FAMILIA SANTUA: JESUS, MARIA eta JOSE

B zikloa

Eguberri ondorengo igandea (edo abenduak 30)


Siraken liburutik 3,3-7.14-17a
Goresgarriago egiten du Jainkoak aita, seme-alabak baino;
eta amari eskubidea ematen dio bere umeen gainean.
Aita goresten duenak bere bekatuak ordaintzen ditu;
eta ama goresten duenak ondasunak pilatzen.
Aita goresten duenak poz izango du bere seme-alabetan;
eta otoitz egunean entzun egingo zaio.
Aita goresten duena luzaro biziko da;
eta Jaunak entzuten dio, amari atsegin ematen dionari.
Ene seme, iraun zure aita goresten, eta ez utzi bizidaino.
Burua galtzen badu ere, izan zakizkio bihotz haundiko
eta ez gutxietsi bizi zeraino;
Aitari emandako laguntza ez da ahaztuko,
bekatuen ordain izango duzu;
zoritxar egunean, gogoan hartuko dizu Jaunak.

ERANTZUN-SALMOA 127


DOHATSU JAUNAREN BELDUR DENA,
HAREN BIDEETAN DABILENA!
Dohatsu Jaunaren beldur dena,
Haren bideetan dabilena!
Zure eskuen lana bait duzu jango,
Zoriontsu izango zara eta ongi zaizu joango.
Zure emaztea mahasti emankorraren antzean,
zure etxe barnean;
zure semeak badirudite olio-kimuak,
zure mahai inguruan.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei 3,12-21


Senideok: Jantzi zaitezte bihotz errukitsuz, onberatasunez, apaltasunez, egokitasunez, eraman-onez, Jaungoikoaren herri aukeratu, santu eta maitea zaretenez gero. Eramazue ondo elkar eta barkatu batak besteari, inork inorentzat ezer baleuka. Jaunak barkatu dizuen bezala, barka zuek ere.
Guzti hoien gainetik, ordea, izan ezazue maitasun; hori bait da lokarririk bikainena. Kristoren bakeak agindu beza zuen bihotzetan, bake hortara deituak zaretenez gero gorputz batean; eta izan esker onekoak. Oparo bizi bedi zuengan Kristoren hitza: Jakinduriarik osoenean elkar argituz eta berotuz; salmoak, goratzarreak, eta goi-arnasezko abestiak Jaungoikoari bihotzez eta esker onez kantari. Edozer esaten edo egiten duzuela, egizue dena Jesu Kristo Jaunaren izenean, Beraren bidez Jaungoiko Aitari eskerrak emanez.
Emazteok, zaudete zeuron senarren menpean, Jaunarengan egoki den bezala. Senarrok, maita itzazue zeuron emazteak, eta ez izan gogorrak haiekin. Seme-alabok, egin zuen gurasoen esana, gauza guztietan, hori nahi du-eta Jaunak. Gurasuok, ez samindu zuen seme-alabak, gogoa gal ez dezaten.
(B Zikloan, ondorengo irakurgai hauek egin daitezke)
Genesis liburutik Gn 15,1-6.21,1-3
Egun haietan, Jaunaren hitza etorri zitzaion Abrani ikuskariaren bidez, eta honela esan zion:
- “Ez izan beldurrik, Abran; Ni naiz zure babesa, eta haundia izango da benetan zure saria”.
Abranek orduan: ‘Jauna, zertarako ditut zure emaitzak. Semerik gabea bait naiz, eta Eliezer damaskotarra izango da nere etxearen jabe’. Eta esan zion gainera: ‘Hara, ez didazu ondorengorik eman, eta nere etxeko morroi batek jasoko du nere ondarea’.
Baina Jaunaren hitzak erantzun zion: “Ez du horrek jasoko zure ondarea; baizik zure erraietatik sortuko den batek”. Eta kanpora aterarazi eta esan zion: “Begira zerura, eta konta itzazu izarrak, ahal baduzu”. Eta gainera esan zion: “Horrenbeste izango dira zure ondorengoak”. Abranek sinestu zion Jaunari; eta Jaunak aintzat hartu zion zuzentasunerako.
Agindu bezala, Jauna aldeko agertu zitzaion Sarari eta esana bete zion. Abran zaharra izan arren, Sara haurdun gertatu zen, eta semea eman zion, Jainkoak iragarritako garaian. Abranek, Isaak ezarri zion izen Sararengandik izandako semeari.
ERANTZUN-SALMOA 104
GOGOAN DAUKA JAUNAK
BETIKO EGIN ZUEN ITUNA.
Eskerrak Jaunari, oihukatu Haren izena,
ezaguterazi atzerrietan Haren egintza bikainak.
Ahoz eta salteriz eresi egiozue,
Haren mirari guztiak zabal itzazue.
Harro zaitezte Haren izen santuaz,
poztu bedi Jaunaren bila dabiltzanen barrena.
Bila ezazue Jauna eta haren ahalmena,
bila beti Haren aurpegia.
Ebertarrei egindako epistolatik 11,8.11-12.17-19
Senideok: Fedeari esker, Abrahan, Jainkoaren deiari obedituz, Jainkoak ondaretzat emango zion lurraldera abiatu zen, nora zihoan ez zekiela abiatu ere. Fedeari esker hartu zuen ondorengoa ekartzeko indarra, beraren emazte Sara agorra izan eta berak sasoia joana zuen arren, hitzemana ziona fidagarria zela sinetsi baitzuen. Eta, horrela, gizon bakarrarengandik, eta berau ere azkenetan zegoela, zeruko izarrak bezain ugari eta itsasertzeko hondarrak bezain kontaezin ondorengo sortu zen.
Fedeari esker eskaini zuen Abrahanek Isaak, Jainkoak probatu zuenean. Bera, agintzaria hartu zuena, prest zegoen seme bakarra eskaintzeko, nahiz eta seme berorri buruz esana izan Jainkoak: Isaaken bidez izango dituzu ondorengoak. Abrahanek uste zuen Jainkoa gauza dela hilak pizteko ere; horrela, semea berreskuratzea Jainkoaren ahalmen horren ezaugarri gertatu zitzaion.

