URTEAN ZEHAR XXVII IGANDEA
B zikloaGenesis liburutik 2,18-24
Jaungoiko Jaunak honela zioen bere baitan:
- “Ez da on, gizona bakarrik egotea; berari dagokion laguna egingo diot”.
Eta Jaungoiko Jaunak landako abere eta zeruko egazti guztiak egin zituen lurretik, eta gizonari ekarri zizkion, zer izen ematen zien ikusteko; eta bizidun orok, gizonak jarritako izena du bere izen. Eta gizonak izena ezarri zien abere guztiei eta zeruko egazti guztiei, eta basapizti guztiei; baina ez zen aurkitzen gizonari zegokion lagunik.
Orduan Jaungoiko Jaunak lo astun bat harrarazi zion gizonari; eta lo hartu zuen; saihets-hezur bat kendu zion, eta hutsunea haragiz bete zuen; hari kendutako saihets-hezurrez emakumea egin zuen Jaungoiko Jaunak, eta aurrera eraman zion gizonari. Eta gizonak esan zion:
- “Hau bai dela nere hezurretako hezur eta nere mamiko mami. ‘Emakume’ izango du izen, Gizonetik egina izan bait da”.
Horregatik gizonak, aita-amak utziko ditu, eta bere emaztearekin elkartuko da; eta biak haragi bat izango dira.
ERANTZUN – SALMOA 127
AGERTU ZURE BIHOTZ ONA;
EMAN ZUK, JAUNA, OSASUNA.
Dohatsu, Jaunari begirune diona,
haren bideetan dabilena!
Zeure eskuen lana bait duzu jango,
zoriontsu izango zara eta ongi zaizu joango.
Zure emaztea mahasti emankorraren antzean
zure etxe barnean;
zure seme-alabak badirudite olio-kimuak,
zure mahai inguruan.
Ebertarrei egindako epistolatik 2,8-11
Senideok: Apur batez aingeruak baino beheragotua izan den Jesus, orain aintza eta ederrez koroatua ikusten dugu, jasan zuen heriotzagatik; Jaungoikoaren onginahiez, guztien onerako hartu zuen heriotza.
Gauza guztiak Berarentzat eta Berarengatik egin zituenak, egoki iritzi zuen seme asko aintzara eramateko, haien salbamenaren egilea oinaze-bidez bere betera eramatea. Santutzailea eta santu eginak, guztiak jatorri batetik datoz. Horregatik ez du, haiei ‘senide’ deitzeko lotsarik.
ALELUIA Elkar maite badugu, Jaungoikoa gurekin dago
eta Haren maitasuna bere betera iritsi da gure artean. AL
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 10,2-16
Aldi hartan, hurbildu zitzaizkion farisear batzuk Jesusi, eta azpikeriaz honela galdetu zioten: ‘Zilegi al zaio gizonari bere emaztea uztea?’
Jesusek erantzun zien: “Zer agindu zizuen Moisesek?”
Haiek erantzun: ‘Moisesek emaztea uzteko eskubidea eman zuen, ezkontza hausten delako agiria berari emanez’.
Jesusek esan zien: “Zuen bihotz-gogorkeriagatik idatzi zizuen Moisesek agindu hori; baina munduaren hasieratik, gizaseme eta emakume egin zituen Jaungoikoak. Horregatik gizonak aitamak utziko ditu eta emaztearekin elkartuko da; eta biak haragi bat izango dira. Ez dira, beraz, bi; haragi bat baizik. Jaungoikoak batu zuena, ez beza gizonak banan”.
Etxera etorririk, berriro gauza hartaz galderak egin zizkioten ikasleek. Hark erantzun zien: “Bere emaztea utzi eta beste batekin ezkontzen denak, haren kontrako ezkontz nahastea egiten du; eta emazteak senarra uzten badu eta beste batekin ezkontzen bada, ezkontz nahastea egiten du”.
