URTEAN ZEHAR XIV IGANDEA
B zikloaEzekiel profetaren liburutik 2,2-5
Egun haietan, Jaunaren espiritua barrura sartu zitzaidan, eta zutik jarri ninduen; eta norbait niri mintzatzen entzun nuen. Honela esan zidan:
- “Adanen seme! Israelgo semeetara bidaltzen zaitut, aurka altxa zaidan herri bihurri horrengana. Hauek eta hauen arbasoak, nire aurka ari izan dira gaurdaino. Hauen semeak ere bekoki zakarrekoak eta bihotz gogorrekoak dira; horiengana bidaltzen zaitut, eta honela esango diezu: ‘Hau dio Jaunak’. Entzuten badizute eta ez badizute –herri bihurria baitira-, jakingo dute badela profeta bat haien artean”.
ERANTZUN-SALMOA 122
ERRUKI HUTSA DUGU JAUNA,
ERRUKIA TA MAITASUNA.
Zugana jasotzen ditut begiok, Zugana,
zeruetan zauden Horrengana.
Erruki zaitez, Jauna, gutaz erruki zaitez,
esker txarrez ase eta beteak baikaude.
Ongi aserik dago, bai, gure barrena,
ustetsuen irriz, harroen esker txarrez.
San Paulo Apostoluak Korintarrei 2 Kor 12,7-10
Senideok: Harro ez nadin, hementxe daukat nik ezten bat nire haragian, Satanasen aingerua, makilka narabilena, harro ez nadin. Eta hiru aldiz eskatu diot Jaunari, uxa dezala niregandik. Baina Berak honela esan dit: “Nahikoa duzu nire grazia; makalaldian iristen da bere betera indarra”. Pozik harrotuko naiz, beraz, nire argaltasunetaz, Kristoren indarra bizi dadin niregan. Horregatik pozik nabil Kristorengatik ahulerietan, laidoetan, gabezietan, erasoaldietan eta estualdietan. Ahul naizenean bait naiz indartsu.
ALELUIA Jaunaren Espiritua niregan dago,
behartsuei berri ona ematera bidali nau. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Markosen liburutik 6,1-6
Aldi hartan, Jesus bere herrira joan zen, bere ikasleak lagun zituela. Eta larunbata heldurik, erakusten hasi zen sinagogan, eta gehienek Hari entzutean, harriturik, honela zioten:
- ‘Nondik du Honek hori guztia? Zer da Honi eman zaion jakinduria hau, eta bere eskuz egiten dituen mirariak? Hau ez al da arotza, Mariaren semea, eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Bere arrebak ere ez al daude hemen, gure artean?’
Eta ezin sinetsi zuten Harengan. Jesusek, berriz, honela esan zien:
- “Bere herrian, bere senitartean eta bere etxean bakarrik gutxiesten dute profeta”.
Eta ezin izan zuen han miraririk egin; bakar-bakarrik, eskuak gainean ezarrita, gaiso gutxi batzuk sendatu zituen. Harriturik zegoen Bera, haien sinesgogorkeriagatik. Eta auzorik auzo zebilen, han inguruan, erakusten.
Homiliak
Senideok, zenbat kostatzen zaigun Jainkoaren Hitza sinestea! Zenbat kostatzen zaigun, batez ere, Jainkoaren hizkera, mintzaera, onartzea! Jainkoak hitz handitan, nabarmenkeriaz, hitz egingo balu sikira! Orduan sinets geniezaiokeen! Nik ez dakit zergatik, baina Jainkoaren apaltasuna beti gertatu zaio onartezina gizakiari.
Ez dakit zergatik, baina gure gizarte-bizitzan ere beti azaltzen gara handizale. Txikiari ez diogu erreparatzen. Harrokeriaren eta handinahikeriaren itsukeria benetan zitala da. Egunerokoaren berezitasuna, txikien handitasuna, ohikoaren ez-ohikotasuna... horietaz jabetzeko zentzua eta argitasuna galdu dugu.
Horixe bera gertatu zitzaien Jesusen garaikoei. Mesias Jaunari buruz beren usteak finkatuak zeuzkaten. Bazekiten Mesiasek askatzaile behar zuela agertu. Etsaiak apurtu egin behar zituela. Mirari handiak burutuko zituela. Eta etxe oneko, eskola oneko, semea izango zela. Enbor oneko ezpala.
Jesus, ordea, ez familia onekoa da, ez asko dakiena, ez da ezaguna... Eta herritarren eskema eta uste guztiak hankaz gora jartzen ditu. Eta hortxe sortzen da sinestezinaren arazo larria. Jainkoa ez da era honetako huskerian kabitzen. Jainko handia, Mesias, ezin daiteke hain zorro txikian sartu. Eta Jesus eztabaidagai eta arbuiagarri gertatzen zaie. Ezin dute onartu. Ikaragarria da Ebanjelioan agertu den esaldi hori: «Eta ezin sinestu zuten harengan».
