BAZKO-ALDIKO III IGANDEA
B zikloaApostoluen Eginetatik 3,13-15.17-19
Egun haietan, Pedrok honela hitzegin zion herriari:
- ‘Abrahanen, Isaaken eta Jakoben Jainkoak, gure arbasoen Jainkoak, goratu egin du Jesus bere serbitzaria, zuek Pilatori eman zeniotena eta haren aurrean ukatu zenutena, nahiz-eta hark askatu nahi izan.
Zuek Santua eta Zintzoa ukatu zenuten, eta gizon-hiltzailea askatzeko eskatu; bizi-iturria hil zenuten. Jaungoikoak, ordea, biztu egin du hilen artetik; eta gu gara horren testigu.
Badakit, ordea, senideok, zuek eta zuen agintariek, ezjakinean egin duzuela hori. Jaungoikoak, berriz, horrela bete du, Profeten ahoz esana zeukana: Haren Mesiasek nekeak igaro behar zituela, alegia.
Damu zaitezte, beraz, eta bihotzberritu, zuen bekatuak garbi daitezen’.
ERANTZUN SALMOA 4
JAUNARI KANTA, ONA BAIT DA;
HAIN DU HAUNDIA BERE BETIKO ERRUKIA.
Jainko, nere laguntzaile, nik deitzean entzun nazazu,
estualdian lasaitzen bait nauzu:
erruki zakizkit eta nire otoitza entzun ezazu.
Etzan orduko, bake osoan loak nau hartzen,
Zuk bakarrik bait didazu, Jauna, lasaipide ematen.
San Joan Apostoluaren epistolatik 1 Jn 2,1-5ª
Ene semeok: Bekaturik egin ez dezazuen idazten dizuet hau. Hala ere, norbaitek bekatu egin badu, hor dugu gure bitarteko Aitaren aurrean Jesu Kristo, Zintzoa.
Bera da gure bekatuen ordain-oparia; eta ez gure bekatuena bakarrik, baita mundu guztiko bekatuena ere. Jesus ezagutzen dugula, honetatik dakigu: Haren aginduak gordetzetik. Hura ezagutzen duela esan, eta Haren aginduak betetzen ez dituena, gezurtia da, eta horrelakoarengan ez dago egia.
Haren hitza betetzen duenarengan, berriz, Jaungoikoaren maitasun betea dago egi-egiaz. Horregatik dakigu Harengan gaudela.
ALELUIA Jesus Jauna, ager iezaizkiguzu Liburu Santuak;
sutu gure bihotzak, hitz egiten diguzunean. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 24,35-48
Aldi hartan, Emausko ikasleek adierazi zuten bidean gertatu zitzaiena, eta nola ezagutu zuten ogia zatitzean.
Horretan ari zirela, Jesus bera agertu zen ikasleen erdian, eta esan zien:
- “Bakea zuekin”.
Haiek, ordea, larriturik eta beldurrak hartuta, mamuren bat ikusten zeudela uste zuten. Eta Hark esan zien:
- “Zergatik zaudete larri, eta sortzen zaizkizue zalantza horiek barruan? Begira nere esku-oinak: Neu naiz. Uki nazazue eta ikus; mamuak ez du, ez haragirik, ez hezurrik; Nik, berriz, ikusten duzue ba ditudala”.
Eta hori esanik, eskuak eta oinak erakutsi zizkien. Haiek, ordea, beren pozetan, oraindik ere ezin sinesturik eta harriturik bait zeuden, Jesusek esan zien:
- “Bai al duzue hemen jatekorik?”
Eta haiek arrai-erre puska bat eskaini zioten. Hark hartu, eta haien aurrrean jan zuen. Gero, esan zien:
- “Hau da Nik, zuekin nengoela, esaten nizuena: Moisesen Legean, Profetetan eta Salmoetan Niretaz idatzitako guztiak bete beharrak zirela”.
Orduan, Liburu Santua ulertzeko ezaguera argitu zien eta esan:
- “Honela zegoen idatzirik: Mesiasek nekaldia jasan behar du, eta hirugarren egunean biztu egingo da hilen artetik; Beraren izenean hotsegingo zaie bihotz-berritzea eta bekatuen barkamena jende guztiei, Jerusalendik hasita. Zuek zarete gauza hauen testigu”.
Homiliak
Adiskideok: bizi da! Kisto bizi da! Hauxe du gure fedeak poz eta kantagai. Berri on horren inguruan elkartutako herria gara. Eta poz horren indarrak eragiten digu elkar maitasunera eta Pazko-testigantzara. Azken igandeotako mezua, ikasleengan espantua eta harridura sortzen duen mezua da: Piztu da! Hiltzen ikusi zutena, joan zitzaiena, bizi da! Batzuek hilobiaren ondoan, besteek Jerusalemen, besteek Emausera bidean, baina denek espantu eta ezuste bat bera bizi dute.
