URTEAN ZEHAR XVI IGANDEA

B zikloa

Jeremias profetaren liburutik 23,2-6


“Zoritxarrekoak, nire larreko ardiak galtzen eta sakabanatzen dituzten artzainak” -dio Jaunak-.
Horregatik honela mintzo zaie Jauna, Israelgo Jaungoikoa: “Nire herria zaintzen duzuen artzainok, zuek sakabanatu eta galdu dituzue nire ardiak, eta ez duzue haien ardurarik izan. Kontu eskatuko dizuet, zuen gaiztakeriagatik” -dio Jaunak-.
“Neuk bilduko ditut nire artaldearen hondarrak, Neuk sakabanatu nituen lurralde guztietatik; beren larreetara ekarriko ditut berriro, eta hazi eta ugarituko dira. Zainduko dituzten artzainak sortuko dizkiet; ez dira inoiz beldurtuko, ez izutuko; bat ere ez da galduko” -dio Jaunak-.
“Begira, badatoz egunak -dio Jaunak-,
eta Dabidi legezko muskil bat sortuko diot.
Errege zentzuduna izango da;
eskubidea eta zuzentasuna ezarriko ditu lurrean.
Haren egunetan Juda salbatuko da
eta Israel kezkarik gabe biziko.
Eta hau izango du izen:
‘Jauna-gure-zuzentasuna’”.

ERANTZUN-SALMOA 22


JAUNA DUT ARTZAIN,
EZ NAIZ EZEREN BEHARREAN.
Jauna dut artzain, ez naiz ezeren beharrean:
larre gurietan etzan erazten nau.
Atsedenezko iturrietara narama,
eta birbizten dit barrena.
Banarama bidezidor zuzenetatik,
bere izenagatik.
Ibar ilunetatik banabil ere, ez nago gaitz-beldur,
Zu nirekin baitzaude:
zure zigorra eta makila,
hauek dira nire poza.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei 2,13-18


Senideok: Orain Jesu Kristorengan zaudete. Lehen urruti zeundetenok, orain hurbil aurkitzen zarete Kristoren odolaz.
Kristo da gure bakea; bat egin ditu Berak bi herriak, haiek bereizten zituen hesia -gorrotoa- bere haragiaz urraturik; berezko indarra kendu die Legeari eta aginduei, bakeak eginez, bi ziren haietatik gizon berri bakarra sortzeko. Bi herri haiek Jainkoarekin baketu zituen gurutzearen bidez, gorputz batean bilduz, gorrotoari Berarengan heriotza ematen ziolarik. Etorri zen eta bakearen berri ekarri zuen: bakea zuei urrutikoei eta bakea hurbilekoei; horrela, Beraren bidez dugu batzuk eta besteok sarrera Aitarengana Espiritu bat berarengan.

ALELUIA Nire ardiek aditzen dute nire mintzoa -dio Jaunak;


Nik ezagutzen ditut, eta haiek ondotik datozkit. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Markosen liburutik 6,30-34


Aldi hartan, bildu ziren apostoluak Jesusengana, eta egin eta erakutsi zuten guztiaren berri eman zioten. Jesusek orduan honela esan zien:
- “Zatozte zuek bakarrik, leku bazter batetara, atseden pixka bat hartzera”.
Asko bait ziren zetozenak eta zihoazenak, eta jateko ere ez zieten astirik uzten. Eta itsas ontzi batetan leku bazter eta baketsu batetara joan ziren. Askok ikusi zituen joaten, eta ezagutu ere bai; eta oinez lasterka han bildu ziren hiri guztietatik; eta aurrea hartu zieten. Ontzitik ateratzean, Jesusek jendetza haundia ikusi zuen; erruki izan zituen, artzairik gabeko ardiak bezala bait zeuden; eta luze erakusten hasi zitzaien.


Homiliak

Adiskide maiteok! Bihotz-bihotzetik esaten dugu guk ere San Paulok bezalaxe: «Kristo da gure bakea». Bera aurkeztu zaigu, artaldea gidatzen duen artzain on eta gidari bakar. Eta bera agertu zaigu giza bihotzak barru-barrutik pozten dituen atseden bete eta beharrezko. Eguneroko bizitzaren zailtasuna eta ezina bizi ditugunok, gogotik aitortzen dugu Kristo dela barrutik eusten digun indarra eta bakea.

Izan ere, nekatuta gabiltza. Oraintxe entzun dugun ebanjelio-zatiak eskaini digun atalean, ikasleak nekatuta zetozen. Binaka bidali zituen Jesusek herriz herri Berri Onaren poza jende guztiari eskaintzera. Gauza ederrak ikusi zituzten, egintza bikainak. Ikusi zuten Berri Onak bazuela indar gizakien bihotzak sakon-sakonetik liluratzeko. Gizakiengan bizi berriaren amets ederra sortzeko. Eta pozik zetozen. Pozik, baina nekatuta. Pozik, baina urduri. Bihotza beteko esanbeharra zekarten. Hainbeste gauza ederren testigu izan ziren.

