GARIZUMAKO V IGANDEA

B zikloa

Jeremias Profetaren liburutik 31,31-34.


Hau dio Jaunak:
“Hara, badatoz egunak –dio Jaunak-,
eta elkargo berria egingo dut
Israel-etxearekin eta Juda-etxearekin.
Ez da izango, haien arbasoekin egin nuena bezalakoa,
Ejiptotik ateratzeko eskutik hartu nituenean;
hautsi egin bait zuten haiek nere elkargoa,
Ni haien Jaungoikoa izanik ere –dio Jaunak-.
Hau izango da,
egun haien ondoren Israel-etxearekin
egingo dudan elkargoa –dio Jaunak-:
Nere Legea beren barruan ezarriko diet,
eta beren bihotzetan idatziko;
eta Ni izango naiz haien Jaungoiko,
eta haiek nere herri izango dira.
Inork ez du, ez lagun-hurkoari,
ez anaiari, erakutsi beharrik izango,
esanez, ‘Ezagutu Jauna’.
Guztiek, txiki eta haundi,
ezagutuko naute –dio Jaunak-;
gaiztakeria barkatuko diet,
eta haien bekaturik ez dut gehiago gogoratuko”.

ERANTZUN-SALMOA 50


BIHOTZ GARBIA GUGAN SORTU,
ARNAS BIZKORRA BARNE MUINETAN EMAIGUZU.
Erruki zakizkit, Jainko, duzun maitasun haundiaz,
suntsi ezazu nere makurra zeure amaigabeko errukiaz.
Garbi nazazu zeharo nire hobenetik,
ikuz nazazu neure gaiztakeriatik.
Bihotz garbia, Jainko, sor ezazu neregan,
arnas bizkorra berri ezazu nere barnean.
Ez nazazu urrun zure aurretik,
zeure arnasa santua ez kendu neri.

Ebertarrei egindako epistolatik 5,7-9


Senideok: Kristok, haragizko bere bizitzaldian, heriotzatik gorde zezakeenari, deiadar haundiz eta negarrez, otoitzak eta eskariak egin zizkion; eta bere begiruneagatik entzun egin zitzaion. Eta Semea izanik ere, bere neke-artean ikasi zuen esaneko izaten; eta bere betera iritsirik, Haren esaneko direnentzat betiko salbamen-iturri egin zen, Jainkoak apaiz nagusi izendatua, Melkisedeken sailean.

EBANJELIOA


Nire serbitzari izan nahi duenak
jarrai bezait –dio Jaunak-;
eta Ni naizen tokian
han izango da nere zerbitzaria ere.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 12,20-33


Aldi hartan, Jaia ospatzera igo zirenen artean, ba ziren greziar batzuk ere. Hauek Galileako betsaidar Feliperengana hurbildu ziren, eta eskabide hau egin zioten:
- ‘Jauna, Jesus ikusi nahi genuke’.
Felipe Andresi esatera joan zen. Andresek eta Felipek Jesusi esan zioten. Jesusek erantzun zien:
- “Iritsi da, Gizonaren Semea goretsia izateko garaia. Egi-egiaz diotsuet: Gari-alea lurrean erori eta hiltzen ez bada, bakar gelditzen da; baina hiltzen bada, alea ugari ematen du. Bere bizia maite duenak galdu egingo du; eta bere bizia gorroto duenak mundu honetan, betiko bizitzarako gordeko du. Nere serbitzari izan nahi duenak, jarrai biezait; eta Ni naizen tokian, han izango da nere serbitzaria ere. Nere serbitzari egiten dena, goratu egingo du nere Aitak.
Orain larri dago nere barrena; eta zer esan? Aita, atera nazazu ordu honetatik? Baina, hain zuzen, honetarako etorria naiz Ni, ordu honetarako! Aita, gorets ezazu zure izena!”
Orduan mintzo bat entzun zen zerutik:
- “Goretsi dut, eta goretsiko berriz ere”.
Han zegoen jende-taldeak, hotsa entzun zuenean, trumoi-hotsa omen zela zioten; beste batzuek, berriz, zioten:
- ‘Aingeru bat mintzatu zaio’.
Jesusek , ordea, esan zien:
- “Niregatik ez, baino zuengatik izan da mintzo hau. Orain da munduaren auzia; orain, mundu honetako nagusia kanpora haizatuko dute; eta Nik, lurretik gora jasoko nautenean, Niregana bilduko ditut guztiak”.
Nolako heriotzaz hil behar zuen adierazten zuen horrela.