Gaurko Ebanjelio-zatiak ere badu ahaleginik, berpizturik ikusten dutena Jesus bera dela erakusteko. Eta lehen-lehenengo datua: «Bakea zuekin». «Neroni naiz. Begira nire esku-oinak. Uki nazazue eta ikus». Ikusten ari direna ez da mamu bat. Ez da irudimenaren ametsezko sorkaria. Ez da beren beldurrak eta sentiera minduak asmatu duen indargarri bat. Ez! Bizi da!
Hala ere, ukitzeak eta ikusteak ez die fedea aurreratzen. Piztueraren edertasun askatzaile hau sinetsi egin behar da. Eta sinesmen hori sendotu nahirik, Jesusek bereekin jaten du. Jesus berpiztuaren inguruan elkartea sortzen da. Eta Jesusen ondoan, dena logika batean kateatzen da: Jesusek hil eta piztu beharra zeukan, Profetetan hala esana baitzegoen. Ez da, beraz, ustegabekorik gertatu.
Juduek ezjakinez egin dute burutu duten guztia, baina orain sinesmenaren begiak garbitu beharra daukate. Ezin daitezke gehiago itsututa beren ukapenean geldi. Hori itsukeria zitalegia izango litzateke. Fedeak Berpiztuarengana ireki behar dizkiete beren begiak. Eta sinetsi!
Eta Pazko-poz honek testigantzaren sua sortzen du barnean. «Gu gara horren testigu». «Zuek zarete hauen guztien testigu». Eta Pazko-oihu handiak bere hegoak munduz mundu zabalduko ditu eta hegoetan esperantzaren su berria eramango du gizon-emakumeen bihotzetara. Eta Eliza sortuko da, Berpiztuaren poza eta aginduak bizi dituztenen elkartea sortuko da.
Entzule adiskide, Pazko-entzule: hitzaldi hau hasterakoan ez dizut esan, Jesus bizi zela!, bizi dela baizik. Eta esaldi horren intentzioa ulertzen duzu zuk. Gaur bizi da! Gaur ere gure elkarteari aurrean jartzen zaio Jesus. «Neu naiz. Bakea zuekin». Eta bere egitazko izaeraren ezaugarriak ematen dizkigu: Bera bizi da eta egiazkoa da. Ez da amets bat. Gaur ematen du, kristau asko beldurrez eta larri bizi dela: askok fede-bideak zapuztu dituzte, fedearen gauzok egiazkoak izango ez balira bezala, ametsetan ari ote garen edo, ez ote den hobe gehienek daramaten bideari itsastea edo...
Jesus gaur bizi da! Eta Pazko-pozak indar berri baten adorea ezarri beharra dauka gure bihotz beldurtuetan. Jainkoak bere asmoak bete ditu. Eta Jesusen heriotz-piztuera gizon-emakumeon salbamen-aukera bihurtu da. Eta gaur ere piztuera horren testigu izateko gaude bilduak. Eta bildurik Pazko-ikasgai batzuk jaso behar genituzke:
- Aurrena hau: ez dugu itsukerian ilunduta geratu behar. Honen guztiaren arrazoia ez du ez ematen ez kentzen munduan esaten edo egiten denak. Geure ilunpeak argitzeko bidea fedearena dugu. Jainkoarekiko elkartasun gozo baten testigu izan behar dugu gaur. Ahulak gara, ez daukagu zertan ukaturik. Baina gure fedeak, Piztuerako bakez, beldurraren hormak hautsi behar ditu.
- Bigarrenik, Jesus «ukitu» beharra daukagu guk ere. Bizi da, bai! Fedeak ikustarazten digun Jesusen izate berpiztua ukitu, hartu. Jesus gure artean presente sentitu. Otoitzean, bakardadean, elkar-laguntzan, hainbeste bihotz oneko egintzetan... Jesus «ukituz» bizitzen ikasiko balu gure fedeak!
- Eta hirugarrenik, «honen guztiaren testigu» izan behar dugu. Eta, onenean, aurrena galdetu beharko dugu geure artean zer duen gure testigantzak lehenengo egin beharrekoa. Jesusek bere bizitza eta jarduna gizakiaren zerbitzura jarri zituen. Gaur Jesus bizi dela ikusi eta erakutsi nahi badugu, hortxe dugu bidea: ekin diezaiogun gizagintzari. Gaur bertan langabezian, inolako irtenbiderik gabe aurkitzen direnei lagun diezaiekegu. Berpiztuarengan sinesten dugula erakusteko ez litzateke bide txarra, gure gizarteari bihotza ematen hastea. Bihotza duen gizartea eraikitzea.
Eta goazen, Pazko-adiskide, Eukaristia ospatzera. Hitz argitzaile honek Berpiztuaren esperientziara garamatza bete-betean. Jesus bizi da. Oraintxe ukituko eta presente sentituko dugu gure artean. Eta, hartarako bidean, aitor ditzagun gure fedearen bizikizun nagusiak.