[Haurtxo batzuk ekartzen zizkioten Jesusi, uki zitzan; ikasleek, ordea, haserre egiten zieten. Baina Jesus, hori ikustean, haserretu zen eta esan zien:
- “Utzi haurrei Neregana etortzen; ez galerazi; horrelakoena da-eta Jaungoikoaren erreinua. Benetan diotsuet: Jaungoikoaren erreinua haurtxo batek bezala hartzen ez duena, ez da han sartuko”. Eta besotan hartuz, bedeinkatu egiten zituen, eskuak gainean ezarriz.]
Homiliak
San Markosen Ebanjelioari jarraituz, Jesusen Berri Ona jasotzen ari gara igandez igande. Askotan, entzuten dugun Ebanjelioa poz-iturri gertatzen zaigu. Behin baino gehiagotan, Ebanjelioak esaten eta eskatzen duena erabat onargarria iruditzen zaigu, gizarteak berak ere bere balio bezala onartua daukalako. Baina, beste batzutan, Jesusek esaten duena ez zaigu ez hain garbia eta ez hain onargarria iruditzen, gizartearen jokabideak beste bide batetik dabiltzalako.
Eta gaurko Ebanjelioaren hitzak azken kasu honetan sartu behar ote diren pentsatzen nago. Ezkontzari buruz, gaurko gizarteak onartu eta lege bihurtu dituen jokabideak hortxe daude. Dibortzioa dela eta ez dela, maitasuna bizitzeko era guztietako askatasuna...: gurea ez da, noski, une honetan horren guztiaren kontra aritzea. Gurea da, Jesusen hitza entzun eta Jainkoaren lehen asmora itzultzea. Ezkontzari buruz, zer nahi du, zer asmo du Jainkoak?
Aurrena esan beharko genuke, kristauok oso beharrezkoa dugula, ezkontza-bizitzan, Jesusen Hitza askotan entzutea. Hain zuzen ere, gure inguruko giro-arnasak normalak ez diren gauza asko normaltzat hartzera baikaramatza. Eta fededunok badakigu Jainkoaren asmoa dugula maitasun-bizitzan gure amets eta gure helburu. Eta amets eta helburu horri eusteko, behar-beharrezkoa dugu Jainkoaren amets hori gure amets bihurtzea. Zailtasunak sortzen dira ezkontzan, egia. Elkarrekin bizi-ezinak, tirabirak... baina, galdetzen dut, askotan ez ote dira egoera larri horiek guztiak honengatik sortzen: Jainkoaren asmoari oso gutxitan, edo, beharbada, inoiz ere ez, begiratzen ez diogulako?
Jainkoaren asmoa batasuna da, ezkontzari dagokionez. Maitasunak sortzen duen batasuna. Izate guztia lotzera eta elkartzera, bat egitera, daraman batasuna. Gizonaren eta emakumearen batasuna ez dagoen tokian, badirudi gizakia hautsia legokeela. Jainkoak gizakia, gizonezko eta emakume egin baititu. Zertarako? Biek bat osa dezaten. Eta biek bat eginez, Jainkoaren maitasuna irudika dezaten. Eta batasun hori, maitasun oro bezala, bere bokazioz betirakoa da. "Jainkoak batu zuena, ez beza gizakiak banatu".
Jainkoaren amets honi heldu eta eutsi behar diogu fededunok. Eta amets horretan hazi. Askotan pentsatu ohi dugu geure kolkorako, maitasuna berezko kontua dela eta berezko hori galtzen denean, ez dagoela zer eginik. Baina, maitasuna hazi eta hezi egin behar da, maitasunari janaria eman behar zaio. Egunero-egunero Jainkoaren ametsetan ernaldu behar da giza-maitasuna. Bestela ez da harritzekoa, gizartearen uste eta portaeren arabera bizitzea.