Homiliak

Senideok: «Iritsi da, Gizonaren Semearen» ordua! «Orain da munduaren auzia». Garizumaren burua harrapatzen dugunean, gure fedeak hurbil sentitzen du Pazkoko ordu nagusia. «Hara, badatoz egunak». Bai, badatoz egunak. Badator, Jaunaren salbamenak betiko harreman berrian lotuko gaituen garai bete eta pozgarria!

Gaurko Ebanjelioak, eta Liturgia guztiak ere hor nonbait, Gurutzeko gertaera betera begira jartzen gaitu. Gari-alearen historia gertatzera dihoa. Jainkoaren Semea heriotzaren lurpean hilko da. Jainkoaren salbamen-borondatea onartuz, menpetasun apalean doa heriotzara. Azkenean biziaren betea hortik sortuko dela sinetsiz. Eta ordu hori gogorra eta mingarria baldin bazaio ere, ez du atzera egingo. «Neke-artean ikasi zuen esaneko izaten». Eta bide honetatik, Jesusen gurutzeko heriotzaren ordu nagusia kontenplatzen dugu. Ordu nagusia, handia, betea.

Eta ordu santu horretan, elkargo berriaren orduak joko du. Jainkoak ez du bere herria beti erbestean utziko. Askatasunaren egintza burutzera doa Jainkoa bere herriaren alde. Baina ez da izango askatasun hauskorra, ahula. Elkargo sendoa egin nahi du Jainkoak, herriaren bekatuak berak ere hautsi ezin izango duen erakoa. Jainkoak bere maitasunaren beteko elkargoa egin nahi du. Izan ere, elkargoaren iraupenak herriaren zintzotasuna baldin badu bere neurri, akabo! Ez, Jainkoaren salbamen-gogoa izango du neurri. Elkargo horren ezaugarria ere ez da izango harlosatan idatzitako lege-sorta bat. Giza bihotzean idatziko du Jainkoak bere borondatea. Jainkoaren ezagupena ez zaigu kanpotik etorriko, barrutik baizik. Jainkoaren eta gizakion arteko harremana Jesusen odoletan sinatua geldituko da. Elkargo betiko eta betea!

Horregatik kantatu dugu Erantzun-salmoan: «Bihotz garbi bat, Jaun ahaltsu, nere barruan sor ezazu». Jainkoaren elkargora makurtuko den bihotz berria. Jesusen heriotzerainoko maitasuna onartu eta eskertuko duen bihotz berria. Jauna ezagutuko duen bihotz berria. Jesusen erakarpenez, Hari lotua biziko den bihotz zintzoa.

Benetan ikusgarria da aurrean daukagun koadroa. Giza eskemak beste behin iraultzen dituen gertaera da. Semea gurutzean. Gari-alea lurpean. Kristo gurutze gainean oihuka bere Aitari. Baina hau guztia, zertarako? «Nik, lurretik gora jasoko nautenean, Niregana bilduko ditut guztiak». Eta Jesusek, lur honetako egunetan, bere Aitaren Erreinua adierazi baldin bazuen, oraintxe egingo du gizakien eta Aitaren arteko lotura estua. Orain sortuko da Aitaren Erreinua. Orain mamituko da Jainkoarekiko gure pertenentzia. Jainkoarenak gara. Eta ederra da Jainkoarena izatea.

