URTEAN ZEHAR XXII IGANDEA
B zikloaDeuteronomio liburutik 4,1-2.6-8
Moises honela mintzatu zitzaion herriari:
- ‘Entzun orain, Israel: Nire agindu eta arauak bete ditzazuen erakusten dizkizuet; horrela, biziko zarete; Jaunak, arbasoen Jaungoikoak, emango dizuen lurrean sartuko zarete eta haren jabe egingo. Ez erantsi ezer, ez kendu ezer, Nik agintzen dizuedanari; Nik eman bezala gorde Jaunaren, zuen Jaungoikoaren aginduak.
Gorde itzazue, bada, eta bete; horrek egingo zaituzte zentzudun eta jakintsu herri guztien aurrean; eta haiek agindu hauek entzutean, esango dute. ‘Bai herri zentzudun eta jakintsua dela herri hau!’. Izan ere, bai ote da herri handirik, bere jainkoak hain hurbil dituenik, guk Jauna, gure Jainkoa, hurbil dugun bezala, dei egiten diogun aldi bakoitzean? Bai ote da herri handirik, gaur nik ematen dizuedan lege hau bezain agindu eta arau zuzenak dituenik?”
ERANTZUN-SALMOA 14
NOR BIZI, JAUNA, ZURE ETXEAN?
Akatsik gabe eta zintzo dabilena,
bere artean egia dioena.
Mihiz inor bezten ez duena,
hurkoari gaitzik egiten ez diona,
auzokoa lotsagarri uzten ez duena.
Gaiztoari esker txarra ematen diona,
Jainko-beldur dena ospatzen duena;
bere kaltetan zin eginik ere aldatzen ez dena,
dirua irabazitan ematen ez duena,
errugabearen aurka eskupekorik hartzen ez duena.
Santiago Apostoluaren epistolatik 1,17-18.21b-22.27
Ene senide maiteok: Emaitza on guztiak eta dohain bikain guztiak, goitik datoz, argi guztien Aitagandik. Harengan ez baitago itzal-unerik, ez itzal-aldirik. Berak, bere gogoz, egiaren hitzez sortu gaitu, bere izaki guztietan lehenengoak izan gaitezen.
Onar ezazue apal-apal, zuengan ereinda dagoen eta zuen arimak salba ditzakeen hitza. Egizue hitzak dioena, eta ez entzun bakarrik, zeuron buruak engainatuz.
Jainko–zaletasun garbi eta akatsik gabea, Jaungoiko Aitaren begietan, hau da: umezurtzei eta alargunei beren nahigabeetan laguntzea, eta mundu honen kutsutik garbi irautea.
ALELUIA Aitak, bere gogoz, egiaren hitzez sortu gaitu,
bere izaki guztietan lehenengoak izan gaitezen. ALELUIA.
Jesu Kristoren Eb san Markosen liburutik 7,1-8a.14-15.21-23.
Aldi hartan, bildu ziren Jesusengana farisearrak eta Jerusalendik etorritako idazlari batzuk, eta ikusi zuten, ikasleetako batzuk esku zikinekin -hau da, eskuak garbitu gabe- jaten zutela. (Farisearrek eta gainerako judutar guztiek ez bait dute jaten eskuak ondo garbitu gabe, zaharren ohiturari jarraituz; eta plazatik etortzean, ez dute jaten bustialdi bat hartu gabe; eta badituzte holako beste ohitura asko, katilu, pitxar, eta ontziak garbitzeko, zaharretatik ikasiak).
Orduan, farisearrek eta idazlariek galdetu zioten:
- ‘Zure ikasleek zer dela-ta ez dute gordetzen zaharren ohiturarik, eta zergatik jaten dute esku zikinekin?’
Harek, ordea, erantzun zien: “Itxura-zaleak! Ederki asko esan zuen Isaias profetak zuetaz. Idatzirik bait dago:
Herri honek ezpainez goresten nau,
baina bihotza urruti dauka Nigandik.
Hutsa da ematen didaten gurtza,
gizonen agindu diren erakutsiak
erakusten dituzte.
Jaungoikoaren aginduak bazterrera utzi eta gizonen ohiturak gordetzen dituzue”.
