URTEAN ZEHAR XIX IGANDEA

B zikloa

Erregeen liburutik 1 Erg 19,4-8


Egun haietan, Eliasek basamortuan barrena, egun bateko bidea egin zuen. Epuru-zuhaitz baten azpian eseri zen, eta bere buruarentzat heriotza eskatu zuen, esanez:
- ‘Aski dut, Jauna; ken iezaidazu bizia, ez naiz-eta nire gurasoak baino hobea’.
Etzan zen epuruaren itzalean, eta loak hartu zuen. Honetan aingeru batek ukitu eta esan zion: “Jaiki zaitez eta jan”.
Begiratu zuen, eta sut-opil bat eta ontzi bat ur ikusi zituen buru-ondoan. Jan zuen eta edan, eta berriro etzan egin zen. Etorri zitzaion bigarrenez Jaunaren aingerua, eta ukitu eta esan zion: “Jaiki zaitez, eta jan; oraindik bide luzea daukazu-eta”.
Jaiki zen Elias, eta jan eta edan zuen; eta janari haren indarrez, berrogei egun eta berrogei gau ibili zen, Horeb, Jaungoikoaren mendiraino.

ERANTZUN-SALMOA 33


TXASTA EZAZUE TA IKUS
ZEIN SAMUR DEN JAUNA.
Bedeinka dezadan aldi oro Jauna,
nire ahoan beti Haren gorespena.
Gailendu bekit bihotza Jaunarekin,
poztu bitez apalak hori entzutearekin.
Haundietsi nirekin Jauna,
ospa dezagun batean Haren izena.
Jaunaren bila nenbilen eta entzun ninduen,
beldur guztietatik atera ninduen.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei 4,30-5,2


Senideok: Ez atsekabetu Jaungoikoaren Espiritu Santua, Berak markatuak bait zaudete erospen-egunerako. Ken zuengandik garrazkeria, beroaldi, haserre, birao, eta iskanbilak eta beste gaiztakeria guztiak. Izan zaitezte elkarrentzat onak eta errukitsuak, elkarri barkatuz, Jaungoikoak zuei Kristorengan barkatu zizuen bezala.
Izan zaitezte Jaungoikoaren antzekoak, Haren seme-alaba zaretenez gero, eta zabiltzate maitasunean, Kristok ere maite izan bait zintuzten, eta bere burua guretzat eman zuen eskaingai eta Jaungoikoarentzako opari usaitsu bezala.

ALELUIA Ni naiz ogi bizia zerutik jaitsia -dio Jaunak-;


ogi honetatik jaten duena betirako biziko da. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 6,41-52


Aldi hartan, judutarrak Jesusentzat marmarrean ari ziren, “Ni naiz zerutik jaitsitako ogia” esan zuelako. Honela zioten:
- ‘Hau ez al da Jesus, Joseren semea? Ez al ditugu ezagutzen guk honen aitamak? Nola dio, bada, orain, zerutik jaitsia dela?’
Jesusek erantzun zien:
“Ez ari marmar zuen artean. Ez daiteke inor Niregana etorri, bidali nauen Aitak ez badakar. Eta Nik biztuko dut hura azken egunean. Profetetan idatzirik dago: Jaungoikoaren ikasle izango dira guztiak. Aitari entzun, eta Haren erakutsiak ikasten dituena, Niregana dator. Inork ez du ikusi Aita, Jaungoikoarengandik datorrenak baizik; Horrek, bai, ikusi du Aita. Egi-egiaz diotsuet: Sinesten duenak ba du betiko bizia. Ni naiz biziaren ogia. Zuen gurasoek basamortuan mana jan zuten eta hil egin ziren; hau da zerutik jaitsitako ogia, gizonak horretatik jan dezan eta hil ez dadin. Ni naiz ogi bizia zerutik jaitsia.
Ogi honetatik jaten duena betirako biziko da; eta Nik emango dudan ogia nire haragia da munduaren bizirako”.
Judutarrek eztabaidan ari ziren:
- ‘Nola eman diezaiguke Honek jatera bere haragia?’.


Homiliak

Jesusek ogien ugalketa egin eta mendira ihes egin zuen. Jendeak, ordea, errege izendatu nahi. Nork emango die, bada, Jesusek ematen diena? Berarengan dakuste inolako zalantzarik gabe beren esperantza guztiak beteko dituen Mesias askatzailea.