«Zatozte zuek bakarrik leku baztertu batera, atseden pixka bat hartzera». Bai, atsedena behar dute. Dena bere onera ekartzeko pausaldia eta isiltasuna behar dute. Aztoratuegiak dabiltza. Jesusek atsedenera ekarri nahi ditu. Eta horretarako isiltasunera eta bakardadera etorri behar dute. Jendeak ez baitie jatordurako ere astirik uzten. Eta beren artzain on duten Maisuarekin bakarrean egon beharra daukate. Maisuaren argitan dena argitu beharra daukate. Beren bizi-esperientziak berriz irakurri beharra daukate.

Jesusek, izan ere, oreka sanoa proposatzen digu. Dena ez da ematea, dena ez da jardutea, dena ez da egitea, dena ez da zalaparta, dena ez da gauzak aurrera nolahala atera-nahia. Batzuetan denok behar dugu bakardadea eta pausaldia, geldialdia. Dena ez da esan eta hitz egitea. Dena ez da hitza eta ideia. Guztiok behar dugu isilaldia. Zertarako pausaldia eta isilaldia? Zertarako izango da, bada? Barrura sartzeko eta barruko isilaldian hitz gordeenak entzuteko. Bihotzari atseden emateko. Kanpokoak isildurik, barrukoak entzuteko. Erantzukizuna ez da perfekzio-nahi itoa. Pertsonak bere barrura sartu behar du. Eta bere barruan maitasunaren iturri sakona oparotu eta aberastu behar du, gero handik eman ahal izateko. Emanahia ez da nahikoa, ez; zer emana ere behar da. Eta askotan emanahiaren eskutik abiada itoan gabiltza; baina zer emana agortuta. Eta hori ez da ona.

Opor-garaiak ditugu, atseden-garaiak. Oporra eta atsedena gauza bera balitz, ondo. Baina ez dakit ba, jende askok ez ote dituen oporrak hartzen, baina atseden gutxi. Nonbait jende askok uste du, oporrak ezertxo ez egiteko direla. Denbora alferrik galtzeko. Eta ezer ez eginez, ez du bihotzak atsedenik hartzen. Eguneroko tentsioa uztea, erlojupean bizitzearen tirabira lagatzea, ez da nahikoa. Hori ere ona da; baina zerbait gehiago behar du gure barruak. Bihotzak behar digun oporra ez da ezer ez egitea. Bihotzaren oporra poza da, festa da, sorkuntza da, nobedadea da. Bihotza, ezer ez eginean, hil egiten da, lotaratu. Bihotzak poza behar du!

Eta jende askok ez du isildu nahi, ez du bakarrik egon nahi. Hori eginez gero, barruan hutsunea sumatzen duelako, hain justu! Eta barruko hutsuneak tristetu egiten gaitu. Eta tristura horri ihes egiteko, esperientzia berriak bila daitezke, esperientzia berri eta zoroak; bizitza pixka bat piztuko diguten sentsazio hutsak dira. Baina barruari hutsa darionean, dena nazka bihurtzen da. Eta zenbat eta hutsago, orduan eta itolarri estuagoz ihes egin behar izaten zaio bakardadeari eta isiltasunari. Eta hor ez dago ez oporrik, ez atsedenik.

Makina bat berotzen denean, aski izaten da itzali eta pixka batean geldirik uztea. Baina gure kasuan ez da horrela. Pertsonak atsedena «sortu» egin behar du. Eta Jesusekin daukagu fededunok geure atsedenik onena. Gehiago ere esango nuke: geuregan daukagu atsedenik onena. Kanpoko esperientzietan ez, barrukoan daukagu bizitza pozten digun topaketa. Barrukoak kanpora atera behar ditugu. Oporraldia une eta gune egokia da bihotza sendatzeko. Barruko zauriak Ebanjelioaren aidera atera, sendatzeko. Zauriak ez baitira gordez sendatzen. Gaur Jesusek beregana biltzen gaitu, eta topaketa horretan barrua sendatuko digu.

Orduan bai, atseden harturik, besteengana hurbilduko zara, jende asko baitabil erruki beharrean. Orduan, zeure barrua aberasturik, joan zaitezke ematera, ingurukoen artzain izatera. Orduan, barruan daukazun baketik, bakea sor dezakezu. Orduan ez zara izango, zeu gaizki egonaz, inguruko guztia gaiztotzen duzun artzain urduri eta errea. Orduan, barruan poza duzula, dena pozez askatuko duzu.

Denok atsedena behar dugu. Geuk atsedena eta gure herriak ere bai. Une nekatu eta zailetan, bihotzak pozetara jaso beharra daukagu. Gure bizitzari arnasa eman behar diogu. Ezin gaitezke izan, bazterrak erretzen goazen artzain erretxin eta zorrotzak. Ardiek atsedena eta bake gozoa bahar dute. Geure bihotzari egiazko atsedena emango bagenio, inguruari atseden ematen ere asmatuko genuke. Seguru!