Eta berriro jendeari dei egin eta honela esan zien:
- “Entzun guztiok, eta adi ezazue hau: Ez da ezer, kanpotik sartuz, gizona zikin dezakeenik; barnetik ateratzen denak zikintzen du gizona. Barnetik, gizonaren bihotzetik, ateratzen bait dira asmo txarrak: lizunkeriak, lapurretak, gizon-hiltzeak, ezkontza-nahasteak, diru-goseak, gaiztakeriak, maltzurkeriak, lohikeriak, bekaizkeriak, gaizkiesateak, haundikeriak, zorakeriak. Gaitz hauek guztiak barnetik ateratzen dira, eta hauek zikintzen dute gizona”.
Homiliak
Bost igande San Joanen ebanjeliotik hartutako ogi biziaren atal ederrarekin eman ditugu. Berriro ere, aurtengo urte-txandari dagokionez, San Markosenera gatoz. Eta oraintxe irakurri ditugun pasarteotan sumatu duzuenez, Jainkoaren aurrean har daitezkeen posturak aztertu beharko genituzke gaur, Jainkoaren bidearen aurrean har daitezkeen jarrerak. Erlijioa Jainkoarekiko lotura da, ez eginbehar batzuekiko lotura. Ezin gaitezke, beraz, kanpoko azalkeria eta jarduera hutsaz konforma. Jainkoarekiko gure harremanak sakontasuna behar du, egia behar du.
Israel herriak ederki erakusten digu bere eskarmentuaren argiaz: Jainkoak eman dion askatasuna handiegia izan da, Jainko horren presentzia eta hurbiltasuna ez sumatzeko. Eta askatasun-egintza horren guztiaren oinarri Jainkoa bera dago. Eta herriari ematen zaion legea, Jainkoarekiko harremanaren oroigarria da. «Biziko zarete». «Bai herri zentzudun eta jakintsua dela herri hau». «Ba ote herri handirik, bere jainkoak hain hurbil dituenik!» Jainkoa gertuan sentitu du Israel herriak, eta horretatik Israel herriak legeari dion estimu handia.
Baina betikoa! Beti ere errazagoa da eginkizunak betetzea, harreman pertsonalak bizitzea baino. Errazagoa da Jainkoari lege-kunplimendu bat eskaintzea, haren hurbiltasunaz liluratuta bizitzea baino. Eta Israel herriari gertatu zitzaion, ba zera: hasieran harreman bizigarri baten ezaugarria izan zena, azal hutsean, ohitura hutsean, geratu zitzaiola. «Zaharren ohiturak» gordetzea da betekizuna. Esku-garbiketak, legekeriak eta abarrak, erlijioa ezerezean uzteko modu aproposak dira. Legearen detaileetan Jainkoa bera eta gizon-emakumeon barne-jarrera garrantzi gabekoa bihurtzen da.
Baina Jesusek ez du hori horrela onartzen. Gure erlijio-arazoa ez dugu lege edo betebehar batzuetan jokatzen. Giza bihotzean dago erlijioaren gorabehera. Legea bete edo ez betetzeak bere garrantzia izango du, noski, baina garbitasun-zikinkeriaren arazoa giza bihotzean gertatzen da. Esku zikinek ez dute barrena zikintzen. Barren zikinak zikintzen du dena. Eta Jesusek jakinarazi nahi die bere entzuleei, ezin daitekeela legea jainkotu. Ezin daitezkeela zaharren ohiturak Jainkoaren tokian jar. Jainkoa bihotzez maitatzea da eskatzen dena. Ez da legea Jainkoaren aurretik jarri behar, atzekoz aurrera baizik, Jainkoa legearen aurretik, izan ere aurretikakoa da eta. Eta horrek bihotza, bihotz osoa, eskatzen dio gure erlijio-jarduerari, bihotza!
Eta hau guztia Santiagoren zatiarekin lotuz gero, zer? Santiagok ere «jainko-zaletasun garbi eta akatsik gabea» eskatu digu. Eta hori zer den zehaztu ere zehaztu digu: «Umezurtzei eta alargunei beren nahigabeetan laguntzea, eta mundu honen kutsutik garbi irautea». Horra, bada, gauzak nola diren: Jainkoarekin egiazko erlijio-lokarria nahi badugu lotu, lokarri hori lagun hurkoarekiko harremanetan beharko dugu korapilatu. Beste era ulergarriagoan esateko: lagun hurkoarekiko eguneroko maitasun izatera iristen ez den Jainkoarekiko erlijioa edo lege-betetzea edo harremana, hutsean eta bere horretan gezurtatua geratzen da.