Fededunok kontuak atera behar ditugu horretatik: gaur nik nola zaindu behar dut nire maitasuna eta nire ezkontza? Ikusten eta esaten direnak, fedearen galbahetik pasa beharra daukagu. Baina, beldur naiz ez ote dugun galbahea alde batera utzi eta ez ote dugun guztia datorkigun bezala irensten, ez dakit! Ez ote garen erreakzio-modurik gabe geratu gizarte honetan baliotzat aurkezten zaizkigun asmo desegile askoren aurrean. Galdera handiak daude hor barruan. Fededunen ezkontza aztertzera eraman behar gaituzten galderak.
Ezkontza ez da suerte onez edo txarrez gertatzen. Ezkontzan, fededunarentzat, Jainkoaren asmoa gertatzen da. Jainkoaren maitasuna da inportantea ezkontza batean. Eta giro horretan hartzen dute balioa, askatasuna, edertasuna eta poza beste guztiek: sexuak, elkarrizketak, elkarri barkatzeak, seme-alabek, errespetuak, pertsonaren duintasunak eta abarrek... Jainkoaren maitasunaren argitan bizi ahal izatea da suerte ona eta handia. Maitasun hori du eginkizun eta izanbide gure maitasunak. Jainkoaren maitasuna dugu bokazio. Maitasun horren batasuna da gerta dakigukeen ederrena.
Baina hau guztia zailegia ez ote egungo gure gizartean? «Gizakientzat ezinezkoa, esaten zuen Jesusek, baina Jainkoarentzat erraza». Gero, ezkontzan ere, sor daitezkeela jasan ezineko arazoak? Dibortzioa bera ere bidezkoa gerta daitekeela? Elkarrengandik aldendu beharra izan daitekeela irtenbide bakarra? Bai, noski! Baina horrek ez du ezkontzaren hasierako bokazioa moteltzen.
Haurtxoen bihotza behar dugu maitasunaren misterio ikusgarri honetan bizitzeko. Maitasunaren erreinuan ezin sartu gaitezke, Jainkoaren dohainez ez bada. Eta Jainkoaren dohainak giza-balio guztien zerbitzura eta gozamenera garamatza. Maitasuna baita bokazio baten gailurra.
Jesus dugu, Hebertarren epistolak esan digun bezala, «salbamenaren egilea». Jesusek ez du guri «senide deitzeko lotsarik». Bere maitasunaz gozatzen du gure maitatu-ezina. Jesusengan atsedendu behar dugu maitatu-ezinaren neke eta atsekabetik. «Guk merezi eta uste baino gehiago betetzen dituzu gure eskariak» esan dugu otoitzean. Hortxe aurki dezakegu, bada, gure maitasun-bizitzarako, gure ezkontza-bizitzarako, behar dugun laguntza, argia eta ametsa.
Ez dezagun ahaztu, gure maitasunaz, Jainkoaren maitasuna ari garela hots egiten eta agertzen. Ez dezagun Jainkoaren maitasuna ezerezean urtu. Maitatu gaituen Jainkoa ager dezagun maitagarri gure maitasunaren ariketaz. Eta Jainkoaren maitasunak bezalaxe, jakin dezagun barkatzen, elkar hartzen, elkarrekin hitz egiten, elkarri laguntzen, zailtasunetan eskua ematen. Zaindu dezagun maitasuna.
Goazen orain maitasunaren ospaketara. Eukaristian daukagu maitasunaren iturria. Maitasun horrek eman diezagula maitasuna. Eta Eukaristia honek sendotu gaitzala gure maitasun-bokazioa behar bezala burutzeko.
Iñaki Beristain (2015-9-28)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Mk 10,2-16)
Jesus Jerusalema doa. Erabaki sendoz eta atzera bueltarik ez duen bidetik. Ikasleek ez diote ulertu; baina ulertuko diote, berak ere bide luzea egin behar izan baitu ulertu ahal izateko.
Aitaren borondateak era honetan eta bide honetatik darama bere asmoa. Aitak nahi duen mesianismoa ez da gure moldekoa, ez da txaloz oretzen, ez da ikusgarria. Eta Jesusek ikasi du Aitaren gogoa egiten.