Sinestezinaren arrazoiak asko eta era askotakoak gerta daitezke. Aski da Euskal Herriko fede-giroa eta gizarte-giroa gainetik aztertzea. Baina gaurko Ebanjelioak bi arrazoi ematen ditu:
1) Bata, Jesus oso xumea dela, oso gauza hutsa. Lehen aipatu dugun arrazoia da. Giza-handikeriarentzat tapateko handiegia da Jesusen pobrezia eta ezereza.
2) Bigarren arrazoia, berriz, Mesias hain haragizko agertzea. Nazareteko familia baten semea da. Beraren tartekoak denak ezagunak zaizkie. Nolabait esateko, Etortzekoa zen Mesias ezin zitekeen hain konkretua izan, hain haragizkoa.
Eta ez pentsa, entzule jator horrek, fedegabeziaren arrazoi hauek oso atzokoak direnik. Zoritxarrez, oso gaurkoak eta oso betikoak dira. Eta fededunok kontutan eduki beharko genituzke. Eta areago esango nuke, fededun bezala bizi nahi dugun neurrian, Eliza izateko modu berriak ikasi beharrean gaudela.
Lehenengo ikasi beharrekoa, zera da: eguneroko txikian Jainkoaren arrastoari antzematen ikasi behar dugu. Jainkoak ez digu hitz handi eta nabarmenetan hitz egingo. Eguneroko gauza txikiek ezkutatzen eta agertzen dute Profeta-Hitz paregabea. Eguneroko txikia esatean, bakoitzak ikusi beharko dugu zer den bakoitzarena. Adibide batzuk bahi badituzu argigarri, nik emango dizkizut: Jainkoaren Profeta-Hitza gordetzen duen eguneroko txikia, lehen mailan lagun hurkoa da. Eta, batez ere, lagun hurko txikia, baztergarria, balio gabekoa, pobrea. Jainkoaren Hitza daraman beste azala gaixotasuna bera izan daiteke. Eta hau diot, batik bat, gure ospaketa-lagun asko gaixoak zaretelako. Ez da erraza, badakit, gaixoaldian eta Jainkoari entzutea. Baina hortxe erakutsi behar da fedezko postura berria.
Begira iezaiozu bigarren irakurgaiko San Paulo horri. Badu zerbait eztena gertatzen zaiona. Badu zerbait bere ebanjelizatze-lana eragozten diona. Eta, hala ere, fededunak ulertu beharrekoa ulertu du: «Nahikoa duzu nire grazia; makalaldian iristen da bere betera nire indarra. Pozik harrotuko naiz, beraz, nire argaltasunez, Kristoren indarra nigan bizi dadin». Ikasgai ederra San Paulorena.
Bigarren ikasgai bat ere badugu: Jainkoaren lana eta Espirituaren eragina oso haragizkoak direla, horrela esaten uzten badidazu. Gu buelo handiko ideietara gaude ohituak, ideologia eta plangintza ikusgarrietara. Hitz handi eta borobilak. Amets bikainak. Baina, gero, eguneroko konkrezioak, ukitzen den haragiak, beldurra ematen ez digu ba! «Hau ez al da harotza, Mariaren semea, eta Santiago, Jose eta Simonen anaia?» Konkretatzeak gauzari balioa murriztuko balio bezala. Eta begira: fedea ez da pentsakera eta ideologia handietan mamitzen. Fedeak eguneroko haragia salbatzen eta argitzen du. Fedea ez da urrutiko amets lortu-ezinez oretzen. Fedeak eguneroko ukigarriz mamitzen du bere izatea.
Fededun adiskide, nik uste dut hau guztia ulertzeko aski litzatekeela 'Maria' hitza esatea. Maria, txikiaren kantaria. 'Nire ezereztasuna' esaten zuen berak. Eta berak bere fedeari izen propioa ematen zion beti: beharrean zegoen Isabel bere lehengusua, Kanako ezteietan ardorik gabe gelditu zirenak. Horra Maria, fededun txikia eta konkretuaren zerbitzaria.
Goazen Eukaristia ospatzera. Ogi eta ardo txiki horiek goiko Jaun askatzailea gordetzen dute. Hemen ere txikian handia sumatzen duen fedea eskatzen zaigu. Jaunak argi diezazkigula gure begiak fedez bizitzeko. Eta aurrera egin baino lehen, aitor dezagun sinesten dugunaren muina.