Israelen jokalgea begiratu eta aztertu dugun bezala, ez ote dezakegu geurea begiratu eta aztertu? Jainkoarekiko gure harremana zertan oinarritzen da? Ez al gara gehiegitan betebehar askoren arduratan nekatu? Eta betebeharrak oso garbi ikusi ez ditugunean, ez al gara gelditu ez lege eta ez Jainko? Jainkoarekiko gure harremanak ez al zaizkigu ohitura hutsetan baliogabetu? Ez al dugu dena kanpoko itxuratik neurtzen eta balio-kidetzen? Mezak, sakramentuak, seme-alaben kristau-heziera, mandamentuak... hori guztia Jainkoarekiko harreman pertsonalaren argitan aztertu beharko genuke. Izan ere, gure eginahal hori guztia bihoztuna ez baldin bada, azal hutsean gel dakiguke. Eta ez didazu. noski ezetzik esango: hainbeste ariketa eta betebehar eta meza eta otoitz eta gauza, harreman pertsonalaren agiri ez baldin bada, ez da ezertarako!
Eta hemen, lagun hurkoarekiko harremana da beste edozeren gainetik aztertu beharrekoa, horretan ematen baitzaio Jainkoarekiko harremanari bere egia eta mamia. Lagun hurkoarekiko harreman onik ez izateak, hustu dezake erabat Jainkoarekiko gure harremana. Eta gure gizartera begiratzen hasita, aztertu behar askotxo ez ote daukagun! Gure gizarte fededun omen denak erakusten ote du jainkoa maite dugula?!
Esaten dugun honen harira, garbi dago gaur Jainkoaz eta gizakiaz hitz egiteko moldea aldatu beharra daukagula fededunok. Askotan gure moralbideak legetik eta aginduetatik neurtu izan ditugu; eta hori ez da egokia. Pertsonaren balio sakratua eman digu Jainkoak gure egintza guztien egia neurtzeko neurri. Pertsona da guztiaren neurri. Gizatasunaren balioa jarri behar dugu gure bizikizun guztien ardatz. Horrek, gainera, ederki uztartzen du gure fede-bizikizuna gaurko gizarteak balioberritu duen giza eskubideen ikuspegiarekin. Pertsonaren eskubideak eta duintasuna eman dizkigu Jainkoak, berekiko harremana neurtzeko moldetzat.
Goazen Eukaristiara. Hortxe jartzen gara Jainkoarekin harremanetan. Hementxe egiten dugu Jainkoak eman digun salbamen-dohainaren oroigarria. Hementxe garbitzen gara egiazko erlijioa bizitzeko. Eukaristiak garbitzen digu bihotza, maitezko harremanetan bizi gaitezen. Hortxe ikusten dugu zein gertu daukagun gure Jainkoa!
Iñaki Beristain (2015-8-25)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 7, 1-8a. 14-.15.21-23)
Azken igandeotan Joanen ebanjeliotik ogi biziaren eskaintza jaso ondoren, berriro ere Markosen ebanjeliora gatoz. Hasteko, Jesusen eta fariseuen arteko tartea jartzen zaigu aurrean, Jainkoaz fariseuek daukaten irudia eta Jesusek daukana. Irudi biek ez dute zer ikusirik elkarrekin. Ispilu honetan begiratu behar genuke geuk ere zein den Jainkoaz daukagun irudia: ea fariseuen jainko-irudia daukagun ala Jesusek eman diguna daukagun. Gaia inportantea da.
Fariseuek ardura handia azaltzen zuten kanpoko itxura eta garbitasuna zaintzen. Eskuak garbitzea, ontziak garbitzea, azaleko txukuntasunari begiratzen zion guztia ongi eta arduraz gordetzen zuten. Eta usadio horiek betetzen ez zituena legez kondenatzen zuten. «Aurrekoen usadioak» jarraitu eta betetzen ez zituena kutsatua zen. Hortik sortzen da eztabaida. Fariseuen Jainkoa usadioei lotua zegoen, azaleko itxurari; Jesusen Jainkoa, berriz, bihotzarekin dago lotua.