ALELUIA Egun santu bat zabaldu zaigu:


zatozte, herriak; gurtu ezazue Jauna;
argi haundi bat jaitsi da gaur lurrera. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 2,22-40


Mariarentzat, Moisesen Legearen arauera, garbikundeko egunak bete zirenean, gurasoek Jerusalena eraman zuten Jesus, Jaunari aurkezteko. (…)
Eta dena Jaungoikoaren Legeak agintzen duen bezala bete zutenean, Galileara itzuli ziren, beren herri Nazareta. Haurra hazten eta indartzen ari zen, eta jakinduriaz betezen; eta Jaungoikoaren grazia Harekin zegoen.



Homiliak

Eguberritan aurkitzen gara. Jainkoak bere maitasuna bete-betean eta samur-samur azaldu digun misterio eder eta gozoaren garai askatzailean. Ederra da dena. Pozgarria. Jainkoaren bihotz ona azaldu zaigu, eta Jainkoarekiko gure harremanak betetasun-maila ikusgarria jaso du. Eta, horrexegatik dario gure ospaketari eta gure fedeari tamaina honetako poza eta alaitasuna.

Eta Eguberri giroak alderdi asko eta aberatsak ditu, baldin eta aztertu nahi baditugu. Aztertu esan dut. Hobe nuen gozatu eta ospatu esan izan banu. Benetan misterio oparoegia da egun batean bere aberastasuna jasotzeko. Hori horrela izanik, Eguberri misterioaren alderdi horiek pixkanaka ahogozatzen eta ospatzen ditugu. Baina, hori bai, misterioa bat bera da.

Gaur, esate baterako, Eguberriko misterioaren alderdi eder bezain oinarrizkoa ospatzen dugu. Familia santuaren jaiak, honako egia oinarrizko honen aurrean jartzen baikaitu: Jainkoa giza familiaren atal egin da, horrek berekin dituen ondorio guztiekin. Jainkoak ez dio ihes egin giza izateari. Eta giza izate hori bere-berean hartu du. Bere-berean eta bete-betean. Orain pozik asko esan dezakegu: Jainkoa senide egin zaigu, gure familiakide egin zaigu, tarteko, gertuko, odol bereko. Jainkoa esan dut, e?, ez nornahi!

Horren ondoan, bada beste egia bat azpimarratu beharrekoa. Giza familiako egin da, bere ondorio guztiekin. Gaurko Ebanjelio zatiak oso zaila dauka hori esan duen baino argiago esaten: Maria eta Jesus, beste edozein judu bezalaxe, legea betetzen ikusi ditugu. Gizatasuna serioago har ote daiteke? Edozein giza familiak izan ditzakeen gorabeherak eta ezinak bizi ditu. Jainkoak benetan hartu baitu giza zoria. Eguberri, Jainkoak esan digun giza hitza da. Maitasunezko hitza. Hurbiltasunezko hitza. Sufrimenduzko hitz maitatia. Jainkoak ez gaitu bakarrik utzi nahi izan gure ibilbide zail eta minduan. Horrek pozten al zaitu?