Jesusek, ordea, jarraitzaile berotu haiek guztiak, beste maila batera nahi lituzke eraman. «Ni naiz biziaren ogia» esaten du. Alegia, ogien ugalketa bide bat, aitzakia hutsa,izan da: Berak beste ogia eman nahi die aditzera. Eta ogi hori «sinesmenez» jaten da, Jesus bera baita. Benetako jokabidea ez da Jesus errege egin nahia, Jesus Aitak bidalitakoa bezala onartzea baizik. Jesusekin aurrez-aurre topo egin behar dute. Eta Jesusen aurrean fedezko postura erabakiorra hartu. Jesus onartzea da gizon-emakumeoi ematen zaigun betetasun borobila. Horretatik kanpo ez dago betetasunik.

Hori, baina, onartezina gertatzen zaie jateko arrunta espero zutenei. «Ni naiz» horri marmarrez erantzuten diote. Argi erakusten dute «marmar" horrekin, haiek Jesusek ematen zuenaren bila zebiltzala, ez beraren bila. Izan ere gauza harrigarriak, ideiak, doktrinak... horiek onar daitezke, baina Jesus betetasun bezala onartu? Ezagutuko ez balute bezala! Aita Jainkoak emandako dohaina ez litzateke hain ezaguna eta hain «haragizkoa» izango. Bai zera!

Baina Jesusek betirako bizia ematen du. Jesus da betiko biziaren emailea. Betiko bizi hori han daukagu helmugan, Eliasek harrapatu nahi duen «Jaungoikoaren mendian». Baina Eliasi bezala, guri ere harako bidea latza eta zaila gertatzen zaigu. Nekatu eta etzan egiten gara. Basamortuak aukera gogorrak ditu denak. Eliasi, orduan, jatekoa ematen zaio. Eta janariaren indarrez helmugarainoko bide luzea egin ahal izango du. Ez bestela!

Gure fede-bizitza ere ez al da basamortuko ibilbidea? Gure bideak ere, Eliasenak bezalaxe, badu bere helmuga. Zenbait esalditan zehaztu zaigu helmuga hori: «Niregana etorri», «Nik piztuko dut hura azken egunean», «betirako bizia»... Helmuga hau ere bidearen azkenean dago, ez da bat-batean lortzen den zerbait. Eta fede-bizitza hori zaila da oso. Beste bide eta postura asko dauzka aurrean kontrara jarriak. Eta guk ere, Eliasen arrisku bera dugu: nekatuta esertzekoa. Dena utzi eta kitto! Zertarako hainbeste nahasketa eta alfer-neke. Zertarako hainbeste sufrimendu?

San Paulok zehaztu digu ederki asko bide hori, hainbat sufrimendu sortzen digun bide hori: «onak» izan behar dugu, «errukitsuak, barkatzen jakin behar, maitatu egin behar»... «Izan zaitezte Jaungoikoaren antzekoak» esan digu. Eta hori ez ote da gehiegizkoa guretzat? Igo ezin dugun aldapa ez ote da hori?!

Baina hortxe janaritzen eta indartzen gaitu Jesusek. Bera da biderako indartzen gaituen dohaina. Eta orain bide-indar duguna, gero helmugako poz gertatuko zaigu betiko. «Hartzazue eta jan guztiok honetatik». Zer eskatzen zaio gaur nere fedeari? Zer zailtasun bizi eta topatzen ditut nere fede-ibilbidean? Zerk nekatzen eta indargabetzen dit fedea?

Eta, agian, hari horretatik, aurreragoko galderak ere egin beharko genituzke: bidean al gabiltza? Bide bat ba al daramagu gure fede-mailan? Fedezko prozesu bat, fedezko ibilbide bat ba al daukagu? Edo gure fede-bizitza ez al daukagu nolabaiteko zoriaren esku? Nik gaur nire fede-bizitzaren beharrak ezagutzen al ditut, nondik nora joan nahi dudan badakidalako? Ezagutzen al ditut nire ahultasunak? Edo geldirik al nago, etzanda?! Giza-mailan hazitzen eta garatzen naizen neurrian hazten eta garatzen al naiz fede-mailan? Edo, hainbestetan egin behar genukeen galdera, giza-mailan gizon edo emakume egin, eta fede-mailan ume gelditu?

Eukaristia ospatzera goaz. Eta une honetan ezin ahaztu, aipatzen ari garen dohaina, Jesus bera, Eukaristian ematen zaigula. Eukaristia bizi-bultzada dugu. Eta esker onez hartu behar dugu. Betiko biziaren misterioa ospatzera goaz. Janari honek indartu gaitzala gure fede-bizitzan eta elkarte bezala bizi dugun erromes-aldi latzerako.