Iñaki Beristain (2015-7-1)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 6, 1-6)
Gaurko ebanjelio zatia gogorra gertatzen da: Jesus ezin dute herrikoek, etxekoek, onartu. Jesus ezagutzen zuten, noski. Bazekiten, hari buruz jakin zitekeen dena. Haren senideak eta jarduerak ezagunak zituzten. Jesus ongi «lotua» zeukaten, klasifikatua, kontrolatua. Bazen, ordea, zerbait, beren eskema itxi horietatik ihes egiten ziena. Nola esplika zitezkeen egiten omen zituen harrigarriak? Nola lotu eskema kontrolatu horietara haren jakinduria berezi eta ikusgarria?
Eta horretatik eskandalua sortzen zaie. Ezin dute sinetsi Jesusengan. Jesusi buruz esaten dena ez zaie beren eskemetan kabitzen eta horretatik sortzen den tirabirak itxikeriara daramatza. Eskemak errealitateari ireki ordez, errealitatea lotu nahi dute beren txantaiaz. Ondorioz, beren itxikerian eta itsukerian Jesus ezagutu ezinik geratzen dira, Jesus bera harritzeraino. Askotan gertatu ohi zaigu hori: ideologiak eraikitzen ditugu, eta errealitateak ihes egiten digu.
Honen guztiaren harira, egunerokotasunaren handitasuna aipatu nahi nuke gaurko idaztitxoan. Bizitzeko behar duguna, duintasunez bizitzeko behar dena, ez da ideologia edo eskema handien zirrara beti berria. Baizik, egunerokotasun txikiari barruko muin berezia sumatzea. Handia ez zaigu handikerian ematen, eguneroko txikian baizik. Eta hori deskubritzea da pozik eta duintasunez bizitzeko giltza gordea.
Gaurko gizon-emakume asko tranpa batean erorita geratu dira: egunero behar dute zerbait «berria», zerbait «berezia», zerbait «normaletik kanpokoa», ilusioa sentitzeko edo poza sumatzeko; zerbait berria erosi, sentsazio berriak bizi, egunerokotasun aspergarriari ihes egin, asteburuko esperientzia gozoak ugaldu..., zerbait nabarmena behar, bizi garela sentitzeko eta ondo bizi garela erakusteko.
Ondasun materialekin ez ezik, espiritu bizitzan ere antzekorik egin ohi dugu. Iganderoko meza horrek aspertu egiten gaitu (zenbaitetan arrazoiz!), beti gauza berak ospatu eta esatea aspergarria gertatzen da, ez da sekula ezer berezirik gertatzen elizan... Otoizkera berriak asmatu behar, meditazio-metodo berriak, barruko sorpresaren faltan azaleko sorpresa berriak gertarazi behar... «Hau ez al da betikoa: hitz berak, mezu bera, kantu berak...?».
Berrikeria bilatze horretatik zer biltzen dugu? Sarritan frustrazioa. Erosi ditugun gauzek, bilatu ditugun sentsazioek, errealitate txikiari ihes egiteak, eliz jarduera nabarmenek, otoizkera berrizaleek... hutsik utzi gaituzte. Asteburuko esperientzia berriak berriro ere asteleheneko normaltasunera bildu dira, eta zer? Frustrazioa askotan! Barru hutsa ia beti! Joan Manuel Serrat kantariak oraintsu esaten zuena: «Ergelkeria indartu dugu, huskeria landu dugu». Eta zer?
Argi dago, beraz: bizitzearen sekretua honetan datza, egunerokotasunari, eguneroko jarduera txikiari, bere handitasuna aurkitzean. Une batzuetarako ihesa bilatzea erraza da; kostatzen dena egunerokoari poza bilatzea da. Eta azkenean, eguneroko horretan joaten zaigu ia bizitza osoa. Denbora asko da eguneroko horretan, horri pozik ez aurkitzeko. Geure etxean dauzkagu poz handienak, geure etxean bizitzeko sekretua, iganderoko jarduera apal horretan maitasun bikainena; geure etxetik hasten da sinesmena.
Nazareteko haiek ere jabetu izan balira zer zeukaten herrian! Hainbesteraino ezagutzen zuten gazte harengan zerbait «berezia» aurkitzen jakin izan balute! Azkenean, ez zioten ezer berezirik ikusi: «Ezin izan zuen Nazareten mirari bat bera egin». Utzi diezaiogun egunerokoari «miraria» egiten: pozaren miraria, askatasunaren miraria, edertasunaren miraria. Kanpoko harrigarri usteletan galdu ordez, barruko normaltasun harrigarrian murgil gaitezen. Eta sinets dezagun Jainkoak egunerokotasunean bizi duela bere presentzia. Etxera begira dezagun, etxeko txikian daukagu-eta Jainkoa. Sinesmena etxetik hasten da!
Iñaki Beristain (2015-7-1)