Honen guztiaren oinarrian fedea dago. Abrahamen fede gihartsua. Fede arriskatzailea. Fede ustetsua. Giza uste burutsuenen ertzean bada ere, Jainkoari azken hitza uzten dion sinesmen sendoa. Jainkoak, gizaki egitean, sinesmen hori merezi izan du, inork ez bezala maitatu baikaitu; inork ez bezala sinesgarri erakutsi baitu bere inplikazioa. Jainkoak ez du alde batera utzi gizakion zoria. Erabat busti da gure zori erorian.

Aski da Simeonen hitzak entzutea. Ez dira hitz gozo eta erosoak. Sufrimendua, «ezpata», agintzen duten hitzak dira. Eta gerora baieztuko ziren hitzak.

Ikuspuntu honetatik begiratuta, azter dezakegu giza familiaz daukagun irudia eta eredua. Familiaz mintzo garenean, gehienetan familia eroso eta maila lasaikoa datorkigu burura, dena zorion, dena gozotasun. Baina errealitatea ez da horrela. Ume zapuztuez mintzo zaigu errealitatea, senide arteko gatazkez, gurasoen eztabaidez... Familiaren kristau-sena berreskuratu nahi izate aldera, ez genuke bigunkerian erori behar, gatazkatik babestuko gaituen habi beroaz baliatuz. Kontua da maitasunaren ariketa zail eta sakona egitea, gatazken bidez izanik ere, maitasuna ikusi eta ikastea.

Familiak maitasuna ulertzeko lehen esperientzia sakonak emango ote dizkie haurrei! Hartara, gerta daiteke, Ebanjelioak Jesusez esan duena: «Haurra hazten eta indartzen ari zen». Hori da kontua, familia hazbide bihurtzea. Gatazken erdian izanik ere, gizatasunaren bokazioa erakustea.

Giza familia horrela bideratzeko ez dela federik behar? Eta ondo ere eraman daitekeela famili bizitza? Jakina! Guk, hala ere, giza familiari beste buelo hori emateak zer dakarkion probatu dugunok, gutxitxo irizten diogu giza harreman hutsari. Bere ederrenean hartuta ere, gutxitxo, eskas antzeko. Dena, neurria non jartzen duzun, hortxe dago kakoa! Eta Eguberrik neurri handiegia eman digu orain gutxiagorekin konformatzeko. Ba al dakizu zer den pertsonen arteko harremanetan Jainkoarekiko harremana bizitzea? Pertsonen arteko harremanak beste kategoria hartzen du, zer nahi duzu?

Beharbada aprobetxagarria izan daiteke gure familiei begirada sakon eta berritzaile bat botatzea. Gure harremanak zein mailatan kokatu ditugun ikustea. Familiaren harremana ez baita han jaio garelako derrigor bizi beharreko harremana. Familia bereko izatea, dohain eta edertasun dugu dudarik gabe. Asmatuko bagenu geure familiei, Eguberritik datorren duintasuna ematen! Izan ere, Jainkoak neurri haundiak eman dizkigu. Guk zer nolako neurriak hartzen eta erabiltzen ditugu? Giza familiari Jainkoarekiko lotura hau kendu nahi zaiola? Beno, bakoitzak jakingo du zer egin nahi duen! Guk, fededunok, lotura horretan aurkitzen ditugu giza harremanen ahalmen ederrenak. Eta, jakina!, lotura hori ez daukagu merke saltzeko! Jainkoak maite gaitu eta guk horregatik maite dugu elkar. Eta gure maitasun gizatiarrean maitasun jainkozkoa bizitzeko aukera daukagu.

Eukaristia ospatzera goaz, maitasun horren ezaugarri. Hona Eukaristiaren inguruan nolako familia ederra osa dezakegun! Ederra benetan!