Iñaki Beristain (2015-8-4)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 6, 41-52)

Gure bizitzan gauzak nola gertatzen diren begiratuz gero, garbi ikusten dugula uste dut: ez gaituzte ideiek mugitzen, bihotzak baino, afektibitateak. Egia da, pertsona batek bere ideiak «kuadratzen» dituenean, bere pentsaera lasai sentitzeko bidea aurkitzen duenean, ematen du bizitza halako oreka bare batean pausatzen dela. Baina laster trumoitzen dira gure baretasun ideologikoak, afektibitatea dantzan hasten denean. Bizitzaren eskarmentuak uste dut hala erakusten digula.

Gure kristau askok hau gogoan izan beharko luke. Izan ere, garai bateko Jainko gogor eta epailea «gozatu» dugula edo «bere onera» ekarri dugula eta asko eroso sentitzen dira. Eta egia esate aldera, garai batean baino erosoago sentitzeko arrazoi asko dute. Gaur erakusten zaigun teologia hobeto «kuadratzen» da gaur egungo bizierarekin eta sentierarekin. Eta, beraz, garai haiek utzi zizkiguten errudun-sentimenduak garbitzea bakarrik ez da gauza mespretxatzekoa izan.

Baina, nire ustez, galdera beste bat da. Teologia gaurkotu dugu, Jainko-irudia gozatu dugu, kristau izatea pixka bat razionalizatu dugu; baina, Jesusen segitzaile jatorragoak al gara? Geure burua inplikatuagoa sentitzen al dugu Jesusen segizioan? Nire bihotza norena da? Nire sentimenduek zein pertenentzia onartzen dute? Gure afektibitatea Jesusi atxikia al daukagu?

Jakitea balitz, gaurko ebanjelioan esaten zaigunez, juduek dena zekiten Jesusi buruz. Joseren semea zela, zein familiatakoa zen, zein lanbide zeukan... Ezagutzaren kontua izan balitz, datuak jakitearen kontua izan balitz, ez zen inolako arazorik. Baina Jesusek esaten duena erabakitzailea da: «Ezin daiteke inor niregana etorri, bidali nauen Aitak erakartzen ez badu». Ez da aski, beraz, gauzak jakitea edo ezagutza gaurkotzea edo Jainko-irudi eguneratua edukitzea. «Erakarria» izan behar!

Erakarria izateak zer esan nahi du? Barruko argiztatze berezia behar dela. Argi berezia, Jesusen pertsona «ezagun» horrengan Aitaren misterioa sumatzeko. Barru-berritze sakona behar dela, kanpoko ezagutzeaz gain, barruko begiez begiratu eta ikusteko. Eta erakuspen hori ezin dezakegu gutako inork eman, Jainkoak berak ematen duen ezagutza eta argitasuna da. Jesus erabat gizatiar horrengan Jainkoaren presentzia sumatzea, ez dago gure ahalmenen neurrira.

Norbaitek pentsa edo esan lezake, ikuspegi honetatik etor daitezkeela fundamentalismo eta buruberokeria handienak. Badakit, eta hala izango litzateke, baldin eta fede honek Nazareteko Jesus horren pertsona jakin horrengana erakarriko ez bagintu. Kuriosoa hau da (kuriosoa edo harrigarria!): pertsona jakin eta datu zehatzenen historian gertatzen dela Jainkoaren historia handia! Zehaztasuna eta jainkotasuna uztartzen dakien fedea da eskatzen zaiguna. Fede honen bizkarrezurra, honetan sendotzen da: Jesusen gorputza jatean.

Eta hau ezin dugu guk egin, ezta asmatu ere. Gure eskema txikien esparruan kabitzen dena bilatzen duenak misterioari hegoak moztu beharko dizkio. Eta hau dena bere buruberokeriei sua emateko erabili nahi duenak, gorputzaren zehaztasuna kendu beharko dio misterioari. Eta ez da ez bata ez bestea! Jainkoak ematen digu hau sumatu eta onartzea. Esker onez, miresmenez, doakotasun senez. Eman egin baitzaigu, nahiz eta ez merezi. Eman egiten zaigu, nahiz eta sekula ez pentsatu horrelakorik gerta zekigukeenik. Baina, gertatu zaigu! Eta harridura eta espantua bizi dugu.

Baina, hau dena nola bizitzen da, nola sumatzen? «Erakarria izatea» ez dago gure esku. Beharbada, hasieran, ur-xirripa mehea izango da; baina utzi sortzen eta Jainkoak ibai eder bihurtuko dizu bihotzean. Igande honetako Eukaristian, onenean, Jainkoak misterioa xuxurlatuko dizu bihotzera; adi-adi aditu eta zure bihotzaren belarria findu, Jainkoak horrela hitz egiten baitu ia beti. Eta hitz gorde horretan, Aitak erakarri egingo zaitu Jesusengana. Eta dena ulertuko duzu edo, hobeto esanda, dena maitatuko duzu.


Iñaki Beristain (2015-8-4)