Hemen, noski, Gurutzearen beste alderdia begiratu behar dugu. Gurutzea ez da gizaki zigortuaren argazkia. Gurutzea ez da Jainkoaren mendekua. Gurutzea ez da heriotza hutsa. Gurutzea «gorespenaren ordua» da. Gurutzea, Jainkoak munduari ematen dion bizi berriaren iturria da. Gurutzea askatasun-ezaugarri bihurtu zaigu. Gurutzean, bere maitasun-asmoa azaldu digun Jainkoaren bihotza daukagu. Betiko salbamen-iturria hasi da gurutzetik askatasunezko eta bizi berrizko ur ederrak ematen. Eta zenbaitentzat zorakeria den arren, zenbaitentzat alferrikako burugabekeria den arren, bizia bokazio duenak ederki sumatzen du Gurutzean gertatu den askatasun apartekoa. Bihotz-berritzearen norabide sakonak Pazkoa aurkitu du gurutzean. Gari-alearena gertatu da beste behin. Bizirako heriotzea.

Hau guztia kontenplatzea, barne-gozatzea, ederra da, ederrik baldin bada! Pazkoa kontenplazio-une apartekoa baita. Baina gurutzeak ez ditu gure begiak bakarrik erakarri nahi. Gu geu egokituko ote gatzaizkio Gurutzeko Pazkoari? Ulertuko ote dugu Jesusek heriotzeko hitz maitalez esaten diguna: bizia heriotzetik sortzen dela, alegia? Zerbitzuaren heriotza. Besteen mesedearen zerbitzari izatearen jokalege askatzailea. Gure bizia ematearen portaera bizi-hartzailea. Bihotz-barruan josiko ote zaigu Pazkoko legea: bizia heriotzetik datorrela, alegia? Jesusek latza ikusi zuen Gurutzeko ordua. Guretzat ere latza izango da, izaten da. Baina, ez ditugu gure begiak Pazkoaren bizi berritik aldenduko. Eta aurrera egingo dugu. Bide honi bizia eta zoriona baitario. Zorionbidea da hau. Pazkoaren ordua da.

Ez da aukera txarra, pixkanaka gure sufrimendua positiboki integratzen ikasteko. Ederki ikasi dugu gaurko irakurgaietan, sufrimendua integratzeko kakoa maitasunak ematen digula. Jesusen gurutzea maitasunaren argazki ikusgarri geratu zaigu begi-aurrean. Maitasuna gurutzez idazten da harrezkero. Baina, sufrimenduak, maitasunik ez duenean, erremindu dezake. Guk, ordea, eguneroko gure sufrimendu-esperientzia latza, maitasunezko zerbitzu bihurtuko dugu. Eta sufritu behar dugunez, Jesusekin bat eginez sufrituko dugu. Eta maitauna ulertuko dugu!

Adiskide estimatuok: gainean dugu, oso bertan, Pazkoko ordu nagusia. Ahoa ez ezik bihotza ere zabalduko digun Pazko-ordua. Bihotz berririk izango al du gure barruak ordu horretarako! Ulertuko al dugu maitasuna! Errendituko ote gara Jaunaren bideetara! Harrapatuko al digu Jaunak gure barrua! Hori izango litzateke ederra! Eta ederra izango da!

Edertasun horren aurre-dohaina ematen digu Jaunak Eukaristian. Orduaren lehen soinuak entzungo ditugu hemen. Entregatuaren erakarmen-indarra sumatuko dugu. Esker onezko ordu ederrean Pazkoak jotzen du hemen ere. Ospa dezagun ezaugarrizko Pazko hau, betiko Pazko betea zer den sumatuz. Entregatuaren bihotzeko lurrean hil gaitezen, betiko bizira ernaltzeko. Pazkoaren legea da!


Iñaki Beristain (2015-3-19)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 12, 20-33)

Garizumak, pausoz pauso, bizitzako esperientzia handien aurrean jartzen gaitu. Normalean alde batera zokoratzen ditugun gai handiak dira: heriotza eta bekatua, sufrimendua eta mugatuak izatea; eta, beste guztien oinarrian, auzi hau: zergatik ez digu Jainkoak argitu zer ari den egiten eta zergatik izan du nahiago gure zoria hondo-hondoraino gurekin bizi? Zergatik probestu du sufrimendua bere maitasuna erakusteko?