Adiskidea, atsedena behar dugu. Eta gaur Jesusek Eukaristiaren mahai aparteko honetara biltzen gaitu. Hemen emango digu atsedena, hemen poztuko gaitu. Hemen, ardiok artzain onarekin egindo dugu topo. Eta bihotza atsedenez edertuko zaigu. Behar dugu eta!


Iñaki Beristain (2015-7-18)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Mk 6, 30-34)

Nekatuta gaude, bai, oso nekatuta. Bakoitzak ditugu geure arrazoiak, nekaturik sentitzeko. Nekea, gainera, pertsonaren maila desberdinetan senti daiteke. Nekearen neurria ere oso desberdina izan daiteke, eta izaten da. Baina nekaturik gaudela, egia da. Bakoitzak neurtu beharko ditu bere nekea eta neke horren arrazoiak eta mailak. Eta, bereziki, bakoitzak ikusi beharko du zerk nekatzen duen.

Gure herria ere nekatuta ikusten dut. Krisia izango da edo langabeziaren zauria edo bakerik lortu ezina edo harremanen azalkeria edo herrietan sentitzen den segurantzarik eza edo... Garai bateko freskotasun garbi hura galdu dugula, bistakoa da. Bakoitza berean, herri-sena ahulduta. Herriari bere esperantza nekatu zaiola esango nuke. Etorkizuna zalantzan ikusten dugu.

Eliz elkartearena, berriz, nabarmena da. Artzainengandik hasita ez da ilusio handirik sumatzen. Egia da eta aitortu beharrekoa, elkarte askotan lan ederra egin dela eta egiten dela. Baina, Elizari dagokionez bide desberdinen sentimendu sakonak halako ezintasuna sortzen du. Hierarkia alde batetik doala ematen du eta herri xumea bestetik. Alde batetik, doktrina zuzenaren kezka handia omen dago eta bestetik, bizitasuna eta itxaropena falta dira gure eliz elkarteetan. Nekatuta, oso nekatuta!

Itxaropenaren falta izan daiteke, baina beste batzuetan gure jarduera itoaren kabitu ezina da. Estresaturik eta dena geure esku bageneuka bezala ondoezik. «Hainbeste ziren joan-etorrian zebiltzanak, ez zuten otordurako ere betarik hartzen». Ez dakit zer den kaltegarriagoa: ezintasunaren erorialdia edo gehiegizkoaren mozkorra. Gure gizartea azkar dabil eta Elizan ere gizartearen ibili horretara egokitzeko presa senti dezakegu. Eta nekatu!

Era askotako nekea, dudarik gabe. Jesusek hartu eta leku lasai eta baztertu batera eraman zituen. Bihotz asaldatuetan baretasuna sortu eta sartu beharra dago. Bihotzei atsedena eman beharra dago. Nekeak ez baitu uz­ten ez Berri Ona gozatzen, ez Berri Ona zabaltzen. Bihotzak bakea behar du, Berri Onaren bakea hots egin ahal izateko. Galdera da, gure nekeak nolako atsedena behar duen: ezer ez egitearen atsedena edo bizitza ongi oinarritzearen atsedena.

Jesusek eskaintzen duen atsedenak oinarrizkoarekin du zerikusi zuzena. Jesusen atsedena ez da gelditzen azalean edo ez da arazo zehatzetarako. Jesusen atsedenak bihotzari erasaten dio. Jesusek bakea ematen du, pertenentzia berriaren bakea. Maitasunak sortzen duen barne-bizia, hori da derrigor behar duguna. Gure bihotz gaixoa, maitatua sentitzen denean, poztu egiten da. Maita dezakeenean, asea sentitzen da. Ez da, beraz, gauzen edo jardutearen nekea, maitasunaren eskasiak ematen diguna baino.

Maitasunaren atsedenak barrua pozten dizunean, maitatua izan eta maitatzearenak alegia, orduan ez zaitu nekatzen asko egiteak edo iritsi ezinik ibiltzeak edo zenbaitetan ezertarako astirik ez edukitzeak. Horregatik, Jesusek, atseden hartzera joan baldin bada ere, jendea beharrean ikusten duenean, bere atsedenaz ahaztu egiten da. Eta jendeari bere hitza eskaintzen dio.

Ez zaigu eskatzen heroi izatea, geure ahalmenen gainetik jardutea, ez daukaguna ematea. Pertsonak, fededunak ere bai, jakin behar du bizitzan oreka bat bizitzen, atsedena eta lana ongi uztartzen, sakrifizioa eta plazerra neurri onean lotzen. Baina, honetan guztian, benetako barne-oreka ematen diguna Jesusen maitasunean murgiltzea da. Geure afektibitateari benetako oinarria ematea. Bestela, bizitza osoan barruan falta duguna kanpoko gauzez estali nahi izaten dugu. Eta gezurrezko borroka horietan nekatzen gara, beste ezertan baino gehiago. Ez da harritzekoa nekatuta egotea!

Jesusek gu ere bere maitasunaren leku lasai eta gordera eramaten gaitu, han gure bihotz egarrituari benetako maitasunaren atsedena emateko. Nekatuta baikaude!


Iñaki Beristain (2015-7-18)