bukatu eta agortu diren eskemetan gabiltzala esango nuke. Ez al daukagu ezer berririk eskaintzeko? Ez al daukagu zerbitzuaren «nagusitasuna» lortzeko grinarik? Ez al daukagu argi askatzailearen «itzalik»? Dauzkagun indar txikiak zertan xautu begira dezagun ongi. Eta gure indarrekin zer erakutsi nahi dugun ere bai. Baina, horretan ongi bereizi ditzagun boterea» eta «nagusitasuna», ez baitira gauza bera


Iñaki Beristain (2015-1-26)