Iñaki Beristain (2014-12-26)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 2, 22-40)

Etorri da espero genuen eguna. Elkartu gara eta Gabon gaueko festa egin dugu. Eguberri eguna ere igaro dugu. Dena festaz, dena jan-edanez, dena famili giroan. Eguneroko bizitzak erakusten dizkigun zailtasun eta ezinak alde batera utzi nahi izan ditugu eta eguneroko neurriak hautsi ditugu. Gure sesio eta konpondu-ezinak ahaztu egin nahi izan ditugu une batez eta elkarri «zorion!» esan diogu. Egun batez sikira pozik bizi garela erakutsi nahi izan dugu, horrekin gure tristurak baztertuz. Zeharka begiratu ohi diogun zenbaiti gaur begietara begiratu diogu eta harengan ere pertsona maitagarri bat ikusi nahi izan dugu.

Hori dena ongi dago. Gure festa-nahi hori pixka bat eragozten diguna zera da: gaur, igandez, familiaren errealitatea jartzen zaigula aurrean. Eta, demontre!, nola uztartu Gabonetako maitasun-ilusioa eta familiaren eguneroko errealitate astuna?

Izan ere, Gabon gaueko festatik etxera etorri baikinen. Orduko festatik eguneroko aurpegietara itzuli gara. Orduko zoriondu beharretik elkar eraman ezinera bueltatu gara. Eta errealitatea gogorra da: ilusioa handia den adinakoa da errealitatearen kaxkarkeria. Orduan Eguberri zertarako?, galdetzen dizu zenbaitek. Azkenean gezur hutsa dela, esaten dizu. Itxura handiak, baina dena gezurrezkoa dela.

Elkarrekin biltzen garela festakeria goxoak antolatuz, baina ezin dugula elkar ikusi. Alde batetik ilusio handiak erakutsi eta, bestetik, gure barrutik sortzen zaizkigun inbidia eta eraman-ezin motzak gailentzen zaizkigula. Kontraste latzegiak dira hauek denak, bai. Azken batean, Eguberri ez ote dugun gure frustrazioen mozorro bihurtzen. Sekula lortuko ez ditugun ametsak ez ote ditugun Eguberriz irudikatu nahi izaten!

Eguberri ospatu eta berehala Familia Santuaren jaia ospatzeak badu mezua. Mezu ederra, zinez! Eguberriko mezua da familiaren oinarria. Eguberrik aldarrikatzen du familiaren zutabea: Jainkoa gure familiako egin zaigula! Eta, beraz, familian bestelako elkartasuna sortu da. Familiari uste ez genuen oinarria eman zaio, Jainkoaren maitasunarena! Jainkoaren maitasunetik ikasten da pertsonei bihotzetik begiratzen. Eguberriko maitasunetik ikasten dugu pertsonei barrura begiratzen eta haien barruko egia ikusten. Benetan, Eguberri bihotzera mintzo zaigu!

Eta bihotzera, gure usteak gainditzen dituen ilusioa sartzen digu Eguberrik. Jainkoak gizakiarekin egin duen elkartasun hori guk ere egin dezakegu elkarrekin. Azaletik eta itxuratik begiratu eta harremanetan jarri ordez, barrutik eta egiaren mailan begiratu dieziokegu elkarri. Eta gure harremanak «bestelakoak» izan daitezke, maitasunezkoak. Eta hori dena ez amets hutsetan, beti amets geratuko zaizkigun ilusio-behar gezurrezkoetan. Hori dena eguneroko gure biziera txiki eta arruntean.

Gaur Maria eta Jose, beren haurra besoetan hartuta, legea betetzen ikusten ditugunean eta Mariari bizitzarako sufrimendua agintzen zaionean, ederki asko ikus dezakegu, Jainkoaren asmoak ez direla ilusiozko goxokerietan betetzen, eguneroko bizitzaren errealitate latzean baizik. Eguberri eguneroko sufrimenduarekin lo­tzen ez bada, dena gezurra da Eguberriz. Eguberriko hitz ederrak eguneroko kaxkarkeria ahazteko bakarrik baldin badira, hitz hutsak dira. Gure besarkadek egiazko barkazioa ez badaramate beren barruan, gure besarkadak imintzio hutsak dira.

Utz diezaiogun Eguberriri nor bakoitzaren bihotzera hitz egiten. Utz diezaiogun Eguberriri gure familien errealitate txiki eta garraztuari hitz egiten. Utz diezaiogun Eguberriri gure harremanak sendatzen. Ez dezagun Eguberri gure azalkerien estalkiz tapatu. Eguberrik poztu dezala gure errealitate txikia. Eguberrik erakuts diezagula geure errealitatea maitatzen. Bai, Eguberri bihotzera mintzo zaigu!


Iñaki Beristain (2014-12-26)