Iñaki Beristain (2015-4-13)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Lk 24, 35-48)
Sarri pentsatu ohi da sinestea dela normalena, berezkoena. Eta ez sinesteko, nolabaiteko jarrera gaiztoak sartu behar direla tartean. Batzuek, horren arabera, ez dute ulertzen nola dagoen sinesten ez duen jendea edo, fededun izan eta gero, fedea bazterrera utzi duena. Federik ezak eskandalizatu egiten ditu. Horien ustez, sinesten ez duenak sinesten ez badu, sinetsi nahi ez duelako da, ez beste ezergatik. Eta hori, nire ustez, ez da horrela.
Sinestea ez da normala. Sinestea ez da berezkoa. Jesus berpiztuarengan sinestea eta hari gure bizitza osorik entregatzea, ez da jokamolde arruntetan sartzen. Noski, sinestea elizkizun batzuen gorabehera dela uste baduzu, normaltzat har daiteke. Sinestea, moral baten gorabehera dela uste baduzu, ez litzateke hain arraroa ere izango. Sinestea, doktrina baten gorabeheratzat baldin badaukazu, sinestun izatea normaltzat ere har daiteke. Baina, sinestea ez da hori.
Sinesteak pertsona bere osoan hartzen du, eta barru-barrutik hartzen du. Jesus bihotzeko Jaun egiten zaizu. Haren presentziak zure barruko gune sakonenak ukitzen dizkizu. Eta zure historia pertenentzia berri batean esnatzen da. Zure barruko senak Jesus berpiztuarengana biltzen zaizkizu. Eta prozesu horretan, badakizu espero ez zenuen zerbait gertatu zaizula. Ez zarela dagoeneko lehen zinena. Hitzetara tolestatzea kostatzen zaizun esperientzia batek sakonenetik askatu zaituela. Eta hori ez da batere normala, ez da ohikoa, ez da berezkoa, ez da gure esku dagoen zerbait.
Jesusek ere bazekien sinestea ez zela normala. Bere ikasleengana hurbiltzen denean, berpizturik dirdaitsu izan arren, bere ezaugarriak eta ezaupideak eman beharko ditu, ikasleek sinets dezaten. Gaurko ebanjelioak zehazten ditu ezaugarri eta ezaupide horietako batzuk.
Haientzat bezain garrantzizkoak dira gaur egun guretzat.
- «Ikus nire eskuak eta oinak». Hau da lehenengoa. Kristau-sinesmena ez da mamu baten edo sujestio baten edo ideia baten auzia. Kristau-sinesmenak gurutzean hil zena aitortzen du Jaun eta Jainko berpizturik. Ez da, beraz, geure burutik sortzen dugun emaitza bat, gurutzeko maitasun egiazkotik erregalatzen zaigun esperientzia benetakoa baizik. Pazkoak ez du gurutzea atzean uzten, ahaztua. Pazkoaren bihotzean itsatsia dago Ostiral Santuko gurutze maitalea. Pazkoak ezinbesteko osagaiak ditu gurutzea eta haren seinaleak.
- «Arraina hartu eta haien aurrean jan zuen». Jesus berpiztuak «jan» egiten du. Ez da pentsamenduaren usain gorputz gabea. Jesus benetakoa da eta benetan bizi da. Eta Jesus berpiztuak, izaera berpiztuan, gure historian hartzen du, benetan. Gurekin jaten du, guretik jaten du, gurea bizi du. Eukaristiaren esperientzia benetakoa irudikatzen zaigu arrain horretan.
- «Profetek esana bete beharrekoa zen». Jesus ez da nonbaitetik noizbait lurrera eroritako meteorito bat. Jesus historia baten ildoan kokatzen da. Itun Zaharrean hasi eta Berrian burutzen den historiaren hariak josten du Jainkoaren eta herriaren arteko harremana. Eta harreman horretan gertatzen da Jesus eta haren misterioa. Ez da giza eskema baten ondorio logikoa. Maitasun-historia baten emaitza neurrigabea eta mugagabea da. Jainkoak egin duen historiaren emaitza.
Gurutzea, Eukaristia, Historia..., koordenatu horien barruan sinesten da, sinestekotan. Eta horiekiko atxikimendua ez da gauetik goizera egiten, automatikoki. Prozesu bat dago tartean, askotan luzea. Gurutzea maitasunez begiratzen ikasi egin behar da, Espirituaren argitan. Eukaristi ogitan presentzia sumatzen ere ikasi egin behar da. Eta historiaren orrietan Jainkoa irakurtzen ere ez da besterik gabe ikasten. Prozesu bat, historia bat, bide bat, gose eta egarri bat, bilaketa bat, maitasun bat, atxikimendu mirarizko bat, pertenentzia pozgarri eta libre bat... Bai, sinesteak lanak ditu!
Iñaki Beristain (2015-4-13)