«Jesus ikusi nahi genuke» esaten dute gaurko ebanjelioko greziarrek. Ondo egingo genuke guk ere datorren Aste Santuan denbora pixka bat hartuko bagenu Gurutzeko gertaera handiari begiratzeko. «Jesus ikusi nahi genuke». Ez da azaleko sentimendu batzuen gorabehera gozoa. Gurutzeko maitasun hori gure bizitzari piztea da, gizarteari eta mundu osoari maitasun horren argia piztea. Eta dena argi horretatik begiratzen ikastea, fedearen ariketa askatzailea eginez. Jesusekiko atxikimendua sakondu eta areagotzeko aukera ederra daukagu otoitz-giroan, isiltasun sakonean.

«Gari alea lurrera erori eta hiltzen ez bada...». Jainkoak horrenbesteraino maitatu ez bagintu, dena errazagoa izango zen gure bizitzan. Baina Jainkoa, maitasunaren makurraldi apalenean, gure bizitzaren sakonean ereinda ikustea, ikaratzekoa da. Hor betetzen da maitasunaren printzipio sakona: bere burua maite duena ezerezean geratzen da; maitasunez hiltzen dakiena, berriz, fruitu ugaritan erditzen da. Jesusek Jainkoaren erditze handia ikustarazten digu Pazko misterioan. Eta zer esan?

Hizkera hau, bietan bat: ezaguna egiten zaigu, ezagunegia, edo arrotza, arrotzegia. Nolanahi ere, onargaitza. Geure sentimendu azalekoetara eramaten gaitu edo ihes egitera eramaten gaitu. Baina, honen guztiaren miraria eta edertasun neurrigabea eskura jartzen zaigu Jesusengan. Gauzak egitea, mugitzea, urduritasuna, estresa..., hau dena ulertu nahian egin dezakegun ahalegin handia, alferrik da! Ez da gure nahiaren neurrikoa. Ez da gure boluntarismoaren lorpena.

Doan ematen zaigun ikuskizun paregabe baten aurrean gaude. Jesus bera ere urduri dago, asaldatua. Hastera doan ikuskizunaren urduritasuna bizi du. Guk egin behar duguna begiratzea da. Barruko begiez begiratzea. Begiratzeko beta hartzea. Misterioari gure barrua ernaltzen uztea. Zer gertatuko zaigun? Jesusek berak esan duena: «Lurretik jasoko nautenean, niregana erakarriko ditut denak». Nola erakarri? Maitasunaren ikuskizuna, barrua irekitzen duen indar bihurtzen da.

Izan ere, gure razionalismo guztien gainetik, egia bat azaltzen da garbi: Jesusen gurutzea ez da inor hiltzeko tresna beltza; maitasuna erabat hedatzen eta bistan jartzen duen tresna da. Gure eskuetan, gurutzea beti hiltzeko tresna izaten da. Zenbat gurutzetu daukagu munduan jasoa? Ez dakigu sufrimendua maitasun bihurtzen. Ez dakigu sufrimendua aurrera-bide bihurtzen. Sufrimendua geu hiltzeko eta, batez ere, besteak hilarazteko bide egiten dugu.

Baina Jainkoak sufrimendua maitasuna erakusteko erabili du. Ez dago munduan, gurutzea esplika dezakeen burutaziorik. Gurutzea absurdo hutsa da. Baina Jainkoak absurdo horretan maitasunaren edertasun betea zabaldu du eta gurutzetik sortu da mundua barrutik biziarazi eta pozten duen indar berri eta berritzailea. Hitzetara ez dago misterioa senez tolestatzerik. Bizitzea da kontua.

Beharbada zeure bizitzan sufrimendu handiren bat tokatu zaizu. Une ilunen bat nozitzen ari zara beharbada. Nik ez dakit zergatik sufritzen duzun. Gauza bat bakarrik esaten utz iezadazu: begira iezaiozu sufrimendu horretatik Jesusen gurutzeari. Eta begira iezaiozu gero, sufrimendu horri Jesusen gurutzetik. Gauza bat sumatuko duzu, zure sufrimenduaren ondoan han dagoela Jesus maitale. Eta orduan ulertuko duzu, maitasunak sendatzen duela gaitzaren zauria. Gurutzearen ordua da. Maitasunaren erakustaldia da.


Iñaki Beristain (2015-3-19)