Eta Jesusek salaketa hori egiten die: erlijio (Jainkoarekiko harremana, alegia) hutsa daukate, bihotzik gabekoa, azal hutsezkoa. Jainkoarekiko harremana dena legez eta betebeharrez inguratu dute, eta barruko muina ez dute ez landu ez zaindu. Jesusek, berriz, giza bihotzean kokatzen du Jainkoarekiko harremanaren egia. Bihotzean jokatzen da pertsonaren egia. Bihotzean oinarritzen eta sustraitzen da benetako jarrera eta jokalegea.
Jainkoarekiko harremana zailtasun handiz bizi zuten juduek. Harreman hori dena legez eta betebeharrez josia baitzeukaten. Legearen arabera kutsadura guztietatik garbi mantendu behar zuten; bestela ez baitzeukaten Jainkoarengana hurbiltzeko eskubiderik. Eta zerk kutsatzen zuen, legearen arabera? Gaixotasunek, adibidez. Horregatik gaixoek mendira joan behar zuten, judu garbiak ez kutsatzeko. Odolak zikintzen zituen; zauritu batengana ez zeukaten hurbiltzerik, tenpluan Jainkoa zerbitzatu behar zutenean.
Jesusek erakusten duen Jainkoa, ordea, erabat bestelakoa da. Errukiak zuzentzen du Jesusen Jainkoaren jokabide guztia. Jesusen Jainkoa errukitsua da, maitalea, zokoratuengana hurbiltzen dena. Jesus, hori erakusteko, lepradun kutsatu eta kutsatzaileengana hurbiltzen da, legeak esaten zuenaren kontra. Jesus, zaurituarengana hurbiltzen den samariar ona da. Jesusen arabera, maitasunaren odolak ezin dezake inor kutsatu. Jesusek errukiaren lege bakarra uzten die ikasleei betekizun. Hitz batean esateko, ezpainetatik bihotzera dagoen tartea da kontuan hartzekoa. Ezpainetatik bihotzera dagoen bidea da egin beharrekoa. Pertsonaren egia bihotzean jokatzen baita alor guztietan: bai giza harremanetan, bai Jainkoarekiko harremanetan. Asmo onak edo txarrak, gizakiaren bihotzetik ateratzen dira, han biltzen. Ezpainak azalean geratzen dira, bihotza da sakonekoa.
Gure Elizak oso kontuan hartu behar luke gaurko ebanjelio hau. Gure elkarteen kanpoko itxuran ez da jokatzen itxura besterik. Zaindu beharreko egia pertsona bakoitzaren bihotzean lantzen eta garatzen da. Eliza zikindu edo garbituko duena ez da gizarteko kaleetan jokatzen, ez estatuaren legeetan, ez kanpoko ohituretan. Horiek, egia da, bihotzekoaren aztarrena eman dezakete; baina besterik ez. Elkarteen itxura pobreak bihotz aberatsa gorde dezake, eta hori da garrantzizkoa.
Hori horrela baldin bada, indarrik onenak gure fededunen bihotza hezitzen eta pozten eman behar ditugu. Egitura handien kezka gutxiago beharbada, eta fededun bakoitzaren bihotz barruko harremana ardura handiagoz zaindu. Pertsona bakoitzak bere bihotzean bizi duen maitasun-historia da garatu beharrekoa eta zaindu beharrekoa. Eta ez dakit askotan ez ote ditugun indar asko xahutzen kanpokoa dotoretzen, barru hutsa dotoreziaz forratzen!
Kontua da eta lortu beharrekoa da, ezpainetatik bihotzera dagoen bidea egin eta egiten laguntzea. Azalekotik barrukora igarotzea. Horrek bere lana du, bere prozesua du. Gutxi izan, asko izan, hori da egin beharreko lana eta bidea. Jesusen Jainkoarekin topo egitekotan, bihotzeko egian egingo dugu topo, ez ezpainetako jardunean. Ezpainetatik bihotzera doan bidea egingo dugu!
Iñaki Beristain (2015-8-25)