Baina, Jesusen bide horrek zer esan nahi du, zer ondorio dakartza? Eta era askotako adibidez argitzen du Jesusek bide horren muina. Handikeriarik eta jarleku distiratsurik ez; ume batek gizarte hartan zuen azken lekua baizik. Alderdikeria eta taldekeriarik ez; Espirituaren askatasuna aitortzea baizik. Eta gaurkoan, ezkontzaren adibideaz baliaturik, segizio-bide honen azkenerainoko erabakia adierazten digu. Bide hau erabatekoa eta erabetekoa da.
Horrek zer esan nahi du baina? Nik uste dut gauza bat erabat garbi geratzen ari zaigula: Jesusek dei egiten duenean, ez digu dei egiten agindu baten bidez eta indarrez; maitasunaren eraginez baizik. Eta segizioan maitasunaren dinamikak balio du, ez beste ezerk. Eta badakigu, noski, maitasunak, bere asmo jatorrikoan, betirako eta neurri gabea izan nahi duela. Neurriak eta mugak aurrez pentsatuta dauzkan maitasuna ez da benetako maitasuna. Maitasunak, bere bokazioz, betirakoa eta neurri gabea nahi du izan.
Zer gertatzen zen ezkontzarekin Jesusen garaian?, edo zer gertatzen da gaur? Maitasunaren hasierako bokazioa, giza bideak halakoxeak izan!, geure neurrietara tolestatzen dugula. Eta Jesusen garaian, emakumeak askorik balio ez zuenean, dena gizonezkoaren mesederako legeztatua zeukaten. Eta gure garaian, emakumea bere duintasuna berreskuratzen ari denean, beste era batera daukagu legeztatua. Baina, kasu bietan, maitasunaren hasierako bokazioa geure baldintzetara daukagula egokitua.
Eta hori Jesusen bidearen eta segizioaren adibide baldin bada, gauza beretsua gertatzen zaigu: Jesusi jarraitzea ere geure baldintzetara tolestatu dugu. Eta askotan betebehar eta mandamentu batzuetara mugatu dugu. Debozio eta otoitz batzuetara besteetan. Edo ideologia bat babestera zenbaitetan. Edo elizkide izatera. Baina ez dugu ireki maitasunaren neurrigabeko asmo sakon eta jainkozko batera. Eta orduan, merkealdiak datoz, lasabideak, ulertu beharreko mozketa eta murrizketak.
Baina, Jesusek bere ikasleen segizioa, berea bezalaxe, azken muturreraino luzatu eta zabaldu nahi du. Neurriak eta mugak jartzen dituen erabakia, beste zerbait izango da, baina maitasuna ez. Maitasunak, bere freskotasun ederrean, betikoa eta osoa nahi du izan. Gero gerokoak, noski. Baina, hasierako erabakia beti erabatekoa eta erabetekoa da. Eta, jakina!, hortik geure neurriko emaitzak eta edertasunak jasoko ditugu edo maitasun betearen emaitza eta edertasunak. Segun zer eta nola bizi dugun, halako betetasuna izango du gure fede-bideak.
Jesusen segizioan ez dago zabarkeriarik. Ez dago erdipurdikeriarik. Bai, batek bekatu egin dezake; baina bekatuari larritasuna kentzeko ezin daitezke neurriak gutxitu. Txarra ez da bekatu egitea; txarra da ez maitatzea. Maitasunari bere gordintasunean eutsiz bekatu egiten duenak, badauka zeri heldua. Onartu ezinekoa bestea da: dena erdibidera ekartzea, dena relatibizatzea, segizioari pisua kentzea. Dena berdin da; hau edo hura ez dago alde handirik; erlijio bat edo bestea, igualtsu da; Jesus edo Mahoma, halatsu... Eta gaur egun relatibizazio gutxitzaile hau nahikoa bistan darabilgu.
Jesusen segizioa maitasunaren iturritik sortzen da eta, azken batean, maitasuna da. Maitasunarekin ez dago jolasik. Maitasuna beti erabatekoa eta erabetekoa da!
Iñaki Beristain (2015-9-28)